Argia eta ura, behar nagusiak
Udaberria iristean, etxe, terraza eta lorategietako landareak suspertu eta bizi-bizi jartzen dira, baina, osasuntsu eta eder ager daitezen, oinarrizko zainketak behar dituzte. Etxean non jartzen ditugun, eta ureztatzeko edota ongarritzeko dauzkagun ohiturak oso garrantzitsuak dira landareen egoerari dagokionez; are gehiago, detaile txiki batek -haize korronte hotz batek edo egun osoan oso argi gutxi izateak- itxura ona izan dezaten guk egindako ahalegin guztiak zaputz ditzake.
Ureztatu, bere neurrian
- Ureztatzeko euri urik biltzerik ez baduzu, iturriko ura hartu eta gau osoan gorde, kloroa lurrun dadin eta karea hondoan gera dadin. Ureztatzen duzunean, ez bota azken tantaraino, karerik ez erortzeko.
- Landareei ura eta tea nahastuta bota, ikusiko duzu nola suspertzen diren.
- Saiatu eguzki argitan dauden hostoak eta loreak urez ez zipriztintzen, batez ere bero handiko orduetan, ur tantek lenteak balira bezala egingo baitute, hau da, loraketa hondatu egingo da.
- Kanpora irten eta etxetik kanpo hainbat egunez egon behar baduzu, segurtatu landareek behar beste ur izango dutela. Horretarako, goiko maila batean urez betetako ontzi bat ipini, eta landareak azpian elkartu. Ondoren, uretan lokarri lodi samar batzuk sartu, eta horien muturrak lorontzietako lurrean sartu. Ura kapilaritate sistemaz iritsiko zaie.
- Saiatu eguzkiak gogor jotzen duenean ez ureztatzen, tenperatura aldaketa zakarrak tarteko, landareak estresatu egin baitaitezke. Landareek egunaren hasieran edo amaieran aprobetxatzen dute hobeto ura, lurrunketa txikiagoa denean eta ura ia sustraietaraino iristen denean. Dena dela ere, oraindik ere gauean izotza egitea gerta daitekeenez, onena kanpoko landareak goizez ureztatzea da, ura zurrupatzeko denbora izan dezaten. Horrela landarea ez da izoztuko, eta sustraiek ez dute kalte hartuko.
- Lorontzi txikietan dauden landare txikiek lorontzi handietan daudenek baino ur gehiago behar izaten dute. Aldiz, ontzi handietan dauden landare txikiek ontzi txikian baleude baino ur gutxiagoa behar dute.
- Lorontzien azpian urez beteriko platerak jartzeko ohitura ez da komenigarria. Lurra istiltzea baino ez duzu lortuko, eta landarearen sustraiak usteltzea.
- Barruko landareen ontziko lurra oso lehorra baldin badago, sardexka batez harrotu eta urez beteriko ontzi batean edo harraskan sartu. Murgilketak burbuila gehiagorik ateratzen ez den arte iraun behar du. Sobran dagoen ura xukatu eta hostoak ihinztatu.
- Landare bat gehiegi ureztatu baduzu, erro-lurra kontu handiz atera eta sukaldeko paper zurgatzaile ugaritan bildu. Utzi guztia horrela 24 orduz. Papera bustitzen bada, jarri berria, lehorra. Ondoren, landarea berriro ere ontzian sartu eta hainbat egunez ez ur gehiagorik bota.
Nutrizioa, ongi elikatu
- Ongarria edo abonua erabili aurretik, irakurri produktuaren etiketa arretaz, eta errespetatu fabrikatzaileak adierazten dituen jarraibideak eta dosiak.
- Ongarria modu arrazionalean erabili, gehiegikeriak edo gabeziak ekiditeko, batez ere nitrogenoari dagokionez (gutxirekin, landarea ez da garatzen, eta askorekin gehiegi hazten da eta zomorroa egiten zaio).
- Te bat prestatzen duzunean ez bota teontzian geratu diren hostoak, landareen lurretara bota. Beste erremedio bat landareak barazkiak egosteko erabili den uraz ureztatzea da, horrek daukan gatz mineralen kontzentrazioa oso mesedegarri baitzaie.
- Ez ongarritu landareak atseden hartzen ari direnean, aldatu berri daudenean edo lorontziz aldatu dituzunean, gutxienez 15 egun igaro arte. Landarea gaixo baldin badago ere ez ureztatu. Hiru arau horien salbuespen gisa, ongarri organikoak eta liberazio motelekoak erabil daitezke.
Argia eta tenperatura, neurriz
- Argia funtsezkoa da landareen bizitzarako. Jar itzazu lorontziak leku argitsuetan edo, bestela, argi iturri artifizialetatik gertu.
- Tentuz jokatu, argirik ez dagoenean landareak zimeldu egiten baitira, baina gehiegi ematen bazaie hostoak horitu eta erori egingo baitira.
- Ez jarri landareak eguerdiko argi zuzenaren menpe.
- Etxe barruko landare batek neguan 12 gradu eta udan 24 gradu behar du. Saia zaitez tenperatura aldaketa zakarregiak ez gertatzen, hostoak erori egingo baitira eta hazkundea gelditu. Ez jarri landareak haize korrontea dabilen lekuetan.
- Landareetako hostoak zimurtzen eta arre kolorea hartzen hasten badira, airea hotzegia dela esan nahi du. Hori saihesteko, substratua lehor samar mantendu, eta kendu landareak leiho hegietatik, izan ere, berogailuak ere ezingo ditu babestu tenperatu bat-batean asko jaisten bada.
- Hostoak horitzen eta puntak marroi kolorea hartzen hasten badira, tenperatura altuegia da. Kaltea ekiditeko, landareari hezetasun handiagoa eman, eta ahalik eta lekurik freskoena bilatu.
Ontziz aldatzeko, hauxe da unea
Noiz aldatu behar da landarea lorontziz? Hainbat seinalek gure landarea lorontzi handiago batera aldatu behar direla adierazten digute: sustraiak lorontzia drenatzeko zuloetatik ateratzen direnean, ureztapenaren ondorioek gutxi irauten dutenean, lurra zahartuta dagoenean edo azalean zarakarra daukanean, eta landarearen goiko aldearen eta lorontziaren artean desoreka dagoenean.
- Landarea aktiboki hazten ari bada, ez transplanterik egin. Horren garapena eten eta lore produkzioa mugatu baitaiteke.
- Transplantatu aurreko gauean, landarea pixka bat ureztatu, eta lorontzi berria garbitu. Buztinezko lorontzi berriak erabili behar badituzu, gau osoan uretan sarturik eduki.
- Landare guztiek ez dute lur mota bera behar. Espezie bakoitzak ezaugarri bereziak dauzka behar duen lurrari dagokionez: buztin lurra, hondar lurra, lur azidoa edota humusa.