Eguberri on?
“Eguberri on!”. Esaldi hori errepikatzen da gehien ospakizun-egun hauetan: Gabon-kantek horixe opa digute, postalek eta iragarkiek ere bai, lagunen eta familiakoen artean ere desio hori agertzen zaigu… Baina Eguberri garaia ez da ona izaten guzti-guztientzat, eta halaxe erakusten du Ikerketa Soziologikoen Espainiako Zentroak (CIS) egin duen inkesta batek. Espainiarren % 56ren irudiko, familia giroko festak dira Eguberriak, beste % 26,3ren ustez, izaera guztiz komertziala dute, eta % 11k, berriz, erlijio-balioa ematen diete. Gainera, % 49,8k pozarekin lotzen dituzte Eguberriak, % 27k tristura eta malenkonia sentitzen dute, eta % 17,3ri itomen-sentimendua nagusitzen zaie egun horietan. Horrek guztiak erakusten duenez, herritar askok eta askok, besterik gabe pasatzen dituzte Eguberriak, ahal bezala jasan edo eramaten dituzte egun horietako gorabeherak. Zenbaitek ez die ikusten festa horiei deus berezirik, ongi pasatzeko motibazioa sortuko dien alderdirik, edo proiektu berri edo desberdinei ekitera adoretuko dituen pizgarririk. Eguberriak bizitzeko eta sentitzeko modua, beraz, norberaren gogo-aldarteen araberakoa izaten da, aldatu egiten da pertsonatik pertsonara, eta ez da berdin, adibidez, etxean haurrak edukitzea edo adineko norbaitekin bizitzea.
Eguberriak dira: ongi pasatu beharra ote dago, nahitaez?
Psikologoak ohartzen dira Eguberriek ez dutela esanahi berezirik pertsona askorentzat, eta beste aukera bat baino ez dela izaten familiarekin edo lagunekin biltzeko. Hau da, normal-normal bizi izaten dutela garai hori. Baina beste batzuek, ordea, ezin izaten diote ihes egin gizarte-presioari, derrigorrean ongi pasatzera bultzatzen duen horri. Horren eraginez, psikologo askori betetzen zaie agenda Eguberriak igaro ondoren. Ederki jatea eta festa giroan ongi pasatzea gustatuagatik ere, jende askori kontrako eztarrira joaten zaizkio Eguberriak, beren burua behartuta ikusten dutelako mahai batean esertzera eta harreman on-onik ez duen norbaitekin edo norbaitzuekin bazkaltzera. Horrexegatik hartzen dute lasai arnasa hainbat herritarrek urtarrilaren 7an, festak bukatuta.
Erlijio-alderditik harago, nagusiki opariei eta ospakizunei lotzen zaizkie gaur egun Eguberriak. Eta bilkura horietan, leku handia hartzen dute jan-edanek. Baina inertziak izaten dira gauzarik arriskutsuenak, urtero-urtero gauza berberak egitea, alegia: egun batez gurasoen etxera, hurrengoan bikotekidearen gurasoenera, txiste berberak kontatu eta betikoaz eztabaidatu… Adituen esanetan, berritzea komeni da, eta norberak egiaz egin nahi duena egitea. Hori da depresioari aurre egiteko sendagairik onena.
Bestelako Eguberriak
Horregatik, Eguberriak maite ez dituzten askok edo motibazio berezirik sentitzen ez duten askok, modu alternatiboan pasatu nahi izaten dituzte festa horiek. Adibidez, Eguberriak beste modu batez bizi dituzten lekuren batera bidaiatzeko baliatzen dute, edo halakorik ospatzen ez den norabait joateko. Bidaia-agentziak ere ohartu dira horretaz, eta hainbat aukera eskaintzen dituzte. Ikerketa Turistikoen Institutuak emandako datuen arabera (Espainiako Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioaren menpeko erakundea da), 2009. urtean egin ziren bidaien % 2,6 Eguberrietan izan ziren. Nahiz eta bidaia horietako asko familiakoak edo lagunak ikustera joateko eginak izan (% 71,3), hirutik bat baino gehiago izan ziren bestelako aisialdi modu bat bilatzeko eginak (% 28,3). Eta gero eta joera handiagoa dago halakoetarako. Dirudienez, Gabon-kantak, turroia eta gisako koplak indarra galtzen ari dira, eta gero eta gehiagok nahi izaten dute leku exotikoak ezagutzeko baliatzea egun horiek edo festak beste moduz pasatzea.
Eguberrietakoa poz eta zorion garaia delako ustea aski hedatua dago gure gizartean, baina nork agindu du hala izan behar duela? Pertsona asko, poztu ez, deprimitu egiten dira urte sasoi horretan. “Depresio zuria” esaten zaio Eguberri festei lotuta dagoen tristura-sentimendu horri, “Eguberrietako depresioa” ere esaten diote beste batzuek, edo “Eguberrietako bluesa”. Gizarte-Psikiatriako Europako Elkartearen arabera, espainiarren % 20k pairatzen dute arazo hori. Jendea pozik eta alai ikusteak tristura eta malenkonia azaleratzen du askorengan, familiako norbaiten edo lagun hurbilekoen faltak eragina. Orduan deprimi daitezke pertsonak, gehiago edo gutxiago. Psikoterapeutek baieztatzen dutenez, honako arrazoi hauek eragiten dituzte Eguberrietan gogo-beheraldiak: familiako kide arazotsuren batekin elkartuko garela jakiteak, ospakizunetan diru asko gastatu beharrak eta maite ditugunak ondoan eduki ezinak, hil direlako edo urrun daudelako. Desagertu diren senitartekoak edo lagunak oroitzean, heriotzari berari buruz pentsatzeak ekarri ohi du askotan malenkonia. Izan ere, pertsona askori kosta egiten zaie onartzea bizitza bukatu egingo dela egunen batean.
Ez da ahaztu behar, halaber, gure garaiotako gaitzik handienetakoa: bakardadea. Gero eta jende gehiagori egiten zaie eramanezina. Dena den, ez gauza bera bakarrik egotea eta bakarrik sentitzea. Bakarrik edo bakartuta sentitzeagatik agertzen dira Eguberrietan depresio asko.
Gastu handiak egin beharrak ere eragiten dio familien gogo-aldarteri, eta are gehiago langabeziak astindu baditu edo diruz larri badabiltza. Dirua gastatzera bultzatzen gaituen gizarte-presioa oso handia izaten da. Klixe tradizionalei ihes egitea komeni da: oparirik ezin badugu egin, argi eta garbi esatea da gauzarik onena.
Haurrak dauden lekuan, oro har, motibazio eta giro gehiago izaten da. Haurrek begiak zabal-zabal eginda bizi izaten dituzte Eguberriak, eta inguru guztia kutsatzen du haien begiratuak. Pertsona askok eskuratu dute berriz ere ilusioa festa egun horiek seme-alaba txikiekin, ilobekin edo bilobekin pasatzen dituztenez geroztik. Haurren ilusioaren zati handi bat, ordea, opariei begirakoa izaten da, eta kontuz ibili behar da horrekin. Hori dela eta, pedagogoek ohartarazten dute lehenbailehen erakutsi behar zaiela haurrei zerk ematen dien benetako zentzua Eguberriei: giza harremanek, hain zuzen. Opariak jasoko dituzte, bai, baina ikasi behar dute beste jarduera batzuei balioa ematen eta horiekin gozatzen: oporrak hartu, familiakoak bisitatu, guraso eta senideekin atera…
Espainian, bakarrik bizi dira 65 urtetik gorako ia milioi eta erdi lagun. Eta, horientzat ere, ilusio eta poz garaia behar luke izan Eguberriak, baina ez da beti hala izaten. Inondik ere ez zaie sentiarazi behar, hurrengo urtean, agian, ez direla egongo. Oso garrantzitsua izaten da haiek daukaten energiaren eta bizitasunaren arabera zuzentzea haiengana. “Ez dira hogei urteko gazteak, baina ez daude hilzorian”, horixe nabarmentzen dute adituek.
Eguberriak oso gogorrak izan daitezke gizarte- edo familia-sare onik ez daukaten adinekoentzat, nahiz eta hainbat ekimen sortu han eta hemen egoera horri aurre egite aldera. Espainiako Osasun Ministerioak, esaterako, IMSERSOren bitartez, kanpaina berria abiarazi du bakarrik bizi diren adinekoentzat (Eguberriak elkarrekin), festa horiek beste pertsona batzuen ondoan igarotzeko modua izan dezaten, leku goxo batean edo bainuetxe batean.