Interneten ere, Eguberri da

Eguberrietako apaingarriak ez dira etxerako soilik; web ugarik eskaintzen dituzte zerbitzuak, informazioa eta produktuak ordenagailua bera ere apaintzeko eta gailu periferikoak eta nabigatzailea 'girotzeko'
1 abendua de 2010
Img internet

Interneten ere, Eguberri da

Eguberrietako ospakizunek Sarea ere harrapatu dute, eta software libreak lantzen ari direnek eta beste zenbait taldek aski modu bitxiak aurkitu dituzte beren inguruneari ere Gabon ukitua emateko.

Nola apaindu ordenagailua

Internauta sutsua (geek izenez deitzen dute ingelesez, sare-zomorro, alegia) metro koadro gutxian bizi da, baina horrek ez du esan nahi mundu txikia denik harena; mundu fisikoa izan liteke txikia, baina birtuala, ordea, aski zabala da. Baina geek hori ere, ordenagailuaren bidez sartzen da mundu birtual horretara, eta, beraz, Eguberrietako espiritua lau haizeetara zabaldu nahi badu, gailu horren bidez egin beharko du hori ere. Eta horretarako, ordenagailua bera apaindu dezake, edo lan-mahaia eta bere ingurua. Interneten, izan ere, hainbat orrik eskaintzen dituzte era horretako apaingarriak.

Produktu horiek, gehienetan, USB gailu bidez elikatzen dira; hau da, apaintzen duten ordenagailuak berak hornitzen ditu energiaz. Hasteko, adibidez, ohiko sagua albo batera utzi, eta USB sagu optiko bat jar dezakegu, Aita Noelen irudia eta elur artifiziala dauzkana ur-burbuila batean. Erabiltzaileak sagua mugitzen duen aldiro, Aita Noel igeri hasiko da likidotan eta elurra ere mugituko du, mara-mara sagu barrenean. Gadget edo gailu horrek 17 dolar balio du (12 euro inguru), eta Usgbeek.com dendan saltzen dute.

USB bidezko elur-panpinak ere badira merkatuan. Etengabe argi eginez ibiltzen dira, eta kolorea aldatuz: gorrotik urdinera, urdinetik berdera eta berdetik zurira. Ordenagailuari konektatzen zaion LED diodo bati esker egin dezake hori. Usbgeek.com dendan saltzen dute hori ere, eta 10 dolar balio du (7 euro pasatxo).

Eguberrietako USB zuhaitzetan ere eskaintza handia dago. Usbgeek.com orriak, adibidez, bi produktu dauzka aukeran. Zuntz optikoz egindako izeia da horietako bat; argia egiten du, eta polita geratzen da iluntasunean. 25 zentimetro da luze, eta 175 gramoko pisua dauka. USB bidezko beste zuhaitza, berriz, lau zikloko LED diodoekin dabilen izeia da; hau da, adarrak lau koloretakoak ageri zaizkio: urdina (anil-kolorea) gorri bizia, berdea (turkesa-kolorea) eta xanpain-urrea. 15 zentimetro da luze eta 95 gramoko pisua du. Bateragarria da Mac-ekin, Windows-ekin eta PlayStation 2 eta 3 kontsolekin.

Pantaila Eguberrietako argiz inguratzeko aukera ere badago, eta horrekin batera, eskaintza berean, saguarentzako alfonbratxoa eta esku-euskarria ere sartzen dituzte, horiek ere Eguberrietako irudiz jantziak. 17 dolar balio du guztiak (12 euro inguru) Usbgeek.com dendan.

Nabigatzailea apaintzeko

Nabigatzaileari ere ematen ahal zaio Eguberri itxura. Mozilla fundazioak, adibidez, Eguberriekin zerikusia duten zenbait lotura jarri ditu Firefox erabiltzen dutenentzat. Horien artean, bi dira aipagarriak: Tinseltown da bat, zeinak Eguberrietako paisaia elurtu polit bat eransten dion nabigatzaileari, erabelar hostoz eta opariz betea. X-Mas izenekoa da bestea, eta hor ere paisaia elurtua ageri da, baina gehiago errespetatzen ditu nabigatzailearen beraren ikonoak, eta erabiltzailearen begiak gutxiago nahasten dira; hiru sistema eragile nagusientzat diseinatua dago lotura hori (Windows, Linux eta Mac OS).

'Geek' erako Eguberri-zuhaitzak

Ordenagailua ez ezik, etxea ere apaindu daiteke kultura teknologikoari aipamen egiten dioten gauzekin, eta berdin lanlekua edo logela ere. Horietako batzuk, egia esan, nahiko bitxiak dira. Thinkgeek.com orrian, adibidez, USB bidezko izeiak saltzen dituzte, zuntz optikoz eginak (pila alkalinoekin ere badabiltza). Etxeko edozein lekutan jar daitezke, eta ordenagailuarekin pizten dira, wifi bidez (beraz, ez du ordenagailutik gertu egon beharrik).

Treetopia.com orrian, berriz, bost minutuan muntatzen diren zuhaitzak saltzen dituzte, argi ugari eta indartsuz hornituak (800 argi-terminal baino gehiago dituzte). Ez dira zuhaitz naturalak: armazoi malgu bat dute oinarrian (kutxatik atera bezala irekitzen da), eta horren inguruan, zirkuituz eta diodoz osatutako egitura konplexua.

Beste zenbaitek erabiltzailearen esku uzten dute apaingarria sortzeko aukera: laser-izpi bat eskaintzen diote, plastikoak moldatzeko horietakoa, eta hortik aurrera, eredu gisa jartzen dizkioten diseinuei begira, norberaren begiak eta eskuak erabakiko dute nondik moztu. Benarent.co.uk orriak, adibidez (Erresuma Batukoa da), zuhaitz eta elur-orein aski politak egiteko baliabideak eskaintzen ditu.

Gauzak errazago egin nahi dituenak, Eguberrietako zuhaitzak proiektatzen dituen gailu bat eros dezake. Aski da piztea eta horma baterantz zuzentzea (distantzia egokian jarrita, betiere). Metro eta erdiko zuhaitzaren irudia ikusi ahalko dugu, guk nahi dugun lekuan; pilekin dabil, eta noranahi mugi daiteke.