Slip-babesleak

Batzuk, erosoago; xurgatzeko gauzago, beste zenbait

1 maiatza de 2000

Batzuk, erosoago; xurgatzeko gauzago, beste zenbait

Slip-babeslea emakumeak darabil, mentruazioaren hasiera edota amaierako egunetan, konpresa zein tanpoiaren osagarritzat edo eguneroko higieneko elementu huts bezala, besterik gabe. Zortzi slip-babesle (Ausonia, Evax, Carefree, Alia, Afectiva, Lisa, Nivex eta Tittilei) aztertu dira oraingoan, 20 aletik 30 bitarteko ontzietan merkaturatzen direnak.

Prezio batetik bestera desmaila handiak daude: aleko 3 pezetatik (Tittilei) 9 pezetaraino (Evax eta Ausonia). Bi prezio-multzotan banatzen dira produktuok, zehazkiago: bost pezeta edo gutxiago kostatzen direnak (Tittilei, Alia, Lisa eta Nivex) eta zortzi pezetatik gorakoak (Carefree, Evax eta Ausonia). Slip-babesle hauen ezaugarri bereizgarriak emakumezkoaren fisonomiari egokitzea (zortziek kalifikazio ona jaso zuten) eta enbalaje egokia dira.

Produktuaren kontzeptu edo fabrikatzeko teknologiari dagokionez (kuxin-mota -batzuk, xurgatzaileago, beste batzuk eraman erosoagokoak-, produktuaren guztirako pisua, kuxinaren pisua eta produktu lauaren batez besteko lodiera) Ausonia nabarmentzen da; Afectiva eta Lisa aprobatura ez dira iritsi. Bestetik, slip-babeslearen eransgarritasun eskasa Lisa laginak agertu zuen. Produktuaren erabiltzaileek atal bakoitzari ematen dioten garrantziaren arabera emaitzak balioztatuz gero, hurrengo ondorioak atera dira: zortzi laginetako sei egoki-egokiak diren bitartean, bi bakarrik gertatu dira asetzeko modukoak (Carefree eta Lisa). Merkatu-azterketek adierazten dutenez, anatomiari egokitzeari eta produktuaren kontzeptuari garrantzi handiagoa ematen diete emakume erabiltzaileek, slip-babesleak balioztatzeko unean. Ondotik -baina urruti xamar- datoz atxikitzeko eta xurgatzeko gaitasuna eta, azkenean, hondarreko garrantzia baizik ez duela, enbalajea. Irizpide hauek baldintzatu dute slip-babesleen guztirako kalifikazioa.

Anatomiari hobekien egokitzen zaizkionak Afectiva, Evax eta Ausonia dira. Teknologikoki hobekien eratuta dagoena, berriz, Ausonia. Erabiltzailearen slip edo kuleroari hobekien atxikitzen zaizkionak, Alia. Gehien xurgatzen dutenak, Afectiva, Alia, Tittilei eta Nivex. Diseinurik hobereneko enbalajea dutenak, azkenik, Evax eta Ausonia.

Emaitza guztiak balioztatu ondoren, aukera egokienak bi merkeenak dira, hau da, Alia eta Tittilei. Biek behar bezalako kalitatea dutelarik, produktu hau egunero baliatzen duen erabiltzailearentzat Ausonia (askozaz ere garestiagoak, alea 9 pezeta kostatzen baita) aukera polita den arren.

Garrantzitsuena, kontzeptua

Laginak bi multzotan banatzen dira, fabrikatzean erabili den kuxinaren (barne-gai xurgatzailea) motaren arabera. Fluff motako kuxina, desfibraturiko paper-oreaz ekoizten da eta menstruazioaren hasiera eta amaierako egunetan erabiltzeko xurgatze egokia egitea du helburu; airlaid kuxina, ordea, zelulosazko kotoiaz eta zuntz sintetikoekin fabrikatua (gai xurgatzailearekin edo gabe egin daitekeelarik) dagoela, slip-babesle meheago eta anatomikoagoek daramate, hots, xurgatzeari baino garrantzi handiagoa egunero erabiltzeari eta ahalik eta erosoen izateari ematen zaionean. Nivex, TittiLei, Alia eta Afectiva laginek fluff kuxina duten bitartean, Evax, Ausonia, Lisa eta Carefree markakoek airlaid motakoa daukate. Airlaid erako slip-babesleek fluff motakoek baino guztirako pisu txikiagoa dute (2,2 gramo eta 3 gramo, batez beste), eta kuxinak ere arinagoak izaten dira (gramo bakarra eta 1,8 gramo, alegia). Era berean, aurrekoak meheagoak dira (1,8 milimetro; bigarrenek, 2,3 mm.ko lodiera). Horrenbestez, airlaid motakoak erabiltzaileek agerturiko zaletasunei hertsikiago egokitzen zaizkie, alderdi horiexek baitira slip-babeslea darabilten emakumeek nagusitzat jotzen dituztenak: anatomiari egokitzea eta produktuaren kontzeptua. Denetan, argi eta garbi, Ausonia nabarmentzen da, kontzeptua osatzen duten hiru parametroetan (guztirako pisua, kuxinaren pisua eta lodiera) asebetetzeko moduan gertatu baitzen. Afectiva eta Lisa laginek -kontzepturik okerrenekoak– “eskas” kalifikazioa jaso zuten: Afectiva markakoak gehiegizko lodiera, kuxinaren pisu eta guztirako pisua zuelako; Lisa laginak, berriz, osorako pisu eta lodiera urri-urriak zituelako (1,6 gramo eta 1,2 mm). Gainontzeko laginetan, kontzeptuaren kalifikazioa “zuzen” izan zen, besterik gabe. Nota hoberik ez eramateko arrazoi nagusia gehiegizkotasuna izan zen: batez besteko lodiera (Carefree, TittiLei eta Nivex), kuxinaren pisua (Evax, Tittilei, Nivex, Alia eta Afectiva) eta guztirako pisua (Alia eta Afectiva).

Lau laginek gutxi xurgatzen duten arren, baliteke alderdi hori funtsezkoa ez izatea

Proba honetarako diseinaturiko manikiak baliatuz erabilera-simulazioko testa egin zen, bi xurgatze-likido erabiliz: plasmiona edo plasma sintetikoa, eta gernu sintetikoa. Probetan, batez besteko menstruazioko isuriaren estimazioa egin zen, antisorgailuak erabilita eta erabiltzeke, gauezko eta egunezko isuriekin. Emaitzak, bete-bete eta gainezka egin aurretik slip-babesleak xurgatzen duen likido-bolumenari dagozkio. Ezaugarri horren garrantzia, nolanahi ere, batetik bestera aldatu egiten da slip-babesleari ematen zaion erabileraren arabera: tanpoiaren osagarritzat edo eguneroko higiene pertsonaleko elementu huts bezala baliatzen den, alegia. Hautapen horrek eragin handia du fabrikatzaileak produktua eratzean eta erabiltzaileak balioestean.

Fluff kuxinek, oro har, xurgatzeko gaitasun handiagoa dute (hori, slip-babeslearen tamaina handiagoaren eta gaiaren ezaugarrien ondorio izan daiteke). Airlaid motakoetan, kuxinaren absortzioa areagotu egin daiteke superxurgatzailea erabiltzen baldin bada (horrelakorik Evax markakoan bakarrik atzeman zen).

Emaitzei goazkiela, Alia, Afectiva, Nivex eta TittiLei laginek xurgatze-gaitasun handi-handia erakutsi zuten eta hezetasunetik oso babes ona. Evax, Ausonia, Carefree eta Lisa markakoek, berriz, xurgatzeko gaitasun handiagoa agertu zuten. Eguneko xurgatzea (hau da, zutik eta eserita gertatzen diren isuri-absortzioen batez bestekoa) kontuan izaki, biziki handia izan zen Nivex eta TittiLei laginetan, eta handia Alia eta Afectiva markakoetan. Evax eta Ausonia apalago ibili ziren eta Carefree oso-oso apala. Ukipenaz hautematen den hezetasunetik babesari dagokionez, Evax, TittLei, Nivex, Afectiva eta Alia laginek %100 babesa agertu zuten bitartean Lisa eta Ausonia markakoeena askoz ere ahulagoa izan zen (%47 eta %37, alegia).

Laburbilduz, xurgatzeko eta hezetasunetik babesteko gaitasun bikaina erakutsi zuten Afectiva, Alia, TittiLei eta Nivex laginek eta urria, ordea, Lisa, Carefree, Ausonia eta Evax laginek.

Arin, mehe eta anatomikoa izanik, harik eta hobe

Zortzi laginak behar bezala egokitzen zaizkio emakumearen anatomiari. Nolanahi ere, Lisa, Afectiva, Ausonia eta Evax nabarmendu ziren alderdi horretan. Tamainak garrantzi handia du: slip-babesle hauen luzeera ez da denetan berdina: 147 eta 148 milimetroetatik (Nivex eta Tittilei) 160etara (Afectiva) doa. Guztirako zabalerari goazkiola, 66-67 milimetrokoa ohikoena bada ere, Tittilei, Nivex eta Alia zabalagoak dira. Alderdi estuenean ere neurriak antzerakoak dira: 51 eta 54 milimetro bitartekoak. Kuxin edo barne-gai xurgatzaileaz ari garela, Nivex, TittiLei eta Ausonia markakoek 129 eta 131 milimetro bitarte besterik ez dutelarik, Afectiva da handiena (150 milimetro). Alderik estuenean kuxina 38-39 milimetro (Evax, Ausonia) eta 44 milimetro (Alia, Nivex eta Carefree) bitartean dabil. Neurri hauek denak, erabiltzaileen anatomiari zuzen egokitzearen adierazgarri dira. Lisa, Afectiva, Evax, Ausonia, eta Carefree laginek oso balorazio onak erdietsi zituzten egokitzapen anatomikoaren atalean. Nivex, TittiLei eta Alia, zuzen dauden arren, ez dira aurrekoen mailakoak. Lehen bi laginetan, arrazoia luzeera txikiagoa eta gehiegizko zabalera izan zen eta Alia markakoarenean, aldiz, zabalera handixegia.

Lagin batzuek beste prestazioren bat ere eskaintzen dituzte: Alia eta Afectiva markakoek bere burua “ultra-mehe”-tzat jotzen dute; Carefree laginak bere transpiragarritasuna azpimarratzen du (produktuan zehar airea igaro daiteke, ez likidoa). Bestetik, Evax eta Ausonia laginek alboetan ehunezko ertzak dituzte.

Bere tokian geratzea

Itsasgarritasunaren alorrean, Alia eta Afectiva dezente nagusitzen dira: zerrenda itsasgarria behar bezain zabala da, ederki atxekitzen zaio slipari, bertan jarritakoa bere tokian gelditzen da eta, erabili ondoren, erraz askatzen da. Lisa (atal honetan aprobatura iritsi ez den bakarra) lagineko itsasgarria txikia denez, ordea, erabili ondoren produktua errazegi askatzen da. Nivex eta TittiLei laginen itsasgarriaren neurriak ere ez dira aproposak, baina ongi itsasi ondoren ez zen mugitu eta amaieran ondo askatu zen. Produktua erabiltzean ez mugitze horri dagokiola, Alia bikain agertu zen. Atal honetako emaitza apalenak Evax eta Ausonia markakoek eskaini zituzten, gogorregi itsasten baitira biak ere. Bukatzeko, sliparen ehuneko zuntzen erauzketa eragiten dute lagin guztiek baina, lagin bakar batean ere, gai itsasgarria ez zen transferitu kuleroari.

Enbalaje ona

Alor honetan balioespen hoberenekoak Evax eta Ausonia dira: irekiz gero aise-aise ixten dira biak eta, gainera, kartoia aurretiaz ia ebakita dagoenez, erabiltzaileak arazorik gabe irekitzen du paketea. Horiez gainera, bai Evax bai Ausonia laginaren ontzian dago produktuari buruzko eskema argiemailea, haren ezaugarriak eta lote-zenbakia agertzen dituena; horri esker, arazorik edo erreklamazioa egin beharrik jazoz gero, produktuari jarraipena aiseago egin dakioke. Gainontzeko laginen enbalajea zuzen edo asetzeko modukoa zen.

En síntesi

En síntesi

  • Zortzi slip-babesle aztertu dira, 20 aletik 30 bitarteko ontzietan merkaturatzen direnak. Prezioetan desmaila handiak daude: aleko 3 pezetatik (Tittilei) 9 pezetaraino (Evax eta Ausonia).
  • Produktu honen alderdi hoberenak, emakumearen anatomiari egokitzea eta enbalajea dira.
  • Lisa, Carefree, Ausonia eta Evax laginek xurgatu eta hezetasunetik babestu egiten dute, baina oso gutxi. Dena den, prestazio horren garrantzia aldatu egiten da slip-babeslearen erabileraren arabera, tanpoiaren osagarri gisa -menstruazioaren hasierako edo amaierako egunetan- ala eguneroko higiene pertsonaleko elementu bezala baliatzen den. Bi motako slip-babesle daude, kuxinen ikuspegitik: fluff daukatenak (xurgatzea helburu nagusia izaki, merkeenak dute honelakoa: Afectiva, Alia, Tittilei eta Nivex) edo airlaid motakoaz hornitutakoak (teknologikoki hobe eratuta eta erabiltzailearen erosotasuna lehenesten duena, gainerako laginetan).
  • Erabiltzaileak atal bakoitzari aitortzen dion garrantzia balioetsiz gero ondorioztatzen da zortzi laginetatik sei asetzeko modukoak direla eta beste biak, berriz, zuzen baizik ez (Carefree eta Lisa).
  • Afectiva eta Lisa markakoak fabrikatzeko teknologia hobetu beharra dago (produktuaren eta kuxinaren pisua eta produktu lauaren lodiera). Beste alde batetik, Lisa laginaren itsasgarria ez da nahikoa.
  • Anatomiari hobekien egokitzen zaizkionak Afectiva, Evax eta Ausonia dira. Teknologikoki hobekien eratua, Ausonia. Slip edo kuleroari hobekien itsasten zaiona, Alia. Gehien xurgatzen dutenak, Afectiva, Alia, Tittilei eta Nivex.
  • Aukera egokiena: Alia eta Tittilei, merkeenak izaki, asetzeko moduko kalitatekoak direlako, biak ere. Egunero erabiltzeko, Ausonia slip-babeslea aukera polita da, garestia den arren. .

Banan-banan

Zortzi slip-babesleak, banan-banan

Alia

  • 4 pezeta alea; merke. Bi aukera hoberenetako bat.
  • Menstruazioaren aurreko eta ondoko egunetan, tanpoiaren osagarri egokia.
  • Xurgatzeko, hezetasunetik babesteko gaitasuna eta itsasgarritasuna ditu nabarmen. Hutsune bakarra: ale batzuek bukaera txarra dute (gaizki erdiratutako kuxina eta kanpoko ehunaren termosoldaketan akatsak).
  • Osoko kalitatea: asetzeko modukoa.

Tittilei

  • 3 pezeta alea; merkeenetako bat. Bi aukera hoberenetako bat.
  • Menstruazioaren aurreko eta ondoko egunetan, tanpoiaren osagarri egokia.
  • Xurgatzeko eta hezetasunetik babesteko gaitasuna du nabarmen.
  • Itsasgarritasunean, badu hobetzerik (zerrenda itsasgarri txikiegia), produktuaren kontzeptuan bezala (batez besteko lodiera, handi samarra).
  • Osoko kalitatea: asetzeko modukoa.

Ausonia

  • 9 pezeta alea; garestia.
  • Egunero erabiltzeko egokia. Xurgatzeko eta hezetasunetik babesteko gaitasuna, urria. Produktuaren kontzeptua, asebetetzeko modukoa (kuxinaren pisua eta batez besteko lodiera, hobezinak) eta anatomiari egokitze on-ona. Enbalajea, bikaina.
  • Osoko kalitatea: asetzeko modukoa.

Afectiva

  • 4 pezeta alea; merkea.
  • Menstruazioaren aurreko eta ondoko egunetan, tanpoiaren osagarri egoki-egokia.
  • Asko xurgatzen du eta hezetasunetik ongi babesten du. Anatomiari ederki egokitzen zaio eta era aproposean itsastsen da. Hutsune bakarra: produktuaren kontzeptua (ez du aprobatu atal honetan) kuxinaren pisua eta batez besteko lodiera, handiegiak. Horrez gainera, Alia laginaren bukaera-arazo berbera du.
  • Osoko kalitatea: asetzeko modukoa.

Nivex

  • 5 pezeta alea; prezio ertaina.
  • Menstruazioaren aurreko eta ondoko egunetan, tanpoiaren osagarri egoki-egokia.
  • Asko xurgatzen du eta hezetasunetik ederki babesten du. Anatomiari egokitzea eta kontzeptua, onak baina hobetzeko modukoak, luzera urriko eta zabalegia ez ezik, batez besteko lodiera handi samarra handiegikoa delako. Itsasgarriaren neurriak eskasak diren arren, atxikipena zuzena da.
  • Osoko kalitatea: asetzeko modukoa.

Evax

  • 9 pezeta alea; garestiena.
  • Egunero erabiltzeko egokia. Xurgatzeko ahalmen urria baina hezetasunetik babesteari dagokionean, oso ona. Anatomiari egokitze on-ona. Enbalajea, bikaina.
  • Osoko kalitatea: asetzeko modukoa.

Carefree

  • 8 pezeta alea; garestia.
  • Egunero erabiltzeko egokia. Gutxi xurgatzen du eta hezetasunetik babesteko gaitasun urria onartzeko modukoa baino ez. Anatomiari egokitze on-ona. Airea igarotzen uzten du, baina hezetasunik ez.
  • Osoko kalitatea: zuzen.

Lisa

  • 5 pezeta alea; prezio ertaina.
  • Anatomiari egokitze hobezina. Kuxinaren pisua eta batez besteko lodiera, desegokiak. Itsagarritasun urria (itsasgarriaren neurriak ez dira behar bezainbestekoak eta, produktua erabiliz gero, aisegi askatzen da kulerotik). Hezetasun gutxien xurgatzen duena da hau.
  • Osoko kalitatea: zuzen.