Sukaldean denbora eta dirua aurrezteko aholkuak
Ohiturak aldatzen ari dira, eta joera berriak sortzen. Eguberrietan, otordu handiak egiteko ohitura nagusitu da gure inguru hauetan, eta buruhausteak saiheste aldera, jendea hasia da catering zerbitzuak kontratatzen edo etxetik kanpo jaten. Ohitura eta joera nagusia, dena den, Eguberriak etxean ospatzea da oraindik ere. Baina ez errazena hori delako, alafede! Guztiei gustatuko zaien mezua prestatu, mahai-zapirik egokienak hautatu, senitartekorik arazotsuenak non eserarazi (halakorik bada), sukaldean ordu luzeetan jardun su eta bitrozeramika artean… Festa egingo bada, batzuek lan egin behar izaten dutela, alegia.
izoztuta gordetzea, asko aurreztuko dugu
Zama hori guztia arintzeko, eta sukaldean ematen dugun denborari ahalik eta etekin gehien ateratzeko, aholku erabilgarri batzuk prestatu dituzte EROSKI CONSUMER aldizkariko sukaldariek. Bide batez, menu orekatuak prestatzeko ere balioko dute, diru askorik xahutu gabe.
Sarrerakoak
- Mahaian hestebete iberikoak, arrain ketuak eta pateak kopuru handietan jarri beharrean, hobe da ogi txigortu batzuk ere jartzea, ziropez igurtzita. Era horretan, kontraste atsegina lortzen da jaki gozo eta gazien artean.
- Osagairik gantzatsuenak entsaladan jar daitezke. Adibidez, kukulu entsalada egin liteke, izokin ketuarekin eta mandarinazko olio-ozpin saltsarekin. Plater sofistikatua da, eta aski egokia garai honetarako; sasoiko fruta bat erabiliko genuke batetik, eta kaloria gehiago ematen dituen produktua bestetik, izokina.
- Itsaski-koktel bat prestatzerakoan, komeni izaten da berdura batzuekin, letxugarekin eta frutekin laguntzea, errazago digeritzeko.
- Itsaski-koktelek maionesa eta itsaski-saltsa (saltsa arrosa) gehiegi badute, astun samarrak gerta daitezke. Horien ordez, olio-ozpin saltsa arin bat erabil dezakegu, fruta ukitu batzuekin: arinagoa, digeritzeko errazagoa eta merkeagoa aterako zaigu.
Arrainak
- Arrainak oso-osorik erosten baditugu (zapoa edo legatza, adibidez), horien burua erabil dezakegu fumet bat egiteko (arrain salda), eta hezurrak ere gorde ditzakegu horretarako.
- Legatza jartzeko asmoa badugu, arrainketariari eskatuko diogu ezkatak kentzeko eta zatitzeko, bai xerratan edo bai solomotan. Zapoa, berriz, xerra loditan moztu liteke. Horrela eginez gero, jango ditugun zatiak soilik prestatuko ditugu, eta gainerakoak izoztu egin ditzakegu.
- Arrain izoztua, saltsan jartzea da onena, izozteko eta desizozteko prozesuan sarri galdu egiten baititu bere zukuak.
- Arrain-zopak eta itsaski-kremak zapore gehiago hartzen dute egun batetik bestera egin eta hozkailuan gordetzen direnean, eta berdin gertatzen da itsas gisatuekin eta txipiroiak eta txibiak tinta beltzean jartzen direnean ere.
- Arraina bezperan prestatu badugu, hobe da gatz gutxi erabiltzea; izan ere, hozkailuan uzten dugularik hurrengo egunerako, zaporea kontzentratu egiten da, eta gatzarekin tentuz ibili ezean, gaziegia egon liteke.
Haragiak
- Aukera ona izaten da haragia, saltsan jarriko badugu, aurrez erostea eta izozkailuan edukitzea. Hala ere, aste batzuk izozkailuan pasatu ondoren, haragi guztiak ez dira egoten zaporetsu. Arkume-eltzekaria edo arkume erregosia egiteko haragia bai, hori eros liteke lehenagotik, oso zaporetsua geratzen da-eta saltsan jarrita.
- Haragi horiek laguntzeko, saltsa demi glace bat presta liteke (espainiar saltsaren aldaera bat da) edo perretxiko-saltsa bat egin liteke. Hartara, produktua lehenagotik erosteko aukera izango dugu, eta aski goxoa aterako da.
- Haragiak laguntzeko goarnizioei dagokienez, komeni izaten da entsalada txikiak prestatzea hosto askotarikoekin (letxuga, eskarola eta eskarola gorria, lollo arrosa, eta abar). Itxura polita emateaz gain, plater horiek digeritzen ere lagunduko dute.
- Ehizakia hautatzen badugu, aukera ona da izoztea, horrela apurtu egiten baita haragi horiek izaten duten zuntz gogor hori.
- Edozein haragi mota izozteko, zatiak garbituta egotea komeni da, eta kopuru txikietan edo banakako errazioetan bilduta, probetxu hobea ateratzen zaie eta.
- Desizozteko, aurrez hozkailuan sartu behar dira, desizoztean askatzen dituzten zukuak ez ukitzeko; adibidez, iragazki batean jar daiteke haragia, eta erretilu bat azpian, hara isur daitezen zuku horiek.
Postreak
- Postrea, askotan eta askotan, jan gabe uzten da, eta zati handiak geratzen dira soberan. Horiek alferrik ez galtzeko, postre berriak asma litezke (turroi izozkia, mazapan moussea), edo karamelu almendradunak xehatu eta entsaladak laguntzeko erabili, eta berdin egin liteke fruta lehortuekin ere.
- Sasoiko frutak erabiliz, aski postre goxoak egin litezke etxean: konpota, neguko udare-tarta, gaztaina-burdina… Oso plater egokiak dira elikadura-ikuspegitik, eta merkeak ere bai, sasoiko produktuak dauzkatelako.