Proteina baino gantz gehiago
Aurrez ondutako elikagaia da latako albondiga eta hainbat animaliaren haragikiak nahasirik, urdaia, ogi birrindua, arrautzak, irina, gatza eta bestelako osagaiak gehituz osatzen da.
Kontsumitzeko berotu besterik ez dira egin behar: horrela jardun behar izatekotan, hobe su eztian, astiro-astiro.
Latako albondigen zortzi lagin aztertu dira oraingoan: Abricome, Arroyos, Hero, Louriño, Lozano, Orlando, La Tila eta Yagón. Kontserba hauen eduki garbiak 410 gramotatik 430 gramotara doaz, baina prezio batetik bestera ere alde handia dago: kiloko 275 pezetatik (Arroyo) 573 pezetaraino (Orlando) kiloko.
Aurrez ondutako elikagaia da latako albondiga eta hainbat animaliaren haragikiak nahasirik, urdaia, ogi birrindua, arrautzak, irina, gatza eta bestelako osagaiak gehituz osatzen da.
Kontsumitzeko berotu besterik ez dira egin behar: horrela jardun behar izatekotan, hobe su eztian, astiro-astiro. Jaki sendoa hartu nahi bai, baina bera lantzeko behar bezainbeste denbora, osagai edo trebezia ez duenarentzat, alternatiba polita dira latako albondigak. Halaz ere, nutrizioaren ikuspegitik eta jaki horren ezaugarri organoleptikoak kontuan izaki, gogoeta batzuk egin beharra dago hemen: alderdi nabarmenena, albondiga batzuek besteekin zerikusirik ez izatea, ez osakeraren kalitatean, ez jateko unean ere.
Kontrako alderdien artean, aipa dezagun ia lagin guztietako haragiak proteina baino gantz gehiago daukala (%6,5etik %16ra bitarte). Salbuespen bakarrak Hero eta Orlando dira, osakera sanoagoa agertzen baitute. Bestetik, La Tila, Louriño eta, batez ere, Lozano marketako laginetan haragia kalitate txarrekoa da, ehun konektibo (zurdak, nerbioak, e.a.) larregi baitu. Irregulartasun horiekin jarraiki, Arroyos eta Abricome markakoek behikia darabiltela badiote ere, horrelako haragiaren aztarnarik batere ez zuen detektatu laboratorioko azterketak.
Dirudienez eta bukatzeko, albondiga hauek gourmetik pattalenaren gutxieneko eskakizunak asetzeko gauza ez dira: markak marka, guztirako edukiaren %60 edo %80tik gora ez doa haragia: Orlandok bakarrik erdietsi zuen dastaketan “ongi” puntuazioa, baina zortzi laginetatik lau ez dira aprobatzera ere iritsi. Hauetako bik, Arroyos eta La Tila markakoek bina puntu triste baizik ez dute lortu.
Albondigaren tamaina txikia, xehetuaren lodiera desaproposa, zapore ez atsegina, eta ukitu samurregia izan ziren kalifikazio eskas horien arrazoiak.
Kalitate-prezioaren arteko erlaziorik onena Yagón-ek eskaini zuen (hauek dira albondiga merkeenak, kalitate onargarriko haragia darabilte eta dastaketan aprobatua jaso dute), nahiz eta gantz ugari duten (produktuaren %13). Orlando eta Hero, berriz, (biak, garestienak: Yagón-en prezioa bikoizten dute hauek) aukera polit bezala agertzen dira: dastatzaileek gehien preziatu dituzten albondigak Orlando markakoak dira eta produktu horren haragia, alderatuen artean, kalitaterik onenekoa da; Hero markakoen bereizgarri nabarmenak gantz urria (%6,4) eta ahalmen energetiko apala (122 kaloria 100 gramoko) izan ziren. Aholkaturiko hiru marka hauetatik batek ere ez du glutamatorik (zaporearen indarkaria) erabiltzen eta, gainera, beste inongo aditiborik ere baliatzen ez dutela agintzen dute hirurek.
Proteina baino gantz gehiago
Dirudienaz beste aldera, produktu honek ez du asko gizentzen, marka batetik bestera balore energetikoan ere sekulako aldeak atzematen ditugun arren: albondiga eta saltsa batera kontsideratuz, produktuaren 100 gramoko 122 eta 216 kaloria bitartean aportatzen dute. Kaloria gutxien dituena Hero da eta obesoen etsaiena, berriz, Louriño. La Tila markakoek ere oso kaloria gutxi dute.
Gantzarena da balio energetiko horren erantzukizuna, elikagaiaren guztirako %6,5etik %16ra bitarte horretan baitago. Hero da, askozaz ere, gantz gutxien daukana. Kalitate handiko proteinen ekarpena ere egiten dute latako albondiga hauek, jakiaren %6,5 (La Tila) eta %11 (Louriño) artean. Halaz ere, haragi naturalaren dezente azpitik dabiltza proteina-kontuetan (txerrikiak %18tik %20ra bitarteko proteina dauka). Proteina baino gantz ugariago dute, oro har, saltsatan datozen albondiga hauek: hori dela medio ez dira hauek beste elikagai batzuk bezain onuragarri osasunarentzat: beraiek osagai daukaten txerriki, behiki edo oilaskoak osasungarriagoak dira, adibidez.
Proteina baino ugariago gantza izate horretatik salbuesten dira Hero -gantza baino proteina gehiago duen marka bakarra- eta Orlando (bi elikagaien kopuruak paretsu dauzkana). Louriño nabarmentzen da, bere aldetik, gantz gehien (%16) eta proteina gehien (%11) dauzkan lagina baita bera.
Karbohidratoei doakienez, %5,2tik (Orlando) %9ra (Abricome) bitartean dabiltza denak. Hidrato hauetatik gehientsuenek, erantsitako almidoia dute jatorri. Laten etiketek (Yagón markakoak izan ezik) osagai honen berri jakinarazten dute, almidoi, fekula edo ogi birrindua dela adieraziz.
Errautsen portzentaietan ez dago alde nabarmenegirik (%1,7 batez beste: errautsak, elikagaiaren mineral-edukia adierazten du), ez eta gatzarenetan ere (balore ertaina, %1,2). Laginik gaziena Louriño (%1,4 gatz) den bitartean, gezena Arroyos dugu: produktuaren %0,8 du osagai hori. B multzoko bitaminak aportatzen dituzte albondigek, tiamina, riboflabina, niazina eta B6 bitaminaren agerpena azpimarratzeko modukoa izaki. Bestetik, azido folikoa, E bitamina eta D bitaminaren arrastorik ere agertzen dute.
Kontserbako albondiga hauek ez datoz soilik, hornidurarekin baizik. Honen osagaiak ura, barazkiak, olioa eta irinak osaturiko saltsa eta ilarrak dira: hauei esker, albondigen nutrizio-balioa hobetu egiten da, tomate eta azenarioaren azido askorbiko edota beta-karotenoak erantsirik mineral eta bitaminen ekarpena aberastu egiten delako. Elikagai honetan nabarmentzen diren mineralak sodioa, magnesioa, burdina, potasioa eta zinka dira.
Aditiboen alorrean, Arroyos eta Abricome markek glutamatoa (zaporearen indarkaria, baina, kalitate oneko lehengaiak erabiltzen badira zeharo alferrikakoa), erantsi dute, legeak baimenduriko kopururaino iritsi gabe ere, etiketan adierazten duten bezala. Glutamatoaz gainera, Arroyos eta Abricome marken osagaien zerrendetan E-410 (goma garrofina) eta E-415 (goma xantana) lodikariak ere aipatzen dituzte. Louriño-k, bere aldetik, produktuari E-407 (karragenatoak) egonkortzailea eta E-250 (nitrito sodikoa) kontserbakaria gehitu dio. Aditibo hauek guztiak baimendurik daude. Beste bost laginek ez dute ez glutamatorik ez beste inongo aditiborik, etiketek egia badiote, behintzat.
Kalitate urriko haragia
Albondigak osatzeko erabilitako haragikiak aztertu eta zehaztu dira laboratorioan. Hero eta Orlando markakoek behikia, txerrikia eta oilaskoa nahasten dituzte; Arroyos-ek eta Abricome-k, berriz, txerriki eta oilaskoa; La Tila, Louriño eta Lozano dira behiki eta txerrikia baliatzen dituztenak, eta Yagón-ek txerrikia besterik ez darabil. Azterketak zehazturiko animali espezieak eta etiketek adierazitakoa bat datoz Arroyos eta Abricome laginen kasuetan izan ezik: hauek behikia iragartzen badute ere, laboratorioak ez du aurkitu okela horien zantzurik.
Beste azterketetan ere esana dugun bezala, ehun konektiboetan (zurdak, nerbioak, etab., hau da, nutrizio- eta merkataritza-kalitaterik okerreneko haragikiak) ugari aurkitzen den proteina da kolagenoa. Kolageno-proteina erlazioa zenbat eta txikiago izan, orduan eta kalitate hobeko okela izango dugu. Erlazio horren mugak erreferentzia harturik behikia (%15 edo gutxiago) duten haragi xehatuen eta txerrikia (%18 edo gutxiago) duten haragi xehatuen kasuetan, erraz frogatzen da Abricome eta Orlando markek kalitate oneko okela darabiltela, kolageno-proteina erlazioa ez baita %10era iristen. Hero, Yagón eta Arroyos laginetako haragiaren kalitatea onargarritzat jo dezakegu, baina La Tila, Louriño eta Lozano-koek aise gainditzen dute goian adierazitako indizea. Horrela bada, okela kaskartzat har daiteke La Tila eta Louriño (%24a aipaturiko adierazlean) marketako laginetan, eta oso txarra Lozano-koan, hor kolageno-proteina erlazioa %40raino urrundu baita. Laburbilduz, zortzi laginetatik bik kalitate oneko haragia darabilte, hiruk okela onargarria eskaintzen digute eta beste hiruk, azkenik, kalitate txarreko haragikiak sartu dituzte, gehiegizko ehun konektibo baitauka azken horietako elikagaiak.
Etiketak, ongi
Pisuez ari garela, kasu guztietan zuzena zela egiaztatu zen, egiazkoa eta adierazitakoaren arteko alderik hauteman zenean, diferentzia hori beti izan baitzen kontsumitzailearen alderakoa, behin ere adierazitako kopurua baino gutxiagorik ez. Lagin bakoitzaren egiazko pisu xukatua ere zehaztu zen, hau da, albondigen pisua, saltsa eta ilarretatik bereizi ondoren. Pisu xukatu hau egiazko eduki garbiaren %58tik %78ra bitartekoa da eta Hero da albondiga gutxien eta saltsa gehien daukana; Abricome, berriz, zerrendaren beste muturrean zegoen. Eduki garbiaz gainera, “albondiga” produktuaren izena, kontsumitzeko data egokia, lotearen zenbakia, osagaien zerrenda eta fabrikatzailearen izen eta helbidea dakartzate zortzi laginek ere, hau da, nahitaez adierazi beharreko datu guztiak.
Hero, Yagón, Louriño, Lozano eta Orlando markakoek nutrizioari buruzko informazioa eta prestatzeko moduaren berri agertzen duten bitartean, La Tila, Abricome eta Arroyos laginek prestatzeko modua besterik ez dute azaltzen. Ontzia nola mantendu behar den Abricome, Arroyos eta Hero-k adierazten dute. Horrenbestez, eragozpenik ez, saltsatan datozen albondiga horien etiketei dagokiela, Arroyos eta Abricome salbuespenak badira ere, behikia inondik ere (edo, bestela esateko, laboratorioan detektatzeko bezainbeste) ez daukaten arren, hortxe balego bezala iragartzen dutelako.
Mokofinarentzat ez, behintzat
CONSUMEReko dastatzaileen iragazkia pasa behar izan zuten zortzi laginek. Horretarako, fabrikatzaileak agindu bezala prestatu zen produktu bakoitza, maribainuan hamar-hamabost bat minutuan berotuz, alegia. Albondiga tamainaz handi, haragi-zapore biziko, ukitu ez oso bikortsu eta ez gogorregiaren alde agertu ziren dastatzaileak. Orlando-k bakarrik lortu zuen “ongi” puntuazioa; ondotik aprobatu doi-doiarekin, Yagon, Hero eta Louriño zetozkion. Gutxien gustatu zitzaizkienak Lozano eta Abricome (launa punturekin biak ere) eta, azkenik, Arroyo eta La Tila (bina puntu) izan ziren. Arroyo markakoen xehatua larregia eta haragi-zaporea eskasa zen. La Tila laginak tamainan (albondiga txikienak ziren haiexek) eta xehatuan (finegia baitzen) egin zuen huts. Haragi-gusturik ahulenekoa izan zen, gainera.
Dastaketa egin ondoren, etxean egin ohi diren albondigen berdintsuenak zein ote ziren galdetu zitzaien dastatzaileei: “etxeko” bezala maizen aipatuena Orlando izan zen, hurrena Yagon eta Hero zetozela.
Prezio eta kalitateak
Merkeenak Arroyos eta Yagón dira (ez dira iristen 300 pezetara kiloko) eta garestienak, ostera, Orlando, Hero eta La Tila (kiloko 550 pezetaz goiti dabiltza hirurak).
Arroyos markakoa, nutrizioaren ikuspegitik, osaketa eta kalitate onargarriko haragiarekin dago egina, baina dastaketan gutxien gustatu zenetako bat izan zen. Beste aldetik, glutamatoa eta bestelako aditiboak ere erabiltzen ditu. Yagón aukera, ordea, erakargarriagoa da: osakera ona duelarik, kalitate onekoa du haragia eta, gainera, dastaketan aprobatu egin zuen. Horrenbestez, kalitate-prezioa erlaziorik onena Yagón-ek eskaintzen du. Halaz ere eta deus kendu gabe, gantz gehien daukaten laginetako bat dugu berau.
Beste aldean, albondiga garestien muturrean daude Orlando eta Hero: biak ere, nutrizioaren aldetik gomendatzeko modukoak eta kalitate hobereneko haragia darabiltenak: biek ere aprobatu zuten dastaketa. Beraz, zerbait gehixeago ordaintzeko prest egonez gero, Orlando eta Hero aukera egokiagoa dugu.
Laburbilduz
Laburbilduz
- Latako albondigen zortzi lagin aztertu dira oraingoan: eduki garbia 410 eta 430 gramo tartean daude eta prezioak, berriz, 275 pezetatik (Arroyo) 573 pezetaraino (Orlando) kiloko.
- Kontsumitzeko berotu besterik egin behar ez den aurrez ondutako elikagaia da latako albondiga eta hainbat animaliaren haragikiak, urdaia, ogi birrindua, arrautzak, irina, gatza eta bestelako osagaiak gehituz osatzen dira.
- Nutrizio aldetik elikagai aberatsa da, baina ia lagin guztiek proteina baino gantz gehiago daukate. Kaloria gehiegi ez dute aportatzen: 125 eta 215 bitartean ehun gramoko.
- La Tila, Louriño eta Lozano marketako haragia kalitate txarrekoa zen, ehun konektibo (zurdak, nerbioak, etab.) gehiegi zutelako. Beste irregulartasun bat: Arroyos eta Abricome-k behikia darabiltela iragartzen badute ere, laboratorioko azterketan horrelakoen arrastorik ez zen deus aurkitu.
- Dastaketan Orlando-k bakarrik lortu du “ongi” puntuazioa; lau laginek ez dute aprobatu ere egin. Kalifikazio kaskar horien zergati ohikoenak: albondigen tamaina txikia, xehatuaren lodiera desaproposa, zapore ez atsegina eta ukitu samurregia.
- Kalitate-prezioz aukerarik politena Yagón da (albondiga merkeenak izaki, kalitate onargarriko haragi daukate eta dastaketan aprobatu egin dute), gantz asko daukan arren. Orlando eta Hero (bi garestienak) era alternatiba politak dira.
Banan-banan
Zortzi laginak, banan-banan
Yagón.
- 430 gramo. 277 pta kilo garbiko, oso merkeak.
- Kalitate-prezio erlaziorik onena. Gantz asko (%13) eta proteina maila apala (%7,5). Haragia (txerrikia), kalitate onargarrikoa.
- Dastaketan, 5 puntu: “tamaina handiena, xehatua oso fina, saltsaren kolorea okre samarra, zapore eta usain bizia eta ukitua ez oso gogorra”.
Hero.
- 430 gramo. 557 pta kilo garbiko, garestiak. Oso aukera interesgarria.
- Nutrizio-mailan osokerarik onena: gantzik gutxienekoak (%6,4) eta nahikoa proteina (%9,5). Kaloriarik gutxien: 122 kaloria 100 gramoko. Haragia (behiki, txerriki eta oilaskoa), kalitate onekoa.
- Dastaketan, 5 puntu: “tamaina txiki samarra, xehatua oso fina, saltsaren kolorea denetan okreena, zapore eta usain bizia eta ukitua gogortasun ertainekoa”.
Orlando.
- 410 gramo. 573 pta kilo garbiko. Kostatzen dena balio du. Hona beste aukera polit bat.
- Kalitate oneko osakera eta haragia (behikia, txerrikia eta oilaskoa).
- Dastaketan, hoberenak, 6 puntu: “tamaina ertaina, xehatuaren lodiera egokia, saltsak kolore polita, haragi-zapore bizia, ukitu samurrekoa”, “etxekoa”.
Abricome.
- 425 gramo. 529 pta kilo garbiko. Gantz gehiago (%12) proteina (%9) baino.
- Zaporea indartzeko glutamato monosodikoa sartu diote. Kalitaterik oneneko haragia (txerriki eta oilaskoa). Behikia daukala dioen arren, laboratorioan ez da atzeman.
- Dastaketan, 4 puntu: “albondigen tamaina txikia, ukituz gogorrenak, usain motela, xehatu fin-fina, haragi-zapore bizia, ukitu bikortsuegia”.
Louriño.
- 420 gramo. 470 pta kilo garbiko. Gantz (%16) eta proteina (%11) asko.
- Kaloria gehien (216 kaloria 100 gramoko) eta gatz (%1,4) gehien dutenak.
- Kalitate txarreko haragia (behiki eta txerrikia), ehun konektibo larregi baitute.
- Dastaketan, 5 puntu: “tamaina ertaina, saltsaren kolorea okreska, usainez erdiparean, haragi-zapore bizia”.
La Tila.
- 415 gramo. 551 pta kilo garbiko. Ez da oso aukera polita: garestiak eta kalitate txarrekoak.
- Gantz (%10) gehiago proteina (%6,5) baino, eta kaloria gutxi: 141 kaloria 100 gramoko. Kalitate txarreko haragia (behiki, txerriki eta oilaskoa), ehun konektibo gehiegi erabiltzearren.
- Dastaketan, 2 puntu: “albondigen tamaina, txikia, xehatu finegia, okre koloreko saltsa, haragi-zaporerik motelen eta ukitu gogorrenekoak “.
Lozano.
- 425 gramo. 459 pta kilo garbiko. Gantz (%11) gehiago proteina (%7,3) baino.
- Kalitate txar-txarreko behiki eta txerrikia, ehun konektibo lar-larregi erabiltzearren.
- Dastaketan, 4 puntu: “albondigen tamaina txikia, xehatuaren lodiera egokia, saltsaren kolorerik gorriskena, usain eta zaporeak erdiparekoak, ukitu samurregia”.
Arroyos.
- 425 gramo. 275 pta kilo garbiko. Oso merkeak. Gantz (%11) gehiago proteina (%7,7) baino.
- Gatz (0,8%) urri. Glutamatoa daukate. Kalitate onargarriko haragia (txerriki eta oilaskoa). Behikia daukala adierazi arren, azterketan ez da horrelakorik somatu.
- Dastaketan, 2 puntu: “xehatu latzegia, haragi-zapore eskasa, bikortsuegia, ukitua erdiparekoa”.