Helburua: argia leku bakoitzari egokitu
Sukaldean, hodi fluoreszenteak eta garbitzen errazak; komunean, foku indartsuak eta pantaila bat ispiluaren alboetan, itzalik ez sortzeko; jangelan zeharkako argiak, leunak; egongelan, argi baxuko lanparak konbinatuta; korridoreetan, objektuak argiztatuko dituzten aplikeak, eta, sarreran, argi puntualak. Logeletan, lanparak. Horixe da etxe bat argiztatzeko formula. Hortik aurrera, aukerak mugagabeak dira, baina betiere bi galderari erantzun beharko diete: zer nahi dugun argiztatu eta nolako argi motaz egin nahi dugun, bi gai horiek erabakiko baitute gure etxea argiz nola jantzi. Izan ere, espazioa, giroa eta are erosotasun eta goxotasun maila definitzen duen arren, arreta txikia eskaintzen zaion elementua da argia. Ikuspena bilatzen da, eta gela bakoitzean egin behar den jarduera segurtasunez eta zehaztasunez egiteko moduko argiztapen egokia lortu behar da. Zenbat eta fokua gutxiago ikusi, eta argitu nahi dena zenbat eta gehiago ikusi, hainbat eta argi kalitate hobea izango dugu, eta konfort maila handiagoa, beraz.
Argi motak
- Argi orokorrak hodi fluoreszenteak, sabaira begira dauden lanpara zutak, halogenoak edo hormako aplikeak dira. Argi indartsua da, oso zehatza ez bada ere.
- Girotzeko argiak ez daude gelako leku jakin bat argitzeko, ingurua baizik. Argi mehea da, goritasun bonbillak dituzten lanparen bitartez, giro bero eta erosoa bilatzen dutena.
- Argi puntualak objektu jakin bat garbi, bizi eta zeharka argiztatu nahi dutenak dira eta, horretarako, fokuaren argi sorta oso itxia da.
Leku bakoitzerako argirik egokiena
- Sukaldeak argi homogeneoa behar du, zuzena, bai sabaian jarrita bai lan lekuaren gainean, edo bi formulak erabilita. Argia luzaz piztuta egoten den gela bat izanik, hodi fluoreszenteak primerakoak dira, pizterakoan indar gehiago kontsumitzen duten arren, gutxi gorabehera 8.000 ordu irauten baitute, eta goritasun bonbilla batek baino %20 gutxiago kontsumitzen baitute.
- Logelan, argiak oso zeregin praktikoa betetzen du. Ez da argi zenitalik behar, umeen gela edo jolas gela ez bada behintzat, orduan bai, sabaitik modu orokorrean argiztatzea merezi baitu. Gela apaintzeko giro argitasuna eta irakurtzeko flexo baten argi puntuala konbina daitezke, eta armairuaren edo jantzigelaren inguruan foku halogenoak.
- Egongela biltzeko eta lasai egoteko lekua da. Fokuak ez dira komeni, atentzioa desbideratzen dutelako eta azpian esertzen direnak itsutzen dituztelako. Goxotasuna girotze argiko hainbat punturekin lor daiteke, edo argi orokorra emango duten lanpara zutekin, eta, horien osagarri, argi baxuak jar daitezke, telebistan islarik agertzea galarazteko.
- Jangelako mahaia berez ia espazio bat balitz bezala hartzen da, berariazko gela batean egon ala ez egon. Lanpara nagusiak ez dezala itsutu kontrolatu behar da eta, horretarako, mahaitik 75 cm-ko altueran-edo jarri behar da, bonbillak ezkutuan daudela. Elikagaiak zuzeneko argiz argiztatzea lortzen da, baina mahaikideen begietan zuzen jo gabe. Onena argia sabaitik gertu edukitzea da, mahaia argitzeaz gainera, espazioko gainerako lekuak ere argituko baititu.
- Komunetan maiz egiten den hanka sartzea ispiluaren gainean argia jartzea da. Horrekin lortzen dena islada desitxuratzen duten itzalak sortzea da; hori saihesteko, fokuak alboetan jarri behar dira. Argi horri, ordea, argi orokor batek lagundu behar dio, eta bi horiek etengailu desberdinak izango dituzte eta, ahal dela, bereizita, bata edo bestea aukeratu ahal izateko.
- Azkenik, sarrera eta korridoreak ere, paseko lekutzat hartzen diren arren, kontuan hartu behar dira. Biek argitasun goxoa eskaini behar dute. Sarreran, argi puntuala emango duen zutikako edo mahai gaineko lanpara bat nahikoa izan daiteke; korridoreetan, berriz, sabaiko fokuak jartzeko joera saihestu behar da, argi-itzal kontrasteak sortzen dituztelako eta itsugarriak direlako eta, gainera, indar asko kontsumitzen dutelako. Horman aplike batzuk ipinita ederki ikusiko da bidea.
Bonbillak
- Gure aitona-amonek, indarra aurrezteko, egongelako armiarma lanparatik hiru bonbilla kentzen zituzten. Neurria eragingarria zen, dudarik gabe, baina gaur egun ez da beharrezkoa, hain zuzen ere kontsumoaren arloan garatu delako gehien Edisonen asmakuntza.
- Hodi fluoreszenteak luzaz piztuta egotea behar den lekuetarako pentsatuta daude, esate baterako, sukalderako edo lantokirako. Argiaren kalitatea eta kantitatea hobea da eta, tradizionalak baino garestiagoak diren arren, oso kontsumo elektriko txikia dutenez gero, azkar amortizatzen dira. Flexo batzuetan ere erabiltzen dira.
- Goritasun bonbillak, betikoak, alegia, argi leun eta goxoa ematen dutelako nabarmentzen dira. Pixkana-pixkana lermatzen dira, kontsumitu arte, baina gutxi gorabehera 1.000 orduz funtziona dezakete, eta 40 eta 200 watt bitartekoak izaten dira.
- Halogenoek argi zuri bizi-bizia ematen dute, eta paseko lekuetarako erabiltzen dira. Goritasunekoek baino kontsumo txikiagoa dute, baina berdin argiztatzen dute, berotasun handia ematen duten arren. 2.000 eta 4.000 ordu bitarteko iraupena izan ohi dute.
- Kontsumo txikiko bonbillak argi fluoreszenteak dira. Garestienak dira, baina oso gutxi kontsumitzen dute, eta bizitza luzea dute, hauskorrak diren arren. Goritasun bonbillaren ordezkoak izan nahi dute.
Zenbat argi?
Gela bat argiztatzeko zenbat argi behar den jakitea oso gauza pertsonala bada ere, aditu batekin kontsultatzea da onena, erabakia motzegia edo gehiegizkoa izan ez dadin. Gelen kokapen kardinalak eta horietan garatuko den jarduerak baldintzatuko dute argiztapena. Taula batzuetan agertzen denez, adibidez, 18 metro koadroko egongela batean 400 watt behar dira, baina gomendioa alferrikakoa da ez bada egongela oso horizontala edo oso karratua den kontuan hartzen. Luminaria neurtzen duen aparatu batez lagunduta, argiketariak gela bat egoki argitzeko behar den indarraz gomendioa eman dezake, baina ez dago horretarako araurik. Etxebizitzaren jabeak erabakiko du oso giro biziak ala leun eta goxoak nahi dituen.
- Sabai baxua daukan espazio batek estuasuna sor dezake, baina sabaia bizi argiztatuz gero, sentipen hori leundu egingo da. Gela nabarmen zabalduko da, sakonerari begiratuta murritzago geratuko bada ere.
- Gelako sabaiak oso altuak baldin badira, ordea, horiek argiztatu gabe utziz gero, altuera txikiagoa dela emango du.
- Sabaiko argia zenbat eta neutroagoa izan, errazago egingo da dekorazioa, koloreek ez baitute gela baldintzatuko.