Funtsezkoena aukeratu eta lekua aprobetxa dezagun
Nahaste-borrastea konpontzeko, bidaiarako ezinbesteko diren gauzak bakarrik aukeratu beharko ditugu lehenik; gero lekua ahalik eta ondoen aprobetxatu, gauza bakoitza bere lekuan ipini eta tamaina eta formaren arabera ordenatuta. Baina bada ekipajea prestatzen lagunduko digun aholku konkretuagorik ere.
- Garraio-bidearen arabera aukeratu maleta. Autoan edo trenean joan behar baduzu, maleta bigunak aukeratu, lona edo poliesterrezkoak, eramangarri eta arinagoak izaten baitira. Hegazkinerako, berriz, gogor eta zurrunak.
- Oporretarako aukeratu duzun lekuko klimaren ezaugarriez informazioa lortu. Eskatu xehetasunen berri: gauez hotzik egiten duen, euria sarri egiten duen, …
- Behar izango duzun guztiaren zerrenda egin eta aldean eraman, bueltarakoan ezer ahaztu ez dezazun.
- Umeekin bazoaz, beste zerrenda bat egin umeen ekipajeko gauzekin.
- Maletak egiten hasi aurretik atera ohe gainera eraman behar duzuna, dena batera ikusi ahal izateko.
- Zimurtzen ez diren arropak aukeratu eta jantzi polibalenteak eraman; sport jantzian ibili beharreko lekuetarako eta dotoreago jantzi beharreko egoeretarako balio izango dizute.
- Eskuko poltsa bat eraman botikina, jostotzara, irakurtzen ari zaren liburua eta umeen gauzak eramateko.
- Egonaldia laburra delako poltsa bakarra behar baduzu, gauzarik astunenak azpian eta arinenak gainean jarri. Lehen gauean erabili behar dituzunak beste guztien gainean sartu. Badaezpada.
Maleta, pausoz pauso
- Arropa guztien kremailera eta botoiak lotu eta behera begira jarri. Gutxiago zimurtuko dira.
- Maletak bi zati baditu, horietako batean sartu gauza astunak eta oinetakoak (plastikozko poltsetan). Pisua beti heldulekuaren kontrako aldean jartzea komeni da. Maletak gune bakarra badu, gauza hauek barren-barrenean sartu.
- Gero jantzi astunak eta trajeak sartu. Prenda bakoitza dagoen lekuaren arabera tolestu eta geruzak ahalik eta lauen mantendu.
- Ondoren, soineko finak, alkandorak eta blusak sartu. Alkandora lepoetan sartu galtzerdiak, forma borobila gal ez dezaten.
- Hutsuneak betetzeko: galtzerdi meheak, zapiak, barruko arropa, bainujantziak…
Motxilaren sekretuak
- Hasteko, begien bistako gauza bat: bizkarra ukituko duen motxila-zatian ez sartu izkinadun gauzarik, bizkarrean sartzeko arriskua izango zenuke eta. Gainera, oso deseroso dira eramateko.
- Erabili behar dituzun ordenan sartu gauzak. Motxilak lozakuarentzako leku berezirik ez badu, barren-barrenean sartu. Gainean, janariak, latak, edalontzia…
- Motxilako tarteak betetzeko arropa erabili. Ez ahaztu hotzaren aurkako arropa eramatea eta horrez gain, praka luze eta motzak, kamiseta manga luze eta manga motzak, algodoizko eta artilezko galtzerdiak…