Hamazortzi lurraldetako 100 hileta-enpresa aztertu dira

Hamar urte honetan hileta-zerbitzuen prezioa ia bikoiztu egin da

Espainian KPI %36 igo zen 98-08 aldian baina hileta ekonomikoen batez besteko kostua %90 garestitu da, 1.040 eurotik 1.978 eurora etorri baita. Hiri bereko hileta-enpresen arteko aldeak maiz mila eurotik gorakoak izaten dira. Beraz, hobe prezioetara begiratzea.
1 apirila de 2008
Img tema portada listado

Hamar urte honetan hileta-zerbitzuen prezioa ia bikoiztu egin da

Bi mila euro: horixe da hileta merke baten batez besteko kostua Espainian (ehorzketa eta guzti, oraindik ere familien %80 gorpua lurperatzearen aldeko eta, noski, erraustearen aurka baitago), bertan gutxienekoak sartuz gero, hots, hilkutxa (denetan merkeena), hilotzaren egokipen sanitarioa, hileta-autoan garraiatzea (herri beraren barnean), hileta-elizkizuna, lore-koro soila, kudeaketa-gastuak eta espedientea tramitatzea, heriotza-ziurtagiria eta ehorzte-tasa, lurralde horretako hedapen handieneko egunkarietako batean eskela ezartzeaz gainera.

Otsailaren kondarrean, CONSUMER EROSKI Espainia osoko 18 lurraldetan lanean diharduten titulartasun pribatuko ehun hileta-enpresarekin kontaktuan jarri zen tarifak eskaintzeko xedez. Horietan oin harturik, hileta xume baten kostua kalkulatu zen, aipaturiko zerbitzuak ematen zituenetatik merkeena, hain zuzen. Aurrekontu garestienak hiru mila eurotik gora joan ziren eta merkeenak, berriz, 900etara ez ziren iritsi: alde hori nekez uler daiteke, hiletak biziki berdintsuak izanik. Azken hamar urteotan hileta-zerbitzuen garestitzea %90ekoa izan da, ia KPI metatuaren (%36) hiru halako, kasik. Orain dela hamar urte, horrelako hileta baten batez besteko prezioa 1.040 euroren pareko zen (euroa oraindik indarrean ez zegoelako; beraz, 173.000 pezeta), orduantxe CONSUMER EROSKI-k eginiko txostenak adierazi zuenez.

Hileta-zerbitzu garestienak egun Madrilen (batez beste, 2.566 euro), Valentzian (2.466 euro), Murtzian (2.181 euro ), Alacanten (2.175 euro) eta Sevillan (2.105 euro) ordaintzen dira; merkeenak, berriz, Bartzelonan (1.604 euro), Malagan (1.650 euro), Valladoliden (1.705 euro) eta Kordoban (1.755 euro). Dena den, prezioak kontsultatzea merezi du: lurralde eta hiri bakoitzean ere, tarifa batetik bestera alde handiak daude, hileta-enpresaren arabera. Alacanten, hileta-zerbitzu xume horren prezioa 843 eurotik 3.066 euroraino doa; Madrilen, 1.269tik 3.040 euroraino, kasuak bakanak ez direlarik: konparaketa eginiko hamazortzi lurraldeetatik hamahirutan hileta merkeen eta garestienaren arteko aldea 800 euro baino handiagoa zen. Diru hori aurrezteko aukera izateak badirudi hileta-enpresa bat baino gehiago bisitatzeko ahalegina justifikatzen duela, aldizkari honek egin bezala. Jakina, senide maite bat galdu berri dagoenean ez da unerik aproposena kontuak egiten hasteko baina kontu horiez horrelako gestioak egiteak gutxien nardatzen duen familiarteko edo adiskidea ardura daiteke, adibidez.

Adieraz dezagun hemen eginkizun hori burutzea ez dela erraz eta soila izango: sektore honek ez dizkio gauzak errazten informazio bila doanari. Lagin honetako tarifak lortzeko, izan ere, CONSUMER EROSKI-k bederatziehun enpresarekin jarri behar izan zuen kontaktuan, maizen emaniko erantzuna ezezkoa izan baitzen, nahiz eta egin zitzaien eskabidean hileta-enpresa bakar baten izenik argitaratuko ez zela hitzeman zitzaien arren. Espainian, gainera, hileta-zerbitzuen kostu horretan ez da sartzen hilerrian aldi baterako nitxo edo hilobi baten kontzesioaren prezioa, eskaintza arras zabala eta udal tasak hain desberdinak direnez, konparazioa termino homologagarrietan egitea ia-ia ezinezkoa baita.

Gorpua erraustea

Gorpuzkinak errausteko lizentzia (baimena, lurperatzeko bezala, Erregistro Zibilean tramitatzen da) eskuratzea da eman beharreko aurreneko urratsa, aukera honen aldeko hautua eginez gero (egun, familien %20k hautatzen dute hau). Gastu orokorrez gainera, formula honetan erraustea bera eta errautsak gordetzeko kutxatilarena erantsi behar zaizkio fakturari; beste aldetik, ordea, hilotza ehorztearena eta hilobi, fosa edo nitxoarena aurrezten da (eta honakoa handi samarra izaten da, gehienean).

Erraustearen eta kutxatilaren batez besteko kostua (aukerarik merkeenaz ari gara hemen ere) 470 euro da, duela bost urte baino %13 handiagoa. Tarifa handienak Almerian (843 euro, batenaz beste), Alacanten (703 euro), Madrilen (666 euro) eta Valladoliden (600 euro) aurkitu dira eta merkeenak, aldiz, Kordoba, Zaragoza eta Sevillan (ez dira iristen 335 eurotara). Gorpua erraustekotan ere, adieraz dezagun, hilkutxa baliatzen da (honelako katabutek bi kutxa daude, bata bestearen barruan, errauste prozesuan dena erre dadin). Kanpo-kutxa, hilkutxa arruntaren pareko, berriro erabil daiteke.

Hileta-enpresek eskaintzen dituzten zerbitzuak

Hildako pertsonaren senitartekoek hileta-zerbitzuaren gastu ugarietakoren batean sosik aurreztu nahi baldin badu, jakin beharko luke guztirako kostuaren ia bi herenak kentzen dizkiotela hilkutxaren prezioak (%33), tanatorioa erabiltzeak (%17) eta egunkariko eskelak (%14); beraz, garestienak diren zerbitzu hauetakoren bat ahalik eta gehien jaistera edo, areago, ezabatzera zuzendu beharko lituzkete ahaleginak.

Heriotzaren ondorengo lehen tramiteak burokraziari dagozkionak dira. Hauek senitartekoek bete edo, bestela, hileta-enpresaren eskuetan utz ditzakete, baina bigarren kasu honetan faktura garestiago aterako da. Bi paper egin behar dira: heriotzaren ziurtagiri medikoa eskuratu eta heriotzaren berri Erregistro Zibilean ematea (honakoa, pertsona hil eta hurrengo 24 orduetan egin beharra dago). Horiek ez ezik, lurperatzeko edo errausteko baimena erdietsi behar da, segun eta nolako aukera hobesten den (hamar familiatik zortzik ehorztea deliberatzen dute). Kudeaketa-gastuak aldatu egiten dira, bai prezioen arabera, baita kalkulatzeko eraren arabera ere, enpresa batzuek hileta-zerbitzu osoaren portzentajezko tasa (%5 inguru) kobratzen baitute. Hileta-enpresek, batez beste, 135 euro kobratzen dute tramite administratibo horiek egitearren baina alde handiak daude batetik bestera: 220 eurotik gora, batenaz beste, kobratzen dute Zaragoza eta Arabako enpresek eta 75 inguru Granada eta Bartzelonakoek, adibidez.

Baimenak eskuraturik, familiak hilkutxa erosi beharko du; honek, batez beste, gastuaren herena kentzen duenez, lurralde eta hileta-enpresa batzuen eta besteen arteko prezioen aldea hobekien zuritzen duena da alderdi hau. Hilkutxaren batez besteko prezioa 660 euro da, hau da, orain hamar urteko azterketan baino %61 garestiago. Eta lurralderik garestiena, alor honetan, Madril da: batez besteko kostua 883 euro da; denetan merkeena, aldiz, Bartzelona, 462 eurorekin. Garestiak dira prezioak, era berean, Alacant, Sevilla eta Zaragozan (800 inguru edo hortik gora). Hilkutxa merkeenak, Bartzelonan ez ezik, Kordoban (500 euro, batez beste), Araban (512) eta Bizkaian (523) topatu ziren. Azterturiko hileta-enpresa guztiak konparatuz gero hilkutxarik merkeena Bartzelonan aurkitu zena da: 203 euro baino ez (lurralde horretan hilkutxa merkeenetan garestiena bost halako kostatzen zen) eta hilkutxa garestiena, berriz, Alacanten: bertako hileta-enpresa batek “prezio hobereneko” katabuta ia-ia 1.500 eurotan du salgai.

Hilotza hileta-autoan garraiatzeko batez besteko kostua (hileta-enpresa bakoitzeko merkeena) 144 euro da. Bizkaia bakarrik agertzen da prezio horretatik urrun: hileta-eroatearen batez besteko prezioa 253 euro da. Eta batez besteko horren gainetik agertzen dira Almeria (186 euro), Zaragoza, Murtzia eta Madrilen (165 – 175 euro artean) kontsultatu diren hileta-enpresak. Hiru merkeenetan gorpua hileta-autoan eramatea merkea da, zinez: Nafarroan, batenaz beste 78 euro, eta Granadan eta Gipuzkoan, 93 euro baizik ez. Hileta-autoko eroaterik merkeena, berriz, Bartzelonako hileta-enpresa batek eskaini zuen (48 euro); garestiena, aldiz, Bizkaiko batek: 451 euro, hots, ia hamar aldiz garestiago.

Hilotzaren egokipen sanitarioaren kostua hileta-enpresa zenbaitek (%6k, zehatz-mehatz) hilkutxaren prezioan sartzen dute. Batez besteko kostua, nolanahi ere, 91 euro da (2003an baino 16 euro gehiago, hau da, %22ko gehikuntza); lurralde batzuetan eginkizun honen prezioa dezenteko gastu bizia da: Araban (126 euro), Madrilen (119 euro) eta Alacanten (114 euro), hain zuzen. Batez besteko kosturik merkeenak Bizkaiak, Almeriak eta Nafarroak eskaintzen dituzte (65 euro inguru, hots, Arabakoen erdia).

Ezinbesteko gastuak ez badira ere ohiko gastuetan sartzen dira loreak, prentsako eskela eta hileta-elizkizunak, hildakoari bere sinesmenaren araberako despedida emateko. Aztertu diren ehun hileta-enpresetan, lore-koroarik arruntenaren batez besteko prezioa (krabelin, krisantemo, gladiolo, eta arrosaren batekin osatua) 131 euro da (urte sasoiak eta aukeratutako lore-barietateek baldintzatua dago prezioa), hots, %49 garestiagoa duela hamar urte baino. Preziorik altuena oraingoan ere Nafarroako (187 euro, batenaz beste) eta Arabako (175 euro) hileta-enpresa banatan eman dute; merkeena, aldiz, Granada eta Kordobakoetan (103 euro baizik ez). Batenaz besteko kostua bizia zen Zaragoza, Asturias eta Bartzelonan ere (150 eurotik gertu). Lore-koroarik merkeena Gipuzkoako enpresa batek zeukan salgai (60 euro) eta garestiena (gogora dezagun, berriro, hileta-enpresa bakoitzeko aukera merkeenez ari garela) Nafarroako batean: 214 euro.

Espainiako hileta-konpainiek eskaintzen dituzten zerbitzuen zerrenda izugarri luzatu da aspaldi honetan: tanatoplastia edota tanatoestetitazko praktikak (hilotza zuzen kontserbatzeko helburuz egiten diren ukitu estetikoak), hildakoen oroimena iraunarazteko zerbitzuak (argazkidun albumak, hildakoaren bizitzaren deskribapen labur batez eta agur-ospakizunari buruzko kazeta-kronika batez osatua), hil-beilako musikaren laguntza (interprete eta guzti), segidako autoak, senitartekoak edo lagunak eroateko autobusak, limusinen alogera, etab.

Hileta-enpresa aukeratu ahal izateko hamar aholku
  1. Konparatu prezioak. Enpresa horiek tarifen, ordaintzeko eraren eta eskaintzen dituen zerbitzuen gaineko informazio guztia ageriko kartel batean erakutsi behar dute. Prezioak kontsulta daitezke hileta-enpresara telefonoz deituta ere.
  2. Zerbitzu sozialak. Hildakoak senitartekorik edo baliabide ekonomikorik ez izatekotan, hileta zerbitzuak doan eskaintzen dituzte udalek.
  3. Aurrekontua idatziz. Ahal den guztietan, egokiena behar bezain lehenago xehetasun guztiak jasoko dituen idatzizko aurrekontua eskatzea da.
  4. Letra txikia. Hileta-zerbitzuen tarifetan BEZ sartua dago baina fakturan beste enpresa batek emaniko zerbitzurik, adibidez, agertzen bada hileta-enpresak ez du zerga hori aplikatu behar.
  5. Askatasun osoa. Bezeroak ez du inongo obligaziorik zerbitzu guztiak hileta-enpresa berarekin hitzartzeko baina une latz horietan horixe izaten da aukera erosoena. Hildakoak heriotza-asegurua badauka ere, aseguru konpainiak izendatua duena ez den beste enpresa bat aukera dezakete senitartekoek.
  6. Lasaitasuna eta buru hotza. Honelakoetan, bidezkoa bada, gainerako senideekin bildu eta, aukera guztiak lasaitasunez jorratu ondoren, premiak eta egoera ekonomikoa kontuan izanik, zein enpresa den egokiena erabakitzea da bidezkoena. Heriotzak zuzenean eraginik ez dagoen gertuko norbaitekin hitz egiteak dena era objektiboagoan ikusten lagun dezake. Ondo asmatutako erabakiak hileta-zerbitzuaren gastu handia merkatu egin dezake.
  7. Kontuz taktika agresiboekin: ez kikildu, ospitalean, zure senide maitea hiltzeko unean bertan, hileta-enpresetako saltzaile edo komertzialek egingo dizkizuten eskaintzen aurrean. “Profesional” horietako batzuen eskrupulurik ezak eraginik, baliteke behar edo nahi duzun horrez bestelako zerbitzuak kontratatzea.
  8. Higienea. Exiji ezazu zerbitzuek bete beharrekoak diren osasun-neurriak bete ditzaten eta hileta-enpresa horretako pertsonalaren tratua beti begirunezkoa izan dadin beti, egoerak hala agintzen baitu.
  9. Lurperatzea. Hildakoa lurperatzea aukeratuz gero, jakin ezazu zehatz-mehatz zein den nitxo eta hilobien alogeren epe-muga; beharbada, honakoa amaiturik, diru-kopuru bat ordaindu behar izango litzateke senidearen gorpuzkinak hortxe egon daitezen.
  10. Autopsia. Heriotza naturala izan ez denean, autopsia egitea erabat doakoa da.

Egunkariko eskela

Egunkarian hileta-eskela bat ezartzeko patrikatik dezenteko dirutza atera behar izaten da (gastu osoaren %14 inguru). Lurralde bakoitzeko irakurle gehien dituzten egunkarietako ohiko tamainakoak, batenaz beste, 277 euro kostatzen dira; hemen, 1998 urteaz geroztik prezioak %35 igo dira, hots, KPI metatuaren paretsu.

Batez besteko prezio garestienak A Coruñan (463 euro, batenaz beste, eskelako), Madrilen (435 euro) eta Valentzian (416 euro) bilatu dira. Batez beste orokorraren gainetik dabiltza, era berean, Bizkaia (361 euro), Bartzelona eta Nafarroa (335 euro inguru). Merkeenak, berriz, Sevilla (110 euro, batenaz beste), Valladolid (134 euro) eta Malagako (165 euro) egunkariek argitaratzen dituzte. Egunkariaz eta aukeratutako eskelaren tamainaz gainera, kontuan hartu behar da igandeko alean argitaratzea astekoan baino %25 garestiagoa dela.

Tanatorioa: behetik gora datorren zerbitzu garestia

Espainian, hildako pertsonaren beila egiteko egokituriko espaziotzat finkatzen ari da tanatorioa, hildakoaren gorpua bistan, giro atseginagoa sortzen delako dolu une latz horietan. Baina beste gastu bat da, finean. Zerbitzu honen oinarri-oinarriko tarifa, gela bakar-bakarrik erabilita eta bestelako zerbitzuak -edariak, dutxa, etab.- baliatu gabe, batez beste 325 euro kostatzen da (orain bost urte baino %33 garestiago) eta, hilkutxaren ostean, hileta-zerbitzuaren osoko kostuko bigarren zifra handiena da fakturan. Dena den, prezioak nabarmen aldatzen dira lurralde batetik bestera: 500 euro Murtzian, 479 Sevillan eta 447 Valentzian, adibidez, baina 180 euro batenaz beste Malagako tanatorioetan edo 220 Bartzelonakoetan.

CONSUMER EROSKI-k ezarritako hileta-zerbitzuaren azkeneko prestazioa ospakizun erlijiosoa da, aukera hori egiten baitute Espainiako familien %90 baino gehiagok. Egun, horrelako ekitaldietarako, zeinahi erlijiotako egokiak diren aretoak ematen dituzte hileta-enpresa gehientsuenek. Ospakizun erlijiosoaren prezioa 73 euro inguru ohi dabil baina diru-kopuru hau ere aldatu egiten da batetik bestera. Hileta-elizkizunik garestiena A Coruñak du (115 euro, batenaz beste) eta merkeenak, berriz, Nafarroak eta Bartzelonak (40 euro inguru, batez beste). Hileta-ospakizun erlijiosoaren kostua gure galderei erantzun dieten hileta-enpresen %92k prezioan sartua dute. Hori ez ezik, sinadurak biltzeko mahai bat ipintzeko aukera ere ematen dute enpresen %18k. Zerbitzu hau berariaz fakturatzen duten hileta-enpresek (%48) batez beste 43 euro kobratzen dute.

Hilerrian

Lurperatze- edo ehorzte-tasa hilerri publikoa kokatua dagoen Udalak ezartzen du. Lurperatzea egiten den tokiaren arabera aldatzen dira prezioak: ez da gauza bera gorpua hilobian, nitxoan edo panteoian sartzea; areago, izendapen desberdinak ere ematen dizkiete horiei herri batzuek. Egia esateko, ondasun publikoen kontzesio administratiboak dira, epe desberdinetarako ehorzte-unitateen kontzesioak, desberdinak herri batetik bestera; horrelako baldintzetan konparazioa egiteak panorama argitu ordez nahastu egingo luke. Tarifak erkatu ahal izateko, gainera, bertan zein zerbitzu sartzen diren jakin beharra dago: kontzesio epea (arras desberdina, hilerri batetik bestera: 5 urtetik hasi eta 99 urteraino irits daiteke), hilobia ixteko lanak, lauza ipintzea, epea amaitzean gorpuzkinak kendu eta erraustea (herri batzuetan kobratu egiten da eta bestetan doako zerbitzua da hau), etc. Halaz ere, ehorzte-tasarik garestienak, hileta-enpresek emaniko informazioaren arabera, Madril (271 euro), Malaga eta Gipuzkoakoak (250 euro inguru) dira; merkeenak, aitzitik, Granada (44 euro, batenaz beste), Zaragoza (49 euro), Almeria eta A Coruñakoak (60 euro inguru).

Bizi-aseguruak, urteko, 90 eta 175 euro artean

Senide baten heriotza ostean egin beharreko tramiteek eraginiko molestiak eta hileta-zerbitzuen gastu handiak dira bizi-aseguru poliza kontratatzeko arrazoi nagusiak. Espainian (Europa osoan honelako zerbitzuak komertzializatzen dituen estatu bakarra da) hogei bat milioi pertsonek daukate egun bizi-aseguru horietako bat. Kontratu horrek, urteko prima baten truk, hileta-zerbitzuak emango dituela bermatzera behartzen du aseguru-konpainia. Gehienetan izaera familiarreko poliza denez, bertan aseguratu bat baino gehiago sartzen dira. Poliza horri eusteko bi formula ohikoenak hauek dira: prima urtero-urtero berriztatzea (adinaren arabera, geroz eta garestiagoa izango baita) edo, bestela, urte gutxitan (3 – 5) hiletak eragingo dituen gastuak ordaintzea.

Bizi-aseguruaren helburua, bistan da, bere estaldurak heriotzak dakartzan gastu mordoa -hileta, lurperatze edo erraustea, eskela, loreak, etab.- ordaintzeko adinakoa izatea da. Aseguratuak, batez beste, urtean 90 eta 175 euro artean ordaindu behar izaten du baina kopuru hori hainbat faktoreren arabera aldatzen da, hala nola eskaturiko zerbitzuak, herria, aseguratuaren adina (zenbat eta zaharragoa orduan eta prima handiagoa), etab.

Zerbitzu honek erakusten dituen eragozpen nagusiak dira prestazioen izariaz aseguratuari ematen zaion informazio urriegia eta honelako aseguru-primen guztirako kostua. Aresti eginiko azterketa batzuek adierazten dutenez, batez besteko aseguratuak ordaintzen dituen prima guztien eta hileta-zerbitzuen kostuaren arteko proportzioa 3/1 da.

Bizi-asegurua kontratatu aurretik... eta konparaketako taula

  1. Egoera ekonomiko onean bazaude edo zeu hil ondoren zure familia babestuko duen bizi-asegurua eginik baduzu, oso litekeena da honelako asegururik sinatzea zuri ez interesatzea.
  2. Aholku behinena: honelako aseguru baten kostu metatua zenbat izan daitekeen bizitza osoan eta, horrekin batera, beste hainbat aukera ere jorratzea, hala nola hileta-zerbitzu bat finantzatzea.
  3. Eskatu aurrekontua aseguru-konpainia bat baino gehiagotan. Konparatu kalitate/estaldura/prezioen arteko erlazioak, hartu aintzat horietako bakoitzaren aldeko eta aurkakoak. Aztertu sakonki aseguru-konpainiak eskaintzen duena, letra txiki eta guzti.
  4. Zehaztu ezazu poliza horren prima naturala den (kostua garestitu egiten da aseguratua zahartu ahala, hiltzeko arriskua handiagoa den neurrian) edo iraunkorra den (aldatu gabe irauten du kostuak).
  5. Irakur ezazu poliza arretaz, galdetu ezagutzen ez dituzun kontratuko terminoek zer esan nahi duten, eskatu azalpenak ulertzen ez dituzun klausulez.
  6. Gogoan izan, hileta-zerbitzuen gastuak estaltzeko bizi-asegurua ordaintzen duzunean kontratatua duzuna zerbitzuak ematea dela baina ez konpainia jakin batekoak; beraz, nahien duzun hileta-enpresa aukeratzeko askatasun osoa daukazu, nahiz eta aseguru-konpainiak hileta-zerbitzuak beste enpresa batekin itundu dituen.
  7. Zerbitzuaren kostua aseguratutako kapitala baino txikiagoa bada, soberako diru hori onuradunei itzuliko zaiela kontratuan idatziz agertzen dela segurtatu behar duzu.
  8. Heriotza-asegurua baduzu, jakinaraz iezaiezu polizaren zenbakia edo konpainia, bertara dei dezaten.
  9. Primaren garestitzea polizaren iraungipena baino gutxienez bi hilabete lehenago jakinarazi behar zaio aseguratuari, idatziz.
  10. Primaren garestitze hori zuritzeko aseguru-konpainiek argudiatzen dituzten kontrataturiko zerbitzuen balizko hobekuntzak aztertu eta egiaztatuz gero, prezio handiagoa ordaintzea merezi duen baloratu beharra dago. Aseguru-konpainien gehiegikeriazko praktikak Espainiako Aseguruen Zuzendaritza Nagusiaren aurrean salatu behar dira.