Haragi-barazkiak eta frutadun haurrentzako txarrotxoak

Eginkizuna bete egiten dute

1 maiatza de 2000

Eginkizuna bete egiten dute

Batetik, haurrari zuzenduriko hainbat fruta dauzkaten hiru txarrotxo eta, bestetik, bezero berarentzako haragi eta barazkiz hornituriko beste hiru aztertu dira oraingoan, batean zein bestean Hero, Nestlé eta Blédina marka ezagunetakoak.

250 gramoko ontzian merkaturatzen dira, kiloko 504 eta 636 pezeta bitarte kostatzen direlarik. Frutadun txarrotxo garestienak Nestlé markakoak dira (628 pezeta kiloko), Hero eta Blédina marketakoen gainetik (588 pezeta kiloko). Haragi eta barazkidun txarrotxo garestiena ere Nestlé markakoa da: 636 pezeta kiloko. Merkeena, berriz, Hero da (504 pezeta kiloko); Blédina gehiago kostatzen da: 596 pezeta kiloko.

Edoskitzen duen haurraren elikabideko osagarri dira txarrotxo hauek eta, horrenbestez, umeak lau edo seigarren hilabetea duenean gehitzen zaizkie haren otorduei, premiazkoak dituen nutrigarri eta energi ekarpena osatzeko helburuz. Bestetik, umeak zapore berriak hauteman eta murtxikatzen eta irensten ikas dezan ere balio dute. Eginkizuna betetzen dute, umearentzat komenigarriak diren elikagaien emate azkar eta erosoa errazten dutelako. Oraingoan aztertutako denak zuzen daude, egoera higieniko-sanitario egokian.

Frutadunak, melokotoi, sagar eta bananarekin (edota mertxika, laranja zein pinaburuarekin) osatzen dira. Fruta horiei zukua edo ura eta azukrea erantsi ohi zaie. Elikagai hauen ezaugarri nagusietako bat, hezetasun handia eta gantz eta proteinen eduki apal-apala da. Nutrigarri behinena karbohidratoak badira ere (%20), mineral ugari (burdina eta magnesioa, adibidez) eta C bitamina dauzkate.

Barazki, oilasko eta txahalkidunak, batik bat, azenario, tomate eta ilarrekin prestatzen dira, baina patata, egosteko ura eta, noski, oilasko eta txahalkia dituzte osagai. Landare-olioa eta gatza ere badaukate hauek. Honelakoen ezaugarria, hezetasun, gantz (%3) eta proteina (%5) gehiago eta karbohidrato gutxiago (%7) izatea da. Horiez gainera, haragia dela medio, hauen proteinaren balio biologikoa handiagoa da frutadun txarrotxoetakoa baino.

Sei laginek, oro har, gatz gutxi (frutadunetan, %0,1 eta haragidunetan %0,3, batenaz beste) zuten, almidoi-kopurua %0,4 edo %5 inguru zebilela

. Almidoi horren agerpena, bai osagaiek (patata, esate baterako) berez daukatelako, bai loditzeko erantsi diren irin edo almidoikiek dutelako ulertzen da. Beste alde batetik, sei laginetatik hirutan (Hero markako haragi eta barazkiak dituen laginean eta Nestlé markako bietan) gluten kopuru txikiak atzeman ziren: dena den, indarreko legeriak “glutenik gabe” izeneko elikagaietan gehienekotzat xedaturik duen 200 zati milioiko horren azpitik; goiko muga hori 200etik 20 zati milioikora jaistea aztertzen ari dira legegileak orain, baina muga horretara ere ez lirateke iritsiko gure laginak. Etiketak, azkenik, zuzen daude baina ez dira behar bezain sakonak lagin zenbaitetan, nutrizioari buruzko datuak, elikagaia har dezakeen haurraren adina eta elikagaia behar bezala prestatu eta kontserbatzeko informazioak ere erantsiak dituzten arren. Blédina da txarrotxo hauetan interes handiko osagai guztien portzentajeak eta kopuruak zerrendaturik dakartzan marka bakarra. Blédina markakoak nabarmentzen dira hezetasun handiago eta karbohidratoen portzentajea (baita balio kalorikoa ere) txikiagoa dutelako. Era berean, marka horretako laginen burdina, magnesio eta B multzoko bitamina batzuen kopuruak handiagoak dira. Hero eta Nestlé laginetan, aldiz, C bitaminaren edukia handiagoa da. Nestlé markakoek proteina eta kalorien ekarpen handiagoa dute bereizgarri; Hero laginetan, azkenik, karbohidratoen portzentaia eta haragizko proteinen kopurua altuagoa da. Burdina eta magnesio-edukinak, berriz, haragi eta barazkidun barietatean oparoago agertu ziren eta, multzo honen barnean, Nestlé markakoaren txarrotxoan ugarien.

Kalitate-prezio erlaziorik hoberena aukeratzeko unean, frutadun txarrotxoetan Blédina (588 pezeta kiloko) dugu egokia, bitamina eta mineralen ekarpen handia egiteaz gainera etiketa zehatzena agertzen duelako. Kontrako alderdian, kalori ekarpen txikiagoa eskaintzen duenez, haurraren energi premia handiak asebetetzean urriago gertatuko da. Haragi eta barazkidunetan, aukera polita Hero da (merkeena), baina besteak ere egokiak dira: Nestlé markakoa mineral-ekarpen handia egiten duelako eta Bledina lagina, glutenik ez izateaz gainera, etiketa zehatza agertzen duelako.

Haurraren elikadura

Haurraren lehen urteko elikadurak berebiziko garrantzia du, hazkuntza eta garapena biziki azkar obratzearren, haren organismoaren nutrizio-alorreko premiak arras handiak direlako. Lehen urte horretako elikadura bi etapatan sailkatuko dugu: lau-seigarren hilabetera arte eta hortik urtea bete arte. Lehendabizikoan, ama-esnea, esne artifiziala (hastapen-formulak) edo biak tartekaturik (edoskitze mistoa) ditu haurrak oinarri.

Lau-seigarren hilabetetik aurrera, nolanahi ere, energetikoen kopurua areagotu eta elikagai berriak sartzea behar-beharezkoa du, haren fisiologia egunik egun garatuago agertzen baita. Umearen otorduan elikagai erdi-solidoak sartu eta, batera, edoskitzea mantentzen da (artifiziala, eskuarki: “jarraipen formulak”). Elikagai erdi-solidoek nutrigarri batzuen ekarpena osatzen dute eta, gainera, haurrarengan murtxikatu eta irensteko aztura sortu ez ezik, zapore, usain eta ukitu berriei harrera egiten laguntzen dute. Dena den, hobe da elikagai hauek pixkanaka sartzea, une egokian. Haurrak lau-sei hilabete bete aurretik ez zaio, eskuarki, horrelakorik sartu behar.

Fruta-txarrotxoek zer daukaten

Hezetasun-portzentajea handia dute fruta-txarrotxoek, %75etik (Nestlé) %83ra arte (Blédina). Gantz eta proteina gutxi daukate (%0,2tik %0,6 bitarte). Nutrizio-elementu nagusia karbohidratoa da: Hero eta Nestlé markakoek (%20,5 eta %24) ugariago dute Blédina (%15) laginak baino. Batetik besterako alde horren arrazoia izan daiteke lehen bi markek azukrea erantsi izana, etiketek aitortu bezala. Arauteriak xedatua duenez, fruta-txarrotxo hauetako karbohidratoek ez dute izan behar guztiaren %20 baino gehiago “fruta-jakietan” eta %25 baino gehiago, berriz, “fruta-postreetan”. Laginek ez dute xedatutakoa urratzen, Nestlè laginak fruta-postretzat jotzen baitu bere burua.

Kaloriei dagokienez, Blédina laginak baino Hero eta Nestlé (ia 100 kaloria 100 gramoko) markek eduki handiagoa dauzkate, erantsitako azukreagatik, seguruenik.

Mineralen edukia (errauts portzentajean adierazia) apala (%0,4 ingurukoa) eta homogeneoa da hiru laginetan. Burdina eta magnesioa aztertu dira: Blédina laginak bietatik gehiago dauka, magnesiotik batik bat (108 zati milioiko, Hero lagineko 78 z.m. eta Nestlè lagineko 88 z.m. horien aurrean). Bitaminei dagokiela, azterketa C bitaminara B multzokoetara (B5, B6 eta niazina) zuzendu da. Aurrekoan ere, Hero eta Nestlé baina bitamina kopuru handiagoa agertzen du Blèdina laginak: izan ere, marka honek produktuei bitaminak erantsi dizkio, etiketak adierazten duen legez. Salbuespena C bitamina da (Hero eta Nestlé markakoetan, erantsia), beste bietakoa handiagoa delako, Nestlé laginean batez ere. Kloruroen (gatz kopuruaren adierazle) edukia apal-apala da (%0,1) hiru laginetan. Hero eta Nestlé markakoek almidoia daukate (%1,1 eta %2,7), lodikari edo jelifikatzaile gisa erabili baita. Blédina (%0,4) markakoaren edukia apalagoa da.

Gari, olo, garagar, zekale eta antzeko laboreetako alderdi proteikoa den glutena 6 hilabete bitarteko umeen otorduan sartzerik ez da aholkatzen; haur zeliakoentzat, jakina denez, glutena arazoen sorburu izan daiteke. Blédina laginean kopuru txiki bat atzeman zen (13 z.m.). Azterturiko txarrotxoen etiketetan “glutenik gabeko elikagaia” agertzen da. Egungo legeriak 200 z.m. baino gluten gutxiago duten produktuei horrela etiketatzea onartua dien arren, muga hori jaistea eskatzen ari dira orain. Estatu espainoleko Osasun Ministerioak proposatu du berez glutenik gabeko osagaiak dituzten elikagaien (txarrotxo hauek, adibidez) gehienekoa 20 z.m. izatea. Nolanahi ere, atzemaniko gluten kopuruak orain proposaturiko muga horretara ere ez lirateke iritsiko.

Oilasko, txahalki eta barazkiak dituzten txarrotxoak

Frutadunek baino hezetasun, gantz, proteina eta mineralen eduki handiagoa dute oilasko, txahalki eta barazkiez osaturiko txarrotxoek.

Karbohidratotan, ordea, askozaz ere apalago dira. Oilasko, txahalki eta barazkiak dituztenen balio kalorikoa ere frutadunena baino txikiagoa da (lagin bakar batek ez du 85 kaloria baino gehiago 100 gramoko). Gatz-edukia, aldiz, handixeagoa da baina, nolanahi ere, txiki-txikia (%0,3koa, nonbait). Hezetasunari dagokionez, denak pare-parean dabiltza, %83 inguru, gantz-edukian bezalaxe (%2 eta %3 bitartekoa). Arauteriak xedatua duen gehieneko gantz-kopurua (6 gramo 100 kaloriako) hiru laginek zehazki betetzen dute. Proteinen edukian, berriz, alderik hauteman zen, lagin batetik bestera, Nestlé (guztiaren %6,9; %4,5 Blédina-k eta %4,9 Hero-k) nabarmendu zelarik. Hero markakoak karbohidrato ugariago dauka (%8,4) Blédina (%6,5) eta Nestlé (%7) markakoek baino. Eta errautsen edukiak ere berdintsuak dira. Baina aztertu diren bi mineralei goazkiela, burdina eta magnesio gehiago dute Nestlè markako haragi eta barazkidun txarrotxoek. Bi mineral horien eduki apalena Blédina laginak agertu zuen.

Haragiaz aritzeko unean ezagutu dezakegu, guztirako kreatina-balioak hala adierazita, fabrikatzaileak erabilitako haragi-kopurua: berdintsua dute Blédina eta Nestlé laginek eta handixeagoa, berriz, Hero laginak. Nolako haragiak baliatu diren ere aztertu zen laboratorioan: emaitzak zuzenak dira, hau da, txarrotxo hauetan oilasko eta behikia bakarrik ezarri da, legeak agindu bezala. Lege-testua irakurriz gero ondorioztatzen dugu guztirako haragiaren %25a, gutxienez, txahalkia behar duela izan eta oilaskoak eta txahalkiak, baturik, produktu osoaren %10 baino gehiago. Bledina laginak bakarrik agertzen ditu erabilitako haragien portzentajeak: arauak xedatutakoa zehazki betetzen du horrela.

Azterketak agertu zuen elikagaiok almidoia dutela (baliteke osagaiek beraiek izatea edo, bestela, lodikari gisa erantsi izana) hiru laginek, frutadun txarrotxoek baino gehiago. Almidoi kopurua apala zen Nestlé (%2,7) laginean, handiagoa Blédina (%3,8) eta Hero (%4,9) markakoetan. Glutenaz ari garela, kopuru txikia atzeman zen Nestlé (14 z.m.) eta Hero (20 z.m.) laginetan.

Egoera mikrobiologikoaz, arazorik ez

Haurrek kontsumitzekoak diren produktuon egoera higieniko-sanitarioak akatsik gabea behar du, ezinbestez. Elikagai hauek datozen bezala (frutadun txarrotxoak) edo suabe berotuz gero (haragi eta barazkidunak) kontsumituko ditu haurrak: beraz, praktikan esteril egon behar dute, jatun txikiaren organismoaren orekan desmailarik ez eragiteko. Azterketek argi eta garbi erakutsi zuten laginetan ia germenik ez zegoela; beraz, egoera mikrobiologikoa zuzena dela berretsi beharra dago.

Etiketa, ongi; baina hobetu beharrekoa

Premia bereziak dituzten pertsonentzako elikagaien etiketek elikagai arruntenek baino informazio aberatsagoa eman beharko lukete: nutrizioari buruzko datuak, elikagaia nola prestatu, ontzia ireki aurretik eta ondoren jakia kontserbatzeko argibideak, produktua behar bezala erabiltzeko aholkuak, etab., ohikoak diren adierazpenez (iraungitze-data, lotea, pisu garbia…) gainera.

Nutrizioari buruzko informazio sakona ematen dute lagin guztiek eta, horrekin batera, produktua haurraren elikabidean zein adinetik aurrera sar daitekeen ere jakinarazten dute: haragi eta barazkidun lagin guztiek sei hilabeteko adina aipatzen duten arren, frutadunetan, Hero eta Blédina markakoek lau hilabetean iradokitzen dute. Blédina laginak bakarrik zerrendatu ditu osagai guztiak, kopuruen arabera; horrelako informazioa eskaintzea oso interesgarria da haragi eta barazkidun txarrotxoetan, era askotako osagaiak dauzkatelako hauek. Etiketetan, “ez erantsi azukrerik” (frutadunetan), “ez erantsi gatzik” (haragi eta barazkidunetan) eta antzeko aholkuak agertzen dira. Jakina denez, azukre eta gatz larregi hartzeak ez dio mesederik egiten haur txikiari. Bestetik, “glutenik gabe” (lagin guzti-guztiek), “arrautzarik gabe” (denetan, Blèdina frutadun txarroak izan ezik), “esnerik gabe” eta “laktosarik gabe” (Blèdina laginak izan ezik) eta tankerako argibideak ematen dituzte etiketek. Seigaren hilabetera iritsi baino lehenago ume txikiari glutena duten elikagaiak ematerik ez da komeni, ez eta arrautza-zuringorik urtea bete aurretik ere. Laktosari dagokionez, bera asimilatzen ez duten haurrentzat bakarrik izan daiteke kaltegarri.

Laburbilduz

Laburbilduz

  • Hero, Nestlè eta Blèdina marketako haurrentzako frutadun hiru txarrotxo eta haragi eta barazkidun beste hiru txarrotxo aztertu dira, denak ere 250 gramokoak. Prezioak, kiloko, 504 eta 636 pezeta bitartean dabiltza.
  • Lau-seigarren hilabetetik aurrera, edoskitzearen gehigarri ditu haurrak elikagai hauek, nutrigarrien ekarpena osatzekoak alegia. Bestetik, umeak zapore berriak hauteman eta murtxikatzen eta irensten ikas dezan ere balio dute. Eginkizuna ongi betetzen dute eta denen egoera higieniko-sanitarioa egokia da.
  • Frutadunen ezaugarri nagusietako bat, hezetasun handia eta gantz eta proteinen eduki apala da. Nutrigarri behinena karbohidratoak badira ere (%20), mineral ugari (burdina eta magnesioa, adibidez) eta bitaminak dauzkate.
  • Barazki, oilasko eta txahalkidunak, landare-olioa eta gatza ere badaukate. Hezetasun, gantz (%3) eta proteina (%5) gehiago eta karbohidrato gutxiago (%7) dute frutadunek baino, hauen proteinaren balio biologikoa handiagoa da frutadun txarrotxoetakoa baino.
  • Sei laginetatik hirutan gluten-kopuru txikiak atzeman ziren, “glutenik gabe” izeneko elikagaiotan onartzeko modukoak.
  • Kalitate-prezioaren erlaziorik hoberena, frutadun txarrotxoetan, Blédina (588 pezeta kiloko) dugu, bitamina eta mineralen ekarpen handia eta etiketa zehatza dituelako eta azukre erantsirik ez duelako. Haragi eta barazkidunetan, Hero (merkeena) da onena, baina beste biek ere merezi dute: Nestlé, mineral-ekarpen handia egiten duelako eta Bledina laginak, glutenik ez izateaz gainera, etiketa zehatza duelako.

Banan-banan

Haurrentzako sei txarrotxo, banan-banan

Blédina (Frutadunak)

  • 588 pezeta kiloko, merkeena, Hero markakoarekin batera.
  • Kalitate-prezio erlaziorik onena. Ur gehien eta karbohidrato gutxienekoa, kalori ekarpen txikienekoa ere hauxe da. Gainontzekoek baina burdina eta magnesio gehiago. Beste biek baino B bitamina gehiago, baina C bitamina guitxiago. Almidoi gutxien daukana (%0,4), baina glutena daukan bakarra (oso-oso gutxi: 13 z.m.). Bi alderdi onuragarri: azukrea erantsi ez duen eta osagaiak kopuruka aipatzen dituen bakarra da.

Hero(Frutadunak)

  • 588 pezeta kiloko, merkeena, Blèdina markakoarekin batera.
  • Hezetasun eta karbohidratoen edukia, ertainak. Burdina eta C bitamina askotxo. Beste biek baino magnesio gutxixeago. Glutenik ez.

Nestlé(Frutadunak)

  • 628 pezeta kiloko, garestiena.
  • Besteek baino hezetasun gutxiago eta karbohidrato gehiago (%24) dituenez, kalori ekarpen handiagokoa da (99 kcal 100 gramoko). C bitamina gehien daukana, baita almidoi gehien duena ere. Glutenik ez.

Hero (Oilasko eta txahalkia barazkiekin)

  • 504 pezeta kiloko, merkeena, aukera polita. Beste biek baino gantz gutxiago (%2,2), baina karbohidrato (%8,4) gehiago. Haragi-proteina gehien daukan lagina.
  • Almidoi ugari (%4,9). Gluten gehien daukan (20 z.m.) arren, “glutenik gabeko” produktuetan ere onargarria da kopuru hori.

Blédina (Oilasko eta txahalkia barazkiekin)

  • 596 pezeta kiloko, prezio ertaina.
  • Hezetasun handienekoa (%85) eta, Nestlé laginarekin batera, gantz gehienekoa ere bai (%3,3). Beste biek baino magnesio eta burdina gutxiago. Etiketaren arabera, B multzoko bitaminak erantsi dituen eta osagaien zerrenda (portzentajeak banan-banan emanez) agertzen duen bakarra. Glutenik ez.

Nestlé (Oilasko eta txahalkia barazkiekin)

  • 636 pezeta kiloko, garestiena.
  • Besteek baino hezetasun gutxiago (%82). Proteina gehien (%7) duena. Besteek baino kalori ekarpen handiagokoa, eta burdina eta magnesio gehiagokoa orobat. Almidoi gutxien daukana. Glutenik atzeman zen laginean (14 z.m.), onartzeko moduko kopuruan.