Haurrak ere, sukalde-saltsan
Besterengandik ikasita gureganatzen ditugu sukaldean aritzeko eta dieta osasungarria egiteko gogoa eta zaletasuna, eta horrexegatik komeni da haurrak ere txikitatik has daitezen jakiak prestatzen Eguberrietako oporrak hartzeko irrikaz egongo dira haurrak, zenbat lo geratzen diren kontatuz. Badakite noski zer datorren: eskolarik ez, nahi adina jolasteko denbora, opariak… Baina, haurrek ez ezik, gurasoek ere badakite zer datorkien, eta galdera hauxe egingo diote beren buruari: zer egin oporraldian haurrekin ongi pasatzeko? Irtenbide bat baino gehiago egongo dira, baina horietako bat izan liteke sukaldeko atea zabaltzea haurrei; hau da, sukaldeko eta sukaldari lanetan aritzeko gonbita egitea (non egingo dute hori etxean baino hobeki). Ikasgai guztiak bezala, hori ere modu jostagarrian landu behar da, erakargarria gertatu behar zaie, erraza eta gustagarria.
Ongi hastea garrantzitsua izaten da, eta gauza erraz-errazetara jotzea komeni da: gosariak prestatu, aperitiboak, askariak eta mokadutxoak. Platerak apaintzeko zeregina ere eman diezaiekegu; asko erakartzen ditu horrek, eta etxean ardura berriak hartzeko aukera ematen die. Aurrerago, berriz, errezeta gozo eta deigarriak prestatzen ikas dezakete, gutxien gustatzen zaizkien jakiekin eginak, adibidez (frutak, berdurak eta arrainak).
Erosketa egitetik hasi, eta sukalderaino
Oso jokabide egokia izaten da haurrek zuzen-zuzenean esku har dezaten elikadurarekin zerikusia duten gauza guztietan: erosketak egiterakoan, janaria etxean antolatzerakoan, mahai jarri eta biltzerakoan, jakiak prestatzerakoan… Jarduera horietan aritzeak lagundu egiten die ulertzen zeinen garrantzitsua den elikaduraren gaia. Gainera, arazo gehien ematen dituzten elikagaiak menuan sartzeko, oso baliagarria izaten da haurrei azaltzea zertarako balio duten, zer elikadura-ezaugarri dauzkaten, eta zer-nolako onura ekarriko dieten euren hazkundeari eta ongizateari. Haurrek sukaldean egingo dituzten lehen saioak, erraz-errazak eta gogo-pizgarriak izan behar dute. Ohitura ona izaten da, adibidez, jakiak prestatzen hasi aurreko lanak eginaraztea haurrei (elikagaiak hautatu, garbitu, eskuz zatitu eta zuritu…), eta platerei azken apaindua emateko ardura ere haien esku uztea ere bai. Aurrerago, haur bakoitzaren adinak eta trebetasunak uzten duten neurrian, komeni izaten da asko-asko atsegin ez dituzten errezetak prestatzen lagun dezatela, horiekin zaletzen joan daitezen poliki-poliki. Haurrekin sukalde-saltsan hasteko, hona hemen zenbait proposamen.
Balioetan hezi
Haurrei asko gustatzen zaie helduak imitatzea. Horregatik, sukaldean aritzea oso erakargarria gerta daiteke haientzat, gauza berria delako, jolasgarria eta osasungarria aldi berean, eta, gainera, etxean prestatu dituzten platerak jateko aukera ematen die, eta elikagai askotarikoak dastatzekoa. Haurrek lagunduta prestatuz gero plateren bat, gogo eta interes berezia agertzen dute azken emaitza ikusteko eta dastatzeko. Bide hori oso erabilgarria da askorik gustatzen ez zaizkien jakietara zaletzeko (arraina, fruta, berdura). Jarduera horrekin, halaber, zapore ugari eskura jartzeaz gain eta bizi-ohitura osasungarrietan hezteaz gain, haurren autonomia ere lantzen da, norbanakoaren ekimena eta ardurak hartzeko joera, eta taldean lan egiteko gaitasuna ere sustatzen da, beste balio batzuen artean.
Haurren hazkundea eta garapena bide egokitik joan dadin, modu osasungarrian eta orekatuan jaten ikasi behar dute, eta hori erakustea, lehenik eta behin, familiaren ardura da. Eta zeregin hori behar bezala gauzatzeko, sineste sendoa eduki behar da horretan, irudimena erabili behar da, eta pazientzia eta maitasun ugari ere bai. Horregatik, haurrari txiki-txikitatik erakusten badiogu zeinen garrantzitsua den denetarik jatea, eta mezu onekin saritzen badugu jokabide egokia hartzen duen bakoitzean (“zenbat handituko zaren!”, “asko gustatzen zaigu zu hola jaten ikustea”…), errazagoa izango da ongi jan dezan.
Aukeran ditugu...
Erraza izaten da frutekin hastea, ez baitute behar izaten egosaldi zailik, eta eskuekin erraz erabiltzen dira. Aukera ona izaten da haurrei ikusarazteko, fruta urte guztian eskura daukagun arren, fruta bakoitza urte sasoi bati dagokiola, eta orduan izaten duela zapore gehien eta orduan elikatzen duela gehien. Era horretan, fruta-dendan marrubiak ikusten dituztenean, jakingo dute udaberria datorrela, gereziek uda iragartzen dutela eta mandarinekin batera negua helduko dela.
- Irudimena. Sukaldean ez da mugarik, ez behintzat irudimenarentzat. Eta horixe erabili behar da platerak prestatzeko eta aurkezteko orduan. Sagar batekin, adibidez, aurpegi itxurako irudi bat egin dezakegu: haziak kendu, erditik ireki, bi gerezi jarri begien lekuan eta marrubizko marmeladarekin ahoa irudikatu. Lan hori haurren laguntzaz eginez gero, aukera gehiago izango ditugu sagarra jan dezaten.
- Entsaladan. Entsaladak fruta zatiekin hornitzeko aukera emango diegu haurrei, eta zapore-nahasketak probatzeko aukera ere bai: fruten gozoa, ozpinaren mikatza eta gatzaren gazia. Arrain eta haragi errezetetan ere jar ditzakete frutak apaingarri edo lagungarri.
- Ideia erakargarri gehiago. Gehien gustatzen zaizkien frutak hautatzeko lana ere har dezakete haurrek, eta horiekin zuku bat egin edo likidotu. Gero, zuku-makinaren edo likidotze-makinaren botoiari eragin diezaiokete (heldu bat ondoan dutela, betiere), eta edalontzia nola betetzen den ikusi, kolore nahasketa harrigarriarekin. Eta horrekin bat, frutarekin beren errezetak sortzeko bideak ematea komeni da: zuku eginda, jogurtarekin irabiatuta edo jogurtari zatiak botata, fruitu lehorrekin, mazedonia eginda, fruta-gelatina, fruta naturalen zukuarekin egindako izozkia, eta abar.
- Etxeko gozoak. Etxean prestatzen diren postre gozoetan eta opiletan ere, aski ongi ematen du frutak. Era askotako frutak erabiliz egin litezke bizkotxoak, tartak eta flanak.
Elikagaiak prestatu edo zerbitzatu aurretik, hainbat lan egin behar izaten dira, eta horietan esku har dezakete haurrek: barazkiak garbitu, letxuga-orriak eskuz zatitu, entsalada bati itxura eman…
- Berdurak postrean: tentagarri gozoa. Barazkiak erabiliz, gozo ukituko platerak presta daitezke haurrekin (azenario-tarta, kalabaza-mokadutxoak…); horrek irudimena eta ikuspegia zabaltzen die, eta ulertarazten dute jaki horiek, era batera edo bestera, eguneroko menuan sartzekoak direla.
- Berdura-flanak. Platerak ikusgarriago egiteko modu dibertigarri eta originala da, eta haurrek zapore askotarikoak dasta ditzaten ere balio du. Kalabaza-flana, ganba eta zainzuriena, porru eta azenarioena… hainbat aukera eta konbinazio daude.
- Barazki-brotxeta eta barazki-pizza dibertigarriak. Errezeta horien helburua da haurrek presta ditzatela brotxetak eta pizzak familia guztiarentzat, eta eurek hauta ditzatela elikagai-konbinazioak. Aski ikusgarriak eta gozoak izaten dira, arrainarekin edo haragiarekin batera, txanpinoiak, piperra, tomatea, kuiatxoa, berenjena… daramaten brotxetak edo pizzak.
- Berdura-tortilla. Ohiko platerak izaten dira tortillak, eta aski baliagarriak gertatzen dira familia-menuan barazki eta berdurak sartzen joateko. Haurrei asko gustatzen zaizkie zainzuri-tortillak, espinaka eta ganbenak, kuiatxoz eginak, piperrez…
Haurrak hartu eta arrandegira joatea oso modu polita izan daiteke ikus dezaten zenbateko aukera dagoen arrainetan, eta profesionalek nola lan egiten duten, arrainari hezurrak kentzen eta. Sukaldera etorrita, garrantzitsua izaten da arraina prestatzeko modu bat baino gehiago erabiltzea eta aurkeztu ere ez beti berdin-berdin egitea, haurrak nekatzeko arriskua izaten baita bestela (lehendik ere, gutxi behar izaten dute arrainarekin aspertzeko).
- Errezeta originalak. Behin arraina garbi-garbi eta hezurrik gabe dagoela, haurrek berek zatitu dezakete puska txikiagoetan, eta hainbat eta hainbat errezetatan erabili: zopari botatzeko, tortillak egiteko, lasagnak eta kaneloiak, hanburgerrak, kroketak, albondigak, enpanadillak, brotxetak, flanak, piperrak betetzeko edo kuiatxoak eta berenjenak, pizzak egiteko, eta abarretarako. Horrez gain, arrozari edo pastari ere bota diezaiokete arraina (arrain eta itsaski paella, arroza txibiekin, makarroiak atunarekin, espagetiak sardinekin…).
- Entsalada eta entsaladilla. Haurra, agian, ohitua egongo da latako atunaren zaporera. Gainerako kontserbak ere dasta ditzake, bai entsaladan edo aperitibo gisa (antxoak, sardinak, olagarroa, muskuiluak, berberetxoak…).
- Ogi tartean. Oso aukera ona izan liteke arraina ogi tartean jartzea; aski osasungarria da, elikagarria eta gustura jaten dute. Hona hemen proposamen batzuk: hegaluzea edo hegalaburra, tomate xerra batzuekin; atuna eta gazta; sardina oliotan; antxoak eta gazta; barazki-ogitartekoa atunarekin edo antxoekin; izokin ketua gazta belar findunarekin; hegaluze patea; atun gatzatua…