Digestio astunak eta betekadak

Ahora arin eta sabelean astun

Elikagai batzuk astunagoak gertatzen dira digestioarentzat, baina horiek prestatzeko moduak eta jandako kopuruak ere badute eragina digestioan
1 abendua de 2010
Img salud1 listado

Ahora arin eta sabelean astun

Janaria digeritzea ez da lan erraza izaten urdail guztientzat. Zenbait herritarri bereziki astuna bihurtzen zaie digestioa, baina adituak ez dira ausartzen arrazoi bat ematera, ez dakite-eta pertsona batzuek, janari eta kopuru berberak janda, zergatik duten joera handiagoa digestio-arazo hori pairatzeko. Besterik izaten da, ordea, gehiegikeriak egitea jan-edanetan. Orduan bai, orduan aditu guztiek jotzen duten normaltzat urdaila ezinean eta ondoezik sumatzea. Ospakizun garaiak datozkigu laster, eta digestio astunak izaten dituzten pertsonek argi eduki behar dute urdailak ez diela bakerik emango Eguberrietan. Horregatik, komeni zaie zenbait jokabide kontuan hartzea betekaden ondorioei aurre egiteko.

Eguberrietan, ohi baino gehiago jateko ohitura izaten dugu, eta mahai-inguru alai eta gozagarri izan behar luketenak, desatsegin bihurtzen dira digestio motel eta astunak -eta are mingarriak (dispepsia)- izaten dituztenentzat. Baina, noiz esaten da digestio bat astuna dela? Adituek honako azalpen hau ematen dute: pertsona batek digestio astuna duela esaten ahal da, jan eta handik bi ordura, urdaila oraindik beteta sumatzen badu, tripa puztuta duela eta aseta dagoela sentitzen badu, haizeak egiten bazaizkio (korrokadak eta sabel-haizeak), logalea badu eta zailtasunak ere bai eguneroko jarduerak egin ahal izateko. Beste sintoma batzuk, aldiz, ez dira izaten hain ohikoak digestio astunetan; errefluxu gastroesofagikoa, adibidez (esofago edo hestegorrira joaten dira urdaileko azidoak, eta bihotzerrea eragiten du horrek). Pertsona batzuek, hala ere, bi arazo horiek jasaten dituzte otordu ugari eta pisuak egin ondoren: digestio astunak eta bihotzerrea.

Inor ez dago libre

Digestio astunaren auzia ez da pertsona mota jakin bati eragiten diona, ez dago ezaugarri berezi batzuei lotua. Asko idatzi da gai horri buruz, eta esan izan da ezaugarri fisiko batzuek funtsezko eragina izaten dutela; adibidez, norbera gizena izan edo argala, baina, egiaz, auzi hori ez da erabakigarria. Haatik, adituek baieztatzen dutenez, pertsona argalei, gutxi jatera ohituta daudenei, gehiago kostatzen zaie otordu oparo bat digeritzea. Gauza jakina da, halaber, digestio astuna izaten dutenetako batzuek beste eritasun atxikiren bat ere eduki ohi dutela, eta horiek ere zaildu egiten dute digestioa (adibidez, behazun xixkuan harriak edukitzeak). Beste zenbaiten organismoak, berriz, okerrago onartzen ditu elikagaiak, berezkoa dutelako digestio astunak izateko joera. Haurrek, ordea, arazo gutxiago izaten dituzte digestio astunekin, zeren, oro har, gehiegi jaten badute, gorputzak ez baitie onartzen eta kanporatu egiten dute goitika eginez edo beherakoarekin. Haurren artean, ez da arazo ohikoa, umeek metabolismo azkarra izaten dutelako eta helduek baino errazago digeritzen dituztelako jakiak. Aldiz, adineko pertsonetan, gero eta motelago gertatzen dira prozesu metabolikoak. Horren ondorioz, digestio arazorik sekula eduki ez dutenei ere, halakoak sortzen zaizkie denborarekin.

Digestio onaren trabagarriak

Elikadura bera da digestio onaren etsaia. Dena den, argi utzi behar da honako alderdi hau: digestio astuna ez da soilik izaten elikagai multzo bat jatearen ondorio, elikagai horiek prestatzeko moduak ere eragiten du.

Garbantzu edo dilista eltzekariak jaki puskaz hornituta, edo saltsa ugarirekin edo osagai minekin ondutako platerak edo olio gehiegi bildu duten frijitukiak, horiek guztiek digestio astuna eragin dezakete, baldin eta digestio-aparatua ahul samar badabil. Eta zergatik gertatzen da hori? Bada, behazun xixkuak lan gehiago egin behar izaten duelako eta urin gastriko gehiago behar izaten delako elikagaiak digeritzeko. Otordu arinek, aldiz, jaki gordinetan, egosietan edo plantxan eginetan oinarritzen direnek, nekezago eragiten dituzte digestio astunak.

Beste faktore batzuek ere badute eragina digestioa egiteko orduan, eta hor sartzen da, besteak beste, norbera nola dabilen (presaka jatea, estresatua egotea, otordua egin eta atsedenik hartzeko betarik ez edukitzea…). Kontuan hartzekoa izaten da, era berean, zer plater mota jaten diren eta zer urte sasoi den. Udan eta udaldiko atseden egunetan, zailagoa gertatzen da pertsona batek digestio astunak pairatzea, betekada handia eginda ere, pausa egin baitezake jan ondotik, eta horrela arindu egiten dira digestio-arazo horrek berez dakartzan eragozpenak.

Aitzitik, neguan plater kalorikoagoak jateko ohitura izaten da, gehiegikeria gehiago egin ohi ditugu, eta nahiko lan ematen diogu gorputzari horiek guztiak digeritzeko… are gehiago siesta edo pausarik egin ezin badugu. Digestio astunak jasateko ohitura duten pertsonak, beraz, okerrago ibiltzen dira negu aldean. Eragin bereziki handia izaten du horrek etxetik kanpo jan behar duten langileengan, eta zer esanik ez plater gantzatsuak eta digeritu zailak hautatzen badituzte eta horrek eragozpenak ekartzen badizkie bazkalostean berriz ere lanari ekiteko. Berdintsu gertatzen zaie ikasleei ere, etxetik kanpo otordu oparo bat egiten dutenean. Hori dela eta, ohikoa izaten da arratsaldeetan kostata kontzentratzea.

Bi arazo dira

Digestioa astuna eta betekada ez dira gauza bera, bi nahasmendu edo arazo dira. Pertsona batek eduki dezake digestio astuna betekada handirik egin gabe ere, arazoa digestio-sistemak edukitzen duelako, zeina ez baita gai izaten digestioa egoki egiteko. Eta alderantziz ere gerta liteke: pertsona batek jan dezake erruz, bete-bete egin arte, eta ez du zertan digestio motel eta astuna eduki. Beraz, pertsona batek betekada duela esaten da, janariarekin gehiegikeria nabarmen bat egin duenean. Halakoetan, ohikoena izaten da goitika egin dezan, baina ez digestio motel eta astuna duelako, ezpada digestio-aparatua butxatu zaiolako. Urdaileko arazoak jasateko joera handia duten pertsonetan, hala ere, ohikoagoa izaten da digestio astuna izatea betekada baten ondotik.

Mediku-laguntza

Digestioak oso astun egiten bazaizkigu eta ondoez handia eragiten badigu, medikutara joatea komeni da. Lehen mailako arreta-zerbitzuetan (osasun etxeetan) erantzuten diete patologia horiei, aski modu eraginkorrean, gainera, eta ez da ospitaleetako larrialdi-zerbitzuetara joan beharrik. Osasun etxean aztertzen dute ea baden arrazoi edo gaitz jakin bat arazoaren oinarrian: behazun xixkuan harriak edukitzea, adibidez, edo gibeleko kolikoa, edo okerrera egin dezakeen beste osasun-arazoren bat. Ondoeza handi samarra denean, ohikoa izaten da sendabide sintomatiko bat jartzea medikuak.

Gutxi janda ere digestio astuna izan
genezake eta asko janda betekadarik ez

Alde batetik, azidoen aurkako sendagai batekin geldiarazten saiatzen dira (almagatoa da ezagunena, murtxikatzekoa edo zorrotxoetan datorrena). Arazoak lehengoan jarraitzen badu, digestio-azterketa bat egiten dute, sabelaldeko ekografia bat edo digestio-endoskopia, eta horrela jakiten duten arazo kronikoa den edo digestio-aparatuko patologiaren bati atxikia dagoen. Kronikoa bada, ezinbestekoa izaten da, lehen-lehenik, dieta-ohiturak aldatzea, eta ez da komeni izaten gaixoa sendagaiak hartzera ohitu dadin. Urdail-babes deitzen zaien sendagaiak ere egokiak izaten dira, hala nola, omeprazola eta ranitidina. Goizetik hartzen da azidoaren aurkakoa, gosaldu aurretik, eta urdail-babesa, berriz, bazkaldu ondotik hartzea komeni da.

Betekaden aurkako irtenbideak

Medikuek jartzen dituzten irtenbideez gain, beste bide batzuk ere badaude digestio astunei eta betekadei aurre egiteko. Ezagunenak-edo, polio-menda eta kamamila infusioak izango dira. Bikarbonatoa edo fruitu-gatza urarekin hartzea ere aski lagungarria izan ohi da; jan eta handik 20-30 minutura hartzekoak izaten dira, eta arindu egiten dituzte digestio astunak.

Oso eraginkorra izaten da, halaber, espezialistek esaten dutenez, jan ondotik atseden hartzea tartetxo batez eta otorduetan likido asko edatea (ez gasdunak, jakina), horrek handitu egiten baitu hesteetako mugimendua eta digestioa errazten. Hain justu, edateko tarterik hartzen ez bada, gehiegi jateko arriskua dago, eta hortik etortzen dira betekadak eta digestio astunak.

Gorputzak badaki zer nahi duen, eta betekada bat egin ondotik, barau egin dezagula eskatzen digu, edo elikagai arin-arinak jan ditzagula, egosiak edo plantxan eginak. Tripakada handi bat egiten denean, oilasko bularra jatea komeni izaten da, plantxan egina, eta arrain edo pasta egosia, eta ez dira batere egokiak, aldiz, frijitukiak eta gisatuak. Bihotzerrea eta oinazea sumatuz gero, esnekiak hartzea izaten da ona (esnea eta jogurtak), ezabatu egiten baitute erre sentimendu hori.

Nola saihestu digestio astunak
  1. Maiz jan eta kopuru txikietan.
  2. Egunean sei otordu egin: gosaria, hamaiketakoa goiz erdian, bazkari arina, askari arina arratsalde erdian, afaria eta mokadutxo bat lotara joan aurretik.
  3. Kendu dietatik gisatuak eta frijitukiak.
  4. Sendagaiak hartzeari ekin aurretik, dieta-ohiturak aldatu. Egiaz behar direnerako utzi behar dira sendagaiak.
  5. Zuhur jokatu. Aurrez baldin badakigu gehiegikeriaren bat egingo dugula bazkari edo afariren batean, ongi da sendagaiak ere aldean eramatea.
  6. Urdail-babesa goizetik hartu behar da beti, gosaldu aurretik, eta azidoen aurkakoa, bazkaldu eta handik ordu erdira.
  7. Otordu oparoak egiten ditugunean (Eguberrietakoen modukoak, adibidez), saiatu behar da horiek luzatzen, jakiak hobeki digeri ditzagun.

Iturria: Ethel Sequeira, CAPSE Lehen mailako Laguntza Zentroko familia-medikua, Bartzelonako Sanitària Clínic Korporaziokoa