1948an Giza Eskubideen Deklarazioa aldarrikatu zenean, pertsonen oinarrizko eskubide eta askatasunen arloan aurreratzen hasi ginen, eta hura izan zen gizateriari xede hori planteatu zitzaion lehenengo aldia. Ibilbidearen zein zatitan gaude orain?
Zalantzarik gabe, Giza Eskubideen ezagutzan eta errespetuan asko aurreratu da, eta hori garbi islatuta ageri da konpromiso jakin zenbait itundu dituzten nazioarteko hitzarmenetan. Adibidez, heriotza zigorra desagertzeko puntuan dago, eta oso herrialde gutxi dira oraindik ere beren zigor legeetan mantentzen dutenak, eta are gutxiago praktikatzen dutenak. Hori abolitzeko bidea orain dela 60 urte ireki zen, eta gaur egun praktika guztiz abolitzeko garaia gertu dagoela ikusten dugu, urtero munduan gauzatzen diren exekuzioen %90 biltzen dituzten lau herrialdeetako bat Amerikako Estatu Batuak diren arren. Hala ere, lorpenak ezagutu eta baloratu behar badira ere, eskubide horiek babesteari dagokionez, oso une erabakigarrian bizi gara orain, milioika gizon-emakumerentzat giza eskubideak etorkizunerako promesa baino ez direlako. Horien defentsan gizartea gero eta tinkoago dabilen arren, irailaren11z geroztik, hainbeste urtetako lanaren ondorioz eskuratutako lorpenak arriskuan daude. Nazioarteko terrorismoa esaten zaion horren kontrako borrokak, batzuetan, giza eskubideak segurtasunerako oztopo balira bezala ikusarazten ditu. Gaur egun Guantanamon giza eskubideak bazterturik dauden eremu bat dago, eta nazioarteak ez du zigor neurririk hartzen. Oraingo egoera, onartu beharra dugu, espero ez genuen errealitate bat erakusten digu. Koiuntura oso delikatua da eta, aurrera egiten jarraitu behar badugu ere, ahalegin berezia egin beharko dugu dagoeneko lortuta dagoena gal ez dezagun.
Amnesty Internationalek inpartzialtasuna aldarrikatzen du, ez du inolako ideologia politikorik, erlijiorik eta interes ekonomikorik defenditzen. Nola lortzen da salaketa nazioarteko carta magna horren errespetura mugatzea, gizakien askatasunari hainbeste arazok erasotzen diotenean?
Amnesty Internationalek zeregin bakarra giza eskubideen urraketa salatzea da. Urraketa hori pertsona jakin batzuen gainean gauzatzen da, inguru erlijioso, ideologiko eta ekonomiko desberdinetan bizi diren pertsonen gainean, eta guk ez dugu inongo gobernu edo sistema politikorik ez defenditzen ez arbuiatzen, eta ez ditugu babestu nahi ditugun biktimen iritziak ez babesten ez arbuiatzen. Gure interes bakarra NBEren deklarazioan agertzen diren giza eskubideak inpartzialtasunez defenditzea da. Amnesty Internationalek Kolonbian esaten duenak Txina, Hego Afrika edo beste edozein herrialdetarako balio du. Izan ere, erabiltzen ditugun testuak beti-beti nazioarteko hitzarmenak dira, dozenaka herrialdek izenpetuak. Beraz, hizkuntza hori erabiltzen dugu, eta gobernuek libreki hartu dituzten konpromisoak gogoraraziz jarduten dugu, horiek kontziente izan behar baitute konpromisoa hartu baldin badute, horren arabera jokatu behar dutela.
Zure erakundea ez zaie soilik erregimen totalitarioei deseroso gertatzen, AIren urteroko txostenak erregimen demokratiko sendotuak dituzten herrialdeetako gobernuei ere badagozkie eta.
Ohituta gaude azken horiek besteei egiten zaizkien kritikak onartzen dituztela ikusten, baina oso gaizki hartzen dute kritikak beren jarduerei dagozkienean. Gerra hotzean zehar, AI lanean hasi zenean, Ekialdeko herrialdeentzat erakunde inperialista zen, eta Mendebaldekoek, ordea, komunisten aldekotzat jotzen zuten.
Nola uztartzen dira giza eskubideen babesa eta herrialde eta talde etniko bakoitzaren errespetua eta kultur tradizioak?
Dirudiena baino errazagoa da. Giza eskubideak unibertsalak dira, edozein herrialdetako edozein pertsonarentzat balio dute, eta munduko leku guzti-guztietan errespetatu behar dira. Tradizioak edo kultura ezin dira horiek urratzeko aitzakia bihurtu. Eskubidearen eta tradizioaren arteko muga ezartzeko, nahikoa da biktimaren lekuan jartzea. Hori eginez gero, ez dago inolako aitzakia erlijioso edo kulturalik biktima babesik gabe uzten duenik.
Zein dira AIko laguntzaile baten ezaugarriak?
Maila ekonomiko desberdinetako gizon-emakumeak dira, erlijio eta sinesmen desberdinak dituztenak, pertsona anonimoak, Amnesty existi dadin ezinbestekoak, izan ere, ikerketak, kanpainak eta bestelako ekimenak laguntzaile horiek eta beren lana babesten duten pertsonek bakarrik finantzatzen dituzte. Amnestyk ez du inolako gobernuren diru laguntzarik eskatzen ezta onartzen ere. Horrekin ez dugu horrelako diru sarrerak behar dituzten giza laguntzako edo garapenerako erakundeen lana gutxietsi nahi. Horiek existituko ez balira, faltan izango genituzke.
Hasiera-hasieratik AIk ezaugarri bat izan badu, hori gutun pertsonalen erabilera izan da: Giza Eskubideak urratzen ziren espetxeetako zuzendariei presazko eskutitzak igortzen zitzaizkien. Horrek ba al du egiazko eraginik?
Gai jakin batzuetan erantzun jakin batzuekin hiritarrak konprometitzea da kontua. Lehen posta arrunta erabiltzen genuen, ondoren faxa, eta orain Internet. Posta elektronikoa milaka pertsona mobilizatzeko oso baliabide egokia da. Eragin epistolarra neurtu egin daiteke, lehen bezala orain ere, eta badakigu jarraitu diren kasuetatik heren batek erantzuna izan dutela, hori frogatzen duten testigantzak bildu baititugu: kontzientziako presoak, ideologia, erlijio edo sexu joeragatik giltzapetu dituzten pertsonak, helburu bat lortzeko sekula bortxa erabili ez dutenak eta horren alde agertu ez direnak. Presazko ekintzen helburua pertsona horiek ahanzturatik eta jasaten duten jazarpenetik ateratzea da, eta aska ditzaten presioa egin. Kanpainek ez badute xede hori lortzen, kasurik gehienetan presoek tratu hobea har dezaten behitzat lortzen da.
Nigeriara milaka gutun elektroniko iritsi ziren, baina emakumeak harrikatzeko mehatxua ez da amaitzen.
Nigerian, Gobernuak onartu egin du harrikatzea bertako Konstituzioaren aurkakoa dela. Are gehiago, herrialde horrek oinarrian giza eskubideak dituzten nazioarteko legeak izenpetu ditu.
1973an Luis Ross brasildar irakaslearen aldeko lehenengo gutunak igortzen hasi zenetik, mundua aldatua egin da eta, informazioaren teknologia berriei esker, komunikazioaren mugak minutu gutxitan gainditzen dira. Hori globalizazioaren aurpegi goxoa dela esan al daiteke?
Globalizazioak arazoak partekatzea dakarkigu, eta erantzunak globalizatzeko aukera ematen du. Hori dagokionez, giza eskubideak defenditzeko baliabide positiboa da. Elkarren beharrean bizi garelako kontziente egiten gaitu, eta gobernuek ere elkar presionatzen dute. Orain ez du balio lurralde baten jaun eta jabe izateak.
Amnesty Internationalek ba al du Iraken ordezkaritzarik?
Ez, beste herrialde batzuetan bezala, baina han Giza eskubideen aldeko ekintzaileak badira, eta horiek jartzen dira munduarekin harremanetan. Gerra izan edo ez izan, AI erne dago irakiarren giza eskubideak errespeta daitezen, kubatarrenak edo beste edozein herrialdetakoenak bezalaxe.
Gerrak sufrimendua besterik sortzen ez duela dioten hitzarmen eta deklarazio nazioartekoak ugari diren arren, gatazkak konpontzeari dagokionez, badirudi esku hartze belikoa indarrean dagoela.
Bai, hala da, giza eskubideen urraketarik handiena dela frogatzen bada ere, gerrak alternatiba izaten jarraitzen du. Iraken gerta daitekeen gerraren aurrean, Greenpeace, Intermon, Mugarik gabeko Medikuak eta Amnesty Intenational erakundeek ahaleginak batu dituzte, informazio independentea eskaintzeko, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren aurrean parte hartzeko eta eskaerak egiteko bide izateko, eta gerra baten ondorioak leuntzeko behar diren giza baliabideei buruzko eztabaida egiteko.
Mende erdiz giza eskubideen alde lanean jardun eta gero, asko al dago egiteko?
Bai, zalantzarik gabe. Heriotza zigorra hein batean desagertzea lortu da, eta haurrak babesten eta torturaren perbertsioa salatzen asko aurreratu da. Erakundeei dagokienez, azken lorpena Nazioarteko Auzitegi Penalaren sorrera izan da. Horrek hutsuneak dituen arren, gobernuetako arduradunek egindako delituen zigorgabetasuna borrokatzea du helburu, eta erantzule horiei ez zaie hain erraz gertatuko epaiketarik gabe funtzionatzea. Jada ez da Historia horiek epaituko dituen bakarra. Ez da nahi beste lortu baina, Amnesty International eta beste giza erakunde zenbait existituko ez balira, mundua okerrago legoke.