Ia denek dute oinarri-oinarrizkoa; hoberenak, Errioxa eta Galizian
Heldu den udan egunero, mundu zabaleko bazter guztietatik etorritako makina bat erromes, leher-leher eginik bilduko da Obradoiro plazan, Donejakue Katedralaren aurrean. Maiatzaren erdialdean Orreagatik paseak ziren pertsonen kopurua iazkoaren hiru halako zen. Samalda gainean dugu baina, Bideak erromesei eragiten dizkien ahalegin fisiko eta era guztietako deserosotasunak zergatik onartzen ote dira, gogo onez onartu gainean?
Kezka kulturalak, erlijio-sinesmenak, erronka pertsonalak, kirol-azioak… hamaikatxo dira, oinez, bizikletaz edo zaldi gainean ehundaka kilometro egin ondoren, Santiago begian, Monte do Gozo-raino iristeko anima gaitzaketen arrazoiak. CONSUMER aldizkariak, Orreaga eta Santiago Compostelakoa lotzen dituen Bide Frantses (hauxe da erromesek nahien duten ibilbidea) osoan zehar apirilean zabalik zeuden 99 aterpetxeak (beste zortzi itxita baitzeuden) ikuskatu ditu. Somport-Gares tartea aztertzeke utzi genuen.
CONSUMEReko teknikariek bisitatu dituzte 13 aterpetxe Nafarroan, 6 Errioxan, 14 Burgosen, 11 Palentzian, 31 Leonen, 15 Lugon eta 9 A Coruñan. Balorazio on horren kontraikuspegi errealista, haatik, hutsuneek erakusten dizkigute. Gabezia barkaezinenak Bercianos del Camino-ko (Leon) aterpetxean hauteman ziren, bertan ez ur edangarririk ez argi elektrikorik zegoelako, eta probintzia bereko El Ganso izenekoan, argi elektrikorik ez baitzuen honek. Hutsuneen bidetik aurrera eginez, aterpetxeen %8ak (Leongo lauk, Palentziako bik, Burgosko batek eta A Coruñako batek) ur berorik ez duten bitartean, %3ak (Burgosko batek eta Leongo bik) dutxarik ere ez du.
Aurten aterpetxe-falta
Beste alderdi kezkagarrietako bat, gune horien edukiera da (Orreagatik Santiagoraino dauden 107 aterpetxeek 6.300 pertsona baizik ezin magal dezakete gau bakoitzeko): Palentzia, Errioxa eta Burgosen erromesek 500 plaza baino gutxiago dituztelarik, Leonen 1.774 eta A Coruñan 1.352 daude. Edukiera, oro har, erromesen etorrerari dagozkion aurreikuspenak bete badaitez, Bidea “behar den bezala” (tradizio xakobeoaganako errespetuz, aginduzkoa omen den aterpetxe horietan gau emanez) egin nahi dutenei magala emateko bezainbesteko ez direla nabarmenduko da, askozaz ere.
Donejakue Bideko hainbat herritan, eta ez txiripaz, hotelen edukiera gehitzeko ahaleginetan ari dira bai Administrazioa bai sektore pribatua hamaika ekimenen bitartez: kanpin berriak zabalduz, kiroldegiak egokituz, etab. Ondo ari dira, izan ere, ezusteak ezuste, dozena milaka erromes geratuko baitira kalean uda honetan horrelako aterpetxe batean gau eman ezinik, bete nahi zuten ametsa ezin asetuz, baina lo nonbait egin beharko…
Sukaldea, ikuztegia, armairua, telefonoa
Palentziako aterpetxeen erdiek baino gehiagok ez dute sukalderik; areago, Errioxa da ekipamendu hori bertako aterpetxe guzti-guztietan dagoela bermatzen duen lurralde bakarra (janaririk ez da horietan zerbitzatzen), Lugo, A Coruña eta Burgosko gehien-gehienetan horrelakoak martxan dituztelarik. Palentzian dauden hamaiketatik bostetan bakarrik eskaintzen zaio erromesari elikagaiak prestatzeko aukera. Zenbaitetan, bidaztiak aterpetxean gorde behar izaten ditu bere trasteak, toki seguruan, herri-inguruneak ezagutzearren bueltaska bat egiteko, adibidez; orduantxe balioesten dira sekula baino gehiago zaintzapeko armairuak, baina horrelakorik ez dago Errioxako guztietan, ez eta Nafarroa, Burgos, Palentzia eta Leongo gehienetan ere. Beste xehetasun batzuk ere ez omen dira luxu handiegiak, hala nola telefono publikoa eskura izatea. Ez dago senide edo lagunekiko harremanak izaterik, ordea, alferrik ari da horrelako ahaleginetan diharduena, gainean esku-telefonoa ez badauka: Nafarroako aterpeen %15ak eta Burgoskoen %20ak bakarrik dute telefonoa. Galiziakoak dira prestakuntza hoberena dutenak, gutxieneko zerbitzu hori lautatik hiruk eskaintzen baitute.
Kalefakzio-hornidurari dagozkion aldeak ere nabarmenak dira, aterpetxe batetik bestera, horietako erdietan bakarrik funtzionatzen duelako zerbitzu horrek, baina ez homogenotasun handiz: erromesak bero horren mesedeak gozatzeko aukera Lugoko hamar aterpetxeetatik zortzitan dituen bitartean, Palentzia eta Leonen zortzitik hiruraino jaisten da, ez premiarik ez delako, jakina. Banaketa orekatuagoa gertatzen da komunen ekipamenduarekin: Burgoskoetan hamar plazako komun bat badago ere, Leongoetako hamazazpiko agertzen da konketa bakarra: hortxe daude, gainera eta oraindik ere, Bide Frantseseko batere komunik gabeko bi aterpetxe bakarrak: Bercianos del Camino eta El Ganso dira gune bakan horien izenak. Hobetzeko beste alderdietako bat, inkesta erantzun zuten erromesen iritziz, lo egiteko plazen banaketa da.
Arrazoi dute, izan ere: Bide Frantseseko plazen erdia literak dira, %10a koltxoiak eta %7a bakar-bakarrik dira oheak; lotarako espazio gaituaren gainerakoa lur santua da: guztirako azaleraren %32a, hain zuzen. A Coruña eta Lugon, lo egiteko plaza guztien erdiak lur-guneak diren bitartean, Nafarroa eta Burgosen -hobeto prestatuak hauek biak- plaza guztien hamarretik bakarra da lur hutsa. Aterpetxe gehienetan topatzen den beste hutsune nabarmenetako bat, jardunaldi luze eta ahigarriaren ondoren, arropa ikuzteko toki aproposik eza da. Aterpetxeen erdiak bakarrik du ikuztegirik, baina denen %15ean soilik dago arropa garbigailu automatikoa. Aterpetxe gehienetan dago erromesek elkarrekin beren bizialdiez solasean aritzeko moduko aretorik, baina A Coruña eta Errioxako aterpetxe guzti-guztietan utzi da gune bat areto gisa erabiltzeko. Nafarroan, aldiz, horrelako ostatuen %60ak bakarrik eskaintzen du aukera hori.
Zaldi gainean zein bizikletaz
Erromesa Babesteko Santiagoko Bulegoak, iazkoan eginiko kalkuluen arabera, erromesen %26ak Donejakue Bidea bizikletaz egin zuen eta ehuneko batek, zaldiz. Errioxan izan ezik -Grañon-go aterpetxeak izan ezean beste guztiek eskaintzen dute probintzia horretan bizikletak gordetzeko toki egokia-Orreagan hasi eta Santiagoraino zerbitzu hori zein aterpetxek eskaintzen duen jakin behar du, nahitaez, erromesak aldez aurretik: Leon, Burgos, Nafarroa eta Palentziakoen %80etan, hain zuzen;
A Coruñakoetako erdietan eta Lugoko lautatik bakar batean soilik gorde daitezke bizikletak. Gogoan hartzekoa, badaezbada. Ikuilua duten aterpetxeen zerrenda, espero zen bezala, are eta urriagoa da oraindik (bostetik bakarra). A Coruña dugu horretan salbuespena, bertako aterpetxeen erdiek eskaintzen baitiote zamariari ganbela eta atseden hartzeko toki aproposa. Palentzia tarte zaila du abereak, herrialde horretan ikuiludun aterpetxe bakar bat ere ez baitago.
Hamarretik bat, suspentso
CONSUMER aldizkariak agertu ohi duen puntuazio-sistemari jarraiki, aterpetxeen %10ak suspentso lortu du azterketa honetan, erromesari (luxurik gabe baina gutxien-gutxieneko erosotasunaz) atsedena bermatzen ez diolako. Hurrengo baterako geratu direnak hauek dira: Calzadilla de la Cueza-ko zaharra eta Boadilla del Camino-koa (Palentzia); Hontanas-eko (Burgos) zaharra, Alto Do Poio (Lugo) eta Leongo Acebo de San Miguel, Calzada del Coto, El Ganso, Bercianos del Camino eta Rabanal del Camino-ko udal aterpetxea. Gauza bitxia bada ere, probintzia honetan topatuko ditugu puntuaziorik hoberena altxa duena (Leongo udal aterpetxea, 9,3 puntu) eta okerreneko kategoriakoa (Bercianos del Camino, bi puntura iritsi ez dena): zentro horiek eskaintzen duten kalitatearen desmaila handiaren agerpena da hori, hein handi batez.
Aterpetxerik onenak, zortzi puntuen mugaz gainetik dabiltzanak, hurrengoak dira: Ribadiso da Baixo, Arca O Pino, Melide eta Galiziako Xuntak Santa Irenen duena (denak ere, A Coruñan); O Cebreiro, Triacastela, Palas de Rei eta Portomarín, Lugon; Leongo udal aterpetxea eta Mansilla de las Mulaskoa, probintzia horretan; Logroño eta Navarrete-koak (Errioxa); Lizarra eta Urantziko udal aterpetxea Nafarroan; Terradillos de los Templarios eta Carrión de los Condes-eko klarisa lekaimeena (Palentzia) eta, Burgosen, Belorado-ko aterpetxea, azkenik.
Nafarroa eta Palentzian, aterpetxerik garestienak
Finis Terrae-rako txango horren bereizgarri nagusia aspaldi-aspalditik izaki, austeritatearen aurka egin nahi omen dute aterpetxe batzuek, gau ematearren erromesari dirua (1.500 pezetaraino) eskatzen diotelako. Beste zenbaitetan (direnen erdiak), doanekotzat agertzen badira ere, bidaztiaren borondateari dei egiten zaio, aterpetxearen mantenimendu- eta artapen-gastuak ordaindu ahal izatearren. CONSUMER-ek doanekotzat azken hauek bakarrik jo ditu, hau da, oparirik ematea onartzen duten arren, erabiltzaileari diru-kopuru jakin bat eskatzen ez dioten aterpetxeak. “Kobratu” egiten duten aterpetxeetan, printzipioz, adierazitako kopurua ordaindu behar bada ere, dirurik ez entregatzeak ez ohi dizkio inori ateak itxi.
Nolanahi ere, txostenak egiaztatzen duen bezala, aterpetxeen kalitatearen eta ordaindu edo ez ordaintzearen arteko erlaziorik ez dago: horra hor, froga gisa, Galiziako horrelako zentruen sarean -kalitatez Errioxakoak bakarrik gainditzen duelarik-, Lugoko ia aterpetxe guztiak ditu erromesak dohainekoak eta A Coruñakoen lautatik hiru. Zoragarria da, izan ere, Galiziako egoera: Lugon, Alto Do Poio-n (400 pezeta eguneko) bakarrik ordaindu behar da; A Coruñako doanekoak ez diren bietako tarifak 500 eta 1.500 pezeta dira, hots, Belvis-ko (Santiago Compostelakoa) Seminario Txikian eta Santa Irene-ko pribatuan. Doanekotasun-indize hori %65era jaisten da Burgosko aterpetxeetan eta %50era Errioxakoetan, %45era Palentzian eta %40eraino Leonen. Nafarroan, ostera, erromesak Bide Frantseseko aterpetxe ia guztietan ordaindu beharko du (aztertu diren 13etatik hamaikatan); kobratzen duten Nafarroako zentroetan dagoen batez besteko prezioa (514 pezeta eguneko), denetan bigarren altuena da, gainera: foru erkidegoko aterpetxeek gaueko 300 pezetatatik (Gares eta Biana) 1.300etaraino (Urantziko Casa Alberdi pribatua) kentzen dute. Leonen prezioa kobratzen dutenek (guztira 31 izaki, 19 dira horrelakoak) batez beste 413 pezeta kentzen dute gaueko, merkeena Santa Catalina Somoza-koa delarik (200 pezeta). Pereje-koak 1.300 pezeta kobratzen du, maindire-sorta osoa eskatzen denean (azpiko izara bakarrik hartuz gero, tarifa 800 pezetara jaisten da). Prezioen erlazio hau harrigarri xamar gertatzen da, Errioxan kobratzen duten hiru aterpetxeetako tarifa apal-apalekin konparatuz gero, batez beste 300 pezeta inguruan dabiltzalako prezioak, bertako zentruak Bide Frantses osoko kalitaterik hoberenekoak izaki. Palentzian (ekipamendurik eskaseneko aterpetxeak bertan direla), doanekoak ez diren sei zentruetako batenaz besteko prezioa 550 pezetaraino igotzen da, hau da, erkaturiko sei probintzietako tarifarik garestienak. Lurralde horretako prezio beherenekoa 200 pezetakoa da (Frómista-n) eta garestiena 1.000 pezetaraino joan da (Carrion de los Condes-ko klarisa lekaimeen Santa Clararen monastegiko aterpetxean (maindire eta bainu-toailak barne) eta Lédigos eta Terradillos de los Templarios-ekoak (bi hauetan, 500 pezeta soil-soilik ordainduta, koltxoia lurrean zabaldu eta hantxe lo egiteko aukera izango du erromesak). Burgosen kobratzen duten bost aterpetxeak (bederatzi dira, guztira), azkenik, gaueko 420 pezeta kentzen dute, batez beste. Tarifa apalena (300 pezeta) Villafranca Montes de Oca-koan eta hiriburukoetan eskatzen duten bitartean, garestiena (500 pezeta) Olmos de Atapuerca, Hornillos del Camino eta Hontanas herrietakoetan kobratzen da.
Mantenimendu eta garbitasunean, oso ongi
CONSUMER-ek eginiko balioespenaren arabera, alderdi honi dagokionez aterpetxeak ongi baino hobeto daude, batez beste atera duten nota “oso ongi” izan delako. Nabarmentzekoak ditugu A Coruñakoak, hauetako egoera eta mantenimenduak “bikaina” erdietsi dute eta. Beste muturrean ikusten dugu Palentziako sarekoak, garbitasunez ondo baina mantenimenduan suspendituta. Hurrenkera zehatzago bat egiten badugu, San Juan de Ortega-ko (Burgos) eta Boadilla del Camino-ko (Palentzia) aterpetxeek nozitzen duten artapen-egoera tamalgarria dugu azpimarratzekoa, denetan nabarmenena Leongo Bercianos del Camino-koari ematen zaion tratamendua bada ere.
Ikuskaritza egin zen unean (aurtengo apirilean), aterpetxeen %20 eraberritzeko lanetan ari ziren. Zehazkiago derragun, Leongo 10 aterpetxe (aipatu berri dugun okerrena, horien artean: Bercianos del Camino-koa), Burgosko hiru, Nafarroako, Palentziako eta Lugoko bi, eta Errioxako bat zeuden igeltsero eta besteren konponketa lanen hobekuntza hartzen. Amaiera emateko, Bide Frantsesean Errioxa, Burgos, Palentzia eta Lugoko aterpetxe guztiak bakarrik daude urte osoan zehar zabalik. Eskaintza anitz horren salbuespenak A Coruñako Santa Ireneren aterpetxe pribatua, Iruñekoa (biak ere apiriletik irailera bitartean irekita) eta Urantziko udal aterpetxea (azarotik otsailera arte itxita). Hauekin batera Leongo beste sei erantsi behar zaizkio, irekialdi mugatua baitute: Sahagun-go Trinidad (apiriletik urria arte), Sahagun-go udal aterpetxea (azarotik matxora), Rabanal del Camino-ko Gaucelmo (apiriletik urrira arte), Rabanal-go udal aterpetxea (maiatzetik irailera bitartean), Cacabelos (apiriletik urrira arte) eta Bierzo-ko udal aterpetxea (apirilaren 1etik urriaren 15era arte zabalik).
Aterpetxe-inguruneetan farmazia gutxi
Aterpetxeen %65etan bakarrik har dezake erromesak osasun-asistentziarik zentruaren inguruneetan (kilometro batera). Gabezia hori larriagoa da Burgosen eta Lugon, herrialde horietako aukera aterpetxeen %43 eta %33ra jaisten delako; Palentzian eta Errioxan, berriz, ikuskatu ditugun erromesentzako aterpetxe guzti-guztien inguruneetan daude osasun-ekipamenduak. Farmaziak -bi aterpetxetik bakar batean gertuko direla- ere, ez dira ugari aurkitzen. Eskaintzarik kaskarrena, berriro ere, Lugo, Burgos (%35 inguru) eta Palentzian (%27) egiten da.
Bestelako zerbitzuez ari garela, erromesarentzako informazio-bulegoak aterpetxeen %70en inguruneetan bakarrik daude, turismo-bulegoak zentru horien %35etan eta, motxila elikagaiez eta premiazko produktuez betetzeko moduko dendak, azkenik, aterpetxeen %65ean. Kutxazain automatikoak eta bizikletak konpontzeko lantegiak aterpetxeen %40en kasuetan soilik daude gertu.
A Coruña eta Lugo, Donejakue Bidean telefono higikorra erabiltzeko aproposenak
Aterpetxeetan erabilera publikoko telefono urri aurkitzea (bi zentrotik bakar batek baizik ez du horrelakorik) izan liteke motxilan telefono higikorra daramaten erromesen kopuruak (hemen ere, bitik batek, CONSUMER-ek eginiko inkestaren arabera) gora egin izanaren zergatia. Horrelako telefonoak biziki eraginkorrak gertatzen diren arren, bidaztiak jakin behar du estaldurak gora-behera handiak dituela, eskualdearen eta telefono higikorraren marka eta modeloaren arabera.
Lau telefono higikorrekin (Moviline, Movistar, Airtel eta Amena) Bide Frantseseko 99 aterpetxeetan proba egin ondoren, ondorioa hauxe da: telefono guztiek dute estaldura Lugo eta A Coruñako aterpetxeetan; Moviline, Errioxan, aterpetxeen %80etara eta Nafarroakoen %77etara bakarrik iristen da. Herrialde horretan, Airtel-ek aterpetxeen %84an ematen du zerbitzua. Baina, telefonia higikorreko lau marketatik, bat ere ez zen erabilgarria Leongo aterpetxeetako batean eta denek ere Burgosen agertzen zuten estaldurarik kaskarrena: Moviline aterpetxeen %43ra bakarrik iristen zen, Airtel %57ra, eta Movistar eta Amena %64ra, alegia. Beste alde batetik, Moviline eta Movistar markakoek estaldura ona zuten Palentziako zentroen %72an, Airtelek %54an eta Amenak, onena berau, %81ean.
Erromesak: hiru lagunetik bakar bat doa behar bezala trebaturik
Pozaldi eta atsekabe uneak, atseden eta nekealdiak, zauri eta sendaketak, urduritasun eta lasaitasuna… Bidaztiak eguneroko esfortzua gainditzeko eztenkari suertatuz, edo geroz eta barnerago sartzen den labana gisa, azkenean erromesari amets eta itxaropenak bide-ertzean uztarazten diotelarik, Santiago Bidea hamaika zailtasun, eragozpen eta trabak josita dago hasiera-hasieratik. Bidezkoa da, horrenbestez, ehundaka kilometroko erromesaldi neketsua osatu ostean Santiago bisitatzeko helburua bete dutenen aholkua entzutea. Horregatik aditu nahi izan du CONSUMER-ek eginkizun horretan trebatuta zeuden 204 erromesen iritzia.
Lehen-lehenik, hiru bidegiletatik bat bakarrik entrenatua zegoela jakinarazi zitzaigun: bidera irten aurretik, 44 egun iraun zuten probek, batenaz beste. Erromesaren ingerada taxutzeko saiakeran, erantzunek egiaztatzen dute bidaztia Santiago Compostelakora, Leon, Nafarroa eta Lugotik batik bat abiatzen dela, Bidea arrazoi kulturalengatik (erromesen %23), erlijiosoengatik (%20) eta erronka pertsonal gisa (%18) egiten duela, taldean ibiltzea nahiago duela (hamarretik bederatzik), hamar bat egunetan batez beste 232 kilometro egiten dituela eta ibilbide osoan 36.600 pezeta gastatzen dituela. Beste aldetik, motxilan toaila eta inpermeablea (erromesen %99), lozakua (%95), txanoa (%85), kantinplora eta komuneko papera (%79) eta botikina (%72) zeukatela esan ziguten. Bidegileen erdiak ia, ekipajean gida idatziren bat ere bazeraman. Hamarretik bederatziren ustez, lurraldean lurraldeko erakunde eskumendunek Bidearen hainbat alderdi hobetu beharko lituzkete, hala nola, aterpetxeen kalitate eta kopurua, seinaleztapena, osasun-asistentzia eta ibilbideko segurtasuna. Hamarretik bederatzirentzat mendi- eta errepide-tarte batzuk arriskutsu gertatzen dira, A Coruña, Lugo eta Leonen, bereziki. Azkenik, bizialdi hau egina pozik sentitzen zirela adierazi bazuten ere, erromesen %15ek ez dakite oraindik berriro ere saiatuko den Bidea egiten eta %3ak seguru diosku berriz ez duela egingo horrelakorik.
Zer da Compostelana?
Erlijiozko motiboengatik bidea egiten duenari, gutxienez ehun kilometro oinez edo zaldiz edo berehun kilometro bizikleta gainean egin dituela frogatzen duenari, Erromesaren Nortasun karta aurkezten badu, Santiago Compostelako Katedralak ematen dion ziurtagiri ofiziala da Compostelana izeneko hori, Bideak zeharkatzen dituen herrietako parrokiek, aterpetxeek edo pertsona ordezkariek sinaturiko txartela, alegia. Ziurtagiri horren jatorria XIV. mendekoa da eta txartela bera Erromesaren Bulegoan bertan jaso daiteke (Rúa do Vilar, 1, Katedralaren ondoan).
Monte Do Gozo-ko aterpetxea, ezin alderatuzkoa
Santiago Compostelakoaren atetan dagoen Monte do Gozo-ko aterpetxea bisitatu ez ezik balioetsi ere egin zuen CONSUMER-ek. Ezin konpara daiteke zentro hau beste ezeinekin, berebiziko edukiera duelako (800 plaza) eta, noski, gazteentzako aterpetxe, hotel-plaza eta kanpinak osaturiko egoitzategi zoragarri batean dagoelako kokaturik. Erromesaren atsedena bermatzeko behar den guzti-guztiaz dago honitua Monte do Gozo-ko hau. Horregatik, zerbitzuen zabalagatik, erosotasunen anitzagatik, txostenetik kanpo aztertzea nahiago izan dugu, besteekiko aldea izugarria baita alderdi denetan: Bide Frantsesean zehar aztertu ditugun gainontzeko 98 aterpetxeekin batera, “zaku berean” sartzeak balioespena desitxuratu egingo luke.
- Animo handia, karga txikia. Ez zamatu motxila (ez hamar bat kilo baino gehiago ipini) alferrikakoak diren edo Bidean zehar eros daitezkeen gauzekin; uhalen igurtziak ekidingo ditugu horrela.
- Prestakuntza fisikoa egin behar du, abiatu aurretik, bai oinez doanak, bai bizikletaz edo zaldi gainean ibiliko den erromesak. Ibilbide labur baino menditsuetan egindako prestakuntza dugu biziki ariketa gomendagarria.
- Oinetako aproposak. Oinari zeharo egokituak eta orkatilari ongi eusten dioten bota erosoak, zola labaingaitza dutenak, ezinbestekoak dira. Galtzerdiak kotoizkoak, garbiak, lehorrak eta ongi sartuak beti, igurtzirik egin ez dezaten. Lauan egin beharreko ibilaldi, atsedenaldi edota paseoan erabiltzeko, hobe kalitate oneko zapatila arinak ere eramaten badira gainean.
- Hobe Bidea udaberri edo udazken-hasieran egitea. Aurtengo udaran aterpetxeetan lo egitea ez da erdiespen makala izango, lepo beterik egongo direlako, seguruenik. Tarte batzuetan beroa itogarria izan ohi da eta negu gorrian, berriz, mendialdeko ibilbideak hotz-hotzak.
- Jazkera, eguraldiaren araberakoa. Udan, kotoizko arropa arina; neguan, mendiko anorak, eskularruak eta artilezko arropa. Negu gorrian, buruan txapela edo txanoa, hotzaren kontra, eguzkiaren babes, udaroan. Eguzkitako betaurrekoak ez ahantzi etxean.
- Lozakua arras baliagarria gertatzen da, aterpetxeetako plaza asko eta asko lurrekoak baitira. Lozakurik ez badaramazu, sartu motxilan burko-zorroa: aterpetxe askotan higienea oso kontzeptu primitiboa da eta.
- Kaxuela eta paderak motxilan zamatzea akats larria da. Aterpetxe batzuetan janariak zerbitzatzen dira eta prezio merkeko jatetxeak ere ugari topatzen dira Bidean. Sukaldean aritzea baimentzen duten babeslekuek badute horretarako tresneria aproposa. Sardeska, koilara eta labana eramanik, aski duzu.
- Ahuleziak jo edo makalaldian ikus dezakezu zeure burua: eduki eskura gozokiren bat eta fruitu lehorrak, animoak suspertzeko. Ez ahantzi kantinplora bete ur, ez makila, makulu edo bastoia ere, bidezidor zailetan eroso eta seguruago ibiltzeko.
- Komuneko papera, toaila eta azkazalak mozteko tresna dira motxilan nahitaez sartu beharreko gauzak. Kateorratzen bidez arropa zabalduko dugu, motxilatik zintzilik, lehor dadin.
- Botikina: babak lehertzeko orratza eta haria, desinfektatzailea, guraizeak, esparadrapoa, kotoizko bendak, alkohola, krema antinflamatorioa eta aspirina edo parazetamola. Eguzki-erredurarik gerta ez dakigun ere, berariazko krema.
- Errepidean, joan beti ezkerretatik. Bidea taldean egiten ari bazara, ez bildu tropelka errepidean. Gurutze Gorriak berebiziko lan ona egiten du Bidean. Premia izatekotan, eskatu hari laguntza.
- Ez da komeni gauez ibiltzea baina, halaz ere, ilunpetan bidean aurrera egin behar izanez gero, erabili erreflektatzaileak ibilgailuetakoek ikus zaitzaten.
- Beroa dela medio, makalaldia nozitzekotan, bilatu toki freskoa atseden hartu, likidoa edan eta galdutako mineralak ostera eskuratzeko (litro bat uretan, koilaretxokada bat gatz eta koilaretxokada erdi bikarbonato). Karranpak latzak badira, ipini gatz gehiago uretan.
- Dokumentazioa (Gizarte Segurantzako txartela, eta NAN), ezinbestekoa. Garrantzi handikoa, ordea, Donejakue Bideari buruzko gidaliburua, arrunt baliagarria delako. “Compostelana” izenekoa nahi badugu, eskuratu erromesaren nortasun-karta den zigilu-liburuarekin, Bidea hasten duzun unean bertan.
- Hobe gainean kreditu-txartelak eramatea eskudirua baino, seguruagoak direlako.
- Belarrietako tapoiek, gelako lagunen zurrungarik ez aditzeko balio dute.
Santiago Bideko gidak aztertu ditugu
Bidaian abiatu aurretik gida edo eskuliburua erosi eta irakurtzea erabiltzaile askoren ohitura bihurtzen ari da piskanaka. Aurtengo apirilean liburudendetan aurkitu genituenak aztertu zituen CONSUMERek eta hurrengo ondorioetara iritsi:
-
El Camino de Santiago a Pie: El País-Aguilar. 216 orr. 2.800 pta. Tamaina: 140 x 230 cm
- Alderdi onena: osoena da. Oso praktikoa, diseinu erakargarrikoa, argazki-kalitate handia duena. Erromesarentzat baliagarriak diren hamaikatxo xehetasun eskaintzen ditu eta sekzio benetan interesgarriak aurkitzen dira bertan, hala nola Bidaiaren Prestakuntza, Historia edota Aholku Praktikoak. Jardunaldian ibili beharreko kilometroen arabera dago eratuta kapituluka. Alderdi txarrena: osagarri gisa, errepide-mapen falta sentitzen da. Puntuazioa: 9 puntu. Bidea egin nahi duenarentzat aukera onena, eta ez garestiegi.
-
Guía práctica del peregrino – El Camino de Santiago: Everest. 264 orr. 2.950 pezeta. Tamaina: 160 x 280 cm.
- Alderdi onena: mapa ugari, banan-banan, erraz ulertzeko moduko informazio oparoz beteak. Bestelako gidetan nekez aurki daitezkeelarik, txirrindularientzat berariaz taxuturiko ibilbideen profilak erakusten ditu. Alderdi txarrena: tamaina handiaren erruz erabilgaitz gertatzen denez, hobe da informazioa biltzen duten fitxa murriztuak eramatea gainean. Puntuazioa: 8 puntu.
-
Aeroguía del Camino de Santiago: Geo-Planeta. 384 orr. 3.400 pezeta. Tamaina: 135 x 230 cm.
- Alderdi onena: airetik eginiko argazkiek Bidearen ikuspegi zoragarri bezain gutxi ezaguna eskaintzen dute. Kapituluz kapitulu agertzen diren irakurgaiek sekulako interes historikoa dute. Alderdi txarrena: erromesarentzat berariaz baliagarri den informazioa beste gida batzuetan baino urriagoa da. Hauxe da garestiena. Puntuazioa: 6 puntu.
-
Guía Repsol Galicia – Los Caminos de Santiago: Repsol. 218 orr. 2.395 pezeta. Tamaina: 150 x 285 cm.
- Alderdi onena: liburu erabilgarria, diseinu argi eta gaurkotua duena. Aurtengorako Galizian antolaturiko ekitaldi ludiko eta kulturalen zerrenda osoarekin batera, eskualde horretara doan bisitariak interesgarritzat jo litzakeen zerbitzuak dakartza. Alderdi txarrena: erromesaren ikuspegitik baliagarritasuna mugatuagoa da, Santiago Bideari buruzko berariazko gida gabe, Galizia bisitatzen duten turistei zuzenduriko eskuliburua delako. Puntuazioa: 6 puntu.