Kontsumitzailea finantzatzea
Horrela, hainbeste mailegurekin, familiaren diru-kontuak konprometitu egiten ditugu eta etorkizuneko edozein erabaki hilabeteroko kuoten ordainketari lotu, horrela eguneroko gastu-ahalmena oztopatuaz. Hori dela eta, zenbait etxetan arazo latz bihurtzen da edozein ezusteko, hilero-hilero hainbeste kuota ordaindu beharragatik, patrika ez baita ezer askotara iristen. Norbere erabakia da, jakina, baina bistakoa dirudi zentzuz jokatzea komeni dela maileguak eskatu edo ondasun nahiz zerbitzuak epeka erosteko finantziazioa eskatzerakoan. Izan ere, ezin dugu gure poltsikoa era zentzuzko batean ordain ditzakegun kopuruen gainetik estutu.
Merkatuak aukera ugari eskaintzen du gaur egun (mailegu pertsonalak, kreditu lerroak, kreditu txartelak…) ondasunak erosi edo zerbitzuen kontratazioa finantzatzeko, ordainketa atzeratzeko, hitz batean. Aukera zabal hori saltzaileak berak eskaintzen du sarritan, banku eta aurrezki kutxak ez baitira maileguak ematen dituzten bakarrak. Saltokiek, bidaia-agentziek auto-kontzesionarioek, zirujau plastikoek eta abarrek ere epe erosoetan ordaintzeko aukera eskaintzen digute. Ordainketaren finantziazio zuzena aplika dezakete, interesekin edo interesik gabe zatikatuz, edo bestela, finantza erakunde baten bidez gauza bera egin.
Dela saltzailearen zuzeneko finantziazioarekin, dela finantza erakunde baten bidez, erosketa hauetarako bi araudi daude: Kontsumorako Kredituen Legea (maileguaren edo epeen zenbatekoari dagokionez zenbait baldintza betetzen direnean) eta Ondasun Higigarrien Epekako Salmentaren Legea, zerbitzua ez denean. Gainera, eragiketa horietan jarduera profesionala burutzen bada bigarren horrek arautuko du.
Edozein kasutan, CONSUMER aldizkariaren zerbitzu juridikoen ustez, finantziazio horiek ez daude behar bezain argi araututa eta, beraz, oso komenigarria da edozein kontratu sinatu aurretik ondo irakurri eta beharrezko bada, lege-aholkularitza eskatzea. Ikus ditzagun zenbait kasu.
Finantza-erakundeak ordaindu ez
Kontsumitzaile batek bidaia kontratatu zuen agentzia batean eta honek mailegua kontratatu zion finantza- erakunde batekin. Erakunde horrek esklusibitatea zuen agentziako bezeroei ematen zitzaizkien maileguetan, elkarte bien arteko akordioaren arabera.
Kontsumitzaileak kontratatuta zerbitzua ez zuela behar bezala bete leporatu zion agentziari eta utzi egin zion finantza-erakundeari epeak ordaintzeari. Honek kontsumitzailearen aurkako demanda ezarri zuen, zor zion kopurua ordaindu ez zuelako. Garai hartan Kontsumorako Kredituen Arteztarau Europarra hemengo araudira egokitu gabe zegoenez, Europako Epaitegiak -1996ko martxoaren 7ko epai bidez- erabaki zuen kontsumitzaileak ezin zuela finantza-erakundearen aurrean agentziaren aldetik zerbitzuetan akatsik izan zenik argudiatu eta beraz, Kode Zibileko 1257. artikulua, kontratuek sinatzaileak bakarrik lotzen dituela ezartzen duena, aplikatu zen.
Garai hartan arteztaraua gaur egun bezala Kontsumorako Kredituen Legearen bidez egokiturik izan balitz, kontsumitzaileak finantza-erakundearen aurrean bidai-agentziak kontratua ez zuela behar bezala bete argudiatu ahal izango zuen, ez ordaintzea justifikatzeko.
Jabari erreserbako hitzarmena
Kontsumitzaile batek autoa erosi zuen jabari erreserbako hitzarmeneko finantziazio-kontratu bidez. Hau da, erosleak mailegua osorik ordaindu arte finantza-erakundea zen autoaren jabe. Jabari erreserbaren klausula Epekako Salmenten Erregistroan inskribatu zen eta kontsumitzailea Gizarte Segurantzarekin zorretan zegoenez, autoa enbargatu zuten Zamorako Trafikoko Erregistroan Gizarte Segurantzaren alde. Gertaera horien aurrean, finantza-erakundeak epaitegietara jo zuen, jabari erreserbak argudio gisa babesten zuelakoan; horri esker, autoaren jabe baitzen eta beraz, beste inork ezin zuen autoa enbargatu.
Zaragozako Lurralde Auzitegiak (1997ko maiatzaren 29ko epaia) erabaki zuen jabari erreserbako hitzarmena dela epekako eragiketetan garantia nagusia eta beraz, prezio osoa ordaindu artean ezin dela jabetza efektibotzat hartu. Formula horren bidez, erosleak gozatu egin dezake erositakoa, baina ez da haren jabe. Kasu konkretu honi dagokionez, saltzaileak eskuratua zuen diru-kopuru osoa eta beraz, finantza-erakundearena zen jabetza.
Finantzatutako ordenadorea ez zen saldu
Emakume batek mailegu baten poliza sinatu zuen ordenadore bat epeka erosi ahal izateko; polizaren baldintza orokorretan baimena ematen zitzaion finantza-erakudeari saltzaileari ordainketa zuzenean egiteko eta ondasunen jabaria erreserbatzen zitzaion, 1965eko Epekako Salmentaren Legeak arauturiko eragiketaren bidez. Azkenean, kontsumitzaileak ez zuen ordenadorea jaso eta ez zion finantza-erakundeari gehiago eperik ordaindu; erakundeak, saltzaileari erosketa ordaindua zionez, demanda jarri zuen ordaindu gabeko kuotengatik.
Granadako Lurralde Auzitegiak, 1997ko urriaren 11ko epai bidez, erabaki zuen erosleari finantziatukoa gaia entregatu zitzaiola egiaztaturik ez zegoenez, kontsumitzaileak ez zuela finantza-erakundearen aurrean inolako ordainketarik egin beharrik, bestela bere kalterako desfasea gertatuko baitzen. Epaiaren arabera, finantza-erakundeak saltzaileari ordaintzeko baimena bazuen, egiaztuta egin behar zuen saltzaileak bezeroari ordenadorea eman ziotela. Beraz, zabarkeriaren ondorioak bere gain hartu eta, maileguaren polizaren arabera, ezin dio kontsumitzaileri ordaindu gabeko kopurua ordaintzerik erreklamatu.
Mailegu-polizako klausula indarrik gabe
Erabiltzaile batek mailegua hitzartu zuen banketxe batekin, baina gero ez zituen epeak ordaindu. Banketxeak demanda ezarririk, maileguaren polizak ez zituela interes tasa eta TAE (Egokitzapen Ekonomikoko Tasa) jasotzen alegatu zuen kontsumitzaileak. Malagako Lurralde Auzitegiak, 1997ko ekainaren 17ko epai bidez, banketxearen abusuzko jarrera azpimarratu zuen, ez baita nahikoa kontratuan maileguaren kuotak jartzea.
Kasu honetan, Auzitegiak Kontsumitzaile eta Erabiltzaileren Defentsarako Lege Orokorra aplikatu zuen, Kontsumorako Kreditu Legea aipatzeaz gain. Lege horren 6. artikuluak dio interes tasa eta TAE kontratuaren oinarrizko baldintza direla eta bi datu horiek falta izateak kontratua indarrik gabe uzten duela.
- Kontsumorako Kredituen Legea 1995ekoa da eta mailegua 25.000 pezetatik gorakoa eta 3 milioi pezeta bitartekoa denean aplikatzen da.
- Finantziazio-kontratuak idatziz jasota egon behar du (bestela indarrik gabe geratzen da) eta TAE, kopuruaren zenbatekoa, ordainketa kopurua eta aldizkakotasuna, eta interesen eta bestelako gastuen ordainketaren berri adierazi behar du.
- TAE adierazten ez bada, kontsumitzaileak legez ez du beste betebeharrik izango legezko interesa adostutako epeetan ordaintzea baino.
- Aipatutako beste datuetakoren bat jasotzen ez bada, prezioa eskura edo kredituaren nominala bakarrik ordaindu behar izango du hitzartutako epean, epeei buruz ere omisioa edo zehaztasun falta ez badago behintzat. Hala balitz, kontsumitzailea ez dago ordaintzera behartuta kontratua amaitu arte.
- Gainera, kredituaren kostu osoa ezin da kontsumitzailearen kaltetan aldatu, alde biek sinatutako akordio batengatik ez bada; eta kasu horretan ere, edozein aldaketak legearen araberakoa izan behar du.
- Mailegua osorik edo zati bat aurrez itzultzen bada, bezeroak gehienez ere %1,5eko komisioa ordaindu beharko du interes aldakorrean eta %3koa interes finkoan.
- Azkenik, kontratua kontu korronte batean kreditua emateko bada (kreditu txartelaren konturako ez bada), arau honek ezartzen du kontsumitzaileak idatziz jaso behar duela kontratua sinatu aurretik ondorengo informazioa: kredituaren muga (mugarik balitz), urteko interes tasa, gastu ezargarriak, interesen balizko aldaketak eta akordioa bertan behera uzteko prozedura. Akordioa indarrean den artean, finantza-entitateak informazioa eman beharko dio bezeroari interes tasen edozein aldaketari buruz edo sortzen diren gastuen gainean.
Ondasun Higigarrien Epekako Salmentaren Legea
Erosleak saltzailearekin aurrez adostu gabe hirugarren batengandik zuzenean kreditua eskuratzen duenean (eta kasu horretan bakarrik), eragiketa Kontsumorako Kredituen Legearen menpe izango da. 1998ko Ondasun Higigarrien Epekako Salmentaren Legeak bere aldetik, erosle batek (kontsumitzaile izan edo ez) hiru hilabete baino epe luzeagoan prezio bat ordaintzeko konpromisoa hartzen dueneko salmenta guztiei eragiten die.
Mailegua kasu horretan eroslea finantzatzeko izan daiteke: saltzailearen eta eroslearen arteko akordio baten ostean, finantza-erakundea sartzen da jokoan eta erositako ondasunak balio duen dirua ematen dio erosleari. Bezeroak, bere aldetik, finantza-erakundeari maileguaren zenbatekoa itzultzeko konpromisoa hartzen du.
Arau honi lotuta dauden kontratuak idatziz jaso behar dira eta sinaduraren lekua eta data, aldeen identifikazioa, saldutako objetuaren deskribapena, eskura ordaindutako prezioa, hasierako ordainketaren kopurua (halakorik bada), epeka jartzen den zatia eta, hala balitz, hirugarren batek finantzatutako zatia. Mailegu-kontratuetan, zor den kapitala jasotzeaz gain, interes finkoko eragiketa edo interes aldakorrekoa den adierazi behar da, eta kopurua, ordainketaren zenbatekoa eta epeak ere bai. Posible bada, ordainketen zenbateko osoa eta baita interes tasa nominala eta TAE ere; eta azkenik, kredituaren kostu osoa osatzen duten elementuak.
Honela beraz, etxeko tresna elektriko baten erosleak eskuratzen duen publizitateak eskura ordaintzearen prezioa eta epekako ordainketaren tarifa jaso behar ditu. Hala ere, Ondasun Higigarrien Epekako Salmentaren Legeak ez du arautzen eskaintzak zein epetan diren lotesle.
Bestalde, legeak aukera ematen du erosleak erosketa baliogatzeagatik konpentsazioa egin dezan, baldin eta alde bien artean berariazko hitzarmena badago. Konpentsazioak ezin du aurreratutako ordainketaren %1,5 baino handiagoa izan interes aldakorreko eragiketetan eta %3 baino handiagoa interes finkoko eragiketetan.
Azkenik, erosleak epeen ordainketan berandutza izan edo azken ordainketa atzeratzen badu, bere betebeharra urratzen du eta, beraz, pendiente dauden epe guztiak ordaintzea eska diezaioke saltzaileak (epea betea izan edo ez) eta bere aldeko kalteordainarekin kontratua bertan behera utzi. Kasu honetan, saltzaileak edo maileguemaileak kalteordaina ere jaso dezakete: beteriko epeen %10aren parekoa, ordainketaren pareko kopurua (eskura ordaindutako balioaren %20 baino handiagoa ez bada, edo hasieran ordainketarik egin ez bada eskurako prezioaren %20aren parekoa), edo objetuak izan duen galera justifikatuagatik konpentsazioa dirutan.
Hitz gutxitan
1998ko Ondasun Higigarrien Epekako Salmentaren Legeak (ondasun higigarrien salerosketa eta finantzazioa arautzen duenak) 1965eko Legearen aldean kontsumitzailearentzat dituen abantailak:
- Ondasun higigarrien epekako salmentan hasierako ordainketa egin beharra desagertu egin da.
- Kontratuaren edukia zabaldu egiten da eta interesei eta TAEari buruzko informazio zehatza jasotzen da.
- Uko egiteko eskubidea hiru egunetik zazpi egunera luzatzen du (erabili ez den ondasun bat jaso zen leku, itxura eta egoera berean itzultzea).
Ondasun Higigarrien Epekako Salmenten Legeak Kontsumorako Kredituen Legearen (mailegu-kontratuak aratzen dituenaren) aldean aportatzen duenari buruz, ondorengoa esan daiteke:
- Arau batzuk berdin-berdinak dira lege bietan.
- Epekako Salmenten Legean xedapen batzuk eroslearen aldekoago dira, uko egiteko eskubidea esate baterako; Kontsumorako Kredituen Legean ez da puntu hori arautzen.
- Epekako Salmenten Legeak hartzekodun edo saltzailearentzat mesedegarriago diren arau batzuk ditu, “jabari erreserba” izendapenak hirugarrenen aurrean duen eraginkortasunaren aipamena adibidez.
- Kontratuan omisioak edo zehaztasunik ezak izan ditzakeen ondorioei dagokienez, berdin-berdinak dira lege biak.
- Ordainketa aurreratuari buruz, eroslearen baldintza eta eskubideak berdintsuak dira lege bietan; baina Epekako Salmenten legeak aurrerakina prezioaren %20 baino txikiagoa sekula ez dela izango adierazten du eta Kontsumorako Kredituen Legeak berriz ez du inolako mugarik ezartzen.
- Publizitateari dagokionez, mailegu-kontratuari buruz ezar daitezkeen irizpideak berberak dira lege bietan, baina Epekako Salmenten Legeak ez du zehazten eskaintzak zein epetan diren lotesle.