Zaporetsu bezain kalorikoak
Kakaodun elikagai prestatuen bost lagin aztertu dira (Cola Cao, Nesquik, Nocilla, Dulcinea eta Vissento); formatuak 400 eta 500 gramo bitartekoak izaki, prezioek alde handiak agertzen zituzten: kiloko 310 eta 673 pezeta bitartean, alegia.Merkeena Vissento da eta garestienak, Nocilla eta Cola Cao.
Atera dugun lehen ondorioa: produktu hauen osakerak berdintsu samarrak direla eta funtsez desberdinak, berriz, osagaiak eta ezaugarri organoleptikoak. Bakarrak erdietsi zuen “oso ongi” kalifikazioa (Cola Cao laginak) eta bostetako bi (Nocilla eta Vissento) ez ziren aprobatzera ere iritsi. Dulcinea atsegin gertatu zitzaien dastatzaileei eta Nesquik markakoak aprobatu bakarrik egin zuen.
Gaurko gosarietan horren ohizkoak diren kakaodun elikagai prestatuon osagai nagusia sakarosa (azukre arrunta) da eta bigarren edo hirugarren tokian agertzen da desgantzaturiko kakao-hautsa, guztiaren %20 edo %25 baino handiagoa ez baita horren edukia. Lagin batzuek irin edo fekula, laktosa eta landare-olioa eransten dute. Elikagai hauek kaloria asko dituzte (400 inguru, 100 gramoko), oso hezetasun urria dutelako (%2); nutrigarri ugariena karbohidratoak dira (%86), proteinek (%7 inguru) eta gantzek (%3) agerpen apalagoa dutelarik. Honelako produktu bat (10-20 gramo) disolbatua duen katilu bat esnek 200 bat kaloria aportatzen du. Kakaodun elikagai prestatu hauek, eragin suspertzailea duen kakaoaren berariazko sustantzia bat ere badaukate (oso-oso kopuru txikian baina: 0,30 edo 0,43 zati milioiko), teobromina izenekoa. Bestetik, lagin guztien egoera mikrobiologikoa zuzena zen. Etiketan, ordea, irregulartasun batzuk atzeman ziren: produktuaren okerreko izena Dulcinea markakoan eta kakaoaren portzentajerik eza Nocilla, Nesquik eta Cola Cao laginetan.
Azterturiko parametroak baloratu ondoren, aukerarik hoberena Cola Cao da (nahiz kiloko 646 pezeta kostatzen den), dastaketan agerturiko emaitzak ikusirik. Vissento ere aukera polita da, merkea baita (310 pezeta kiloko), dastaketan kalifikazio okerrena merezi zuen arren.
Azukrea, batez ere
Azterketa kimikoen emaitzek adierazten dutenez, osagai nagusiaren (sakarosa edo azukre arrunta) agerpena erruz aldatzen da lagin batetik bestera: batenaz bestekoa %68 inguru badabil ere, marka batetik bestera dezente aldatu ziren kopuruak (%45tik -Vissento- %77-78 -Nesquik eta Nocilla-). Dulcinea zegoen erdi-erdian (%67). Vissento laginak bestelako azukre bat (laktosa) zeukan, oso proportzio txikian bada ere (%6). Gauzak horrela, karbohidratoen edukia handia bezain homogeneoa da: %83tik (Vissento) %88ra (Nocilla) doa.
Beste aldetik, kakaodun elikagai prestatu hauetan uraren agerpena txiki-txikia da, batez bestekoa %1,7koa izaki: hezetasun-maila apalena %1ekoa da (Nocilla, Nesquik eta Cola Cao) eta handiena %3a (Vissento). Gainerako makronutrigarriek ere alde handirik agertzen ez duten arren, Vissento laginak proteina gehiago zeukan (%9) besteek baino. Elementu hauen batez bestekoa %7an dabil eta gantzak, berriz, %3 inguruan. Laginik gantzatsuenak (%3,4) Nesquik eta Vissento dira eta gantz gutxien dutenak, aldiz, Cola Cao eta Nocilla (%3tik behera, biak ere).
Errautsen edukiak, bere aldetik, elikagai baten mineralen ekarpenaren berri ematen digu. Kakaodun elikagai prestatu hauetan eduki hori altua da: %1,9 ingurukoa. Azaletik, bederen, Nesquik eta Cola Cao laginenak gainerakoenak baino handiagoa dirudi. Nutrizio-osaketa guztiak berdintsu direnez, azterturiko bost kakaozko gosarien balio kalorikoak ere oso aldakuntza gutxi erakusten du: lagin guztietan, 100 gramoko, 400 kaloria ingurukoa da. Goian aipaturiko gai suspertzaile edo bizkortzaileei dagokienez, laboratorioko emaitzen arabera, teobrominaren batez besteko edukia 0,38 zati milioiko da. Nocilla eta Nesquik laginek zerbait gehixeago dute (0,42-0,43 z/m) eta Dulcinea markakoak gutxiago (0,30). Kopuruok apal-apalak dira, txokolate hutsak duen 6 zati milioko horien aldean. Bestetik, basokada esneari eransten zaion kakao kopurua txikia denez (10-15 gramo), elikagai honen eragin bizkortzailea hutsaren hurrena da.
Nolanahi ere, produktuaren teobromina-edukiak zenbat kakao daukan adierazteko balio du. Irizpide horri jarraiki, Nesquik eta Nocilla lirateke kakao gehien baliatzen duten markak, ondotik Cola Cao, Vissento eta Dulcinea datozkiela (azken lagin hau da kakao kopuru txikiena daukana).
Kakaoaren (Theobroma cacao, L) hazitik ateratzen diren elikatzeko produktu ugarietatik, gosari eta meriendan hartzea helburu nagusia duen hauxe aukeratu dugu oraingoan aztergai.
Kakaoaren deribatu honen eta beste batzuen lantze-prozesuaren hasiera-hasieran, kakao-aleak bildu eta jasotzen dira: orduan metatu eta orriekin estaltzen dira, hartzi egin dezaten; ondoren, lehortu eta xigortu egiten dira, kakaoak bere-bereak dituen kolore eta usaina sortarazten duten osagaiak garatzeko. Aleak, azalgabeturik, ehotu eta likido bihurtzen dira koipea (kakao-ore edo txokolate-pattar deitzen dena) urtzen denean. Hau, berriro solido bilakaturik, egiazko txokolate mikatza izango da. Egoera horretan txokolateak %55 inguru gantza du (kakao-gurina): hori, zanpatuz, bereizi egingo da eta “torta” izenekoa aterako da; azkenik, torta hori ehotu eta gainontzeko osagaiekin nahasiko da, behar den proportzioetan, lortu nahi den produktu zehatza erdiesteko. Dena den, azterturiko kakaodun elikagai prestatu hauen osagai nagusia (kopuruz), ikusia dugunez, sakarosa edo azukre arrunta da. Hautsetako kakao desgantzatua bi edo hirugarren osagaia da, produktu batzuek gari- nahiz arto-fekula edo irina ere kakaoa baino ugariago daukate eta. Hona beste hainbat osagai: laktosa, usainaz hornitzeko gaiak (hala nola bainila eta malta-estraktua), gatza eta aditibo emultsionatzaile bat (lezitina, ia beti): honen eginkizun behinena produktuok lehenbailehen disolba daitezen eragitea da.
Egoera mikrobiologikoa, egokia
Kakaokien kalitate higieniko-sanitarioa, prozesatuko etapa kritikoak (hartzidura, lehorketa eta xigorketa, alegia) betetzean izaniko higienearen araberakoak izango da. Prozesu horiek behar bezala bete baldin badira produktuek mikroorganismo patogeno gutxi izango dute, edo batere ez dute izango. Kontsultaturiko bibliografiaren arabera, kakaoaren mikroflorak bakterio esporogeno, onddo eta legamiak ditu, batik bat. Teorian, gutxienez, baliteke enterobakterioak ere (areago, inoiz Salmonella bera ere) aurkitzea bertan. Bestetik, elikagai hauen hezetasun apal-apalak mikroorganismoen aurkako nolabaiteko babesa ematen die, metaturik dagoenean. Kakaoari eta honen deribatuei aplikatu behar zaien arauteriak gauza bakarra du xedatua: mikroorganismo patogenorik ez duela agertu behar, alegia. CONSUMERek eginiko azterketa mikrobiologikoetako emaitzek erakusten dutenez, azterturiko bost kakaodun elikagai prestatu hauen egoera zuzena da.
Batetik besterako aldeak dastaketak adierazi ditu
Dastaketa egin zuten kontsumitzaileek kakaodun elikagai prestatuon kolore eta usaina berezko egoeran (hau da, esne erdigaingabetu beroan disolbatu aurretik) balioztatu zuten.
Disolbagarritasuna, batetik, eta, esnetan disolbatu ondoren, produktuaren zapore eta usainaren bizitasuna, bestetik, ebaluatu ziren. Emaitzek, Cola Cao laginaren aldekotasun nabarmena erakutsi zuten: produktu hori biziki gustatu zitzaien, kolore hitsa eta usain eta zapore sakonak zituelako. Akats bakarra, epaileen iritzian, disolbagarritasuna izan zen, beste hainbat produktu errazkiago urtu baitziren esnetan. Dulcinea gertatu zen bigarren tokian: honen kolore hitsak ere, kakao usain sakonak bezala, biziki atsegin zituen dastatzaileak. Urtutakoan, produktu honen lurrina ahulxeago gertatu zen, baina zapore eta usaina ongi puntuatu ziren. Nesquik laginaren kolorea (biziagoa) ere atsegin gertatu zitzaien epaimahaikideei, baina zaporez eta usainez motelago zenez, aurrekoak bezain zaletasun handirik ez zuen piztu. Nesquik, dena den, beste laginak baino errazkiago urtzen dela nabarmendu beharra dago. Nocilla eta Vissento markakoen usain eta zaporea ere moteltzat jo zituzten dastatzaileek. Nocilla laginaren itxurak (ilun eta bikortsuagoak) ez zituen bete epaimahaikideen itxaropenak, nahiz biziki disolbagarria zela nabarmendu nahi izan zuten.
Etiketan, komeriak
Produktuaren hainbat izen ematen dituzte etiketek, baina horrelakorik ez du nahi kontsumitzaileak. Dulcinea laginak, adibidez, “kakao disolbagarria” dela dioen bitartean, Vissento markakoaren etiketak “kakaodun gosaria” agertzen du, “gosari eta meriendetarako kakaodun elikagai prestatua” legendaren ondoan. Nocilla eta Cola Cao laginen etiketek, beren aldetik, “kakaodun elikagai prestatuak” direla erakusten dute eta Nesquik markakoak produktuaren azalpena dakar: gosaldu eta merendatzeko kakaodun elikagai prestatua dela ondorioztatzen da testu horretatik. Dulcinea, Vissento eta Cola Cao markakoen osagaien artean gari- nahiz arto-fekula edo irina topatzen ditugu; Vissento laginak, horiez gainera, laktosa ere gehitu du bere formulan. Nesquik omen da landarezko olioa baliatzen duen bakarra. Dena den, nabarmenena kakaoaren portzentajea bi markak bakarrik adierazten dutela egiaztatzea da: Dulcinea laginak dioenez, “gutxienez, %23” da, eta Vissento markakoak, %25. Nocilla, Nesquik eta Cola Cao laginek ez dute produktuaren funtsezko ezaugarri horren berririk ematen.
Kakaodun elikagai prestatuon etiketek ematen diguten informazio desmailatsuaren zergatia, produktu honek berariazko legeriak xedaturik ez egotea izan daiteke, agian. Halaz ere, elikagai guztiek ezinbestez bete beharreko baldintza batzuek argi eta garbi xedatuta daude. Estatu espainoleko Elikagaien Kodearen arabera, produktuaren izen zuzena “kakaodun elikagai prestatua” da. Horrekin batera, “gosari eta meriendetarako kakaodun elikagai prestatua” ere onartzen da. Dulcinea laginak ez du bietako batere adierazten, “kakaodun disolbagarria” baizik. Beste alde batetik, izenak “kakao” hitza daukanez, gai horren kopurua ere adierazi beharko litzateke etiketan. Nocilla, Nesquik eta Cola Cao laginen etiketek, irregulartasun nabarmenean, ez dute horrelakorik agertzen.
Bestetik, produktua egokiro kontserbatzeko argibideak zein prestatzeko iradokizunak marka guztiek ematen dituzte. Dulcinea eta Vissento laginek “bat-bateko” eta “katiluko” (produktua esnetan egosiz) prestaketak egiteko argibideak eskaintzen dituzte. Nocilla, Nesquik eta Cola Cao laginek, nutrizioari buruzko informazio estimagarria ere ematen dute.
Laburbilduz
Laburbilduz
- Kakaodun elikagai prestatuen bost lagin aztertu dira (Cola Cao, Nesquik, Nocilla, Dulcinea eta Vissento); formatuak 400 eta 500 gramo bitartekoak izaki, prezioek alde handiak agertzen zituzten: kiloko 310 eta 673 pezeta bitartean, alegia. Merkeena Vissento da; garestienak, Nocilla eta Cola Cao.
- Produktu hauen nutrizio osakerak berdintsu samarrak dira eta funtsez desberdinak, berriz, osagaiak eta ezaugarri organoleptikoak. Cola Cao laginak bakarrik erdietsi zuen “oso ongi” kalifikazioa, bi aprobatzera iritsi ez zirelarik (Nocilla eta Vissento). Dulcinea atsegin gertatu zen eta Nesquik-ek aprobatu egin zuen.
- Osagai nagusia sakarosa (azukre arrunta) den bitartean, hautsetako kakao desgantzatua 2. edo 3.a da (guztiaren %20-%25 inguru agertzen delarik). Lagin batzuek irin edo fekulak, laktosa eta landare-olioa dauzkate.
- Oso-oso kalorikoak dira (400 kaloria 100 gramoko) eta nutrigarri behinena karbohidratoa dute (%86). Proteina eta gantzak ez dira horren ugari agertzen. Katilu bat esneri (200 ml) 10-20 g kakao eransten bazaio, 200 kaloria inguruko ekarpena izango du.
- Lau laginen etiketa, gaizki: Dulcinea laginak okerreko izena darabil eta Nocilla, Nesquik eta Cola Cao markakoek kakao-portzentajerik ez dute adierazten.
- Aukera egokiena Cola Cao da (garesti gertatzen den arren), denetan zapore eta usain onenekoa delako. Vissento ere aukera polita da (prezioa oso egokia du eta: 310 pezeta kiloko), dastaketatik kalifikazio txarrena eraman duelako.
Banan-banan
Kakaodun elikagai prestatuak, banan-banan
Cola Cao
- 646 pezeta kiloko. Prezioak prezio, kalitate-prezio erlaziorik egokiena da hau. Lekale kola-malteatuaren (galirin eta kola-hurraren estraktuarekin, besteak beste) krema dauka. Etiketa okerra: kakaoaren portzentajea ez du adierazten. Dastaketan, hoberena, 8 punturekin: oso balorazio ona lortu zuen, lurrinaren sakontasun eta kakao-zaporearen atseginagatik. Disolbagarritasun zailekoa da, nolanahi ere.
Vissento
- 310 pezeta kiloko. Aukera polita, denetan merkeena delako.
- Bere formulan gari-fekula eta laktosa sartu dituen arren, desgantzaturiko kakaoa bigarren osagarria da, kopuruz. Sakarosa (%45) eta karbohidrato (%83) gutxien, proteina gehien (%9) eta hezetasun handienekoa da. Dastaketan txarrena, 3 puntu baizik ez: itxura ondo baloratu zen arren, disolbatutakoan zuen zaporea motel-motela zen.
Dulcinea
- 618 pezeta kiloko.
- Galirina sartu du osakeran. Elikagaiak daukan kakao-portzentajea adierazten badu ere (%23, gutxienez), izen aproposaren (“kakaodun elikagai prestatua”, alegia) ordez, “kakao-disolbagarri”-tzat jotzen du bere burua. Dastaketan, bigarren hoberena (6 punturekin), itxuragatik ez ezik, kakao-usain eta zaporeagatik ere. Disolbatzeko unean, ordea, ez zen egokia.
Nesquik
- 590 pezeta kiloko.
- Sakarosa gehien daukan bigarrena (%77), Nocilla laginaren ondotik, baina honek bezainbeste teobromina dauka (0,43 zati milioiko): horrek esan nahi du bi laginok besteek baino kakao gehiago daukatela. Etiketan ez du kakao-kopururik adierazten. Osagaien artean landare-olioa sartu duen bakarra. Dastaketan (5 puntu), disolbatu aurreko kolorea, usaina eta disolbagarritasuna atsegin izan zitzaizkien epaimahaikideei; disolbatutakoan, ordea, zaporea eta usaina moteldu egin ziren.
Nocilla
- 673 pezeta kiloko, denetan garestiena.
- Sakarosa (%78), eta karbohidrato (%88) gehien daukana. Teobromina ere ugari dauka (0,42 zati milioiko), Nesquik laginak bezalatsu: kakao-proportzio handiagoaren adierazle da hori. Etiketa, oker: kakao-portzentajerik ez du adierazten. Dastaketan, 4 puntu baino ez: besteek ez bezalako itxura, ilun eta bikortsuagoa. Kakao-usain eta zapore motel samarrak, disolbagarritasun egoki-egokia.