Olentzero ere, ekologista!
Garaiotako iruditerian, Eguberriak eta oparotasuna lotu-lotuak agertzen zaizkigu, baina horrek ez du esan nahi xahutu eta xahutu aritu behar denik, beste deusi begiratu gabe. Kontsumo ekologikoari dagozkion arau eta jarraibide batzuk geure eginez gero, kalte txikiagoa egingo diogu ingurumenari, eta, gainera, diru dezente aurreztuko dugu.
Kontsumo ekologikoaren bidean urratsak egiteko (eta aurrezten hasteko), lehenik eta behin, saihestu egin behar dugu erosketak modu konpultsiboan egitea; egokiagoa da zerrenda bat idaztea, eta egiaz erabiliko ditugun produktuak soilik erostea. Eta erosketak egindakoan, ahal den guztietan, bazter utzi behar dira erabilera bakarrekoak diren plastikozko poltsak, edo horiei ere probetxu gehiago ateratzeko modua egin behar dugu, behin baino gehiagotan erabiliz. Bestalde, saltokietara joan-etorriak egiteko, hobe da garraio publikoa hartzea edo autoa beste norbaitekin partekatzea, eta ez nork bere ibilgailua hartzea. Hartara, gutxiago kutsatuko dugu.
Elikaduraren arloan, Eguberrietako otordu oparoak, sabelaren eta sakelaren kaltez ez ezik, ingurumenaren aurkako ere izan daitezke. Ekologistak Martxan erakundeak adierazi duenez, data horietan, zaborretara joaten dira prestatu diren jakien % 40, eta egunean 2 kilo zabor sortzen dira (jakiak biltzeko ontziak eta plastikoak izaten dira erdiak). Ingurumenaren gaineko eragina apaltzeko eta dirua aurrezteko, hobe da produktu freskoak eta sasoikoak erostea.
Opari ekologikoak haur eta helduentzat
Haurrentzat izaten dira Eguberrietako oparirik gehien-gehienak. Jostailu Ekoizleen Espainiako Elkarteak (AEFJ) egindako kalkuluen arabera, urte osoan saltzen diren jostailuen % 75 garai horretan saltzen dira. Aukera ona izan liteke, beraz, jostailu ekologikoen alde egiteko; ingurumena errespetatuz ekoizten dituzte, eta balio hezigarriz beteta egoten dira.
Hala ere, azkenik ohiko jostailu bat erostea erabakitzen badugu, saiatu behar genuke haurraren sormena suspertuko duen jostailua izan dadila, eta balio sexistarik, gerrazalerik edo diskriminatzailerik ez duena. Ingurumenaren gaineko eragina gutxitzeko, berriz, honako aholku hauei jarraitzea komeni da: tokiko produktuak hautatu, bilgarri asko-asko behar ez dutenak, pilarik gabe dabiltzanak eta material ez-kutsatzailearekin eta birzikla daitekeenarekin eginak daudenak. Ez da ahaztu behar aski opari ederrak izaten direla irudimena, maitasuna eta beste haurren eta helduen hurbiltasuna, eta haurrek beti eskertzen dituztela.
Helduentzat ere, gero eta produktu ekologiko gehiago ari da agertzen merkatuan. Jateko kontuetan, adibidez, elikagai ekologiko mordoa aurki liteke egun, baita delicatessen sailekoak ere mokofinenentzat. Bidaiatzea maite dutenek, berriz, hortxe dute ekoturismoaren aukera, non hainbat eta hainbat landa-etxeren eta hotel ekologikoren artean hautatu ahalko duten. Oparia bi gurpilen gainean etor dadin nahi dutenek, beti-betiko bizikletak ez ezik, motozikleta ekologikoak ere eskura dituzte orain, eta bizikleta tolesgarriak edo elektrikoak ere bai; eta etxea arnasberritu nahian dabiltzanek, era guztietako osagarri eta altzari ekologikoekin egin dezake.
Arropa eta jantziei lotutako osagarriak oparitzea ere ohikoa izaten da, eta horietan ere badira ekologikoak. Ekoarropa esaten zaiona, bai produktu natural eta iraunkorrekin egina bai birziklatua, denda espezializatuetan eros liteke, edo Bidezko Merkataritzan aritzen direnetan. Lurrin eta kosmetiko ekologikoen ekoizleek ere aukera sorta polita eskaintzen dute, elementu eta esentzia naturalekin eginak, ez-toxikoak eta ingurumena zaintzen eta errespetatzen dutenak. Osagarriak ere izan daitezke ekologikoak, eta, zenbaitetan, baita deigarriak eta originalak ere.
Teknologiazaleentzat, hainbat produktu daude merkatuan birzikla daitezkeen materialak erabiltzen dituztenak, baita material birziklatuarekin eginak ere. Eraginkortasun energetiko handikoak izaten dira, eta, ondorioz, oso energia gutxi kontsumitzen dute. Etxean energia aurrezteko asmo sendoa daukatenentzat, opari ona izan daiteke kontagailu adimendun bat, zeinak une oroz jakinarazten baitu zenbat argindar kontsumitzen ari garen.
opariak edo pilarik gabe dabiltzanak
oparitzeak ingurumenaren gaineko
eragina gutxitzen du
Gero eta produktu gehiagok dakartzate eguzki-panelak instalatuta, beren burua energiaz hornitzeko: irratiak, bizkar-zorroak, tresna elektrikoen kargagailuak… Erabilgarria izan daiteke, adibidez, USB konexio bidez kargatzen diren pilak oparitzea. Naturaren edo ingurumenaren gaia lantzen duten liburuak eta filmak ere badaude, nola ez, gai asko eta gaurkotasun handikoak lantzen dituztenak, klima-aldaketa, adibidez, eta horrez gain, harpidetza bat oparitzea ere aski egokia izan daiteke (argitalpen bat jasotzeko edo elkarte ekologiko batean partaide izateko).
Maskota bat oparitzeko aukera ere azter liteke, baina erantzukizun handiagoa eskatzen du horrek. El Refugio erakundeak dioenez (animaliak babesteko lana egiten du), Eguberrietan 250.000 animalia baino gehiago oparitzeko aukera dago Espainian.
Eguberrietako sinboloak
Eguberrietako zuhaitza nolakoa komonei da, naturala edo artifiziala? Biek ala biek dauzkate alde onak eta txarrak ingurumenarentzat. Dena den, erantzukizunez jokatzen badugu, nabarmen gutxituko dugu horien eragina. Zuhaitz naturala hautatuz gero, sustraiekin eta lur-oinarri egokiarekin eskuratzea komeni da, ureztatu egin behar da eta berogailutik urrun eduki, bizirik iraun dezan harik eta biltzeko gunera eramaten dugun arte festak igaro ondoan. Zuhaitz artifizialak, berriz, kalitate onekoa bada eta ingurumena errespetatzen duten materialez egina, urte askoko bizia izan dezake.
Apaingarriei dagokienez, etxean bertan egitea izan daiteke aukera bat, material birziklatuak erabiliz. Haurrekin jolasteko modu polita izan daiteke, eta ingurumena babesteko pizgarri ona ere bai.
Eguberrietako argiak dosifikatzeko, tenporizagailuak erabil daitezke eta kontsumo gutxiko lanparak. Zorion-txartelak prestatzerakoan, berriz, betiko eran bidali nahi dituztenek, material birziklatuekin egin ditzakete, aski sendotasun edukiko dutenekin, eta Internet erabiltzen dutenek, posta elektronikoaren bidez edo txartel birtualen bidez zoriondu dezakete jendea.
Afari eta bazkari ekologikoak
Gabon gaueko eta Gabon zaharreko afarian edo Eguberri eguneko bazkarian, ohi baino jaki gehiago prestatzen eta jaten ditugu. Otordu horiek ere modu ekologikoan antolatzeko, kontuan hartu behar da, jakina, zer produktu hautatzen ditugun, baina baita ere horiekin zer gertatuko den gero. Ez da komeni erraz galtzen diren jakiak erostea, bestela bota egin beharko ditugu-eta jan ezean. Jakiak elikagai-ontzietan gordetzea izaten da onena ongi kontserbatzeko; otordu batean jaten ez duguna, beste batean jan ahalko dugu, eta dirua aurreztuko dugu horrekin.
Behin jan-edanak bukatuta, garbiketa-lanak egiteko txanda izaten da, eta badira horretan laguntzen duten produktu naturalak, ingurumenari kalte egingo dioten substantzia kimikorik gabeak. Arropetan-eta agertzen diren orbanak garbitzeko, adibidez, lagungarriak izan daitezke sodio bikarbonatoa edo limoi-ura.
Eta festen ondoren ere, ekologiko izaten segi
Eguberri garaian sortzen den zabor pila egoki biltzeko, baliabideak ugaritu egiten dituzte Udalek, baina beti ez da aski izaten. Ez da harrigarria izaten edukiontziak gainezka ikustea edo hondakin batzuk ez dagozkien edukiontzietan agertzea. Egoera horiek saihesteko, egokia litzateke kontsumitzaileek etxean gordetzea festa horietan pilatzen dituzten bilgarri guztiak, eta egun batzuen buruan, edukiontzi urdinean (papera eta kartoia) edo horian (plastikoa) bota ditzatela.
zabor gehiago pilatzen da Eguberrietan
Opari bat jasotzen denean, askotariko egoerak sor daitezke etxean: gerta daiteke, opari berriak, lehendik daukagun zerbait ordezkatzea eta zahar hori berriz ez erabiltzea, edo gerta daiteke opari bat ez gustatzea edo beste baten oso antzekoa izatea. Halakoak suertatzen direnean, honako esaldi hau hartu behar genuke gogoan: “Norbaitentzat baliogabea dena, altxorra izan daiteke beste norbaitentzat”. Aukera bat baino gehiago dago egoera horiek bideratzeko:
- Dagoen-dagoenean utzi, eta lagunen bati edo familiako norbaiti bere horretan ematea. Hori egiten duena, ez da ari gutxiesten ez oparia ez opari-egilea; arduraz jokatzen ari da, nahiago duelako opariari etekina aterako dion norbait bilatu, eta ez trastelekuan gordeta utzi eta zaborretara bota.
- Truke-festa bat egin daiteke: zenbait lagun edo senitarteko bildu, bakoitza bere opariekin, zizka-mizka eta edari batzuk jarri, eta gauzak trukatu.
- Opariak Gobernuz Kanpoko Erakunde solidarioen edo ekologikoen esku utz ditzakegu, inguruan egiten diren elkartasun-merkatuetara eraman, ongintza-elkarteei eman…
- Internet erabiliz trukatu: Freecycle sarean, adibidez (http://www.freecycle.org/), edozeinek truka ditzake gauzak, doan. Zabor kopurua gutxitzeko modu ona da hori ere.
Eguberri garaian izugarrizko zabor pila sortzen da, eta inoiz baino beharrezkoagoa izaten da ekologiaren hiru arauak ongi gogoan har ditzaten kontsumitzaileek: Murriztu, Berrerabili eta Birziklatu.
Eta arau horiek betetzeko, jokabide batzuk argi edukitzea komeni da: behar-beharrezko dena baino ez da erosi behar, saihestu egin behar dira alferreko bilgarriak eta plastikozko edo poliestirenozko ontzi eta erretiluetan datozen produktuak, baita erabili eta botatzekoak direnak ere (paperezko mantelak eta plastikozko edalontziak, adibidez). Behin zerbait erosita, ahalik eta bizi luzeena ematen saiatu behar da, eta hondatu denean, bereizi egin behar dira haren zatiak, egoki eta txukun, gero ahalik eta modurik eraginkorrenean birziklatzeko. Zenbait produktuk material toxikoak izaten dituzte, oso kutsatzaileak, eta era berezian birziklatu behar izaten dira. Halakoak dira tresna elektriko eta elektronikoak, bonbillak eta pilak, adibidez.