Basa-larrialdiak
Espainia osoan barreiatuak dauden Basa Fauna Suspertzeko Zentroen izateko arrazoia, gizakiak sufriarazi -eta, aldez edo moldez, eraginiko kaltea konpontzen ez bada, piztia hil egingo denez- dien animaliak naturan ostera ipintzea da. Eta beste helburu bat, aurrekoak bezainbeste ahalegin eskatzen dituena: natura herentzian hartutako eta herentzian utzi beharreko ondare unibertsala dela sinestaraztea gizarte osoari.
Larrialdiko deiari erantzunez
Suspertzeko zentroak zerbitzu publikoak dira eta zabalik daude, natur ingurunearen kudeaketaren ardura duten erakundeak baliabide, pertsonal eta azpiegiturez baliatzeko obligazioa sortzen duten legeak betetzearren. Urte osoan eguneko 24 orduz irekita daude, guardia egiten. Larrialdietarako telefonoen bitartez aktibatzen den dispositiboa aktibatu eta horrek adieraziko die dagozkien ekipoei nola joan behar duten zauritutako animalia jasotzera. Deien %70 partikularrek ohartarazten dute egoeraz; gainerako %30 horretan suhiltzaile edo basozainek ematen dute abisua. Egoeraz arduratuko den albaitaria iritsi arte, animaliari ez zaio jan-edanik eman behar; ihes egiteko saiorik eginez gero -beraz, kalte handiagorik nozitzeko arriskua areagotzekotan- burusi edo arropa batekin estali behar da. Dena den, egokiena animalia ez ukitzea da.
Ospitalean
Zentroek ospitaletxo gisa funtzionatzen dute: era guztietako espezieak artatzeko diseinatuak daude eta, azpiegitura falta eta gainerako eragozpenak gaindituz, boluntarioek osaturiko sareetan euskailu duten lantaldeek dihardute, bokazioa lehenetsita. Basa-animalien tratamendu fakultatiboa arras konplexua da. Prozesu osoan, piztiak lehen bezain mesfidati segi dezan ahalegindu behar du albaitariak, lotura emozionalik edota morrontzazkorik ez sortzeko: piztia da eta horrelaxe izan beharko du gerora ere. Lehen miaketa eginik, animalia errekuperatzeko moduan dagoela ikusten bada, lasaigarria emango diote: nozitzen ari den estresak anestesiaren aurrean animalia ahuldu egiten duen arren, sedatu egin behar dute, diagnostikoa egin ahal izateko.
Esku hartzea
Berariazko odol analisiak (ez baitago neurri estandarrik espezie edo azpi-espezie bakoitzarentzat), erradiografiak eta endoskopiak egingo zaizkio. Teknika ez-inbasiboez jardun beharko da edonola ere, animalia ahalik eta trauma txikienaz susper dadin. Ezinbestekoa bada bakar-bakarrik ezarriko zaio igeltsua edo bendarik baina sendatze-prozesuak zenbat eta arrasto txikiago utzi, orduan eta aiseago itzuliko da bere girora.
Suspertzea
Sendatutakoan, animaliak oraino egun batzuk beharko ditu ongi suspertzeko. Eriondokoa, askotan, kirurgiaren traumatik abiatu denez, suspertze fisiko osoa (muskuluak, nutrizioa, mugitzeko gaitasunak) zaindu behar izaten da.
Hegan, igerian, ehizan… aske izaten ostera ere ikasi beharko!
Prozesu osoaren arrakasta determinatuko du animalia bere sortzetiko egokieran bilatzeak. Maiz berezko ingurunearen aurrekoan jarri behar izaten da piztia, naturara itzuli aurretik: hegaztegiak -hau da, hegaztiak pausalekuak aise bilatzeko moduko toki artifizialak-, baldintza guztiak alde dituen istilak, arrisku naturalik gabeko saroiak.
Aurretiazko saiakera
Bizirik irauteko aukerak dituela frogatzen du animaliak jarreraz aldatzen denean, hots, hegaldi, igeriketa edo martxa agresiboa denean, analisietan anemiaren arrastorik agertzen ez denean eta haren fisonomia normalizaturik dagoenean. Sintoma horiek agertzen hastean aprobetxatu bar da unea, egonaldia alferrik luzatu gabe. Epeak neurtzean porrot egiteak animaliak sena galtzeko arriskua areagotuko da eta, jakina, senik gabe ezingo da bizi bere habitatean. Piztia bere ingurunera itzuli behar da sendatuta eta osasuntsu, baina ez artifizialki osasuntsu.
Itzulerako bidaia
Zenbaitetan animaliari eraztunak, bandak edo irrati-transmisoreak ezartzen zaizkio, hura bere ingurunean berregokiturik, jarraitu eta bere egokipen-prozesua kontrolatu ahal izateko. Fauna Suspertzeko batez besteko Zentro batek urtean seiehun bat animaliari ematen dio alta. Argindar-kableekin eta hesi zinegetikoetan istripuak eta ezbeharrak nozitzen dituzten espezie asko dira, batzuk babestuak eta besteak ez, batzuk berehala desagertzeko arriskuan eta besteak geroago suntsi daitezkeenak; dena den, biktima gehientsuenek ustekabeko tiroak eta gizakiaren bestelako gehiegikeriak nozitu dituzte. Zentro batetara iristen diren hirurogei animaliako beste sei mila dabiltza egoera berean, arduradunek topatu ez dituzten arren. Biodibertsitatearen defentsak eta naturarenganako errespetuak hitz politen premia dute baina egintza txikiak ere ezinbestekoak dira.