Kontuz: behin betiko erantzunak zalantzen aurrean
Askotan, gainera, arrazoi afektibo edo sozialak tarteko, krisi egoera bizi izaten dute eta, beraz, baldintza txarretan eta defentsa mekanismorik gabe aurkitzen dira kanpotik etor daitekeen edozein estimuluren aurrean. Egoera horretan, bere arazoentzat konponbide orokorrak eta behin betikoak bilatzen ditu pertsonak. Eta talde sektarioen promesa “argitsuak”, erretorika eraginkorrez apainduak, oso erakargarri gerta daitezke. Batez ere berez menpekotasun emozionalerako joera duten pertsonentzat. Baina, hala ere, ezin da esan sekten atzaparretan erortzen diren pertsona gehienek gaitz psikologikoak dituztenik. “Adictos a sectas” liburuan, Pepe Rodriguez kazetari eta idazleak dio Espainiako estatuan 200.000 pertsona direla nortasuna suntsitzen duten sekta horietako kide eta taldeek otzan eta leial izango diren kideak bereganatzen dituztela. Engainua eta manipulazio eta kontrolerako teknikak erabiliz lortzen dute hori, talde horietako buruen helburuak lortu ahal izateko, gehienetan taldeko pertsonen esplotazioaren bidez. Ikertzaile honen arabera, ez talde manipulatzaile horiek limurtzeko aparteko gaitasuna dutelako, beharbada, gazteen ahuleziagatik baizik; izan ere, “uko egin diogu heziketa prozesuan dugun erantzukizunari, prozesu horren helburu nagusia nortasun sendo eta askeak bultzatzea izan behar bailuke”.
Sektak nolakoak diren
Talderen bat zu zeu, seme-alabak edo lagunak bere jardueretara erakarri nahian ari bada eta taldeak ezaugarri jakin batzuk baldin baditu, argi ibili. Hona hemen taldeen ezaugarriak: dedikazio handiegia eskatzen dute, arreta osoa, ia debozioa pertsona edo ideiaren batengana eta pentsamendua aldatzeko programak erabiltzen dituzte kideak konbentzitu eta sinesmen eta baloreen patroi bakarrera ekartzeko; kideengan menpekotasun psikologikoa sortzen dute, jarraitzaileak esplotatu egiten dituzte, taldearen helburuak -ekonomikoak batez ere- lortzeko. Jarraitzaileei kalte psikologikoa eragiten diete eta arazo larriak familian, lan giroan edota lagun artean.
Sektaren helburua jarraitzaileen nortasuna aldatzea da, beren interes, balore eta harremanak aldatzeko. Horretarako manipulazio psikologikoko teknikak erabiltzen dituzte, hainbat fasetan.
-
1.fasea- Erakartzea
Pertsonaren interesa pizteko, ondo aukeratzen da eman beharreko informazioa eta engainua erabiltzen da pertsonak taldearen egiazko helburuen eta hartuz joango den konpromiso mailaren berri izan ez dezan. Kaptatzaile edo “gakoak” bere erakargarritasuna baliatzen du eta segurtasuna eta laguntza erabiltzen du kide berria bereganatzeko. Batzuetan goraipatu egiten dira kide berriaren dohainak eta beste batzuetan, aldiz, bere hutsune edo beharrak nabarmentzen dira, sekta edo taldea arazo guztien konponbide gisa aurkezteko. Taldeak presioa egiten du eta ez dio uzten pertsonari gogoetarik egiten. Taldeko kideekin konprometitzera behartzen da kidea, taldeak berak ezarritako helburuak lortzeko. -
2.fasea- Konbertsioa
Pertsona interesaturik dagoenean, bere nortasuna aldatzeko fasea hasten da, taldearen interesetara egokitzeko. Informazioa manipulatu egiten da eta kide berriarentzat taldeari interesatzen zaiona bakarrik aukeratu. Edo informazioa berriz interpretatzen zaio: kanpoko kritikak irain, jazarpen, azpijoko edo suntsitzeko asmo gisa aurkezten zaizkio. Gainera, pertsona sartu berriaren hizkera ere aldatu egiten da eta taldearen hizkera edo argot berezia ematen zaio; horrek areagotu egiten du konplizitatea eta kide sentimendua handitu egiten du. Baina sekta ez da sekula sekta gisa aurkeztuko. Biltzarrak, jardunaldiak eta hitzaldiak antolatzen dira eta bertan buruzagiek taldearen printzipio eta jarraibideak irakatsiko dizkiote kide berriari. Azkenik, sinestun berriari bi mundu kontrajarri azalduko zaizkio begien aurrean: sektarena (dena zuzena, logikoa eta egiazkoa) eta kanpoko mundua, antolakuntzaren kontra dagoen guztia gaizto, oker eta kaltegarria.
-
3.fasea- Atxikipena
Apurka-apurka, taldeari “traizioa egiteko” aukeraren aurrean errudun sentimendua eta beldurra sentiaraziko zaizkio, taldea uztea zailago izan dadin. Batzuetan, txantajera ere iristen dira: ez da komeni taldea uzterik, buruzagiek kidearen isilpeko alderdi asko ezagutzen dituztelako edo amaierarik gabeko gaitzak gerta litezkeelako.
Ez da betikoa
Etxeko eta lagunek arraro aurkitzen dute, desberdin. Taldea bere nortasunaz jabetu da eta sektaren interesen zerbitzura bizi da ia erabat. Gogoa beste nonbait duela dirudi, gauza guztien gainetik sentitzen da eta ingurukoek eskuratu ezin izan duten egia absolutuaren jabe. Bere nortasunak aldaketak izaten ditu, eskuliburuetan “disoziaziozko nahaste atipikoa” izenez deskribatzen da, eta besteekin erlazionatzeko era distantea du ezaugarri nagusi, hartu duen jarrera zalantzan jartzen dutenekiko batez ere. Hotz eta emozio gutxiko azaltzen da hurbileko pertsonekin. Sarritan utzi egiten dute lana edo ikasketak edo sektarako kideak harrapatzeko erabiltzen dituzte gune horiek. Zorionez, manipulazioa handia den arren, nukleo kaltegarri horretatik gaitzik gabe ihes egitea lortzen dute sekten sareetan erortzen diren gehienek. Eta harrapatutakoen artean ere, nolabaiteko autonomiari eustea lortzen du zenbaitek. Zalantzan daudenekin erabiliko ditu sektak, talde horretan “mundu guztiak nahi duenean sartu edo irteteko aukera duela” erakusteko.
Hasieran, sektarekiko lehen harremanetan, pertsonak eutsi egiten dio bere nortasunari eta taldetik kanpoko pertsonekin harremanak izateko gaitasunari. Lehen garaian zehar, kide berria taldearen helburuekin erabat identifikaturik dagoenean, nabarmenago egiten hasiko dira nortasunaren aldaketak eta handitu egiten da taldeko kide izatearen sentimendua. Ezagutu den mundu berriari buruzko guztia goraipatu egingo du. Kidearentzat, bizitzan gertatu zaion gauzarik zoragarriena da. Dagoeneko ez du taldeari buruzko oharrik onartzen, kritikak baztertu egiten ditu eta aldendu egingo da familia eta lagunengandik. Ohiko da umore aldaketa handiak izatea. Dependentzia finkatzean, umekeria eta heldutasunik eza erakusten duten sintomak agertzen dira: oso hausnarketa gutxi egingo du eta erabakiak hartzeko gaitasuna desagertu egiten da. Familian eta gizartean harremanak izateko zailtasunak agertzen dira eta taldetik kanpo moldatu eta hortik kanpora duen jokaera ebaluatzeko ezintasuna agertuko zaio.
Beste fase bat, jakina, taldea uzten denekoa da, kide batzuek sektan mugarik gabe jarraitzen duten arren. Zalantzak dituztelako, nekatuta daudelako, interbentzio terapeutikoa tarteko, edo besterik gabe, taldeak bota dituelako egiten dute alde. Zoritxarrez, hau ez da azken etapa.
Ondorioak geratzen dira: sektan izandako esperientziak gorabeherak eragiten ditu. West-ek “Sekta-doktrinatzearen sindromea” deitzen dio eta Galper-ek “Bortxazko pertsuasioaren sindromea”.
Sintomak: kontzientzia egoera alteratuak, kezka, errudun sentimendua, beldurra, nork bere buruarengan konfiantzarik eza eta pertzepzio paranoikoak.
Efektu larriagoak: psikosi erreaktibo eskizofrenikoa, episodio psikotikoak eta estresak eragindako sintoma postraumatikoak, arretari eutsi ezina, memoria arazoak, fobiak, sintomatologia psikosomatikoa eta suizidio saiakerak.