Telefoniako operadorea aldatzeak fakturan %25 aurreztea ekar dezake
Oso urte gutxian telefonia asko aldatu da gure herrialdean. Sakelako telefonoak modu ikusgarrian sartu eta indartu dira eta, horrekin batera, telefonia finkoaren liberalizazioa etorri da, hau da, operadore ugari agertu da (Tele2, Aló, Uni2, Auna, BT…), lehenago monopolioa zeukan eta gaur egun oraindik ere nagusi den Telefónicarekin merkatuaren zati bat eskuratzearren lehiatzeko prest. Hala ere, beste enpresa batzuen erabilera, bai aurrez asignaturiko operadorea aldatuz (etxe gehienetan oraindik ere Telefónica da), bai beste konpainia batzuetan alta eman eta deitu aurretik horren aurrezenbakia markatuz, edo bi gauzak batera eginez, oso poliki ari da Espainian zabaltzen. Kontsumitzaileek eragozpenak izaten dituzte mugimendu horiek egiteko, beharbada operadoreen arteko lehiak aurrezteko dakartzan aukera berrien eta handien berri ez dutelako, edo beharbada zer egin behar duten ez dakitelako, edo bestearekin ohituta daudelako, abagune berriaren abantailez fio direlako, edo erosoago iruditzen zaielako…
Erabiltzailearen pasibotasun horren froga da Telefónicak, 2001ean, diru sarrera guztiak kontuan hartuta zeukan merkatu kuota %87koa zela. Eta hori guztia, CONSUMER-en txosten honek erakusten duenez, aurrez asignaturiko operadorea Telefónica izan beharrean beste bat aukeratuz gero (txosten honen arabera merkeena Aló da), hilean 7 euro aurrez daitekeela, hots, urtean 84 euro; oso operazio erraza da, izan ere. Datu horiek lau senideko eta telefonoa normal erabiltzen duen familia espainiar bati dagozkio (bi seme-alaba adoleszente): hilean 30,42 euro, BEZik gabe, konexio kuotarik gabe eta aparatu telefonikoaren alokairurik gabe. Hau da, aurrez asignaturiko operadoretzat Aló aukeratuz gero, faktura horrek %25eko aurrezkia izango luke Telefónicaren fakturarekin alderatuz gero.
Operazio erraz eta doanekoa
Oraindik ere erabiltzaile askok ez dakite beste konpainia batzuetan alta ematea doanekoa dela, erosoa eta azkarra, eta ez dela kuota finkorik ordaindu behar. Bestela esanda, egiten diren deiak besterik ez da ordaintzen. Telebistako iragarkiek behin eta berriro “informatzen” dute konpainia batzuek “Telefónicaren erdia” kobratzen dutela, edo “deietan %30 ere aurrez daitekeela”. Haatik (telefonia mugikorrarekin gertatzen denaren antzera),operadore bakoitzak eratzen duen tarifa eta eskaintza sare nahasiak erabiltzailea kikilarazten du: ez du konturik atera nahi, ez du aurrez asignaturiko telefoniako operadorez aldatzea erabakitzen, edo ez du pentsatzen aldi berean konpainia desberdinetan izena eman eta deiaren arabera, komeni zaionaren arabera, batekin edo bestearekin hitz egitea erabaki dezakeela.
Aurrezteko modurik onena telefonoa zentzuz erabiltzea da, eta horrek esan nahi du erabiltzaile batzuek dei gutxiago eta motzagoak egin beharko dituztela, eta beste batzuek, gehienek, ahal dela behintzat, tarifa merkeagoa denean deitu beharko dutela. Bada beste neurririk ere, ordea, hala nola aurreasignaturiko operadorez aldatzea eta dei jakin zenbaitetan horrek baino tarifa merkeagoak eskaintzen dituzten beste operadoreak erabiltzea.
CONSUMER-ek telefonia finkoko Estatuko konpainia nagusien tarifak aztertu ditu, erabiltzaileei bi erabaki hartzen laguntzeko helburuarekin: bata, funtsezkoena, erabiltzaile bakoitzak egiten duen kontsumo motaren arabera, zein konpainia aurreasignatzea komeni zaion erabakitzea (gehienok Telefónica daukagu, baina oso erraz alda daiteke beste batera); eta bestea, aldi berean operadore desberdinetan alta ematea erabakiz gero, dei bakoitza egiteko zein operadoretara jo behar duen jakitea (dagokion aurrezenbakia markatuz). Horri buruz, komeni da gogoraraztea dei mota jakin batean operadore batzuk oso merkeak direla (esate baterako hiri barrukoak, lanegunetan), baina beste batzuetan oso garestiak (esate baterako asteburuetan edo mugikorrei eginak). Gogoratu beharreko beste kontu bat da erabiltzaileak, oro har, bere telefono linea mantentzeari dagokion abonu kuota ordaindu behar diola telefono kablea etxeraino eramaten dion konpainiari -eskuarki Telefónicari, baina herrialdeko beste lurralde batzuetan beste konpainia bat izan daiteke: Ono, Madritel, Euskaltel, Uni2-. Aitzitik, operadoreekiko “joko” hau linea Telefónicarekin kontratatuta daukanean (eta, beraz, abonu kuota ordaintzen dionean) baino ezin izango du egin, hau da, ez da nahikoa aurreasignazioa beste konpainia batekin izatea.
CONSUMER-en azterketa
Aldizkari honek azterketa konparatibo bat egin du, bi aukera horiei erreparatzen diena. Operadore bakarra izateko aukerari heldu nahiago dutenentzat, lau erabilera suposamendu planteatu dira: bakarrik bizi den pertsonaren erabilera, umerik ez daukan bikote gazte batena, gurasoak eta bi seme-alaba diren familia batena eta, azkenik, edadeko bikote batena. Lau kasuetan, espainiar etxeetan batez beste egiten den gastuaren arabera, Telefónicak kobratuko lukeen tarifa hilero 28 eta 33 euro bitartekoa litzateke -BEZik gabe (%16), konexio kuotarik gabe eta telefono aparailuaren alokairua sartu gabe-.
Operadore “merkeena” aukeratze hori oso garrantzitsua da, oso erosoa delako gure kontsumo motari preziorik onena eskaintzen dion operadorearekin aurrezenbakirik gabe deitzea, eta, erabiltzaileak aurreasignatutzat aukera ditzan, beste operadoreek ateratzen dituzten eskaintza bereziez baliatzeko aukera ematen duelako. Operadore batzuek hiri barruan, probintzia barruan eta probintzien artean asteburuan egiten diren dei guztiak doan eskaintzen ditu.
Adibide moduan, CONSUMER-ek hartutako lau senideko familiaren suposamenduan, astean honako kontsumo hau egiten da. Lanegunetan hiri barrura egindako deiak: eguerdian bost dei hamar minutukoak arratsaldeko ordu bietatik lauetara hiru dei bost minutukoak, eta iluntzeko zortzietatik aurrera hogei minutuko bost dei; asteburuetan hiri barrura egindakoak, berriz: zazpi minutuko zazpi dei. Probintzien arteko deiak: lanegunetan 8 minutuko hiru dei, eta 10 minutuko bat asteburuan. Azkenik, familia horrek astegunetan bi minutuko hiru dei egiten ditu sakelako telefonoetara eta asteburuan lau minutuko bi dei. Lau egoera horiek balizkoak dira eta, ondorioz, gehien erabiltzen duen dei motaren arabera, onena erabiltzaile bakoitzak bere kontuak ateratzea da.
Horrezaz gainera, dei mota bakoitzerako zein den operadorerik merkeena ere aztertu da, eta hori ikusteko jo taula berezietara.
Beti operadore berarekin deitzen badugu
Beti operadore berarekin deitzen badugu, aukera onenak eta txarrenak kontuan hartuta, kasu batean aurrezkia hilero 20 eurokoa baino handiagoa da (bakarrik bizi den pertsonaren kasuan). Aukerarik merkeenaren eta garestienaren artean alderik txikiena dagoen kasua (lau senideko familia), aurrezkia hilero 14,15 eurokoa da. Eta operadorerik merkeenaren prezioak (suposamendu guztietan Aló izan da) eta Telefónicakoak alderatuz gero, horietan ere aurrezkia handia da: bakarrik bizi den pertsonaren egoeran, kontsumoa hilero Telefónicarekin baino 4,27 euro merkeagoa da; bikote gazteak 4,67 euro aurreztuko du hilero; lau senideko familiak 7 euro hilero, eta, azkenik, adineko bikoteak, 8,21 euro.
Dei mota bakoitzean merkeena erabiltzen badugu
Kasu honetan aurrez daitekeena are gehiago da (Telefónicak kobratuko lukeen kostearekin alderatuta): bakarrik bizi den pertsonak urtean 57,6 euro gutxiago gastatuko luke, bikote gazteak 58,8 euro aurreztuko luke urtero, lau senideko etxean 86 euro gutxiago izango lukete urteroko fakturan, eta aitona-amonek 125,6 euro gehiago izango lukete urte amaieran.
Operadore desberdinetan alta emateko eta operadorez maiz aldatzeko prest dauden erabiltzaileentzat (nahikoa da konpainia bakoitzaren aurrezenbakia markatzea), koadro bat eskaintzen da egoera bakoitzean operadorerik merkeena zein den erakusten duena (deiaren iraupenaren arabera, eguneko ordua, laneguna den ala asteburua, hiri barrura, probintzia barrura ala kanpora, telefono finkora ala mugikorrera…)
Batez beste…
Lau hipotesietan gutxien kobratzen duen operadorea Aló da, eta, batez beste, hilero 6,04 euroko aurrezkia dakar Telefónicarekin alderatuz gero. Aurrezki hori batez beste hilero 17,18 eurora iristen da Aló operadorerik garestienarekin alderatzen bada, BT tarifa bakararekin alegia, eta 12 euro baino gehiago hilero Aló eta Ono, BT eguna-gaua eta Euskaltel konparatzen badira.
Datu esanguratsu bat da, ikertu diren hamaika konpainietatik lau hipotesietan Telefónicak baino gutxiagoa kobratzen duten bi konpainiak Aló eta Tele2 direla, hipotesiren batean edo gehiagotan beste konpainia batzuek ere gutxiago kobratzen badute ere. Adibidez, Jazztel Jazz Ocio Plus, bikote gaztearen kasuan bakarrik da Telefónica baino garestiagoa, baina beste hiru suposamenduetan aurrezkiak Alórenak edo Tele2enak baino txikiagoak dira. Lau hipotesien batez bestekoa adierazletzat joz gero, Alók eta Tele2ek tarifa ekonomikoagoak eskaintzen dizkiote operadore bakar batekin deitu nahi duen erabiltzaileari. Garestienak BT, Ono eta Euskaltel dira. Esan bezala, aurreasignatuta daukan operadorea beste bat izan arren, suposamendu horiek erabiltzaileak abonu kuota bakarrik Telefónicari ordaintzen dionean aplika daitezke. Telefonoaren linea etxeraino eraman duena Euskaltel, Ono edo Auna baldin bada, tarifak oso desberdinak izan daitezke.
Erabiltzaileak operadore aurreasignatu bat baldin badauka eta aldi berean, dei motaren arabera, bataren edo bestearen aurrezenbakiak markatuz, beste operadore batzuen zerbitzuak erabiltzen baldin baditu, komenigarria da dagokion koadroari begiratzea. Ikus daitekeenez, dei mota gehienetan egokienak Aló eta Tele2 diren arren, beste kasu batzuetan aukerarik merkeena aurreasignatuta bagenu merkeena izango litzatekeen operadorearen aurrezenbakia markatzea izango da. Adibidez, BT eguna-gaua da merkeena probintzia barruko eta probintzien arteko deietarako eta sakelako telefonoetara egindako dei gehienetarako, bai lanegunetan, bai asteburuetan, betiere iraupen motzekoak baldin badira.
Ondorio baliagarri zenbait
- Konpainia oker aukeratzeak gure kontsumo motarako egokiena aukeratuz gero ordainduko genukeena baino %75 gehiago ordaindu beharra ekar dezake.
- Lehenengo gauza aurreasignatuko dugun konpainia aukeratzen asmatzea da, eta hori merkeena izan beharko da telefonoari ematen diogun erabilera jakinari dagokionez: deien iraupena, zer ordutan eta egunetan egiten den (lanegun edo asteburu), gehienbat hiri barrukoak diren, probintzia barrukoak edo kanpokoak, mugikorretara deitzen den…
- Behin aurreasignatutako operadorea aukeratu eta gero ere, hainbat operadoretan alta eman (doanekoa eta erraza da, eta ez da kuotarik ordaindu behar) eta egin behar dugun dei motaren arabera erabiltzen baditugu (nahi dugun operadorearen aurrezenbakia markatuz), dirua aurrez dezakegu. Hau da, dei mota bakoitzerako operadorerik merkeena erabiltzea da kontua. Ez da dirudien bezain zaila. Orrialde hauetan argitaratzen den taula erabiliz, hileko aurrezkia, eta zer esanik ez urtekoa, handi samarra izan daiteke.
- Taulan dei motzak eta luzeak bereizten ditu, operadoreek tarifetarako oso formula desberdinak proposatzen baitituzte. Batzuek 2 minutu eta 40 segundoko gutxieneko frankizia proposatzen dute, hau da, deia motzagoa bada ere, erabiltzaileak diru kopuru bera ordaindu beharko du. Horregatik, oro har, frankiziarik ekonomikoena daukan operadorea dei motzetan merkeena izango da, eta dei luzeetan minutuka kalkulatzen den tarifa izango da alderik handiena daukana.
Noiz hasten da asteburuko tarifa?
- Konpainia guztiek ez dute berdin funtzionatzen. Ondoren asteburuaren hasiera zehazten da, helmugaren eta operadorearen arabera.
- Hiri barruko deiak: Aló, BT, Jazztel, Auna, Telefónica eta Uni2 ostiralean arratsaldeko 18:00etan hasten dira asteburuko tarifarekin. Euskaltel, Ono eta Tele2 bi ordu geroago hasten dira.
- Probintzia barruko eta probintziarteko deiak: asteburuko ordutegia ostiralean 20:00etan hasten da, Tele2, BT Tarifa Única eta JazzOcio Plusen izan ezik, horiek aste osoan tarifa berari eusten baitiote.
- Finkotik Mugikorrera: BT eguna-gaua, Euskaltel, Jazztel, Ono, Uni2, Auna eta Telefónicak (azken hau Amena mugikorrentzat bakarrik) asteburuko bi tarifa dauzkate: ostiraleko 22:00etatik larunbateko 08:00etara, eta larunbateko 14:00etatik igandeko 24:00etara. Asteburuko tarifak ostiralean 20:00etan hasi eta igandeko 24:00etan bukatzen dituztenak dira Aló, Tele2 eta BT Tarifa Única, eta Telefónica (Movistar eta Vodafone mugikorrentzat). BT Tarifa Únicak asteburuetan prezioei berdin eusten die.
- Eta asteburu ez diren jaiegunetan? BT, Euskaltel, Jazztel eta Aunak deiaren jatorrizko erkidego autonomoko jaiegunak hartzen dituzte kontuan, eta gainerakoek jaiegun estatalak baino ez dituzte horrelakotzat hartzen.
Erabiltzaileak konpainia merkeena hautatzeko daukan aukera da, beste konpainien aurrezenbakirik markatu gabe egiten dena. Aukera hau kablea erabiltzailearen etxera bakarrik Telefónicak eramaten duenean gauza daiteke, eta horren truke dagokion abonu kuota kobratzen dio. Eta hori zerbitzua eskaintzen duen telefono linea Telefónicarena delako gertatzen da. Funtzio hori betetzeko gaitasuna daukaten konpainiek (kablea erabiltzailearen etxeraino eramatea) ez dute derrigor zerbitzu hori eskaini beharrik eta, horrenbestez, ez dute eskaintzen. Izan ere, gainerako guztiek bere sarea Telefónicaren sareari konektatu baino ez dute egiten. Aurreasignaziorako bi mota daude: “globalean”, dei guztiak (900 zenbaki batzuetara egiten diren batzuk izan ezik), konpainia berriari fakturatzen zaizkio; “distantzia luzeko” sarean, berriz, hiri barruko deiak ez dira sartzen, eta horiek Telefónicari abonatzen zaizkio.
Aurreasignazio zerbitzua kontratatzeko, erabiltzailea interesatzen zaion operadorearekin harremanetan jarri behar da. Bere datuak konpainiari eman eta gero, horrek galdetegi bat igorriko dio, eta erabiltzaileak bete eta konpainiari itzuliko dio. Kontsumitzaileak jakinarazpen bat jasoko du esanez operadorearen aurrezenbakia markatu gabe egiten dituen deiak aurreasignaturiko operadoreari kobratu eta fakturatuko zaizkiola. Erabiltzaileak orain daukan konpainiaren aurreasignazio zerbitzuaren ordez beste bat jarri nahi badu, egin behar duen gauza bakarra lehenengo aldian egindako gestio berdinak egitea da.
Aurreasignatutako operadorea aldatzeko erabakia hartu aurretik komenigarria da hiritarrak gogoeta egitea. Dagoeneko ordainduta dituen azken hilabeteetako fakturetan telefono kontsumoari buruzko datuak aztertu eta erabiltzaile den heinean bere profilaz gogoeta egin: dei mota, iraupena, noiz egiten diren, gehienbat mugikorretara edo finkoetara…
Gehien egiten dituen deiak edo kosterik handiena dutenak zehaztu eta gero, komenigarriena da zein konpainiak eskaintzen duen tarifarik merkeena argitzea. Bere kontsumo motarako operadore egokiena aurreasignatzen badu, erabiltzaileak seguru izango du gastu txikiagoa, baina baita erosotasun handiagoa ere, beste operadoreetara jotzea erabakitzen badu (eta horretarako horietan alta egin behar luke), eta dagokien aurrezenbakia markatu, gutxiagotan markatu beharko baitu operadore horien aurrezenbakia. Alternatibarik erosoena ez bada ere, operadore desberdinekin lan egiteko aukera optimizatzeko modua guztiak erabiltzea da, une horretan egin behar den deiaren prezioaren arabera aukeratuta.