Dagoenean bonbon eta... ez dagoenean egon!
Aurki iritsiko dira Eguberriak… eta buruhauste zaharrak. Ospatu bai, ongi eta goxo, baina diru gehiegirik gastatu gabe, asmo eta helburu hori jartzen dute urtero etxe askotan, eta aurten ere ez da bestela izango. Krisiak eta ezkortasun giroak arrasto sakona utzi dute, eta utziko ere aurrerantzean, segur aski, eta handik eta hemendik zertxobait aurrezteko nahia eta premia agertu da familia askotan. Aurten ere, beraz, orain artean bezalatsu, buruarekin planifikatu beharko ditugu festa egun horiek, bihotzarekin baino gehiago. Nola, ordea? Eguberri garaian, nagusiki hiru sailetan banatzen da kontsumoa: otorduak, parranda edo irteerak eta opariak. Aholku batzuei jarraituz gero, lortuko dugu horietan guztietan gutxiago gastatzea, eta pixka bat gehixeago saiatuz gero eta etxean arreta gehixeagorekin ibiliz gero, energia gutxiago kontsumitzeko modua ere aurkituko dugu.
Otorduak
Egia esan, kontsumoaren ikuspegitik, eta urte osoa aintzat hartuta, Eguberrietan egiten du jendeak gasturik handiena. Festa eta ospakizun horien berezko ezaugarri bihurtu da ia dirua gastatu beharra. Otorduetan, adibidez, neurriz kanpoko betekadak egiteko joera izaten da, eta jatekoak eta edatekoak ez dira izaten nolanahikoak. Jokabide desegokia da hori -are gehiago krisi garaian-, eta “dirua botatzea” ere badela iruditzen zaie askori. Hona hemen zenbait aholku erabilgarria, gauzei eta diruari neurria hobeki hartzeko:
- Erosketak lehenagotik egin: erosketarik garrantzitsuenak ez dira utzi behar azken egunetarako, eta era horretan, % 40raino aurreztuko dugu zenbait produktutan. Itsaskia, arraina eta haragia (arkumea, esaterako) asko garestitzen dira behin abendua aurrera joan ahala.
- Ez gara bizi arkume hutsetik: bisigua, legatza edo arkumea, izen eta ospe handiko jakiak dira, baina garestiak ere bai; diru gutxixeagorekin ere presta litezke otordu aski goxoak: oilaskoa, pularda (oilo gazte gizendua) edo untxia, ongi maneatuta, ia edozeren pareko platerak dira. Errezeta erakargarri bat aurkitzea izan liteke gakoa.
- Etxeko postreak: badirudi ez dagoela Eguberririk mazapan, turroi, polboroi eta gisakorik gabe, eta etxe askotan hala dela dirudi, gainera, jatekoetan gastatzen dutenaren % 10 joaten zaie-eta gozo horietan. Dirua aurrezteko, ideia ona izan liteke postreak etxean prestatzea. Jarduera polita izaten da haurrekin egiteko, eta mahaira ateratakoan, jendeak gustura hartuko du beti-betikoa ez den hori.
- Hestebeteak: Eguberrietan ohikoa izaten da urdaiazpikoa erostea edo solomoaren eta txorizoaren gisako hestebeteak. Baina nola aurreztu, horiek derrigorrezko iruditzen bazaizkigu? Aukera on bat izan liteke erdi-onduta erostea produktu horiek, eta etxean bukatzea ontze-prozesua. Horretarako, jakina, leku egokia behar izaten da, sotoa edo ganbara modukoa; % 30 merkeago aterako litzaizkiguke era horretan.
- Menuak planifikatu: oso baliagarria izaten da ahalik eta kalkulurik zorrotzenak egitea. Zenbat eta zehatzago kalkulatu, orduan eta janari gutxiago geratuko da soberan. Guzti-guztia jaten ez bada, beste otordu batzuetarako utz liteke.
antolatzen badugu, soberakin gutxiago gero
Parrandak edo irteerak
Eguberriek irauten duten egunetan, ez da falta izaten parrandarik eta ospakizun-jairik, eta horietan, ura iturritik bezala joaten da dirua. Nola gutxitu gastua eta nola atera ahalik eta etekinik gehien diruari? Hona hemen aholku batzuk:
- Festa, etxean: kanpoan ospatu beharrean, etxean egin dezakegu ospakizun-jaia; atseginak izaten dira, jende pila handirik gabeak eta askoz merkeagoak. Gabon zahar gaua etxean ospatzea, adibidez, lagunak bilduta eta jolas batzuk prestatuta, % 80 merkeago aterako litzaiguke ostatuz ostatu ibiltzea baino. Urte amaieran ostatuek-eta antolatzen dituzte ospakizun-jaietara sartzeko, adibidez, eta nahi adina edan ahal izateko, 60 euro ordaindu behar izaten dira. Diru horrekin baino gutxiagorekin, aski gauza politak antola daitezke etxean, eta ez genuke aurkituko hainbesteko jendetzarik.
- Harri batez, bi kolpe: kanpora ateratzeko grinari eutsi ezin bazaio, ideia ona izan liteke irteera horiek opari gisa erabiltzea. Zirkura edo antzerkira joan gaitezke bilobaren batekin edo ilobaren bat hartuta. Hartara, kanpoan ospatuko genuke, eta ez genuke izango oparitan gehiago gastatu beharrik.
- Dena doan: zenbait museok eta ikuskizunek prezio murriztuak izaten dituzte egun jakin batzuetan, eta doan sartzen ere uzten dute. Egun horiek erabil ditzakegu familiako norbaitekin joateko. Zenbaitetan, gisa horretako irteerak edo egun-pasak gustagarriagoak gertatzen dira opari materialak baino.
Opariak
Oparien atalak eramaten du dirurik gehian Eguberrietan. Familia askok, izan ere, aukera horixe baino ez dute izaten senitartekoei eta lagun hurbilei zerbait egiteko. Horregatik, egoera ekonomikoa on-ona ez izan arren ere, ohitura horri eutsi nahi izaten diote askok, barren-barrenetik irteten zaie eta. Baina, zer egin daiteke diruz estu eta larri gabiltzanean? Hona hemen proposamen batzuk opari:
- Eskulanak: erosi beharrean, norberak egin ditzake opariak. Bizkotxo eder bat egin dezakegu etxean, margolan bat, lepoko bat… Sentimendu-balio handiagoa izaten dute opari horiek.
- Birziklatzea eta kultura berdea: jostunik ospetsuenek eta margolaririk abangoardistenek ere birziklatzeari ekin diote beren lanik berritzaileenak egiteko, eta ideia ona izan liteke Eguberrietako oparietan dirutza handirik gastatu beharrik ez izateko. Itxuraz deusetarako balio ez duten materialekin opariak egitea jolas polita izan liteke, originala eta aski merkea. Freskagarri latekin eta brick-ekin, esku-zorroak edo diru-zorroak egin ditzakegu; toallekin, jakak… Irudimena erabiliz, edozein ontzi, metal edo oihal bihur liteke opari. Jendeak asko maite du arropa oparitu diezaioten, eta, beraz, aukera ona da hori, kultura berdearen aldeko apustua egin eta jantzi polit, ekologiko eta berezi-berezi bat egiteko.
- Finantza-produktuak: Eguberrietan dirua eskuan jasotzea ere asko gustatzen zaio jendeari. Dirua ematen hasi beharrean, hala ere, egokia izan liteke bankuek-eta eskaintzen duten finantza-produktu erakargarriren bat bilatzea. Kontu korronte bat irekitzea, inbertsio-funts bat edo akzio pakete bat erostea, ideia ona izan liteke likidezia beharra duen senitartekoren bat harritzeko. Produktu horiek, gainera, aukera ematen dute diru horren balioa handitzeko. Haurrentzat izaten diren kontu korronteak ere badaude egun, eta ohitura bihurtzen ari da Eguberrietan halakoak oparitzea.
iritsi zaigu opariak eskuz egiteko ordua
Presa dela eta euforia dela, askotan ahaztu egiten zaigu etxean nola jokatu behar dugun energia alferrik ez gastatzeko, eta argiak itzali gabe uzten ditugu gelatik ateratzerakoan, edo ontzi-garbigailua abian jartzen dugu guztiz betea ez egon arren ere. Garrantzitsua da etxeko energia-hornidurari ahalik eta etekinik handiena ateratzea, horrela lortzen da-eta eraginkorra izatea, ingurumena laguntzea eta aurreztea. Arreta pixka bat aski izaten da aholku hauei jarraitzeko:
- Arropa-garbigailua guztiz betea dagoela jarri.
- Ontzi-garbigailua erabat bete eta halaxe erabili; ontziak eskuz garbitzea baino hobea da.
- Itxi hornidurak, erabili ondoren: etxetik ateratzerakoan, egiaztatu txorrotak itxita daudela, hozkailua berdin, itzalita daudela labea, bitrozeramika, argiak
- Telefono finkotik deitu, mugikorretik beharrean. Agian, garai ona da eskaintza bereziren batean izena emateko: asteburuetan edo eguneko ordu jakinetan doan hitz egiteko aukera ematen duen horietakoren batean, adibidez.