Telebista sakelan
Europan eta AEBn ordenagailuen salmenta etengabe goraka doan bitartean, Japoniako -teknologia berrien diseinu eta maneiuan punta-puntako herrialdea-20 eta 25 urte bitarteko gazteen artean gainbehera doa. Zer dela eta? Gazte horiek mugikorrera egitea erabaki dute baina ez, ordea, Espainian ohikoena den mugikor mota horretara. Telefono asiarretan eskura dagoen aukera askozaz ere ugariagoa da: duela bost urtez geroztik bat-bateko mezularitza, posta elektronikoa, SMS hizkeran eleberriak eta, batez ere, telebista kanalak eskaintzen dira.
LTD mugikorraren tamainara egokitu da
Sakelako telebista ez da utopia Korean eta Japonian eta, areago, izateari uzten ari zaio Europan eta AEBn. Asian, izan ere, orain bertan, hirugarren belaunaldiko mugikorrentzat (3G izenekoak) programa asko emititzen dira. Mendebaldean, berriz, telefono mugikorrerako berariazko kanalak diseinatu dira baina, egiari zor, aparaturik sofistikatuenetako batzuetan soilik.
Europan, telefono mugikorren seinalea lokalizatu eta banatzen duten antenak aprobetxatzeari esker (egun, 3G sistema) telebista-seinalea mugikorretara eroatea eginkizun duen DVB-H sarea sortu ahal izan da. Sare hori lurreko telebista digitalak (LTD) banatzen duen seinalearen eraldaketa da eta horrek esan nahi du, erabiltzaileak errezeptore egokia (Nokia markako eta LG sistema operatibo hori baliatzen duten beste hainbat markatako 3G gamako zeinahi telefono, alegia) baldin badauka, harpidetua dagoen telebista kateko programak streaming (mugikorrean grabaturik geratzeke) modalitatean jaso ahal izango ditu.
Erne bateriarekin
Gogoan izan dezagun telebistako programek, bideojokoek eta mugimendudun zeina animaziok bezala, energia asko kontsumitzen dutela: mugikorreko bateria ordubetean hustu egin daiteke. Eragozpen horri irtenbidea emateko time-slicing teknologia diseinatu eta garatu dute eta, mugikorraren seinalearen harrerako isiltasun-mekanismo horri esker, telefono osoa telebistako programaziora begira utz daiteke, energia aurreztuz: erabiltzaileak nahi dituen telebista saioak ikusi ondoren, bestelako erabileretarako aski energia edukiko du baliagarri.
Zehatz dezagun, halaz ere, time-slicing horrek ez duela galarazten bateria lehen edo geroago deskargatzerik. Horregatik aholkatzen dute telebista ikusteko berariaz ordezko bateria ere erostea, Japonia eta Koreako jende askok egin ohi bezala. Bateria hori deiak igorri eta jasotzekoarekin konbinatzen da.
Pantailaren tamainaz
Mugikorrean telebistaz gozatzeak duen abantaila nagusia, horretan nonahi jarduteko aukera izatea da, are etxetik kanpora ere. Bestetik, ordea, punta-puntako sistema honetan bestelako mugapenak -horietako batzuk, funtsezkoak- hautematen dira, hala nola sareak landa-guneetan izan dezaketen estaldura, ez baita gauza bera kalean bizitzea, teilatu denak antenaz josita, edo mendian, inguruan antena urri dagoela: seinalearen kalitatea batetik bestera dezente aldatuko da.
Bateria gastatzea areagotzen duen bestea elementua pantaila da, pantailaren tamaina eta bereizmena, zehazkiago: faktore hauek mugikorraren teknologiak eta diseinuak determinatzen dituzte. Ohikoena da irudiak, pantaila txiki-txikian sartu ahal izateko konprimituta, hogei hazbete edo hortik gorako pantaila batean proiektatzean emango lukeen kalitatea baino askoz ere pattalagoa agertzea. Paradoxa bada ere, pantailan kalitate hoberena ematen duten telefonoetan irudia konprimitzearen ondoriozko akatsak are eta nabarmenago gertatzen dira.
Europan ukimen-pantailadun mugikorren belaunaldi berria sortu beharko da (hala nola Apple-ko iPhone aparatua) mugikor bidezko telebistak arrakasta izango badu: horrelako sistemarekin, pantailak dispositiboaren azalera osoa bete dezakeenez, horri esker, ez dago zertan irudia horrenbesteraino konprimiturik agertzea eta, beraz, zehatz eta argiago ikus daiteke.
Dagoeneko martxan dauden zerbitzuak
Mugikorrentzako egiazko telebista-zerbitzua Vodafone operadoreak bakarrik ematen du (“Vodafone Live Tv” izenekoa), kanal-multzoak kontratatzeko hiru aukera ematen dituena: bata, “Paquete Digital + Móviles”, 27 kanal dituena (Canal+ Móvil, Cuatro, C+ Cine, Comedia y Deportes, CNN+ eta Viajar).
Bestea “Paquete Vodafone Live TV!” da eta hogeita hamar kanal sintonizatzeko aukera ematen du: orokorrak, hala nola La Sexta edota Antenta 3, zein ordaindu beharrekoak plataforma digitaletan; adibidez, Discovery Channel Mobile, Canal Historia, Calle 13, etc.
Multzo horietako bakoitzaren harpidetzearen tarifa laua hilean 6,96 euro da, BEZ barne, baina Internet barrenako nabigazioa ez dago horretan sartua, datu-trafikotzat kontabilizatzen baita.
“Vodafone Live Tv” telebistak eskaintzen dituen kanalak ikusi ahal izateko baldintza TV Zapping aplikazioa instalatzea da. Modelo batzuetan, ez denetan, hori instalaturik dator fabrikatik. Beste aldetik, Vodafone live!-ko Telebista sekziotik inolako kosturik gabe deskarga daiteke aplikazio hori.
Aplikazioa aktibaturik eta kanal-multzoa kontrataturik, bertan sartzea soil-soila da. Edukiak era guztietakoak dira eta, aukeran, zuzenean ematen direnak (telebista konbentzionalean ikusten diren modu berean) edo mugikorrentzat berariaz diseinatutakoak hauta daitezke; hauetan erabiltzaileak ikusi nahi duen programa aukera dezake baina ez, ordea, hasiera-hasieratik, une horretantxe hasten ari denean izan ezik. Kasu honetan programa bakoitza 24 orduz behin errepikatzen den begizta baten osagaia da.
Orange konpainiak ere adierazi du aurten mugikorrentzako telebista zerbitzua martxan jarriko duela baina, oraingoz behintzat, Animax zerbitzua (japoniar “manga” marrazki bizidunen episodioak deskargatzekoa, alegia) bakarrik dauka aktibatuta.