Errepideko ahulenak
Ahultasuna motorrez doa errepidean, estatistikek behin eta berriz erakusten duten moduan. Aspaldi honetan, ezbeharren kopurua murriztu baldin bada ere, honelako ibilgailuen istripuak ugaldu egin dira: azken bost urteotan Espainiako motorrek ia 60.000 istripu nozitu dituzte. Okerrik larrienak motorra bidetik irtetearren gertatu dira: istripuen %13 bakarrik diren arren, hildakoen %40 bildu baitute. 2007 urtean gisa horretako ezbeharrak %46 ugaldu zen eta hildakoen portzentajea talkagatiko ezbeharretakoak baino lau bider handiagoa izan zen.
Kaskoa?
- Motorreko istripuan hiltzen diren pertsonen %71k buruan sendaezineko zauriak nozitu dituzte.
- Azterketa medikoek adierazi dutenez, orduko 17 kilometrotik gora gizakiaren garezurrak ezin jasan dezake talkarik kalte larriak nozitzeke; beraz, 30 kilometro orduko abiaduran erortzea tamalezkoa izan daiteke, kaskoa ezarririk eraman ezean, buruak zerbait gogorraren kontra -espaloi ertza edo paratxokea- jo ezkero.
- Kaskoa beti ipinita eta loturik eduki behar da. Motorrez zabiltzala ez eraman besotik zintzilik. Erortzen bazara, besoa eta burua hauts ditzakezu-eta.
- Hobe kasko integrala erabiltzea jet motakoa (aurpegia agerian uzten duena) baino, begietako eta begitarteko lesioak galarazten dituelako.
- Lotu kaskoa behar den bezala: ondo lotu gabe edo askaturik utziz gero, erorikoa gertatuko balitzaizu, horixe izango litzateke hegan lihoakeen aurrena.
- Burua azkar biratzen baduzu kaskoa ez da mugitu behar; kontuan izan zeharo egokiturik utzi behar duzula kaskoa, baina buruko ezer estutu gabe.
- Kaskoaren bizitza baliagarria bost bat urtetakoa da baina bitarte horretan erorikorik gertatuko balitz, hobe litzateke berria eskuratzea, kanpotik begiratuta, kalteek larriak ez diruditen arren.
? eta gainerako babesgarriak
- Istripurik gertatzekotan, behar bezalako arropak (galtzak, buzoak, jakak) jarrita edukitzea segurtasun bermea da.
- Abrasioaren aurrean erresistentzia handia egiten du larruak baina euri eta hotzaren kontrako isolatzaile ezin kaskarragoa da. Material sintetikoez fabrikatutako arropek, urarekiko estanko eta merkeagoak izateaz gainera, sendotze-gune eta indargarri gehiago izaten dituzte.
- Errepidean ondo ikusi eta ikusgarri gertatzeko (istripuen %64 lau gurpileko ibilgailuek sortarazten dituzte gurutze, intersekzio eta irteeretan eta, kasurik gehienetan, gidariak motorzalea ikusi ez duela argudiatzen du) erabili kolore argiko kaskoa eta arropak, distiragailuez hornitua.
- Gehien babesten duten botak, geruza iragazgaitzez forraturiko larruzko porotsuak dira, istripurik gertatzekotan, oinak babesteko berariaz sendotuak. Itxidura-sistemak estankotasuna bermatu behar du.
- Eskularruak eskua euri eta hotzetik babestu behar du eta, aldi berean, aginteak behar bezalako sentikortasunez maneiatzeko bezain malgua baina, erorikoa gertatzekotan, eskua ondo babesteko zurruna izan behar du.
- Babesgarriek, larruzkoak izan, sintetikoak izan, Europako 1621-1 Araua bete behar dute, sorbalda eta ukondoei dagokienez, eta 1621-2 Araua, berriz, bizkarraren babesean.
Bidaidearekin
- Motorrean behin ere ibili ez den norbait bidaide daramazunean, ahalegin zaitez ezustekorik ez ematen lagunari eta ibili zuhurtzia handiz. Ez gelditu eta ez azeleratu bortizki, ez aldatu abiaduraz maizegi: horiek guztiek zure lagunaren konforta hondatzen lagunduko dute-eta.
- Beste norbaitekin joatekotan bazara, begira aurretiaz pneumatikoen presioa bi lagun eramateko egokia den: autopistan bidaiatzeko, bederen, atzeko gurpilean beste kilo erdi bat sartzea aholkatzen dute. Era berean, motelgailuaren malgukiaren aurre-karga puntu bat edo biz areagotu egin daiteke, esekidura-tope arriskutsurik gerta ez dadin eta ibilgailuak zorua igurtz ez dezan.
- Bidaideak ere, gidariak bezala, kaskoa eta behar bezalako arropa jantzita eraman behar du beti.
- Bidaian abiatu aurretik hartu neurri guztiak laguna eroso dagoen edo arazorik ba ote duen egiaztatzeko.
- Laguna motorrean behin ere bidaide izan gabea bada adieraz iezaiozu nola mugitu behar duen kasu bakoitzean. Jakinaraz iezaiozu eserita joan behar duela, burua alde batera eta bestera etengabe mugitu gabe; ez duela mugimendu bortitzik egin behar, ez diola motorrari heldu behar, ezta bihurgunetan okertu ere. Semaforo gorriaren aurrean gelditzean oinak lurrean jarri behar ez dituela ere esan behar zaio.
Errepideko ahulenak
- Errespeta ezazu segurtasun tarte egokia, kamioien atzetik zoazenean, batik bat.
- Errespeta ezazu mediana. Ohitu zaitez zeure erreitik irten gabe joaten, beste inor ez datorrela uste baduzu ere. Ustekabeko bat baino gehiago saihesteaz gainera, seguruago gidatuko duzu.
- Bira pixkanaka burua beste errai batera igarotzera zoazenean, ispiluan inor ikusten ez baduzu ere. Ispiluko gune itsuak ere kontuan hartu behar ditu motorzaleak.
- Egin zaitez ikusgarri beti. Ibil zaitez argia piztuta.
- Zeinahi maniobra egin aurretik, eragin intermitenteari.
- Hartu aurrea gainerako gidarien egintzari eta jardun horren arabera: moteldu abiadura, gelditu edo azelera ezazu, egokierak agindu ahala.
- Auto bat baino gehiago aurreratzen ari zarenean izan kontuan horietakoren bat ezkerreko erreira irten daitekeela. Auto gidari gehienek erreakzioak beren eskarmentuaren arabera neurtzen dituztenez, astirik emango diela uste dute beti.
- Garraio astuneko ibilgailuen zirkulazio trinkoa edo gelditze handia dagoen tokian erreparatu asfaltoaren egoerari; ahalegin zaitez zoruan olio edo gasolio galeren arrasto diren orbanak garaiz detektatzen.
- Gasolindegietan, saia zaitez diesel hornigailuetatik urrutik igarotzen: gasolioa mantsoago lurruntzen da eta, aurreko erabiltzaileei gasolinarik erori bazaie, horrek pneumatikoa zikin dezake; kontuan hartu beharrekoa, beraz, motorra gelditu behar duzun hurrengoan.
- Beste hainbat motorzalerekin batera bazoaz, ibil zaitez zeure erritmoan. Ez ahalegindu beste inor imitatzen, lehiatzen, jarraitzen. Motor guztiak ez dira berdinak eta, bidean zurearen berdin-berdina den bat ikusten baduzu ere, kontuan izan oso litekeena dela beste horrek zuk ez dakizkizun moduko esekidura, pneumatiko eta gainerako osagarriez hornitua egotea.
Kalean, neurri guzti-guztiak
- Geldirik dauden autoen aurrean zoaz arreta handiz; bertan haurrak baldin badoaz, noiznahi ireki daiteke ate bat.
- Ez ahantzi: motorrean neurri guztiak bikoiztu behar dira, denetan ibilgailurik ahulena baita.
- Kontuz trenbideko pasaguneetan eta tranbia lineetan: zeharka itzazu ahalik eta perpendikularren.
- Ibil zaitez erreiaren erditik, horrela zeu behar ez bezala aurreratzea saihestuko duzulako.
Autoan bazabiltza ?
- Errespetatu motorrak; ez ahantzi igurtzirik txikienak ere ezin konponduzko kalteak eragin ditzakeela.
- Zaude beti erne: motorra ibilgailu arina da, zeinahi tokitatik sar daiteke.
- Motorra edo ziklomotorra inplikaturik dauden hiru istripuetatik bitan erruduna beste ibilgailuko (automobila, kamioia, etc.) gidaria da.