Festa zaporea munduan barrena
Eguberri egunei musika jartzen diegu, sinesmenei irudiak, eta ospakizun-uneei zaporeak, kanpaiak, kandelak, izeiak, opariak… Pertsona askok bizi dituzte gisa horretan egun horiek, elkarrengandik milaka kilometrotara egonda ere, sineste eta egoera desberdinak -eta are aurkakoak- izanda ere. Ozeano Barearen itsasertzera iristen dira lehen-lehenik Eguberriak, eta Filipinetan jaten dute, inork baino lehen, Eguberrietako ohiko postrea, halo halo izenekoa. Esnea izaten du, indaba gorri eta zuriak, esne-gaina, koko-tirak, marmelada, garbantzuak, platano zatiak eta etxe bakoitzeko osagai ezkutua. Errezeta bitxi samarra da guretzat, baina probatu dutenen esanetan, izozki bat baino askoz freskagarriagoa da, eta eskerrak, zeren Manilan, abenduaren 25ean, 30 gradutik gora izaten baitituzte. Handik iparraldera, berriz, Japonian, hotzari aurre egiteko edo, Eguberrietako pastel berezia asmatu dute, esne-gainez eta marrubiz egina.
Txinan, 130 milioi lagunek ospatzen dituzte Eguberriak. Jende asko da hori, zalantzarik gabe, baina ez Txinan: biztanleen % 10 baino ez. Ongi dakite atzerritik joandako festa dela, eta horrexegatik agian, pizza afaltzen dute Gabon gauean. Mendebalderago eginda, Indian, hain zuzen, ingelesek utzitako ondare dira Eguberriak, eta sinesmen kristaurik eduki ez arren ere, bereganatu dituzte zenbait ohitura: budina otorduetan, Aita Noelen opariak arbolaren ondoan eta eukaristia-misterioak kalean. Asian baino gehiago, ordea, Europan ospatzen dira Eguberriak. Herrialde bakoitzak, eskualde bakoitzak, herri eta familia bakoitzak ditu bere tradizioak, eta sukaldeko errezetak eta mahai inguruko ohiturak ere, bakoitzak izaten ditu bereak.
Kontinente zaharrean
Grezian, arte maila du gastronomiak, eta Eguberrietan, plater ugari eta askotarikoetan hartzen du esanahi bete-betea. Amaiezina izaten da abenduaren 25eko menua, eta hainbat errezetaren artean, aipatzekoak dira indioilarra, gaztainaz eta Korintoko mahaspasaz betea, edo txerrikumea, su eztian errea, eta intxaur-opila ere bai, ezti-ziropaz lagundua. Bulgarian ere, goi mailakoa izaten da menua egun horretan, baina ez dute jaten ez haragirik eta ez esnekirik; hurrengo egunerako uzten dituzte horiek. Fruitu lehorrak, berdura-albondigak, entsaladak eta lekaleak izaten dituzte aukeran abenduaren 25ean. Polonian, festak pasatu arte egoten dira haragia jateko, eta menu bereziari ekin aurretik, ogi-olatak izaten dituzte, bibliako irudiekin; ondotik, lekale-zopak eta arraina etorri ohi dira, labean egina. Gozoekin eta txokolatearekin bukatzen dute Gabon gaueko otordua.
Eguberrietako ohitura da
Balsaren konpas gozoek agintzen dute Austriako Eguberrietan. Tartak, pastelak, tututxoak eta beste hainbat gozo izaten dira mahaietan, eta apaingarri aski dotoreak ere bai, eskuz eginak, kandelekin eta abenduan bildutako hosto iraunkorrekin. Alemanian saltxitxak izaten dira ohiko, baina ez hori bakarrik: galleta bereziak, itxura eta kolore askotakoak, jengibre-pastelak, sagar beteak eta mazapanak izaten dira egun berezi horietako euskarri nagusi. Eskandinaviako herrialdeetan, zapore ketua eduki ohi dute Eguberriek. Asko erabiltzen dute izokina, sardinzarra, halibuta, bakailaoa, abadira, lehortuta betiere, soda erara egina, eta iltzez, erramuz eta kanelaz lurrindua. Hori aski ez, eta gogotik estimatzen dituzte urdaiazpikoa, etxeko gazta eta onddo-entsalada. Postreak gorri eta more kolorekoak izaten dira, andere-mahatsez eta ahabiaz eginak.
Mediterraneo itsasoaren ertzean, Italian, esaterako, familia-kutsuz blaitzen dituzte Eguberriak. Menuaren sarrerakoekin betetzen dute lehenik mahaia (antipasti esaten diete eurek), eta horien ondotik, espagetiak etor litezke, txirlaz hornituta, edo beste edozein errezeta tradizional. Dilistek ere badute beren lekua, Eguberrietako literaturan ez ezik, mahaian ere, baina urteko azken gauean jatekoak izaten dira. Postrerako, arabiarrengandik hartutako gozoa izaten dute, turroia alegia. Frantzia hegoaldean ere egiten eta jaten dituzte turroiak, baina asmakizun batek eman dio leku berezia herrialde horri: han asmatu zuten Errege-opila. Eta hango jaki bereziak dira, halaber, foie-grasa eta txerria hiltzetik lortzen dituzten jaki orotarikoak. Ingalaterran eta Irlandan, budin-fruta prestatzeko ohitura izaten dute hilaren 25eko postrerako, pastel gaziak eta pure zaporetsuak erabiliz.
Ameriketan
Europan Eguberri eguna amaitzen ari dela, orduan hasten dira Ameriketan mahaiak apaintzen eta jakiz betetzen. Iparretik hegora, otordu handiak egiten dituzte urteko egunik berezienetakoa ospatzeko. Kanadan, milaka urteko zuhaitzen herrialdean, ez dira falta izaten txerri-albondigatxoak, neguko barazkiak eta etxean egindako saltsak. Indioilarrarekin eta gozoekin uxatzen dituzte kanpoko hotzak. Estatu Batuetan, zaila da ohitura bakarra bereiztea, baina Eguberri egunean ohikoa izaten da familiak oparien inguruan biltzea, ez mahaiaren inguruan. Familiatik familiara, aldatu egin daiteke menua, baina oparien aitzakian, ia etxe guztietan ageri dira indioilarra eta goxokiak, baita mihura eta Gabon-kantak ere. Guztiz bestela izaten da Mexikon, non kolorearekin, festarekin, usainekin eta zapore tentagarriekin lotzen diren Eguberriak.
Mexikarren artean ohiko jakiak izaten dira nopala, maguey-a, artoa, indaba, txilea eta aguakatea (horiek dira, izan ere, euren gastronomiaren osagai nagusietakoak). Arbaso indigenengandik heldu zaizkien jakiak ere agertzen dira egun horietan: moleak romeritoekin, tamaleak eta, batik bat, guajolotea (indioilarra). Tradizio horri eransten zaio sukaldaritza mestizoa, eta horren guztiaren emaitza izaten da menua: Eguberrietako entsaladak, guajolotea, manchamantelesa, kauserak, capirotada… Zerrenda amaigabea osa liteke errezeta guztiekin (zein baino zein gozoagoa).
Erdialdeko Amerikako herrialdeetan, oso trebeak dira buztina lantzen, eta kolore biziz apaintzen dituzte beren sorkuntzak. Etxean egiten dituzten jaiotzak, bere xumean, artelantzat har litezke, eta berdin hartzekoak dira haien errezeta apal eta soilak ere, lurrari eta laborantzari lotu-lotuak, espezia-ukituz eta nahasketa originalez hornituak. Eguberriak helduta, ia etxe guztietan prestatzen dituzte txerri-tamalak (arto-orea, haragiz betetako bananondo-hostoak, babarrunak, arroza eta txilea). Herri bakoitzak ematen dio bere ukitua, eta gaziagoa izaten da leku batzuetan, gozoagoa besteetan, epelagoa han, hotzagoa hemen…
indigenengandik heldu zaizkienak
Argentinan, haragi errea eta parrillan egina izaten da otordu handien oinarri, eta are gehiago Eguberrietan. Entsalada hotzak jartzen dituzte laguntzeko, eta postre freskagarriekin osatzen dituzte otorduak: izozki gustagarriak edo fruta exotikoak krema gozoz hornituak. Txilen, betarraga-entsalada izaten da plater nagusia, erremolatxaz egina, alegia (oso freskagarria da).
Izan liteke indioilarra, usakumea, oilaskoa, kapoia pintada… Argi dago, Eguberrietan, hegaztiak jarri direla nagusi han eta hemen. Ozeano Barearen inguruko uharteetan, oilasko ondua izaten da jaki preziatuena, Dominikar Errepublikan indioilarra, arroz gozoarekin eta platano hostoekin errea, Mexikon kapoia, almendraz, behi-xerraz eta arrain lehorrez betea. Australian, indioilarrarekin eta urdaiazpikoarekin ospatzen dituzte festak, eta Belgikan, indioilar betearen txanda izaten da Gabon gauean. Brasilen, berriz, hotza jaten dute, xerratan, edo gaztaina gozoekin. Eta Frantziako mahai sofistikatuetan, pularda betea edo pintada hautatzen dute, hau da, afrikar olioa. Azkenik, tradizioak agindu bezala, herrialde askotan eperrak janez agurtzen dituzte Eguberriak… hurrengo urte arte.