Merkeenetako bat, hoberena
Hainbat proba eta saiakera egin ziren laboratorioan, bai audioan bai bideoan zinta horiek nolako ezaugarri fisikoak zituzten eta zein prestazio eskaintzen zuten agertzeko. Probak, hasieran zintak erosi berritan eta geroago, zaharkitze-prozesua (hau da, 15 igaroaldi edo grabazio eginarazi zitzaizkien, hurrenez hurren) jasan ondoren, egin ziren. Prestazioak, beraz, zinta guztiak berritan eta zinta guztiak berriro ere, erabiliz gero, aztertu ziren.
Ezaugarri fisikoei dagokienez, bideo-zinta luzeena Basf (260 metroko luzeera) den arren, aldea ez da nabarmena, izan ere, laburrenak (Philips) bi metro gutxiago besterik ez baititu. Zinten lodiera (metal-oxidoaren kopuru handi edo txikiago bihurtzen omen dena; horrek, teorian bederen, irudiaren kalitatean du eragina) aztergai hartuta, alderdi horretan ere denak berdintsuak dira baina Basf markakoa (18 milimetro-mileneko) lodiskagoa da. Bereizgarri fisikoez, behintzat, bideo-zinta horiek elkarren berdin-berdintsuak direla ondorioztatu behar dugu, horrenbestez, luzeena eta lodiena Basf baldin bada ere.
Homogenotasun hori suntsitu egiten da, ordea, egiaz garrantzia daukana alderatzen dugunean: bideo-zinta batzuek eta besteek erabiltzaileari eskaintzen dizkioten prestazioak, alegia. Berrietan Basf nabarmendu zen, bai irudiz bai soinuz kalitate on-oneko bakarra baita. Gainontzekoek ez zuten oso nota onik ez alor batean ez bestean ere, baina etekin onargarria (gutxienez) eskaini zuten bi alderdietan; Fuji, halaz ere, beste guztiak baino kaskarrago agertu zen soinuari dagokiola.
Erabiltzaile gehienek gehien baloratzen duten alorrean, irudiaren kalitatean alegia, Panasonic eta Fuji gailendu ziren, baina hauen prestazioak Basf markakoen azpitik azaldu ziren beti ere.
Zortzi bideo-zintak behin eta birritan erabili ondoren eginiko probetan, “zahartzaro” onena dutenak Fuji (irudi-kalitate hobea duelako) eta ondotik Basf (irudian oso prestazio onargarriak, baina ez horren onak audioan) izan ziren. Gainontzekoetatik azpimarratzekoa dugu Studio Grande, azpitik nabarmentzekoa ere, audio eta bideoaren kalitatea oso erdipurdikoa delako, erabili ondoren gainontzeko bideo-zintekin erkatzen badugu. Beste bostek jokaera ona agertu zutelarik, soinuaren kalitatea irudiarena baino hobea erakutsi zuten Panasonic, BBC eta TDK markek. Sony eta Philips laginetan, alderantziz, irudiaren kalitatea hobea da soinuarena baino.
Laburbilduz, osotasunez kalitate hoberenekoa Basf izan zen: kromoa daukan bakarra da lagin hori, eta ez alferrik, noski.
Beste marketakoek, kromoaren ordez, burdina gehiago eta kloroa, baina Basf-ek ez darabil honelakorik. Marka horretako laginak praktikan hasierako ezaugarriak mantentzen dituen bitartean, gainerakoek -Fuji laginak izan ezik-hein handi edo txikiagoan galdu egin dituzte. Kalitatearen bigarren multzoan sartuko genituzke BBC, Panasonic, TDK eta Fuji, eta ondoren Philips eta Sony azkenean. Zintarik kaskarrena: Studio Grade (merkea ez den arren: 625 pezeta kostatzen baita). Honek, berri-berritan eskainitako prestazioak onargarri besterik ez zirelarik, erabileraren ondorengo azterketan nota erdipurdiraino jaitsi zen.
Laboratorioko probak eta bideo-zinta hauen kostua alderatuz, Basf agertzen da gailurrean, prezio-kalitate erlaziorik hoberen bezala, produkturik onena izaki bigarren zinta merkeena bera delako: 513 pezeta besterik ez da kostatzen. Bideo-zintetan ere, beste gauza asko-askotan bezala, gehiago ordaintzeak ez du inondik ere esan nahi kalitate hobeko produktua eskuratzerik.
Laburbilduz
Laburbilduz
- 180 minutuko iraupena duten VHS-Pal Secam sistemako zortzi bideo-zinta aztertu dira. Zinten prezioak BBCko 795 pezetatik Fuji markakoaren 490 pezeta bitartera zihoazen.
- Alderdi fisikoan denak dira berdin-berdintsuak (bandaren lodiera eta luzera neurtu ziren): horrek esan nahi du fabrikazioan oso eredu estandarizatuak jarraitzen direla.
- Homogenotasun hori ezabatu egiten da, erabiltzaileari eskaintzen dizkioten prestazioak aztertzen baditugu. Zinta berrien artean Basf markakoa nabarmendu zen, berau izan baitzen oso ona bai bideoan, bai audioan ere. Gainontzekoek ez zuten oso nota onik erdietsi ez batean, ez bestean, baina etekin onargarria eskaini zuten denek (Fuji-k izan ezik, audioan huts egin baitzuen). Irudi-kalitateari dagokionez, Panasonic eta Fuji gailendu baziren ere, hauen prestazioak ez ziren Basf-ek eskainitakoak bezain onak izan.
- Zaharkitze egokiena agertzen dutenak Fuji (irudiaren kalitateagatik) eta Basf dira. Gainontzekoetatik Studio Grande nabarmentzen da bere buruaren kaltetan, erabili ondoren erakutsi duen audio eta bideoaren kalitatea erdipurdikoa baita. Beste bost marketako laginek jarduera ona erakutsi dute.
- Markarik onena Basf da, osotasunean “oso ongi” nota erdietsi duelarik. Kalitatez bigarren multzo bat eginez gero, BBC, Panasonic, TDK eta Fuji taldekatzen dira (“ongi” lortu dute hauek) eta ondotik Philips eta Sony (“onargarri” bakarrik). Azken-azkenean Studio Grade dugu: prezioa erdiparekotik altu bitartekoa (625 pezeta) izateaz gain, berritan zintak prestazio onargarri hutsak eskaintzen zituelarik, erabili ondoren agertu zituen emaitzak erdipurdikoak izan ziren.
- Kalitate-prezio erlaziorik onena Basf da: azterturikoen artean kalitate hobereneko zinta izaki, berak bakarrik dauka kromoa (%24) eta bigarren merkeena da: 513 pezeta bakarrik kostatzen da.
Banan-banan
Zortzi bideo-zintak, banan-banan
Basf.
- 513 pezeta. Bigarren merkeena eta, dudarik gabe, kalitaterik hoberenekoa. Kalitate-prezio erlaziorik onena, noski.
- Lehen erabileran, bai soinuz bai irudiz, “oso ongi” notak lortu dituen bakarra da eta, gainera, zaharkitze-prozesua ere ederki gainditu du.
- Aldeko beste puntu bat: burdinaz gain, kromoa (%24) daukan bakarra da bera, eta ez du klororik baliatzen. Osoko kalifikazioa: oso ongi.
Fuji
- 490 pezeta. Merkeena izaki, aukera interesgarria da hori ere.
- Erosi berritan, lagin honetako soinua erdipurdikoa zen (irudia, berriz, ona); zaharkitze-prozesua ederki gainditu du, irudi aldetik, batik bat.
- Osoko kalifikazioa: ongi.
Panasonic
- 548 pezeta.
- Lehen erabileran, hobeto irudiz soinuz baino; zaharkitze-prozesua nozitu ondoren, ongi audioan eta onargarri bakarrik bideoan.
- Osoko kalifikazioa: ongi.
TDK
- 644 pezeta.
- Ongi soinua, onargarri bakarrik irudia, bai lehen erabileran bai hurrengoetan ere.
- Osoko kalifikazioa: ongi.
Sony
- 578 pezeta. Lehen erabileran, hobeto irudia soinua baino.
- Zaharkitze-prozesuaren ondoren, soinua onargarri baizik ez da, gainontzeko zintetakoen aldean.
- Erabiltzailearentzako argibide batzuk, ingelesez bakarrik. Osoko kalifikazioa: onargarri.
Philips
- 540 pezeta. Onargarri prestazio guztietan, ez da ezertan nabarmentzen.
- Soinuari dagokionez, irudiz baino apalago agertzen da. Erabileraren poderioz, irudian puntu zuriak azaltzen dira.
- Osoko kalifikazioa: onargarri.
BBC
- 795 pezeta. Aztertutakoetan garestiena.
- Zaharkitzearen poderioz ere bere hartan mantentzen da: bai lehendabiziko erabileran, bai 15 iraganaldiak nozitu ondoren, etekin ona eman du soinu aldetik baina onargarri besterik ez irudiz.
- Erabiltzailearentzako argibide batzuk, ingelesez. Osoko kalifikazioa: ongi.
Studio Grade
- 625 pezeta. Aztertutako denetan okerrena eta hirugarren garestiena, gainera.
- Hasieran irudiz zein soinuz etekin onargarria bakarrik eskaintzen du eta zaharkitze-prozesua okerren jasaten duena da berau, bi ataletan ere.
- Erabiltzailearentzako argibide batzuk, ingelesez bakarrik. Osoko kalifikazioa: erdipurdi.