Errege-opila

Azken bazkariko postrea

Urtean behin etortzen da etxeetara Errege-opila, eta dietarentzat ere horixe komeni da, oso noizean behingoa izan dadila
1 abendua de 2010
Img alimentacion

Azken bazkariko postrea

/imgs/20101201/alimentacion5.jpg
Bazen behin, erromatarren garaian, ogi errosko bat, neguko solstizioa ospatzeko erabiltzen zutena. Pasatu ziren zenbait mende, eta postre apal izan zen hura, pozaren, festaren eta oparien ikur bilakatu zen. Orearen barruan, baba bat jartzen zuten nonbait gordeta, eta hura egokitzen zitzaiona bihurtzen zen gazteluko errege egun batez. Berriz ere pasatu ziren zenbait mende, eta Frantziako gortean, sofistikazio gehixeago eman zioten Epifania oroitarazteko postreari, eta babaren lekuan, urrezko txanpona jartzen hasi ziren. Versallesko ohituratik edan zuten Europako gozogileek, eta bakoitzak bere erara hobetu zuen ideia. Mexikoko sukaldariengana ere iritsi zen, eta ezusteko bakarra beharrean, hiru gorde zituzten opilaren barrenean, eta Argentinakoek, berriz, zentzu berria eman zieten fruta azukreztatuei: gorriak errubi bihurtu zituzten eta berdeak esmeralda. Gaur egun, aro digital betean, hortxe jarraitzen du Errege-opilak: Eguberrietako azken bazkariko postre berezia da etxe askotan.

Urtean behingo ‘gehiegikeria’

/imgs/20101201/alimentacion5-2.jpg
Errege-opilak, Eguberrietako turroiek, mazapanek, mantekadoek eta gainerako gozoek bezala, kaloria asko ematen ditu eta zaila izaten da digeritzeko. Hori dela eta, neurrian jatekoa da, bereziki pertsona diabetikoentzat eta gizenentzat. Kalorien arazoaz gain, beste bat ere ekarri ohi du Errege-opilak: toxi-infekzioak. Postre horrek, izan ere, esne-gaina edo krema eduki ohi du askotan; lehena oso galkorra da, eta erraz kutsatzen da, higiene-neurri egokiekin landu ezean. Kremak, berriz, egosita dagoenez, ez luke arazorik eman behar, baina gerta daiteke kutsadura gurutzatuak harrapatzea, arrautza freskoekin lan egiten duten gozogintza-lantegietan edo sukaldeetan egosi ondoren.

Hori dela eta, arrautza daraman postreren bat egin nahi badugu, baztertu egin behar dira apurtuta dauden arrautzak, eta luma- eta gorozki-arrastoak dauzkatenak. Ez dira garbitu behar, non eta ez dugun egiten erabili baino lehentxeago, zeren oskol poroduna daukatenez, hezetasunak erraztu egiten baitu bakterioak arrautza barrenera sar daitezen.

Kremak eta esne-gainarekin egindako betegarriak, gainera, hozkailuan eduki behar dira. Etxean eginak badira, lehenbailehen jatea komeni da(egin eta 24 ordu pasatu baino lehen, beranduenez).

Urtarrilaren 6a pasatu ondoren, Eguberrietako postreak bazter uztea komeni da, eta fruta jaten hastea horien ordez. Bitamina-iturri izaten da fruta, heste-lasaigarri, eta aski ongi etorri ohi da hori hainbeste proteina eta gantz dauzkaten menuak jan ondoren, eta hain zuntz gutxi.

Opari gozo-gozoa

Opari garaian gaudenez, zergatik ez bihurtu opila bera opari? Lor dezakegu opila geure eskuz egitea (geure buruaz harrotzeko aski arrazoi litzateke hori). Ez da erraza, baina ezinezkoa ere ez. Denbora eskatzen du, horretara jartzea eta errezetari jaramon egitea.

Osagaiak, 6 lagunentzako opila egiteko

  • 300 gramo irin
  • 4 arrautza
  • 100 gramo glas azukre
  • 250 gramo gurin
  • 25 gramo legamia
  • Gatza
  • Rona, dezilitro erdi (aukerakoa)
  • Laranja-lorezko ura, dezilitro erdi
  • Limoi baten azal-birrina
  • Laranja erdi baten azal-birrina
  • Arrautza irabiatu bat, opila margotzeko
  • Almendra xerratuak
  • Fruta azukreztatuak, apaintzeko
  • Panpinatxo bat (portzelanazkoa edo plastikozkoa) edo baba bat, plastikotan bildua, ore barrenean gordetzeko

Errezeta

Orea egiteko makina batean, nahasi irina, azukrea eta legamia, bota arrautzak banan-banan, azukrea, gatza, rona (aukerakoa) eta laranja-lorezko ura, eta utzi 10 minutuz orea egiten. Denbora hori igaro delarik, erantsi gurina (gurituta egon dadila), eta nahasi eskuarekin.

Ore hori egonean utzi behar da, bolumena bikoiztu arte (hartzidurari esker gertatuko da hori). Orduan, apurtu eskuarekin eta utzi beste 20 minutuz egonean. Jarraian, luzatu orea, eman uztai itxura, gorde saria barrenean (baba edo panpinatxo txikia) eta margotu gainazal guztia arrautza irabiatuarekin.

Utzi berriz egonean, giroko tenperaturan, eta berriz altxatzen denean, margotu berriz gainazal guztia eta jarri fruta azukreztatuak eta azukrea. Ondoren, sartu labean, eta eduki 15 minutuz 200 ºC-tara, eta beste 15 minutuz 180 ºC-tara.

Atera labetik, eta hozten denean, zerbitzatu bere horretan, edo barrenean krema duela, esne-gain harrotua edo trufa harrotua.