Gorreria

Arazo serioa, beti aurre egiten ez zaion arren

Gorreriak aldatu egiten ditu harreman afektibo eta sozialak eta zailago bihurtzen afektatuen gizarteko partehartze eta integrazioa
1 martxoa de 2003

Arazo serioa, beti aurre egiten ez zaion arren

Entzumenaren organoak eta horri loturiko zentzumenak komunikazio pertsonal, sozial eta kulturalerako bitartekorik garrantzitsuenekoa eskaintzen dio gizakiari. Horregatik, entzumenaren funtzionamendu normala eragotzi eta gorreria maila larria sortzen duten gaitzek eragin handia izaten dute harreman afektibo eta sozialetan eta zaildu egiten dute afektatuen gizarteratze eta partehartzea. Gutxi baloratzen den bazterkeria mota bat da. Telefono, txirrin, iratzargailu eta soinuzko seinaleak erabiltzen dituzten bestelako fabrikatzaileek ez dituzte sarritan kontuan izaten gorreriaz efektuak; izan ere, gehienetan soinu akutuak erabiltzen dira horrelako gailuetan, gorreria arazoak dituzten pertsonek ongi entzuten ez dituztenak.

Haurren gorreria

Gorreriak garrantzi berezia dauka haurrengan, oso txikitatik gertatzen bada gormutu izan baitaiteke haurra. Arrazoi askogatik jaio daiteke haurra gor. Herentziazko arrazoiez gain, haurdunaldia fase delikatua da: amak botika ototoxikoak hartu edo errubeola, toxoplasmosi edo gripea harrapatzen baditu, gorreria izan dezake haurrak. Erditzean, berriz, arrisku faktore dira fetuaren sufrimendua eta garaiz aurretik jaiotzea; baita erditze zail eta luzeak ere. Eta jaio ondoren, otitis, papera, elgorri edo meningitisak belarrian kaltea eragin dezakete eta baita botika ototoxikoek ere.

Haurraren gorreria garaiz diagnostikatzea funtsezkoa da errehabilitazio ona egin ahal izateko. Badira zenbait zeinu susmagarri: haurra lasaiegia izatea, ustekabeko soinuen aurrean ez aztoratzea, gurasoen ahotsa entzutean ez lasaitu edo irribarrerik ez egitea, hitz egiten zaionean burua ez biratu edo hitz egiten dion pertsonari begiradarekin ez jarraitzea, arreta erakartzeko eztarri-soinurik ez ateratzea… Gorreriaren susmo txikienaren aurrean espezialistarenera joatea komeni da, diagnostikoa konfirmatuz gero heziketa berezia behar izaten baitute haur gorrek eta lehenbailehen hasita gainera.

Gorreria motak

Gorreriak arrazoi asko izan ditzake, baina belarriaren egitura bati edo besteari eragiten dioten, bi talde handitan sailka daitezke:

  • Transmisioko gorreriak edo gorreria konduktiboak: kanpo-belarriari edo erdikoari eragiten dio gorreria honek eta, beraz, soinu-uhina ez da iristen barne-belarriraino. Entzumenaren bidea butxatzen duen edozein gorputzek eragotzi egiten du uhinen transmisioa: argizarizko tapoiek, gorputz arraroek, hezurren hazkunde anormalak… Tinpanoko eta erdiko belarriko gaitzek ere efektu bera dute: belarriko infekzioak (otitis), otosklerosiak, tinpanoaren zulatze eta hausturek eragotzi egiten dute egitura horien bibrazio normala eta bibrazio horiek transmititzea. Transmisioko gorrerietan soinu grabeak izaten dira afektatuenak. Gorreria eragiten duen arazoa konpontzea da bide zuzena, eta zenbaitetan kirurgiaren beharra izaten da (tinpanoplastia, miringotomia, estapedektomia…).
  • Pertzepziozko gorreria edo gorreria neurosentsoriala: kokleako gaitzek edo nerbio egituretako gaitzek (entzumeneko nerbio edo burmuineko gunekoek) eragiten dute. Koklea funtsezko organoa da entzumenean; barne-belarrian dago eta espiral eran bildutako kanalaren itxura dauka. Cortiren organoa dauka bere baitan eta bibrazioak nerbio-bulkada bihurturik, burmuinera iristen dira, han identifikatzeko. Infekzio prozesuek, hanturazkoek, toxiko edo endekapenekoek, eragina izan dezakete egitura delikatu horiengan. Gorreria mota honetan soinu akutuak, adibidez txirrin edo telefonoenak, entzuten dira gutxien. Baina entzun dena ongi ez ulertzea ere ohikoa izaten da. Gehienetan itzulerarik gabea izaten da gorreria eta soinuak handitzeko protesiak erabili behar izaten dira. Zarata eta endekapenezko prozesuak izaten dira pertzepziozko gorriaren arduradun nagusiak.

Audiometriak

Entzumena neurtu egin daiteke eta horretarako hainbat proba mota dago; hala ere, audiometria da oinarrizkoena. Kamara intsonorizatu batean egiten da eta audiometro bidez frekuentzia eta intentsitate jakin bateko soinuak emititzen dira, pazienteak identifika ditzan. Zein soinu mota entzuten den eta zein ez ikusten da horrela. Baina, gainera, soinu-uhinak hezurduraren -burmuineko hezurren- bidez ere transmititzen dira eta, beraz, aire bidezko audiometria egitean hezur bidezkoa ere egiten da. Audiometria mota hau ahozko audiometriarekin ere osa daiteke: pazienteari esaldiak eta hitzak helarazten zaizkio, intentsitate handiago edo txikiagokoak, azkarrago edo astiroago; eta horrek oso informazio garrantzitsua ematen dio ez entzumen-gaitasunari buruz bakarrik, baita soinuak diskriminatzeko gaitasunaz ere. Pertzepzioko gorreria duten pertsona askok entzuten dute, baina ez dituzten soinuak bereizten, hau da, entzuten dute, baina ez dute ongi ulertzen entzuten dutena.

Audiometria ongi egiteko pazientearen laguntza behar da eta, horregatik, zenbait egoeratan, adibidez haur txikiekin edo kalte-ordaina lortzeko gezurretan ari direnekin, beste teknika bat erabili ohi da: inpedanciometria delakoa. Proba honen bidez, soinu bat entzutean erdi-belarriko eta tinpanoko hezur-kateak duen erreakzioa baloratzen da, erreakzio hori ez baita borondatezkoa.

Entzumeneko protesiak

Presbiakusiak edo zahartzaroaren eraginez entzumena galtzeak 65 urtetik beherako biztanleen %20ri eragiten dio. Bitxia den arren, pertsona gor samarrak hobeto egokitzen dira entzumena galtzera ikusmena galtzera baino. Norbaitek ongi ikusten ez duenean, okulistarenera joan eta betaurrekoak jartzen ditu, baina ez da beste horrenbeste gertatzen gorreriarekin. Hirugarren adinekoen artean egindako inkesta batek agerian utzi zuenez, %6,2k entzumeneko protesia zeukan, baina erdiak ez zuen erabiltzen. Zenbait protesiren deserosotasunak, kostu handiak, oraindik ere teknologikoki perfekzionaturik ez izateak, eta erabiltzaileek sarritan emaitza nabarmenik ez antzemateak, gutxi erabiltzea eragiten du. Oso garrantzitsua da protesiaren erabileraren ondoriozko hobekuntzak neurtzeko probak egitea, gorreria mota guztiek ez baitute berdin erantzuten eta, are garrantzitsuagoa, diskriminatzeko gaitasuna, soinuen ulergarritasuna, gutxi hobetu ahal izaten da askotan. Espezialistak gorreria ongi aztertu eta hobekuntza neurtzeko behar diren probak egin ondoren hasiko da gaixoa protesia erabiltzen.

Kokleako ezarpenak

Duela urte batzuetatik hona kokleako ezarpen edo inplanteak egin ohi dira gorreria neurosentsorial sakonetan. Kokleako ezarpena transduktore bat da, seinale akustikoak entzumenaren nerbioa estimulatzeko seinale elektriko bihurtzen dituena. Ebakuntza bidez entzumen-nerbioan txertatzen den gailu txiki bat da. Kostu handiko ebakuntza da eta hainbat arrisku ditu gainera; horregatik, ez da gomendagarria gorreria duten pertsona guztientzat, denentzat mesedegarri ez delako. Baina emaitza onak lortzen dituztenek soinuen oso entzumen eta ulermen maila onak lortzen dituzte.