Osasun-arazoak eta Eguberrietako postreak

Gozo bereziak behar izaten ditu zenbait jendek

Diabetesa, zeliakia, gizentasuna, kolesterol altua edo elikadura-alergiak dituztenek arreta handiz irakurri behar dituzte gozorik ohikoenen etiketak, hala nola turroienak, mazapanenak eta girlatxeenak
1 abendua de 2010
Img alimentacion

Gozo bereziak behar izaten ditu zenbait jendek

/imgs/20101201/alimentacion2.jpg
Urte sasoi honetan, jende asko joaten da medikuaren kontsultara, Eguberrietako menuen inguruko zalantzak argitzera. Ospakizun-egunak izaki askorentzat, ohikoa izaten da otordu oparo eta energetikoak egitea, edari alkoholdunik ere ez da falta izaten, eta gozo kontua ere ugari ikusten da mahai gainean (turroiak, mazapanak, polboroiak, girlatxeak…). Zenbait gaixotasunen eraginez, ordea, dieta zorrotz kontrolatu behar izaten du jende batek, dieta bereziak egin behar izaten ditu, eta horientzat ez dute balio beti-betiko jotzen ditugun errezeta eta jakiek. Gustura jango lituzketen hainbat gauzari uko egin behar izaten diote diabetesa, gizentasuna, zeliakia, elikadura-alergiak edo kolesterola eta triglizeridoak dauzkatenek, eta are gehiago Eguberrietan, hainbeste gutizia tentagarri begien aurrean ikusita.

Espainiako Hipertentsio-Elkarteak eta Arteria-Hipertentsioaren aurkako Espainiako Ligak emandako datuen arabera (SEH-LELHA), Eguberrietan eta jaiegun horien aurreko egunetan hiru kilo ere handitu liteke gorputz-gantza dieta-ohiturak laxatzearen ondorioz. Hipertentsioa, gizentasuna, diabetesa edo hiperkolesterolemia daukaten pertsonentzat aski arazo larria da hori, eritasun horiek bihotz-hodietako arazoak eragiten dituztelako, eta egoerak okerrera egin lezakeelako.

Edozein gozo ?azukrerik gabea? dela esan ahal izateko
gehienez ere, 0,5 gramo azukre eduki behar ditu

Elikadura-industria ere ohartu da pertsona horiek elikadura-behar bereziak dituztela, eta urtetik urtera produktu berriak merkaturatzen ari da, nahasmendu horiekin bateragarri diren osagaiak hautatuta. Horren erakusgarri dira, besteak beste, azukre erantsirik gabeko turroi eta gozoak, gantz gutxikoak, trans gantzik gabeak edo glutenik gabeak. Aldi berean, etxean platerak prestatzeko orduan ere, funtsezkoa da Eguberrietako menuak zertxobait moldatzea eta osasungarriago bihurtzea, guztiek jateko modukoak izan daitezen eta inor ez dadin ibili zer jan dezakeen eta zer ez bereizten.

Diabetesa eta gizentasuna: azukrerik gabeko turroiak eta gozoak

Ohiko turroiak, mazapanak eta girlatxeak egiteko, eztia, azukrea eta almendrak erabiltzen dira. Oinarri horri, beste osagai batzuk ere eransten dizkiete (arrautzaren gorringoa eta zuringoa, fruitu lehorrak, txokolatea, kakaoa, esne-gaina, irinak, labore puztuak, likoreak, eta abar), eta, horrez gain, ura eta gehigarri baimenduak ere bai. Produktu horiek guztiek erruz izaten dute azukrea eta gantza, eta horrexegatik dira hain energetikoak. Ezaugarri hori arindu nahian, eta osasun-arazoengatik dieta zaindu behar dutenen eskariari erantzuteko asmoz, zenbait irtenbide bilatu dituzte ekoizleek. Azukre erantsiak guztiz desagerrarazi dituzte produktuetatik, edo asko murriztu dizkiete, edo beste eztigarri batzuk erabiltzen dituzte, gozo ukitua bai baina kaloriarik ematen ez dutenak. Halakoak komeni zaizkie azukre kopurua mugatu behar duten pertsonei, hala nola diabetesa daukatenei, gizentasuna, pisu gehiegia edo hipertriglizeridemia (triglizeridoak goian).

Kontsumitzaileak ez nahasteko, industriak egokitu egin behar ditu etiketetan ageri diren oharrak, elikadura-aipamenei eta ezaugarri osasungarriei buruzkoak, eta araudi berriak esaten duen bezala eman behar ditu. Adibidez, ‘azukre gutxikoa’ jartzen badu (‘bajo contenido en azúcar’), horrek esan nahi du, 100 gramo bakoitzeko, ez daukala 5 gramo azukre baino gehiago. Begiratu bat emango bagenie turroi osasungarriak ekoizten dituzten etxeen produktuei, ikusiko genuke horietako askok 1,5 eta 5 gramo artean daukatela azukrea 100 gramo bakoitzeko, eta, beraz, izendapen hori har dezaketela, ‘azukre gutxikoa’ alegia (ohiko produktuen aldean, 7 eta 30 aldiz azukre gutxiago daukate, baina ez kaloria gutxiago).

/imgs/20101201/alimentacion2-2.jpg
Turroi bat eta beste edozein gozo ‘azukrerik gabea’ dela esan ahal izateko, gehienez ere, 0,5 gramo azukre eduki behar ditu, 100 gramo bakoitzeko. Ez da gauza bera produktu bat ‘azukrerik gabea’ izan, edo ‘azukre erantsirik gabea’. Lehen sailekoek, bigarrengoek ez bezala, ez daukate monosakaridorik (glukosa, glukosa-ziropa, fruktosa, fruktosa-ziropa), ez disakaridorik (sakarosa eta laktosa dira ohikoenak), ez eta bestelako eztigarririk ere (eztia, esaterako). Azukreak murrizteko, kaloriarik gabeko eztigarriak erabiltzera jotzen dute ekoizleek (sakarina, aspartamoa, ziklamatoa, azesulfamoa), edo poliol erako eztigarriez baliatzen dira edo alkohol-azukreez (sorbitola, maltitola, xilitola…).

Definizio horiek halako doitasunez eta zehaztasunez eginda, gaur egun ez dago aukerarik, adibidez, ‘azukrerik gabea’ den turroi batek, azukre erantsirik ez edukita ere, fruktosa eduki dezan. Orain arte, bazen aukera hori, eta fruktosarekin kontuz ibili behar dute gizentasuna daukatenek, II motako diabetesa dutenek (pisu gehiegiak eragina izaten da gehienetan) eta hipertriglizeridemiarekin dabiltzanek. Datu horien berri izatea erabilgarria da kontsumitzaileentzat, horrela jakin dezakete-eta zenbat azukre eta kaloria hartzen ari diren.

Zeliakia eta elikadura-alergiak: gozo bereziak

/imgs/20101201/alimentacion2-4.jpg
Zeliakia daukaten pertsonek (glutenarekiko intolerantzia) oso adi irakurri behar dute zer osagai dauzkaten turroiek, mazapanek, girlatxeek eta polboroiek. Ohiko turroiak, oro har (gogorra eta guria), eztiarekin, almendrekin eta azukrearekin egiten dituzte, eta horiek guztiak egokiak dira zeliakoentzat; aldiz, turroi horien orea estaltzen duen olata, gari-irinez egina egoten da gehienetan, eta osagai hori ezin dute jan gaitz hori daukatenek. Polboroiak ere ez zaizkie komeni, horiek ere gari-irinez egiten dituzte eta. Eta zaporeetako turroietan ere (txokolatea, praline, kokoa, esne-gaina eta intxaurrak…) komeni izaten da osagaien zerrenda arduraz irakurtzea.

Zeliakoentzat bereziki prestatuta dauden gozoetan, glutena duten produktuen osaerari eta etiketari buruzko araudi berriak hala agintzen duenez, ekoizleek zehaztu egin behar dute substantzia hori zer kopurutan ageri den: ‘oso gutxi’ eduki dezake (‘muy bajo contenido’) edo ‘gluten gabea’ izan daiteke. Kontsumitzaileari gauzak errazteko, produktu bat baino gehiago aurki litezke merkatuan, glutenarekiko sentikortasunaren arabera sailkatuta. ‘Gluten oso gutxikoa’ aipamena daramaten elikagaietan, adibidez, produktu osoaren kilo bakoitzeko, gluten maila ezin da izan 100 miligramotik gorakoa (100 mg/Kg). ‘Gluten gabea’ aipamena, berriz, dieta berezietan erabiltzen diren produktuek eduki ohi dute, baita produktu dietetikoek edo estandarrek, eta horiek, kilogramo bakoitzeko, ezin duten eduki 20 miligramo gluten baino gehiago (20 mg/Kg).

Turroiak eta mazapanak -sinpleenak,
almendrazkoak- egokiagoak dira
polboroiak eta mantekatuak baino

Elikadura-alergiaren bat daukatenentzat ere, ez da erraza izaten Eguberrietako gozoekin asmatzea (batzuei albuminak sortzen die alergia, arrautzaren proteinak, beste batzuei kaseinak, esnearen proteinak, besteei fruitu lehorrek…). Osagai horiek maiz ageri dira gozoetan, baina horientzat ere aski zehatza da araudia. 2003. urtetik aurrera, ekoizleek argi eta garbi adierazi behar dute zer alergeno ageri diren beren produktuetan, kontsumitzaileek ezustekorik har ez dezaten eta errazagoa eta seguruago gerta dakien elikagaiak hautatzea. Turroien eta gainerako gozoen etiketetan nabarmenduta agertu behar duten alergenoen artean, honako hauek daude: labore glutendunak (garia, zekalea, garagarra, oloa, espelta, kamuta), arrautza, kakahuetea, soja, esnea, fruitu oskoldunak (almendra, hurra, intxaurra, anakardoa, pekan-intxaurra, pistatxoa, makadamia-intxaurra) eta sesamo alea. Era berean, enpresa arduradunak ohartarazi behar du produktuak arrastoak edo hondarrak eduki ditzakeela, hau da, alergia sortzen duen osagaia izan dezakeela kopuru txikietan, eta hori jakinarazteko, “eduki dezake” mezua idatzi behar du, eta jarraian, alergeno jakinaren izena.

Kolesterola eta triglizeridoak: gantzaren kalitatea da garrantzitsua

/imgs/20101201/alimentacion2-3.jpg
Kolesterola edo triglizeridoak goi samarrean dituzten pertsonek jakin nahi izaten dute zer elikadura-osaera daukaten Eguberrietako gozoek.

Turroiak eta mazapanak -sinpleenak, almendrazkoak- egokiagoak dira polboroiak eta mantekadoak baino. Lehenengo horiek, nahiz eta oso energetikoak diren eta gantz ugari ematen duten, kalitate oneko gantza daukate, almendra da-eta osagai nagusia (gantz azido saturatugabeak dituzte ugari, gantz ona).

Polboroietan eta mantekadoetan, aldiz, txerri-gantza edo gurina izaten da oinarrizko osagaietako bat (gantz saturatu asko ematen dituzte biek ere), eta irinarekin eta zapore-emaileekin nahasten dute (kanela, ardoa, limoia, eta abar). Azken urteetan, hala ere, zenbait etxe saiatu dira beren produktuen elikadura-kalitatea hobetzen, eta oliba-olioa erabiltzen hasi dira txerri-gantzaren ordez (osagaien zerrenda irakurrita egiazta daiteke hori).

Gauza jakina da gantz azido saturatugabeek gaitasun handia daukatela odoleko kolesterol maila erregulatzeko, eta gantz saturatuak, aldiz (are gehiago trans gantzak), dirudienez,lotuta daude bihotzeko eritasunak izateko arriskuarekin, handitu egiten baitituzte kolesterol eta triglizerido mailak. Arrazoi horrexegatik dira egokiagoak almendraz egindako ohiko turroiak (gogorra eta guria) eta mazapanak, kolesterol altua daukatenentzat, eta ez polboroiak eta mantekadoak. Batzuk eta besteak, dena den, neurrian jatekoak dira; izan ere, hiperkolesterolemia daukaten pertsonarik gehienek, pisu gehiegia ere izaten dute, eta, beraz, jakinik zeinen energetikoak diren Eguberrietako gozoak, neurria hartu behar zaie, ezinbestean.