Dieta orekatua baita Eguberrietan ere
Dieta berezi bat egin dutenek edo uneotan egiten ari direnek (argaltzeko, gizentzeko, tentsioa edo kolesterola kontrolatzeko, diabetesa zaintzeko…), behin baino gehiagotan sentitu izango dute, segur aski, gutxien komeni zaien hori jateko gogoa. Maiz gertatzen da, izan ere, dieta egiten hasi eta zenbait jaki ezin tentagarriago bihurtzea. Horrek ere badu bere zergatia: elikagaiak balio sinbolikoz eta emozionalez beteak daude, ez dira osatzen makroelikagaiekin soilik (karbohidratoak, proteinak, bitaminak…). Ohikoa izaten da elikagairen batzuk emozio eta sentimendu jakinei lotuta agertzea, pertsona jakinei edo gure bizitzako egoera jakinei lotuta, oroitzapen onei edo txarrei… Eta lotura horiek egitea, gainera, beharrezko izaten da gure oreka emozionalari eusteko.
Psikologiako adituek aski ongi dakite hori hala dela, eta hainbat aholku ematen dituzte, dieta bereziren bat egiten ari denak edo elikadura ahal bezainbat zaindu nahi duenak jakin dezan nola jokatu behar duen balio sinboliko eta emozional handia daukaten elikagaiekin, Eguberriak eta gisa horretako ospakizun-garaiak heltzen direnean. Lehenik eta behin, arau nagusi hauxe ezartzen dute: ez utzi horiek jateari. Jabetu behar dugu batzuetan beharrezko direla ongi sentitzeko, eta horrek ez du ekarri behar ez traumarik eta ez segurtasun galerarik. Gozo bat gustura dastatzea eta noizean behin dosi txikietan jatea, terapia ona izaten da aldarte hobean sentitzeko eta, zenbait kasutan, dietari hobeki eusteko. Era horretan asetzen dira elikagai jakin batzuek sortzen dituzten behar psikologikoak (maitatua sentitzea, lagundua, hautatua…).
Janaria eta emozioak
Bista-bistakoa da elkarri lotuta daudela janaria eta emozioak. Horregatik, dieta zorrotz-zorrotzak egiteak, geure buruari noizean behin deskuidatzeko aukerarik ere eman gabe (neurrian eta zentzuz betiere), antsietate handia sortzen du, eta lasaituko bagara, gehiago jan behar izaten dugu. Turroi zati txiki bati edo kanapetxo bati uko egiteagatik, tripakada handi bat egiteko arriskua izaten dela, alegia. Horrez gain, dieta bati ekiten dion jende askok epe motzeko helburuak jartzeko joera izaten du, edo iritsi ezingo duen helmuga bati begira egoten da, eta horrek zaildu egiten du dieta bera; adibidez, Eguberrietan bertan hasten dira dietarekin, uste dutelako horrela lortuko dutela turroirik jan gabe pasatzea, edo obsesionatu egiten dira elikagaiekin eta horiek dituzten kaloriekin, egun horietan 2 edo 3 kilo gizentzeko arriskua ikusten dutelako.
dosi txikietan jatea, terapia ona izaten da
aldarte hobean sentitzeko
Antsietateak, nerbio-tentsio horrek, eduki ohi du ondorio fisikoa organismoan, eta jateko behar hori izaten da ondorio horietako bat. Antsietateak igoarazi egiten du adrenalina maila, eta gutxitu egiten du autokontrol-gaitasuna. Egoera horretan, norbanakoa errazago lerratzen da jokabide kaltegarrietara (gehiago erretzera edo gehiegi jatera, adibidez). Garunean badugu serotonina izeneko neurotransmisore bat, aldartearekin zerikusia duena, eta gosea kontrolatzeko zereginean ere parte hartzen du. Serotonina maila apaltzen denean, badirudi jateko antsietatea edo antsia handitu egiten dela, batik bat gozoak jatekoa.
Bestalde, egoera emozionalak kontrolatzea, antsietatea sor dezaketen horiek eta jaterakoan ere eragiten duten horiek, lagungarria izan daiteke jakiteko zer gertatzen zaion norberari: antsiaz eta antsietatez jaten duen, antsietateak berak bultzatzen duen jatera edo bietatik gertatzen zaion. Eta kontrolatzeko modurik onena, hauxe da praktikan: egunero-egunero idaztea zer eta nola jan dugun. Oso garrantzitsua da inguruari arreta berezia jartzea, eta ikustea ea guk bakarrik jaten dugun, beste norbait izaten dugun ondoan, zer aldartetan gauden (triste, alai, aspertua…) eta zer elikagai jateko ohitura dugunn antsietatea edo nerbio-tentsioa sumatzen dugunean.
Gutizia txikiak onartu
Nahi den guztia lortu ezin, eta, ondorioz, erabateko ukoa egin gauza batzuei. Psikologian, “dena edo deus ez” esaten zaio mekanismo horri, eta zapuztu eta gogogabetu egiten ditu pertsona asko, helburua lortzeko orduan (argaltzea edo pisu osasungarriari eustea), zailtasunak ikusten dituztelako gehiago, erraztasunak baino.
Jarrera hori maiztasun gehiagorekin azaleratzen da garai jakin batzuetan, uda aurreko hilabeteetan eta Eguberrietan, adibidez, orduan irrika berezia izaten da-eta dietaren emaitzak ikusteko. Baina pertsona orok barneratu behar du mugak dituela, eta bere onerako, hobe luke ordu arte lortzeko gai izan denarekin gozatzen ikastea. Osasun emozionalarentzat osasungarriagoa eta orekatuagoa da gutizia txiki bat onartzea geure buruari, eta hortik aurrera eguna eta astea neurrian janez pasatzea, eta ez, aldiz, eguneko dieta guztia hankaz gora jartzea.
Pisu osasungarriari eutsi nahi dionak edo eritasun bati dietaren bidez aurre egin nahi dionak, jakin behar du elikadura kontuak epe luzerako planifikatzen, eta ez hurrengo egunetarako soilik. Horrek ez du esan nahi, inola ere, betiko baztertu behar denik elikagai jakin batzuek ematen duten plazera (betiere neurrian jaten badira eta une oso jakinetan). Horregatik, inori ez zaio galarazi behar (osasuntsu badago, behintzat) elikagai bat edo bestea jan dezan, ezta kaloriarik gehien ematen dituztenak ere. Bai azaldu behar zaie, ordea, elikagai horiek ez direla beharrezko, eta jaten dituzten unean hartzen duten atsegin iragankor horretara mugatzen dela horien onura.
Elikagaiak erabat baztertu daitezke edo neurrian jan daitezke, eta badago aldea bi jarrera horien artean. Horrexetaz jabetzea da gakoa, hain zuzen, eta alternatibak eta aukera berriak lantzea plater eta errezetarik gustagarrienak arintzeko, bai azukrez, bai gantzez eta bai kaloriaz.
- Gozoa, baina ez azukreduna. Gozozaleak bagara, bila ditzakegu azukrerik gabe egindako postre gozoak. Espezia batzuek gozo-ukitua ematen dute (iltzea, kardamomoa, kanela, intxaur muskatua, anisa eta banilla), eta, gainera, ez da zertan mugatu gozoetara eta opiletara. Kanelak, adibidez, zapore bikaina ematen dio arrozari, oilaskoari, haragi erregosiari eta arrainari. Intxaur muskatuak, berriz, ukitu exotikoa ematen die entsaladei. Fruta lehortuek (mahaspasak, aran lehortuak eta mertxika-belarriak), bai osorik jarrita eta bai xehatuta, krema leunetan edo bestelako plateretan (arkumea, untxia, arrozak edo entsaladak), zapore-kontrapuntu atsegina jartzen diete berez gazi diren jakiei. Eta, gainera, plater nagusietan gozoa janda, apaldu egiten da otordua postre gozo -eta azukre ugariko- batekin bukatzeko gogoa.
- Platerak arintzeko moduak. Espraia erabil daiteke entsaladei olioa botatzeko, saltsa arinak presta daitezke jogurt irabiatuarekin edo gazta leunekin, haragiak eta arrainak usain-belarrekin ondu daitezke plantxan eginda zukutsu eta gustagarri gera daitezen, edo papillote erara egin daitezke jakiak, beren zukutan.
Mantenugai batek baino gehiagok indartzen ditu nerbioak eta baretzen, neurri batean, antsietateak dakarren urduritasuna. Horrexegatik, ongi aztertu behar dugu nola elikatzen dugun geure burua. Ikusi behar dugu ea aski magnesio hartzen dugun, triptofanoa ere bai, eta berdin B multzoko bitaminak (horien artean, B6, B1 eta B12).
Magnesioa, adibidez, lasaigarria da, orekan eusten dio bihotz-hodien erritmoari, eta, beraz, dieta-osagarri ona da antsietatea baretzeko. Fruitu lehorrek izaten dute magnesioa ugari, eta egunero eskukada bat jatea komeni da. Lekaleek, osoko jakiek (integralek) eta berdura hostodunek ere, zerbak eta espinakek, esaterako, dezente daukate mineral horretatik.
Triptofano aminoazidoa, berriz (proteinen osagaia da), serotonina bihurtzen da ziklo metaboliko aski konplexuen bitartez, eta horri esker, serotonina maila egokia eduki dezakegu organismoan (maila hori apaltzeak, dirudienez, apaldu egiten du aldartea ere). Animalia-jatorriko proteinak afaritarako utzita (haragiak, arrainak edo arrautzak ematen dituenak), bermatuta edukiko genuke aminoazido horretatik egunero behar dugun kopurua. Triptofano ugari dituzten frutak egunero jatea ere aukera ona da horretarako (platanoa edo anana, adibidez).
B6 bitaminak parte hartzen du triptofanotik datorren serotonina sintetizatzen, bai eta neuronen mielina-zorroak eratzen ere, zeintzuk beharrezkoak baitira zelula horiek mezuak egoki transmiti ditzaten. Horietan gabeziarik bada, urduritasuna eta antsietatea agertzen dira. Urdurien gabiltzan garaian olo-malutak galorratzarekin hartuz gero gosaritan, edo dieta-osagarri hori entsaladei eta zukuei erantsiz gero, B multzoko bitaminaz hornituko genuke gure dieta.