Haur programazioa

Kalitate tekniko kaskarra eta arreta gutxi hedatzen diren baloreen inguruan

1 maiatza de 2000
Img temap

Kalitate tekniko kaskarra eta arreta gutxi hedatzen diren baloreen inguruan

Helduok sarritan egiten ditugu telebistako programei buruzko kritikak, egunean baino egunean bideratuago baitago telebista ebasiora eta ikuskizun hutsalera, gero eta audientzia maila handiagoa lortu eta iragarleen inbertsioak erakartzeko. Publizitateak finantziatzen baititu telebista kate pribatu zein publikoak, zati batean edo erabat. Baina, nolakoak dira etxeko txikienei zuzendutako telebista programak, hain arreta gutxi eskaintzen diegunak?

Galdera horri erantzuten saiatu da CONSUMER eta horretarako haur programazioko 103 ordu aztertu ditu (4 eta 12 urte bitarteko ikusleei zuzenduak) guztira 11 telebista katetan (TVE1, La 2, Tele 5, Antena 3, Canal Plus, ETB1, Canal 9, Canal 33, Telemadrid, Canal Sur eta TVG), estatu mailako zein erkidegokoetan, pribatu zein publikoetan; haurrentzat berariaz eskaintzen diren ia programa guztiak aztertu dira. Ondorioa etsigarria izan da: telebistako eduki horiek, salbuespenak salbuespen, pobreak dira teknikoki eta ikuspegi artistikotik eta kasu batzuetan zabaltzen dituzten baloreak (indarkeria, sexismoa, desberdinaren diskriminazioa, kontsumisko irrazional eta konpultsiboa…) ez dira egokiak haurrentzat, beren nortasuna osatzeko prozesu betean baitaude. Gainera, publizitate asko izaten da programen aurreko zein ondorengo minutuetan eta baita programan zehar edo emisioaren etenaldietan ere.

Batez beste, iragarkiek (komertzialek zein telebistako beste programa batzuei buruzkoek) haur programazio osoaren %8,5 osatzen dute, izugarrizko aldeak diren arren: Antena 3 eta Tele 5 kateetan %15etik gorakoa da; TVG, Canal 9, Canal Sur, Telemadrid eta Canal Plus kateetan ez da %5era ere iristen. Publizitate horren edukia ere aztertu zen: 11 kateetatik seik haurrentzat egoki ez diren iragarkiak ematen dituzte (indarkeriazko eszenak edo oso erotikoak, kateak iragartzen dituen telesail edo filmetakoak, botika eta produktu mirarigileen iragarkiak). Haurren programazioaren aurretik, tartean eta atzetik ematen den publizitatea gutxien zaintzen duten kateak Tele 5, Antena 3 eta Telemadrid dira. Eta azterketa egin den garaian publizitatea gehien zaindu eta kontrolatu dutenak Canal 9, Canal Sur, Canal Plus, TVE1 eta La 2.

Ez dago ia egiazko programarik

Ohikoena ez dira telebistako saioak, programa “zakuak” baizik (Tele 5eko Club Disney, Antena 3eko Megatrix, eta TVEko TPH), barruan hainbat eduki desberdin biltzen dituztenak (marrazki bizidunetako sailak, irudi errealekoak, lehiaketak, musika emanaldiak…) , kalitate aldetik oso desberdinak, bata besteari erantsita baina jarraipenik gabeak eta inolako ezaugarri bateratu eta bateratzailerik gabeak. Programetan bertan ez da izaten egitura bateraturik, ez eta forma eta eduki aldetik intentzio jakinik, programari nortasuna eta sendotasuna emango dionik; horregatik, ez dira benetako programak. Programa horiek “zaku” hutsak dira, mila modutako produktuen amalgama, ausaz programatuak eta irizpide ekonomiko eta pragmatikoetan oinarrituta gidatuak, benetan haurrentzat interesgarri izango diren emisioak prestatzera bideratuak baino. Programa horietako askotan, aurkezleek ez dute iragartzen haurrek jarraian ikusiko dutena.

Seguru asko ez baitute jakin ere egingo, programak aste guztirako, plato bakarrean, egun bakar batean eta presaka grabatzen baitira. Arreta eta aurreikuspen urria eta programa erakargarri, ongi egindako eta ikusle txikienen berariazko ezaugarriak errespetatzen dituztenik ez izateak, badirudi nabarmen uzten duela telebista kateen haurrenganako interesik eza eta beste hutsune bat ere uzten dute argi: telebista kateek ez dutela haur psikologia eta pedagogikoako aditurik programazio hori prestatzeko. Labur esanda, erruz dira kalitate eskaseko telesail eta programak, ikusle gaztetxoenak eta beren eskubide eta berezitasunak kontuan izan gabe paketeka erosiak. Eta urri dira gustu ona, sormena, asmamena eta sentsibilitatea ere. Bereziki, programak falta dira, benetako programak (batez ere kateak berak sortuak, ia ez baita horrelakorik).

Ikerketaren emaitzak

Ikerketak bi atal ditu: alde batetik, programen interesa eta kalitate tekniko-artistikoa eta, beste aldetik, baloreei dagokiena, telebista kate hauek bultzatzen dituzten baloreak (elkartasuna, askatasuna, berdintasuna, ingurugiroaren errespetua, tolerantzia…) eta kontrabaloreak (indarkeria, sexismoa, desberdina denaren bazterketa edo kontsumismoa tribializatu edo bultzatzea). Eta ponderazio egokia egin ondoren, kate bakoitzak eskaintzen duen haur programazioaren balorazio orokorrera iritsi da. Erabilitako metodologiari buruzko informazio gehiago: www.consumer-revista.com 11 kateen batez bestekoa ez da aprobatura iristen; lau katek (Canal 33, La 2, Canal 9 eta TVE1 kateek) bakarrik gainditu dute azterketa eta bat ere ez da 7 puntu lortzera iritsi. Suspenditu dutenen artean, haurrentzako programaziorik txarrena dutenak Tele 5, Antena 3 eta Tele Madrid dira, ordena horretan. Atzetik Canal Sur eta TVG. Hobetoxeago, baina erdipurdi eta aprobatura iritsi gabe, Canal Puls eta ETB1 daude.

Xehetasunetara etorrita, haurrentzako programazioak hedatzen dituen baloreei begiratuta, Canal 33 (Kataluniakoa), Canal 9 (valentziarra), La 2 eta TVE 1 kateek aprobatua erdietsi dute. Atal honetan, programaziorik txarrenak Tele 5, Antena 3 eta TVG (Galiziakoa) kateetakoak dira, suspentso borobilarekin. Aprobatutik urruti geratu dira Telemadrid, Canal Plus eta ETB1 ere, eta Canal Sur kateko programazioa hobexeago jo daiteke, azterketa gainditu ez duen arren. Programaka, zabaltzen dituzten balore sozialen aldetik programarik onenak El Conciertazo eta Peque Prix (biak TVE1 katean), eta TPH Club (La 2) eta Club Super 3 Canal 33koa dira.

Interesari eta kalitate tekniko zein artistikoari dagokionez (gidoia, produkzioa, errealizazioa, erabiltzen den hizkera…), hobexeagoak dira, baina etsigarriak hala ere: 11 kateetatik bostek suspentsoa atera dute. Eta notarik onena ere “ongi” soila da. TVE1 eta Canal 9 valentziarra dira ranking-eko buruan, eta oso hurbiletik Canal 33, Canal Plus eta ETB1. Beste muturrean, kalitate eta interesei dagokienez programa txarrenak Canal Sur, Telemadrid eta Tele 5n ikusi ditugu. Antena 3 eta TVGk ere suspentsoa atera dute, aurreko kateek baino balorazio hobea izan duten arren. Kalitatea osagai funtsezkoa da edozein haur programatan, izan ere irizpide horrek haurrengan ikusentzunezko eta kulturazko produktuen kontsumitzaile gisa ohitura onak sortzen laguntzen du. Edo, alderantziz.

Balorazioko irizpide zorrotzak

Ikerketa hau egiteko, oso irizpide zorrotzak erabiliz, oso kontuan izan da pertsonak 4 eta 12 urte bitarteko garai horretan bizi duen etaparen garrantzia, bere intelektoa eta sozializaziorako gaitasuna garatzen ari baita haurra. Horrenbestez, ezin dugu albora laga edo arinkeriaz hartu telebistak pertsonaren bizitzako lehen urteetan duen eragina, telebistak haurrengan duen egiazko garrantzia zalantzan jartzea ere komeni izan arren. Horregatik, haur programen zuzendariek eta, beraz, telebista kateetako zuzendariek duten erantzukizun berbera dute guraso eta hezitzaileek ere; izan ere, guraso eta hezitzaileek haurrei lagundu egin behar diete telebistako programak aukeratzen, ahalik eta irizpide arrazional eta autonomoenarekin. .

Bistakoa da, beraz, komunikabideetako arduradunak haurrak konkistatu beharreko audientzia huts gisa eta produktu komertzialen kontsumitzaile gisa baino ikusten ez badituzte, guraso eta hezitzaileek bikoiztu egin beharko dutela beren ahalegina seme-alaba eta ikasleak telebista kontsumoan orientatzeko eta programak aukeratzen lagundu, beren kalitatea antzeman eta jasotzen dituzten mezuak era aske eta arrazional batean interpretatzeko.

Programa interesgarrienak

Programa “edukiontzi” edo “zakuetan”, gomendagarrienen artean Club Super 3 (Canal 33) etaTPH Club (TVE1 eta TVE2) dira.Club Super 3 (Canal 33) da azterturiko guztien artean onena. Gustu hobez egina da, publizitateari arreta handiagoa jartzen zaio (ongi bereizten da telesail eta aurkezpenetatik) eta haurren munduko produktu, filme eta abarrak baino ez dira ematen. Aurkezpenak elektronikoak dira, nahikoa efektistak, ongi landuak eta modernoak: eremu birtual batean sartzen den inpresioa eragiten diote ikusleari. Club Super 3 programaren gauzarik onena adinen ordena eta kategoria argi eta ongi ezarrita edukitzea da. Eta kalitatezko produktu eta telesailak dituela. Gainera, askoz balore gehiago hedatzen du kontrabaloreak baino (atal honetan 10 puntutik 8 eskuratu zituen eta TPH ez zen 6 puntura iritsi) eta gorren hizkuntza ere nahiko sarri erabiltzen da. Hala ere, Club Super 3 programan ikuslearekiko interaktibotasun eskasak eta hizkera pobreak merezi du txalorik gutxien.

TPH programak material ugari eta anitza (eta irregularra) du bere baitan eta nota ona merezi du. TPH (La 2) programaren gauzarik onena Super ñ da, panpina bera eta bilatzen edo asmatzen dituen hitzak. Hizkuntzaz kezkatu egiten dela, azken batean. Telesail batzuk, klasikoak batez ere, kalitatezkoak dira. Eta Barrio Sésamo txalogarria da orokorrean. Bestalde, TPHk arreta berezia eskaintzen die haurrik txikienei. Eta, edukiontzi horretan, ugariago dira baloreak kontrabaloreak baino. Hobetzeko modukoen artean, TPH (La 2) programan, telesailen irregulartasuna aipa daiteke, batzuk kalitate kaskarrekoak baitira; baita gidoia, elkarrizketak eta aurkezpenak ere. TPH (TVE1) programak duen gauzarik onena, bestalde, haur txikienei zuzenduriko produktuak dira, La 2 katean baino gutxiago diren arren, eta Cuentilares saila eta telesailen bat. Eta txarrena, La 2 kateko TPHrako esandakoaz gain, indarkeriazko programa japoniar larregi eta eduki eta publizitateen nahasketa.

El Conciertazo (TVE1) oso programa ona izango zen (hau benetako haur programa dela esan daiteke) aurkezlearen irudia gehiago zaindu izan balitz, izan ere aurkezleak ez daki haurrei zer tratamendu eman behar zaien. Gaitasun intelektual urriko pertsonekin ari balitz bezala hitz egiten du, larregi dramatizatuz, esageratuz eta giro sineztezinak sortuz. Haurrek egunero ikusten dituzte helduentzako programak eta ohitu egin dira horietako hizkerara, ahozko zein idatzizkora. El Conciertazo programak ez ditu aprobetxatzen horrek profesional on bati ematen dizkion abantailak. Aurkezlea albora utzita, programa oso ongi planteaturik dago eta musika kultuaren mundua irekitzen die haurrei.

Edukiontzi edo “zakuekin” jarraituz, El Club Megatrix (Antena 3), El Club Disney (Tele 5) eta La Banda del Sur (Canal Sur) dira txarrenak. El Club Disney Tele 5en haur eta gazteentzako programazioaren oinarria da. Animazioaren munduko klasikoak ditu, Micky Mouse esaterako. Disney telesailek kalitate onartua eskaintzen dute, bereziki Donald edo Micky klasikoek. Baina aurkezpenak aurkezle gazte ezjakinek egiten dituzte, haurrez inguratuta, publizitate ugari nahastuta eta katearen promoak nagusi direla – gaueko programazioa, batzuetan desegokia indarkeriazko irudiak edo oso erotikoak eskaintzen dituelako- eta Disney produktuak: jostailuak, jokoak, era askotako salgaiak, bideoak. Aurkezleen hizkera oso pobrea da, konbentzionala eta topikoz eta esanahirik gabeko esalmoldez betea. Baina edukiak dira txarrena (horiek artean Pokemon, marrazki bizidunetako telesail bat, haurrak larregi aztoratzen dituena eta gurasoenganako ezinikusia ere sor dezakeena), produkzio japoniarreko telesail larregi, indarkeria izugarri eta oso kalitate tekniko kaskarrekoak.

Antena 3eko Club Megatrix. Tele 5ekoagatik esan den guztia errepika liteke, baina ez du Disneyrik. Aurkezleak eta aurkezpenak Disneykoak baino are kaskarragoak dira. Anabasa ikaragarria da. Adinen bereizketa oso gaizki egiten denez, haur batek, bere adinerako den programazioa ikusiko badu beste adin guztietarakoa ikusi behar izaten du. Edukiontzi honen barruan aurki dezakegu marrazki bizidunetako telesailik onenetako bat, Pesadillas, eta irudi errealeko onenetakoa: Pippi Calzaslargas. Gauzarik txarrena, El Megalote, oso lehiaketa txarra, batez ere hizkera aldetik. Power Ranger ere alderdirik txarrenen artean aipatu behar, indarkeria handia eta kalitate tekniko penagarria baitu.

La Banda del Sur, Canal Sur katekoa. Beste edukiontzi batzuk bezala, oso gaizki egituraturiko gidoiak ditu, elkarrizketa ezin txarragoak, grazia eta zorroztasunik gabeko inprobisazioak, aktore-aurkezle gaizki zuzenduak… Jantziak eta dekoratua pobreak dira eta asko antzematen da bitartekorik eza. Teleserie larregi eta publizitate asko dago. Nahasmena da nagusi. Gauzarik onena Los Teletubies direlakoak dira, eskolaurreko umeentzat. Eta txarrena, indarkeriazko eta kalitate txarreko telesail japoniar gehiegi dituela.

Marrazki bizidunak

Asko dira onak.CONSUMERek onentzat aukeratu dituenak Micky Mouse, Tom eta Jerry eta Pantera Arrosa dira. Micky saguaren marrazki bizidunek, kalitate handia izateaz gain, estilo jakin bat markatu dute eta badirudi betiko direla. Tom eta Jerry: Diseinu eta animazioaren aldetik kalitate paregabea. Marrazki bizidunen sail honek bete betean biltzen ditu animazioko arauak: batak besteari egiten diotena egiten diotela, sekula ez da ezer gertatzen. Biktima berehala pizten da. Ez dago zauririk, ez odolik, ez heriotzik. Protagonisten ekintzek ez dute eragin txarrik eta ez dago errudunik. Pantera Arrosa, berriz, nahasmenaren eta zorroztasunaren ordezkari da. Gainera, hainbat irakurketa maila egiteko aukera eskaintzen du.

Marrazki bizidunetan gomendagarri ez direnen artean, Pokemon, Pesadillas eta Power Ranger aipatu behar. Pokemon-en kasuan, ezinbestez bi identifikazio ereduren artean aukeratu behar dute haurrek eta zein baino zein okerragoak dira: Pokemon-ak edo horien jabeak. Zomorrotxoekin identifikatu ohi dira, jabeen agresibitatez betetako aginduak bete behar dituzten zomorroekin. Azkenean jabeak guraso eta irakasleekin lotzen dituzte umeek. Eta izu-ikaraz bizi dezakete Pokemon-tarren arteko borroken eta pertsona helduen gogoko izateko lehian aritzeko sentitzen duten behar bortitzaren arteko paralelismoa.

rudi errealeko telesailak

CONSUMERen aburuz, eta kalitate teknikoko eta baloreen transmisioko irizpideak ezarri ondoren, honako hauek dira telesail onenak: La familia Adams (baikorra da, graziaz desmitifikatzen ditu beldurra eta bere sinboloak eta umore handikoa da. Eta barre egitea oso osasungarria da) eta Pipi Calzaslargas, literatura tradiziorik onenean oinarritua eta produkzio osokoa, haurrek oso gustuko dute; eredutzat hartzen dute Pippi eta ikuskizuna amaitzen denean berriro ere bera izatera itzultzen da haur bakoitza, baina gehienetan pixka bat aske, alai eta biziago. Aurreko biak salbuetsita, gainerako telesailak erdipurdikoak edo txarrak dira. Eskasenen artean, “Nada es para siempre”, “Al salir de clase” eta Nikita daude, denak ere gazteentzakoak. Lehen biak antzekoak dira: ordubeteko telesail dramatikoak, bideo euskarrian. Telesail horietako gidoietan ez da talenturik antzematen eta gazte protagonistek istorio sinestezinak bizi izaten dituzte. Elkarrizketak irrealak dira, protagonistak ez dira bat ere sinesgarriak eta, orokorrean, telesailak ere ez dira sinesgarriak. Eta haurrei eskaintzen zaizkien ereduak kaxkarinak eta azalekoak dira. Nikita desberdina da. Zinemako euskarrian egina dago eta baditu baliabideak eta bitarteko teknikoak. Ongi egina dago eta akzioa etengabea da. Anbiguotasun etikoa -pertsonaje onak gaiztoak bezain gaizto dira- eta emakumearen tratamendua ez dira gomendagarriak. Gainera, indarkeria fisiko eta psikologiko argia nagusitzen da agertzen diren pertsonajeen artean. Egia esan, gidoiek zuzen betetzen dute asmoa: jite erotikoko komiki baten moldaketa da Nikita.

Gurasoentzako aholkuak

  • Haurrek telebistaren aurrean ematen duten denbora kontrolatu egin behar da, baina ez erlojua eskuan hartuta, programazioa aztertuta baizik. Hautatu programak kalitatearen, edukien interesaren eta haurraren atseginaren arabera eta haurrari aukeratzen utzi adina eta behar den irizpidea baldin badauka.
  • Haurrek ez dute telebista bakarrik ikusi behar, ez beti behintzat.
  • Gurasoek informazioa bilatu behar dute seme-alabek ikusten dutenaz. Eta pazientziaz eta arrazoi sendoz argumentatu programa bat eurentzat zergatik den edo ez den egokia. Eta desegokitzat jotzen ditugun emisio edo eszenak ikusten badituzte (dena delako arrazoiagatik), eurekin egotea da onena: horrela erantzun egin ahal izango diegu haurren zalantzei edo ikusten ari direnari buruz komentarioak egin.
  • Telebistaren erabilera larregikoaren aurrean, eskaini haurrei irakurgaiak, ekintzak, jolasak, etxeko elkarrizketa giroa, lagunekin egoteko aukera.
  • Haurren logelan ez da telebistarik izan behar.
  • Izan gaitezen seme-alabentzat eredu eta egin dezagun telebistaren erabilera zentzuduna. Irakurri, seme-alabei entzuteko eta eurekin hitz egin eta jolas egiteko astia hartu.
  • Ez eduki telebista piztuta haurrak jaten, jolasean edo etxeko lanak egiten ari denean. Ez eta lotarako ere.
  • Telebista ez da sartu behar sari eta zigorren mekanismoan.

Programak epaitu eta aukeratzeko:

  • Fikzioa bada – filma edo marrazki bizidun nahiz irudi errealeko telesaila- aztertu egin beharko da kontatzen den istorioa, jorratzen den gaia, garapena eta akzio dramatikoa. Baita irudiaren aldetik duen kalitatea ere. Eta, azkenik, haur programazioaren inguruko publizitatearen kopurua eta kalitatea. Edukiei dagokienez, pertsonajeak nolakoak diren aztertzea komeni izaten da. Azter ditzagun portaerak: bortitza edo oldarkorra da? Atsegina eta tolerantea? Sexista? Jarrera diskrimitzaileak izaten ditu? Eta sortzen digun erreakzioa eta proposatzen den identifikaziorako modeloa nolakoa den aztertu. Gauza bera egin daiteke publizitatearekin ere. Komenigarria izaten da atera ditugun ondorioak haurrei komentatzea -zorroztasun larregi gabe eta era atsegin batean- eta eurak ere gogoeta egitera gonbidatuz, telebista era arrazional eta kritikoan ikusi behar baita eta hori ere ikasi egiten da.

Haurrentzako telebista askoz hobeto egin daiteke

  • Telebistak leiho handi bat irekitzen du mundura eta haurrentzat tresna sozializatzaile, informatzaile eta entretenigarri paregabea da (erosoa eta merkea delako eta etxe guztietan dagoelako), ongi erabiliz gero. Eta haurrentzat programa interesgarriak, atseginak eta guraso eta hezitzaileek ezarri nahi duten balore sistemarekiko kontraesanik gabeak (edo gutxienez ez txosten honetan agertu diren bezain kontraesakorrak) baldin badira. Eta ez dezala haurren hizkera hondatu edo espresibitatea murriztu eta umeak kontsumismo neurrigabera bultzatu. Horretan badute erantzukizuna emisoreak, telebista kateak eta bertako profesionalek. Hona hemen hobetzeko moduko zenbait kontu:
  • Telebista kateek interes eta ardura handiagoa jarri behar lukete Club Megatrix, Club Disney eta antzeko edukiontzien kalitate orokorra zaintzeko, arreta handiagoa programak elkarri josteko gidoietan eta hizkuntza lasaiago, landuago eta zuzenagoa erabili. Eta aurkezleak hobeto zuzendu.
  • Eta telesail eta programen blokeak bereiztu “programa zakuen” barruen, adinaren arabera: eskolaurrea, haurrak eta gaztetxoak.
  • Publizitateak (eta helduentzako programazioaren iragarkiek) errespetatu egin behar dituzte ikusle txikienen adina, mentalitatea eta beharrak. Eta programaziotik ongi bereiztu kortinila edo errotulu baten bitartez, haurrak argi ikus dezan publizitate hutsa dela. Programen barruan ez da publizitaterik sartu behar.
  • Telesailen kalitate tekniko eta estetikoa, marrazki bizidun zein irudi errealekoena, hobetu eta zaindu egin behar litzateke, edukien interesa eta baloreen aberastasuna bezala. Gaur egun gure telebistetan ematen dena baino kalitate hobeko produkzioa eskaintzen du merkatuak.
  • Marrazki bizidunetako telesailak eta irudi errealekoak orekatuta eman behar lirateke, irudien intentsitatea eta abiadura kontuan izanda, ikusleari atsedena emateko erritmoa zainduz.
  • Moteldu edo kontrolatu egin behar litzateke alferrikako indarkeria edo arinkeria eta, zeharkakoa izan arren, arrazakeria, xenofobia, desberdina denaren diskriminazioa edo sexismoa bultzatzen duen edozer.
  • Bultzatu egin behar lirateke zenbait balore: adiskidetasuna eta giza harremanak, elkartasuna, bakea, baikortasuna, tolerantzia, umorea, eskuzabaltasuna, sormena, kultura…

Telebistak merezi du jasotzen duen kritika

Lolo Rico. Telebistako haur programazioko aditua

Telebistako irudiari duen balioa ematen diot, bere zeinu sistemaren anbiguotasuna eta zinemaren -zazpigarren artearen- aldean duen kalitate kaskarra ere aitortzen dudan arren. Hizkera propiorik sortzen asmatu ez izana da telebistaren drama. Izan ere, denbora eta espazioari lotutako kontuetan izan ezik, ez du asmatu hizkera propiorik sortzen eta denbora eta espazioaren zentzuan ere aldatu egin du gure izaerak berezko duena eta gure ametsetako denbora eta espazioaren ikuspegiaren antza hartu du. Zineak bezala, telebistako irudi elektronikoek ere eragina dute gugan, nolabait esatearren gure adimena horien arabera egokituta baitago. Distantzia geografikoaren eta denboraren hesiak gaindituta lehen pentsaezina zena ikusteko aukera dugunez, gure pentsamendua eta munduaren pertzepzioa nabarmen desberdina da beste mende batzuetako gizakienaren aldean.

Telebistak eta bertako programek sentimenduetara bidaltzen gaituzte etengabe, baina ez Descartesek esan zuen bezala “arimaren emozio eta izpirituaren mugimenduren batek eragin, eutsi eta indarturiko gisa”, batez ere instintiboa denari eragiten dioten aldartearen aldaketa gisa baizik. Bultzatu beharrean, zentzuak kontrolatu egin behar lituzke horiek, ikuspegi estetikotik zein etikotik hautatu ahal izateko. Gaur egun ikus-entzunezkoetan teknika menperatzea da nagusi, baina sormena gutxitu egin da. Telebistan, agian Estatu Batuetako industriako materialez hornitzen delako (zinema eta telesail komertzial hutsez, horien artean haur eta gaztetxoei zuzendutako kalitate txar-txarreko filmez), moda-modan dago hori.

Telebista edozein etxetako altzaria da. Etxe askotan etengabe piztuta izaten da, irudiak, hitzak, musika eta soinu efektuak emitituz. Telebistaren aurrean garatzen da eguneroko bizitza eta telebista ikusteak ez du inolako mugimendu, arreta edo ahaleginik eskatzen; telebista ikustea keinu automatiko bihurtu da eta zenbat eta gehiago ikusi, beldur naiz orduan eta gaitasun gutxiago izango dugula gogoetarako eta iritzi kritikorako. Ume askok metraileta hotsez lagundurik jaten du mokadu bakoitza, polizien sirena eta borroken hotsekin lokartzen da eta marrazki bizidunetako ahots bizien erritmoan egiten ditu etxeko lanak.

Telebistan sartuz egiten dute jolas, pantaila txikian gertatzen diren ekintzetan beren buruak proiektatuz eta bertako pertsonajeekin identifikatuz. Pantailaren bidez, telebistaren erritoa sartzen du eguneroko bizitzan. Eta errito hori indartu egiten du existitzen den eta hurbil den arren zer teknika duen eta nola funtzionatzen duen ez dakigun horren magiak. Inork ez dio jartzen bere buruari helburu gisa telebista ikustea. Hala ere, gizakiaren edozein ekintzak helburu kontzientea izan behar du. Automatismoak ez du helbururik izango edo helburua ez da behintzat ekintza arrazionalaren izaera berekoa izango. Kontraesanaren aurrean gaude hemen: beraz, bere eginkizuna betetzen du telebistako aparailuak, irudiak eta soinuak emititzea alegia eta eguneroko bizitzako altzari bihurtu du ohiturak. Telebista pizturik izatea ekintza hutsala da. Hala ere, gai honetaz ezer ez dakitenentzat uhinen transmisioa oraindik ere misterioa denez, magikotasun eta lilura sentimendua inkontzientean geratzen da. “Irudiak menpera ditzaket”, esaten dio haurrak bere buruari zapping egiten ari denean (horregatik izaten dute hain gogoko tresna eskuan izatea), “eta, beraz, nire pertsonaje gogokoenek adina botere daukat.

Haiek baino gehiago, aise lortzen baitut pertsonaje horiek nire esanetara jartzea. Parte hartzen dut mirakuluan”. Eta “mirakuluak” kutsatu egiten du mundu erreala, etxeko eremua eta eskolakoa, familiakoak eta irakasleak ordezkatuz. Izan ere, konturatu gabe, telebistaren eta ikuslearen arteko harremana handitu egiten da. Mirarizkoa zena, gero eta errealago bihurtzen da, irrealtasuna baitoa sortuz, izateko eta ikusteko modu berri bat ematen diguna. Horrela, “joko” horren erritualak axolagabekeria sentiarazten dio haurrari inguruko guztiaren eta bertan bizi direnenganako. Makina fetitxe bihurtu da, oso harreman estua sortzen da eta espazio eta denbora errealari ametsetakoa nagusitzen zaio.

Telebistak, gertaera batzuk kontatu eta beste batzuk nahita ezkutatzen ditu, bere isiltasuna kontatzeko modu zehatza dakienaren eraginkortasunarekin ezkutatu ere -askorentzat telebista “ateratzen dena” besterik ez da existitzen-; horrez gain, baina, telebistak sortu egiten ditu gertaerak, benetan gertatzen ez diren errealitatearen itxurak egin edo gure mundua aldatu egiten du, eta errealitatea hutsal eta ikuskizun bihurtzean. Programa jakin batek salbuespen bihurtzeko asmoa izan arren, hutsal bihurtzen da telebistako parrillan sartzean. Errealitate hutsaldua da, guztion eskura jarria, kontzientziak bateratu eta prekariotasun intelektualean guztiok berdintzen gaituena. Niretzat, ez dago ia desberdintasunik telebistako programen eta publizitatearen artean. Telebista-altzariak merkatuarekin bat datorren fikziozko pertsonaje bihurtzen gaitu guztiok (batez ere haurrak eta nerabeak, defentsa gutxiago baitute), mundu erreala deuseztatuz eta mundu horrekiko konpromisorik hartzea eragotziz.

Mundua ulertzeko eta gainerako gizakiekin erlazionatzeko funtsezko kodea, beste kodeentzat eredu gisa balio duena, hitza da. Gizakia izaki hiztuna da oraindik. Tradizioz, idazmenaren bidez iristen zen pertsona pentsamendura. Orain irudiaren bitartez iristen gara batez ere. Baina telebistak ahozko unibertso bat ere sortu du, oinarri-oinarrian harridura, interjekzio eta esaldi zatikatu eta hautsiz osatua, irudien abiadak ezinezko egiten baitu lengoaiaren egitura bere lege propioen arabera garatzea. Gazteek telebistako jerga imitatzen dute eta nerabeen hizkerarik arruntena da horren emaitza: hautsia, baliabidetan ezin pobreagoa, zatikatua, akastuna eta masifikatua.

Bestalde, telebistak informazio asko ematen duela dirudi. Baina ematen dituen ezagutzak loturarik gabeak eta sailkatuak dira eta eragotzi egiten dute jakintza egituratua eskuratzea. Prozesu intelektual sekuentziala behar du, tradizioz idazketarekin lotua eta telebistak jakintza iturri ia bakar gisa aldatu egiten duena, fragmentazioan eta instantekotasunean oinarritzean. Barruan sartzen den guztia haragia bezala xehe-xehe egiten duen makinaren parekoa da telebista eta tratamendu berbera ematen dio metrailetak etengabe tiroka dituen akziozko filmari, publizitateari edo munduko goseari buruzko erreportaje bati.

Dena bateraturik geratzen da haragi xehatu formarik gabean eta produktu bakoitza telebistako emisioa den osotasun homogeneo horretako zati bihurtzen da. Egunean zehar hainbeste irudi kateatu eta pilatzen da ezen, ezinezko baita sailkatu eta irakurketa arrazional eta koherenterik egiterik. Nagusi dira akzioko eszenak, ekintza indarkeria eta agresibitatearekin parekatzen duen azpiproduktuan, ia kirol ikuskizun bihurtzeraino. Horrela, gure sentsibilitatearentzat jasanezin liratekeelako errealitatean ikusi nahi ez genukeena -kaleko borroka bat, besterik gabe-, telebistan onartu egiten dugu, egiazko zentzua galdu egiten duelako; indarkeria ezereztu egin da. Jarraipenik gabeko hainbeste irudi ikusteak (horrelakoak izaten dira haurren programa-edukiontziak, irizpide komertzialekin pentsatuak; audientzia erakartzea baita funtsezko helburua); irudiak ikusteak, beraz, ezinezko egiten du zorroztasunez ikusi eta errealitatea bereiztea, bi eragiketa horietarako ezinbestekoa baita ezagutzen den hura objektibo eta unibertsal bihurtzeko gaitasuna, jarrera kritiko eta epaitzailez bereganatzeko.

Horrela, gure sentsibilitatearentzat jasanezin liratekeelako errealitatean ikusi nahi ez genukeena -kaleko borroka bat, besterik gabe-, telebistan onartu egiten dugu, egiazko zentzua galdu egiten duelako; indarkeria ezereztu egin da. Jarraipenik gabeko hainbeste irudi ikusteak (horrelakoak izaten dira haurren programa-edukiontziak, irizpide komertzialekin pentsatuak; audientzia erakartzea baita funtsezko helburua); irudiak ikusteak, beraz, ezinezko egiten du zorroztasunez ikusi eta errealitatea bereiztea, bi eragiketa horietarako ezinbestekoa baita ezagutzen den hura objektibo eta unibertsal bihurtzeko gaitasuna, jarrera kritiko eta epaitzailez bereganatzeko. Ikusten ari garenaz gogoeta egiteko ezintasunak zailago egiten du ezagupenak behar bezala gorde eta zergatiak eta efektuak analizatzea. Haurrei, zoritxarrez, irudiak dekodifikatzeko zailtasunak eragotzi egiten die errealitatea eta fikzioa bereiztea eta moteldu egiten da pertsona jantzi, pentsakor, kritiko eta aske gisa garatzeko prozesua.

Publizitatea haur programazioan

Telebista kateek publizitatez betetzen dute haurrei zuzenduriko programazioaren %9,5 batez beste (programen aurreko eta ondorengo tarteak barne). Estatu mailako kateek sartzen dute publizitate gehien haur programazioan. Tele 5 da lehena, haur eta gazteentzako programazioaren denboraren %17,3 eskaintzen baitie iragarkiei. Bi puntu portzentualetara Antena 3 dago, eta tarte berera La 2 katea, TVE 1 kateak baino puntu bat gehiagorekin. Erkidegoetako kateen artean, ETB 1 kateak sartzen du publizitate gehien haur programazioaren barruan eta hurrengoa oso urruti dago, zazpi puntura, hain zuzen Kataluniako Canal 33 telebista katea. Atzetik Telemadrid eta Canal Sur bi puntuko aldearekin. Ranking horren amaieran Valentziako telebistako Canal 9 eta TVG galiziarra daude, haur programazioaren %2,5 eta %1,8 besterik ez baitiote eskaintzen, hurrenez hurren. Canal Plusen kasuan, haur programazioaren zati handi bat estatu mailan abonatuek baino ikusi ezin duela, publizitate portzentajea (%4,3) hurbilago dago telebista autonomikoen kasutik estatukoetatik baino. Emisioaren etenaldi kopuruari dagokionez, Canal 9 Valentziakoa izan zen bat ere etenik izan ez zuen bakarra. Atzetik Canal 33, eten gutxien egiten duenetakoa. Txanponaren beste aldea Telemadrid eta Antena 3 dira, horiexek eteten baitute programazioa sarrien publizitateari leku egiteko.

Iragarki onartezinak eta horien kokapena programa eta kateka.

Azterturiko telebista kateen %54k emititzen du haur eta gazteentzako programazioan onartezin kontsideratzen den iragarkiren bat. Botiken iragarkiak agertzen dira, baina zorrotz zaintzen da alkoholdun edariak eta tabakoa iragartzeko debekua. Haur eta gazteen programaziorako onartezin kontsideratu dira botiken iragarkiak. Hain zuzen ere gomendio orokorrak “botikak haurren eskueratik urruti” edukitzea bada, hori edozein une edo euskarritan errespetatu behar dela uste dugu, txikienei zuzendutako telebista programazioa barne. ETB 1, Galiziako Telebista, Antena 3 eta Tele 5 kateek bakarrik emititu zuten botiken iragarkiren bat haurrentzako programazioaren barruan. Bistan da sexua esplizituki agertzen duten irudiak baztertu egin behar direla haurren programazioren ordutegitik. Hala ere, Canal 33 kateak Sputnik musika programaren etenaldi bakarrean bikote bat “era azeleratuan amodioa egiten” erakusten duen telefoniako iragarkia sartu zuen.

Kateen programazioan emititu behar diren filmei buruzko publizitatean, indarkeriazko irudiak edo gaztetxo bat arrisku egoeran erakusten dutenak ere iragarki onartezin kontsideratu dira haur eta gazteen programaziorako. Horretan akatsa egin dute Telemadrid, Antena 3 eta Tele 5 kateek. Azken horretan iragartzen den film batean adin txikiko bat arriskuan ageri da, hain zuzen bahiturik dagoelako.

ETB 1:

  • “Barre Busa” : botika
  • “Barre Busa”: beste botika bat
  • KTM (astelehena): Oraldine (botika)
  • Superbat (larunbata) Dragoi Basatia”: Oraldine (botika)

TVG:

  • “Xabarin Club” (ostiral arratsaldea): Oraldine (botika)
  • “Xabarin Club” (ostiral arratsaldea): Frenazeltz (botika)
  • Xabarin Club (ostiral arratsaldea): Frenazeltz (botika)

CANAL 33:

  • Sputnik (igandea): Jazzfree, telefoniari buruzko iragarkia da, bikote bat ohean nabarmen amodioa egiten, presaka-presaka.

>ANTENA 3:

  • Nada es para siempre (astelehena): Micebrina (elikadura-osagarriak).
  • Nada es para siempre (larunbata): Ceregumil (elikadura-osagarriak)
  • Club Megatrix (larunbata): Micebrina (konplexu indartzaileak)
  • Club Megatrix (larunbata): eztarriko minarentzako tonikoa (botika)
  • Club Megatrix (larunbata): eztarriko minaren kontrako pastillak (botika)
  • Club Megatrix (larunbata): Micebrina (elikadura-konplexuak)
  • Club Megatrix (larunbata): Ceregumil (elikadura-konplexuak)
  • Club Megatrix (larunbata): La jungla de cristal 2″filmean indarkeria handiko irudiekin.

TELEMADRID:

  • Cyberclub (larunbata), “Los superhéroes”: “El planeta de los simios” filma iragartzen da, jazarpen eta torturen irudiekin.
  • Cyberclub (igandea), “Los superhéroes”: “El planeta de los simios” filma iragartzen da, gizakiei egindako iseka eta torturen irudiak azaltzen dituena.
  • Cyberclub (igandea), “James Bond Junior”: “El planeta de los simios” filma iragartzen da, gizakienganako jazarpen, tortura eta irainak erakusten zituena.
  • Cyberclub (igandea), “Fantasías animadas de ayer y hoy”: “El planeta de los simios” filma iragartzen da, jazarpen, irain eta torturak erakusten dituena.
  • Cyberclub (igandea), “Tom y Jerry Kids”: “El planeta de los simios” filma iragartzen da, jazarpen, irain eta torturak erakusten dituena.
  • Cyberclub (igandea): “El planeta de los simios” filma iragartzen da, gizakienganako jazarpen, irain eta torturak erakusten dituena.

TELE 5:

  • Walker” 1: Ceregumil (botika)
  • Walker” 1: “Tiempo límite” filma iragartzen da, haur baten bahiketari buruzkoa.
  • “Walker” 1: “Sin escape” filma iragartzen da, oso irudi bortitzak dituena.
  • “Walker” 1: “Asesinos” filma iragartzen da, indarkeria handiko irudiekin.
  • “Walker” 1: Bio Centuri (botika). Bi aldiz agertu zen iragarkia.
  • “Walker” 2: “Tiempo límite” filma iragartzen da, haur baten bahiketari buruzkoa.
  • “Walker” 2: “Sin escape” filma iragartzen da, indarkeria handikoa.
  • “Walker” 2: botika bat iragartzen da, Aspirina, bi aldiz.
  • “Nikita”: Oraldine (botika)
  • “Nikita”: Ceregumil (botika)
  • “Nikita”: Couldina (botika)
  • “Nikita”: “Sin escape” filma iragartzen da, indarkeria handikoa.
  • “Nikita”: “Asesinos” filma iragartzen da, oso irudi bortitzekin.
  • “Al salir de clase”: “Sin escape” filma iragartzen da, oso irudi bortitzekin.
  • “Pokemon” 1: “Tiempo límite” filma iragartzen da, haur baten bahiketari buruzkoa.
  • “Pokemon” 4: “Tiempo límite” filma iragartzen da, haur baten bahiketari buruzkoa.
  • “Rin Tin Tin” 2: “Tiempo límite” filma iragartzen da, haur baten bahiketari buruzkoa.
  • “Superhuman samurai” 2: “Tiempo límite” filma iragartzen da, haur baten bahiketari buruzkoa.
  • Club Disney (larunbata): “Tiempo límite” filma iragartzen da, haur baten bahiketari buruzkoa.
  • Club Disney (igandea): “Tiempo límite” filma iragartzen da, haur baten bahiketari buruzkoa.
  • Club Disney (igandea): “Sin escape” filma iragartzen da, oso irudi bortitzekin.

Publicidad encubierta y su ubicación por programa y cadena

Ezkutuko publizitatea eta horren kokapena programa eta kateka
Ezkutuko publizitate gisa hartzen da kamerak argi eta garbi kontsumoko objektu bat marka eta guzti agertzen denean edo produktu edo markaren batekin identifikatzen den anagramaren bat agertzea, inork aipatu ez arren. Tele 5, Club Disney programan zehar, Nestlé txokolate tableta bat agertzen da. ETB 1en, KTM programan zehar, pilotari baten kamiseta jartzen da mahai gainean eta bertan BBVA finantza entitatearen anagrama. TVGn, Xabarin Club programan zehar, Pescanova marka agertzen da.

Publizitate konbentzionala (babeslea edo iragarkia) haur programaren barruan txertatua

Publizitate hau programaren hariaren barruan egiten da, publizitate tarteei itxoin gabe, programaren atal edo edukia balitz bezala. TPH Club (La 2), Barre Busa (ETB1), Club Super 3 Canal 33koan eta Antena 3eko Club Megatrix-en ikusi da.

Ikerketa nola egin den. Metodologia eta konparaketako taula

Azterketako hamaika telebista kateetako bakoitzean, larunbat, igande eta lanegunetan ematen diren haur eta gazte programak aztertu dira. Zehazkiago esanda, martxoko lehen hamabost egunetan zehar emitituriko programak grabatu ziren, 103 ordu guztira. CONSUMER ekohan teknikariek guztira 38 programa aztertu dute, marrazki bizidunetako 182 film eta irudi errealeko 26 telesail. Azterturiko eduki horretan 18 programa desberdin daude, irudi errealeko 20 telesail desberdin eta marrazki bizidunetako 101 film desberdin.

Honako kateok aztertu dira: TVE 1, La 2, Antena 3 eta Tele 5. Gainerakoak erkidegoetan emititzen dira, Valentziako telebista, eta horren barruan Canal 9, eta Kataluniako telebistan Canal 33. Andaluzian Canal Sur eta Euskal Telebistan ETB 1. Txosten honetan Telemadrid eta Galiziako telebista ere sartu dira. Canal Plus katearekin osatzen da azterturiko kateen zerrenda.

Azterketatik kanpo utzi dira helduentzat bakarrik diren telebista saioak eta ikus-entzule guztiei zuzenduriko programa edo telesailak eta baita gaueko hamarretatik goizeko seietara bitartean emitituak, ordu-zerrenda hori teorian behintzat 4 eta 12 urte arteko ume bati dagokionetik kanpo geratzen da.

Telebistako programa eta serie bakoitza aztertzeko galdetegi bat bete da programei buruz eta beste bat marrazki bizidun eta irudi errealeko telesailei buruzkoa. Galdetegiak prestatu eta CONSUMEReko ,teknikariek bete aurretik, galdetegi horretako galdera bakoitzaren planteamenduak Dolores Rico haurren programazioko adituak eta telebista kate bateko parrilako Marketing arduradunak aztertu zituzten. Marketing arduraduna horren eginkizun nagusia audiometriak eta kate horretako programazio estrategiak egitea da. Gainera, haur psikologiako adituekin kontsultatu da eta baita CONSUMER aldizkariko Azaleko Gaietarako hainbat urtez aholkulari den Append ikerketa eta marketing enpresa ere.

Balorazio sistemak bi zutabe nagusi ditu: kalitate artistiko eta baloreenganako interesa (elkartasuna,. berdintasuna, adiskidetasuna, askatasuna, ingurugiroarekiko errespetua, desberdina denaren integrazioa …) eta hedatzen dituzten kontrabaloreak (indarkeria, sexismoa, desberdina denaren bazterketa, arrazakeria, xenofobia, kontsumismoa…). Gainera, haur programazioaren bidez haurrei iristen zaien publizitatea ere aztertu da.

Edukien interesa eta kalitate artistikoa hiru ataletan antolatzen da: gidoia, errealizazioa eta produkzioa eta hizkera.

Gidoian, halaber, bost puntu aztertu dira: elkarreragin maila edo aurkezleek publikoarekin harremanetan izateko duten maiztasuna, programaren barruan sartzen den erreportaje edo elkarrizketa kopurua, tarte bakoitzean jorratzen diren gaiak eta programaren barruan tartekatzen diren lehiaketetako gaiak. Azkenik, marrazki bizidun eta irudi errealeko telesail kopurua. Hizkuntzari dagokionez, beste hiru aldagai aztertu dira. Lehena ahozko espresioa da, -aberatsa, erdipurdikoa ala pobrea den-; beste bat gramatikaltasunari eta hiztegiari dagokiona – beti zuzenak edo kasu banaka batzuetan edo modu orokorrean akastunak diren. Hirugarren aldagaia koletilen erabilpena eta maiztasuna da. Azken batean, atal honetan kontuan izan da programako aurkezleek ikusleekin duten harremana eta elkarreragin horren kalitatea. Irizpide berbera jarraitu da programaren barruan sartu diren erreportaje eta elkarrizketekin ere.

En Gune horietako bakoitzaren barruan sartzen diren gaiek balorazio desberdina jaso dute asmoen arabera. Ez dira berdin baloratu entretenimendua besterik bilatzen ez duen telesaila edo programa eta ingurugiro edo kultura arloko gaiak edo gai hezitzaileak jorratzen dituena. Era positiboan baloratu da programa beraren barruan marrazki bizidunetako eta irudi errealeko telesailak sartzea, ona baita estilo biak bateratzea eta fantasiazko pertsonajeak bakarrik ez emititzea, irudi errealeko telesailak albora utzita. Erabilitako ahozko espresioa ere izan da kontuan eta baita egitura gramatikalak eta hiztegia ere. Hitz betegarriak erabiltzeko ohitura ere kezkagarria da gazteen artean eta era negatiboan baloratu da.

Kapitulu honen balorazioan, errealizazio eta produkzioari buruzkoan bereziki, txosten hau egiteko aholkularitza teknikoa eskaini duen adituaren iritzi subjetiboa ere sartu da.

Aztertu den bigarren atal nagusia Baloreak eta kontrabaloreak dira; 11 aldagairen arabera kalifikatu da: sexuagatiko bereizkeria zenbat aldiz agertzen den, gizarte bazterkeria, armak zenbat aldiz agertzen diren, indarkeriazko eszena kopurua, eszena horiek etengabe edo noizean behin agertzen diren, hitzezko indarkeria edo soinu bidezko efektuena zein maiztasunekin agertzen den, emakumea indarkeriazko egoeren biktima zenbat aldiz den, jokaera arrazistak, besteak barregarri uztea eta kontsumo jarrerak bultzatzen diren, programaren barruan publizitate amuak agertuz edo ezkutuko publizitatea eginez, -kameran agertu, baina ahoz iragartzen ez dena -.

Sexu bazterkeria eta bazterkeria soziala eta jarrera arrazista ugari agertzea zigortu egin da, jarrera horiek onartzea telebista katearen aldetik zabarkeria izugarria baita. Irizpide berbera jarraitu da, programetan zein telesailetan, besteak lotsagarri uztea bultzatzen denean. Adituen ustez horixe izan liteke gazteen delinkuentziaren jatorrietako bat. .

CONSUMERek ezin izan du albora laga indarkeria eta irudi oldarkorren maiztasuna, ez eta hiltzeko edo zauritzeko balio duten armak agertzea ere, zientzia fikziozkoak barne. Hitzezko indarkeria eta soinuzko efektuetatik datorrena ere aztertu da eta emititzea bezala baloratu da ez emititzea.

Azken urteotan komunikabideek azaleratu duten gizarteko eta etxeko errealitate latzaren eraginez, bereziki kontuan eduki beharrekoa da emakumea indarkeriazko edo oldalkeriazko egoeren biktima azaltzen duten kasuak. Telebistaren bidez jarrera negatiboak islatzeak, beraz, eragin kaltegarria izan dezake adin txikikoaren balore eskalan eta, ondorioz, bere gaur egungo bizitzan eta etorkizunean. Telebista kateek haur programazioaren bidez egiten duten kontsumorako gonbitea ere aztertu da, ezkutuko publizitatea eta programen barruko publizitate amuak aztertuta.

Ezkutuko publizitatea ere baloratu da, hau da, kontsumoko gai bat argi eta garbi marka edo produktu bat identifikatzen duen anagrama irudietan agertzen den unea, inork produktuaren aipamenik egin beharrik gabe. Programan zehar, haur edo gazteentzako tarte gisa eta etenaldien zain egon gabe egiten den publizitatea ere ez da albora laga.

Aztertu den hirugarren eta azken atala telebista kate bakoitzak emititzen dituen publizitate amuak dira. Horretarako, haur programazioan zehar haurrek jasotzen duten publizitate guztia aztertu da, programa edo telesaila hasi aurretik, tartean eta ondoren emititzen dena. Iragarkien iraupena, eten kopurua, programaren harian ematen den publizitatea eta haur eta gazteei zuzendutako programazioan onartezin diren iragarkien kopurua ere neurtu da.

Onartezin jo dira botikak iragartzen dituzten iragarkiak, botikak une oro eta edozein euskarritan haurren eskueratik urruti egon behar dutela uste dugulako. Halaber, desegoki kontsideratzen dira ikuslea erakartzeko erabiltzen diren sexu irudiak ere eta baita katearen programazioko film jakin bat iragartzeko indarkeriazko irudiak erabiltzea ere; alderdi hori zigortu egin da telebista kate bakoitzaren balorazioa egiterakoan. Ezkutuko publizitatea eta programaren barruan egiten dena ere kontuan izan da atal honetan. Ezkutuko publizitatearen agerpena kontuan izan da, hau da, kamerak produktu edo marka bat identifikatzen duen anagrama edo markaren objektua argi eta garbi hartzen duen unea, inork berariaz aipatu beharrik gabe. Programaren barruan egin den publizitatea ere ez da albora laga; hau da, publizitate tarteetara itxaron gabe eta programako atala balitz bezala, publizitatea egitea.