Nahigaberik ez izateko, arreta
Kontuz!
- Aldian behingo errebisioak Industria Zuzendaritza Nagusiak baimendutako langileen bitartez egin. Azterketaren ondoren, instalazioa zuzen dagoela dioen egiaztagiria eman beharko dizu.
- Kontu izan instalazioak berrikusi edo hodiak aldatzeko aitzakiz etxera datozenekin. Eskatu egiaztagiria eta egiaztatu benetakoa dela.
- Ez erabili gas-hodiak euskarri gisa. Ez zintzilikatu ezer hodietatik.
- Ez jarri hodiak kable elektrikoak ukitzen eta ez erabili tresna elektrikoen lurrerako hartune gisa.
- Ez jarri material suharbera edo korrosiborik gasezko aparatuaren sugarretik edo hodietatik hurbil.
- Ahal bada, jarri estankotasun kamera duten aparatuak, erreketako gaiak lokalean bertan gera ez daitezen.
- Gasezko tresnak dituzten gela edo lokalek aireztapen sareta egokiak izan behar dituzte, kanpora irekita. Ez itxi sareta horiek.
- Edozein arrazoirengatik gas usaina baldin badago, ez piztu etengailu eta tresna elektrikorik, ez eta pospolo edo supiztekorik ere. Eta, jakina, ez erre. Ireki ate eta leihoak etxea egurasteko. Itxi gasaren giltza eta deitu langile baimendu bati instalazioa berrikusi eta konpon dezan.
- Zaindu sukaldeko hodi malguaren iraungipen data eta egoera.
- Gomazko konexio-hodia erabiltzen baduzu, ez dezala azalera berorik edo erraz bero daitekeenik ukitu. Egiaztatu gas hodiaren eta gasezko aparatuaren arteko lotunea baldintza egokietan eta besarkaderak ongi estututa daudela.
- Gomendagarria izaten da gomazko hodiaren ordez metalezko segurtasun hodi malgua jartzea. Hodi horiek luzaro irauten dute eta nahi gabe konektatuz gero gasa eteten duten dispositiboa izaten dute.
- Euskailuetan kalte, herdoil, deformazio edo hausturarik antzemanez gero, abisatu enpresa instalatzaileari. Ez ausartu zeure kasa brikolajea egiten.
- Gogoratu lapikotik likidoa isurtzeak edo aire korronte batek sua itzal dezakeela eta gasa irteten hasiko dela, erre gabe. Kontuz!
- Noizean behin jarri erregailuak minimoan eta begiratu itzaltzen diren.
- Zaindu sukaldeko ontziak. Keak belztu egiten baditu, gasa ongi erretzen ez den seinale.
- Ur-berogailuko edo sukaldeko sugarrak erreketaren kalitatea erakusten du. Erreketa ona bada, sugarra bizia, egonkorra eta urdinska izango da. Zaratatsua, ezegonkorra eta punta horiduna bada, ez du ongi erretzen eta aparatua errebisatu egin beharko duzu.
- Berogailu katalitikoak ez jarri gortina, oihal eta antzeko material suharberetatik hurbil, eta ez sekula piztuta utzi lotan zauden artean.
- Hainbat egunetarako etxetik alde egin behar baduzu, itxi gasaren giltza guztiak.