Pazientearen eskubideak

Garrantzi handikoak direnez, horien berri izatea komeni zaigu

Ez dakigu hainbat kontzepturen esanahia, hala nola "onespen informatua", askatasunez edo konfidentzialtasunez aukeratzeko eskubidea, etab.
1 martxoa de 2003
Img informe listado 225

Garrantzi handikoak direnez, horien berri izatea komeni zaigu

Hiritar garen aldetik zor zaizkigun eskubide ugarietatik, gure osasuna babesteari dagozkionak dira gutxien ezagutzen ditugunetako batzuk. Den-denok -telebistako serieetan, besterik ez bada- onespen informatua, historia medikoaren konfidentzialtasun-eskubidea eta antzekoak inoiz entzun ditugun arren, gehienok ez dakigu horien benetako adiera zein den. Ez ezagutze horren ondorioz, paziente gisa dagozkigun eskubideak ez ditugu exijitzen eta, bestetan, exijitzeko modukoak ez direnak betearaztea nahi izaten dugu.

Pazientearen eskubideek, osasun zerbitzu publikoko zerbitzuak erabiltzean jasoko dugun trataera arautzen dute lege alderditik. Hainbat konturi dagozkie, hala nola medikuntza-prozesu jakin batek gure osasunean izan dezakeen eraginari, gure osasun egoerari buruzko xehetasunak gure sendagileak eta guk erabakitzen ditugun pertsonek bakarrik ezagutzeko eskubidea, osasuna mantendu edo suspertzeko beharrezkoak ditugun botika eta gainerako produktuak lortzeko eskubidea, etab.

Osasuna, eskubide

Espainiako Konstituzioaren 43. artikuluak xedatua du hiritarrak bere osasuna babesteko eskubidea duela eta, era berean, beharrezkoak diren neurri, prestazio eta zerbitzuen bitartez, herri osasuna antolatu eta babestea obligazio dutela botere publikoek, eskubide konstituzional hori 14/1986 Lege Orokorrak horrelaxe arautu baitzuen. Bi arauek ere osasuna babestea hiritarraren eskubidetzat jotzen dute, ez betebeharreko gisa; epidemien kontrola edota kolektibitate osoaren arriskuen prebentzioa, berriz, botere publikoentzat betekizun aktiboa eta hiritarrentzat betekizun pasiboa dira.

Horiek ez ezik, gizakiaren eskubide eta biomedikuntzari buruz Europar Batzordeak izenpeturiko Hitzarmena 2000 urteko urtarrilean indarrean sartu zen Espainian: bertan, biologia eta medikuntzaren aplikazioan, gizakiaren duintasun eta eskubideak babesteko markoa ezarri zen. Nolanahi ere, gai honi buruzko lege-multzoa ugari-ugaria izan arren, osasunarekin zerikusia duen orok buruko minak sortarazten dizkio oraindik ere herritarrari. Adibidez, 2002 urtean, Espainiako Pazientearen Defentsarako Elkarteak (ADEPA) eta Osasun Arduragabekeriek Kalteturikoen Elkarteak (AVINESA), medikuntza alorrean gertaturiko axolagabekeriak, gutxieneko arreta ez jasotzea, itxarote-zerrenda edo anbulantzi zerbitzuaren okerreko funtzionamendua eta antzekoak medio, 11.300 salaketa eta erreklamazio jaso zituzten. ADEPA elkartearen iritziz, kopuru hori 55.000 erreklamaziotara iristen da, Espainiako Herri-Defendatzailearen, Osasun Ministerioaren edota autonomi erkidegoetako osasun kontseilaritzen aurrean eginikoak ere kontuan hartuz gero. Hala eta guztiz ere, irregulartasun horiek Espainian askoz ere gutxiago salatzen dira Europan baino, eskubide hori praktikan jartzen dutenak kaltetuen %25 edo %30 baizik ez direlako. ADEPA-ren aburuz, pazientearen eskubideak ez dira beti errespetatzen, are gutxiago zaharren edo ezinduen kasuetan. Horrelakoak harik eta larriagoak dira, pertsona horiek ez baitute izaten salaketa edo erreklamazioa jartzeko gaitasunik, ezta asmorik ere, Larrialdi Zerbitzuetan batez ere.

Zer da onespen informatua?

Onespena ematea pazientearen eskubidea da eta informazioa ematea sendagilearen obligazioa, agiri batean agertu beharrekoa. Onespen informatua egintza bat da: sendagileak pazienteari azaltzen dizkio gaixotasunaren izaera, eragina eta ondorioak, eta osasuna suspertzeko aurreikusita dituen prozedura terapeutikoen arrisku eta onuren berri ematen dio; hori horrela izan dadin, prozedura horiek praktikan jarri ahal izateko onespena eskatzen dio sendagileak pazienteari.

Informazio hori agiri batean jasotzen da, hainbat datu azalduz: pazienteak sendagilearen esku hartzea onartzen duela eta esku hartze horren xehekapenak: arriskuak, diagnostikoa, pronostikoa, alternatibak, etab. Agiria pazienteak (bere DNI agertuz) eta sendagileak (bere kolegiatu zenbakia azalduz) sinatzen dute. Onespen informatua bete beharrekoa da hainbat kasutan: abortua, transplantea, organo emakida, saiakera klinikoak eta, oro har, pazientearentzat arriskurik izan dezakeen teknika inbasiboak aplikatzean.

Erabiltzailearen eskubideak


Osasun asistentzia izateko eskubidea

  • Osasun sistema publikoaren erabiltzaileak, balizko paziente den aldetik, bere sendagilea izango dena izenda dakion eskubidea du; asistentzi ekipoarekin harremanetan bere artekari izango den fakultatibo horren izena ezagutaraziko zaio eta, era berean, hori bere postuan ez denean, ordezko batek beteko du bere tokia.
  • Estatuko Administrazioak xedaturiko muga eta moduetan, osasuna berreskuratzeko beharrezkoak diren botika eta bestelako produktuak eskuratzeko eskubidea.


Askatasunez aukeratzeko eskubidea

Bere kasuaren ardura daukan fakultatiboak aurkezten dizkion aukeren artean askatasunez hautatzeko eskubidea. Zeinahi esku hartze praktikatzeko onespena idatziz eman beharko da, hurrengoetan izan ezik:

  • Arriskurik ez dagoenean
  • Esku ez hartzea herri-osasunarentzat arriskutsu gertatzen denean
  • Pazientea erabakiak hartzeko gauza ez denean; horrelakoetan, bere senideek edo gertukoek hartu beharko dute erabakia
  • Larrialdiagatik (atzera gabeko ondorioen edo pazientearen heriotzaren arrisku gorria dagoelako), erabakiak berehala hartu behar direnean.
  • Tratamenduan jartzeari uko egiteko eskubidea, goian adierazitako kasuetan izan ezik; horretarako, legeak xedaturiko terminoetan borondatezko alta eskatu beharko du pazienteak.
  • Sendagilea eta bestelako osasun tituludunak aukeratzeko eskubidea, legeak xedaturiko terminoetan eta osasun zentroek ezarritako arau eta baldintzetan.


Informazioa jasotzeko eskubidea

  • Pazienteak, eskuragarri duen osasun zerbitzuen informazioa jasotzeko eskubidea du, baita baliatzeko beharrezkoak diren baldintzei dagozkienak jasotzekoa ere.
  • Aplikatuko zaizkion diagnostiko- eta terapia-prozedurak irakaskuntza nahiz ikerkuntza alorreko proiektuetan baliatuak izan daitezkeen jakiteko eskubidea; halaz ere, horiek ezin daitezke pazientearen osasunarentzat kaltegarri izan. Nolanahi ere, ezinbesteko izango da pazienteak baimena eta, sendagileak eta osasun zentroaren zuzendaritzak onespena idatziz ematea.
  • Pazienteak, bere senide edo gertukoek, ulertzeko moduan, hitzez eta idatziz, prozesuari buruzko informazio osotu eta jarraitua jasotzeko eskubidea. Informazio horretan pronostikoa, diagnostikoa eta tratamendu-alternatibak sartuko dira.
  • Legezko zein araudizko ebazpenen indarrez horrela xedatzen denean, bere osasun egoera agertzen duen egiaztagiria jasotzeko eskubidea.
  • Ospitale erakunde batean egonaldia amaitu ondoren, prozesu osoaren idatzizko agiria jasotzeko eskubidea. Altako txostena jaso ahal izango du pazienteak, senideak edo gertukoak.


Esku hartzeko eskubidea

  • Erakunde komunitarioen bitartez, legean eta garatzen diren ebazpenetan xedaturiko terminoetan, esku hartzeko eskubidea du erabiltzaileak.
  • Baita, ezarritako epeen barnean, erreklamazio- eta iradokizun-bideak baliatzeko eskubidea ere.


Bestelako eskubideak

  • Nortasuna, gizaki duintasuna eta intimitatea errespeta dakizkion eskubidea; era berean, arraza, gizarte, erlijio, moral, ekonomia, ideologia, politika edo antzeko arrazoiengatik diskriminatua ez izateko eskubidea.
  • Osasun sistema publikoarekin elkarlanean diharduten erakunde publiko eta pribatuetan pazienteak izaniko egonaldiei dagokien informazio guztian eta, oro har, bere kasuari dagokion informazioan konfidentzialtasunez aritzeko eskubidea.

Baita obligaziorik ere…

Osasun erakundeetan ezarritako arauen arabera jardun behar du erabiltzaileak.

  • Pertsonal, gainerako paziente eta laguntzaileenganako errespetua agertu behar du.
  • Erakundearen funtzionamendu-arauez eta komunikazio-bideez (kexak, iradokizunak, erreklamazioak, galderak, etab.) informazioa eskatu behar du. Sendagilearen izena jakin behar du.
  • Osasun instalazioak zaintzen lagundu behar du.
  • Tratamendu-metodoak onartzen ez dituenean, borondatezko alta sinatu behar du.
  • Eskaini zaizkion prestazioen erabileraz ardura bereganatu behar du, batez ere zerbitzuen erabilera, lan-alorreko baja nahiz ezgaitasun iraunkor eta gizarte zein farmazi alorreko prestazioei dagokienean, batik bat.
  • Erreklamazio eta iradokizunak egiteko bideak baliatu behar ditu.

Erreklamazioak non aurkeztu


Bidez kontrako atzerapen edo tratua gertatuz gero

  • Osasun sistema publikoan. Pazientearen Ardurarako Zerbitzura, erabiltzaile-elkarte batera, Insalud-era, autonomi erkidegoko organismora edo Espainiako Osasun Ministeriora joaz.
  • Medikuntza pribatuan. Zentroko arduradunarengana, erabiltzaile-elkarte batera, Osasun Kontseilaritzara edo zerbitzua kontratatu zuen medikuntza-elkartera joaz.


Arduragabekeria jazoz gero

Bai osasun sistema publikoan, baita pribatuan ere, arduragabekeriak edo akatsak ondorio larriak eragin badizkio gaixoari, Espainiako Pazientearen Defentsarako Elkarteak (ADEPA) bide judizialera jotzea aholkatzen du, alderdiek elkar harturik, kaltetuarentzat mesedegarri izango den konponbidea bilatzea ezinezkoa bada. Abokatu espezializatuak edo erabiltzaileen elkarteak zer egin behar den azalduko dio pazienteari. Kalteengatiko ardura bide zibiletik edo penaletik eskatu ahal izango da, bide soziala baztertu gabe (prozesua doan izateaz gain, askoz azkarragoa delako). Sendagileen Kolegioan erreklamazioa aurkeztea da beste aukeretako bat. Epea urtebetekoa da eta prozedura honek ez du inola ere eteten epaitegien jarduera.

Itxarote-zerrenden ondoriozko arazoak

Itxarote-zerrendak dira herritarraren kezka nagusietako bat. Ikus ditzagun aipatu berri dugun Pazientearen Defentsarako Elkarteak zerrenda horiek kaltetuei ematen dizkien aholkuak: garrantzi biziko proba (mamografia, erresonantzia, eskanerra edo antzekoa) premiazkoa denean, ebakuntza kirurgikoa egin behar denean edo espezialistarengana jo behar izatean, itxaronaldiak (erresonantzia egiteko) hilabetea, (mamografia denean) bi hilabete, (eskanerraren kasuan) hiru hilabete, etab., baino gehiago luzatzen bada, pazienteak erreklamazio orria eskatu eta bertan idatziz adieraziko du zein den bere egoera eta atzerapenak nolako ondorioak ekar diezazkiokeen.

Kaltea antijuridikoa izango da gaizki kudeaturiko zerrendaren edo gehiegi luzaturiko atzerapenaren ondore denean, gaixoaren lehentasunak sailkatzean akatsik izan denean edo, zain dagoen bitartean, atzera gabeko ondorioak sortzen dituen okerragotze edo endekatzeak gertatzean, nahiz interbentzioaren eraginkortasuna murrizten duten aldaketak jazotzean.

Horrelakoetan, bide kontentzioso-administratibotik, Osasun-Administrazioaren Ondare-Ardurari buruzko erreklamazioa jar daiteke, itxarote-zerrendaren ondorioz nozituriko kalteengatik indemnizazioa eskatuz. Indemnizazio hori jasotzean gerta daiteke arazoa: osasun alorreko eskumenak tokian tokiko autonomi erkidegoaren eskuetan utzi direnez, prozesu horren aurretik gertaturiko arduragabekerien arduraduna zein den ez baitago behar bezain argi.