Irin gehiago txibikia baino
Prezio batetik bestera alde handia zegoen: 1.150 pezeta kiloko (Frudesa) zen garestiena eta 488 pezeta kiloko (Geliko), berriz, merkeena.
Azken marka honetako produktua izan ezik, beste gaierako guztiak kiloko 700 pezetatik gora dabiltza. Elikagai hau moldatzeko, txibiak lehenik eraztun edo zerrendatan ebaki, irineztatu egiten dira gero (“erromatar erara” deritzo zenbaitek ontze horri) eta azkenean landare oliotan frijitzen dira, jelatu aurretik.
Azterketa egin ondoren ondorioztatzen da irineztatu eta jelatutako produktu honek oso txibia gutxi daukala: %35a bakarrik, batenaz beste. Hortik aurrerakoa irinak, fekula, almidoia eta olioa da. Frudesa eta Pescanova (zefalopodo zoragarri horretatik gehien sartzen duten biak) markakoek produktu osoaren %40 inguru dute txibia. Gutxien jarri dutenen (Geliko eta Berbés) geruza edo bildukiak produktuaren %71 osatzen du. Etxean egiten diren txibia arrautzeztatuek agertzen dituzten portzentaiekin industrial hauek ez dute zerikusirik, nolanahi ere. Baina hori ez da alde bakarra, ez eta garrantzizkoena ere, agian: txibia irineztatu hauek dauzkaten plegu askotako aditibo ugari-ugariak hauteman ditu laboratorioak. Bederatzi aditiboraino aitortzen ditu Findus markak: horien artean, benzoikoa (produktu honetan, legez, sartzerik ez dagoen kontserbakaria). Zazpi laginetatik bostetan glutamatoa (zapore-indarkari ezaguna) atzeman da. Berbés firmakoak, berriz, ez zeukan azterturiko hiru aditiboetatik (koloratzaileak, kontserbakariak eta glutamatoa, alegia) bat bera ere.
Txibia irineztatu “industrial” horiek, oro har, ez dute proteina askorik (batez beste, produktu guztiaren %8a bakarrik aportatzen dute, txibiak berez %17a daukalarik), bai, ordea, gantz ugari (%8,5a gantz, gehi frijitzeko erabiltzen dugunetik pusketek xukatzen dutena; baina txibiak berez ez du %1 baino gantz gehiagorik) eta kaloria ugari (200 bat kaloria 100 gramoko; hemen ere erantsi behar ditugu, frijitzean, eraztun edo zerrendek irentsiko duten paderako olioarenak). Espero zen bezala (irin-geruza lodi-lodia dute eta), aurreonduriko txibia hauen alderdi ugariena karbohidratoak dira: %17tik (Pescanova) %25era (Marlin) doaz kopuruak. Aipa dezagun txibia hutsa, ostera ere: zefalopodo honen karbohidratoak %0,5era ozta-ozta iristen dira.
Hipertentsioa nozitzen duen pertsonarentzat, gainera, ez dira biziki mesedegarriak, gatza ere ugari gehitu zaielako: produktuaren %0,6 eta %1,2 bitarte dago sodio-kloruroaren edukia, bi bidetatik etorria: txibiarenetik, gatz aski duelako berez, eta irinezko bildukitik. Kolesterola zaindu behar duenak ere ez ditu horrelako elikagaiak sarri kontsumitu behar: animalia itsastarra den arren, txibikiak kolesterol-indize garaiak ditu.
Berez onuragarri diren hiru ondorio atera ahal izan ditugu azterketatik: laginen osasun-egoera akats gabea zen, ontzietako etiketak araua zorrotz betetzen zuten eta, azkenik, dastaketan erdietsitako emaitzak onartzeko modukoak izan ziren: “oso ongi” nota lortu zuen Pescanova markak, “ongi” Frudesa eta Findus-ekoek eta, alderdi pozgarriena, suspentsorik ez zen eman behar izan. Lagin bakar batek ere ez du merezimendurik egin “kalitate-prezio erlaziorik onenaren” saria bereganatzeko. Badira, bestela, bi aukera polit, zazpien artean: Pescanova (batez beste, kiloko 993 pezeta kostatzen delarik, dastaketan onena gertatu da), gantz gehien duen produktua den arren, eta Berbés (produktuak txibia gutxi-gutxi badauka ere), azterturiko aditiboak ez darabiltza eta prezio erakargarria duelako: 828 pezeta kiloko.
Osakera nutrizionala
Kalori-ekarpen apala du txibiak (82 kaloria 100 gramoko), baina “erromatar erara” onduz gero, 100 gramoko 200 kaloriaraino doa, kontsumitu aurretik frijitzeko erabili behar den paderako olioari produktuak xukatu dizkion kaloriak kontuan izan gabe. Parametro honetan, berriz, marka batetik besterako aldea ez zen handia. Urria izan zen, era berean, proteinaz ari garela: Geliko markakoen %7tik Frudesa-ko %9ra arte, hau da, txibia gutxien eta gehien daukaten bi markak, noski.
Produktu honen osagai nagusia karbohidratoak dira eta, alor honetan, Marlín da gehien dituen (%25) marka eta Pescanova, berriz, kopuru apalenekoa (%17). Hidrato horiek, geruzaren osakeran erabilitako irina dute sorburu, batik bat, baina produktuari almidoi eta fekulak ere erantsi zaizkio, gainera. Etiketek dioten arabera, Marlín eta Frudesa laginek almidoia daukate eta Findus eta La Cocinera markakoek, aldiz, fekula.
Gantz-edukiari goazkiola, osagai hau %12tik (Pescanova) %6,4raino (Marlín) doa, gainontzeko marken laginetan %8 inguruan agertzen delarik. Gantz horren iturburua ez da txibia bera (zefalopodoak, berez, %1 baizik ez dauka eta), frijitzeko erabili den landare-olioa baizik. Gantz saturatu gehien dituen lagina Pescanova da (guztirako gantzaren %18) eta eduki urrienekoa, berriz, Findus (%11). Gainontzekoen gantz-azido saturatuak osoko gantzen %13 eta %14 bitartean zebiltzan. Nolanahi ere, osasunarentzat kaltegarri ez dira balio horiek, elikagai baten gantz saturatuak gehiegizkotzat hartzen direlako guztirako gantzaren %30etik goraka doazenean. Txibiak, itsasoko animali espeziea den arren, aski kolesterola daukanez, odoletako kolesterol-indizea zaindu behar duen kontsumitzaileak produktu hau neurriz hartu behar du, beti ere. Bukatzeko, irineztatu eta jelaturiko txibiok hipertentsioak jota dagoenak kontsumi al ditzakeen galdegiten badigute, “erromatar erara” prestatu diren txibia horiek duten gatz-maila, altuegi ez izaki ere, dezentekoak direla erantzun behar dugu: %0,6tik (Findus) %1,2 (Geliko) bitartekoak. Hobe, horrenbestez, horrelakoak ez kontsumitzea edo noizik behin bakarrik dastatzea.
Nutrizioaren ikuspegitik egiten ari garen azalpen honi jarraiera emanez, txibiak (bildukitik bereiz) kobre asko du: gogora dezagun mineral horrek azukrearen eta B12 bitaminaren metabolismoan protagonismo handia du. Kobrea ez ezik, burdina, kaltzioa eta, kopuru txikiagotan, potasio eta fosfororik ere baditu. Era berean, retinol gisa agertzen delarik, A bitaminaren eta bitamina hidrosolubleen iturri oparo da txibia. Riboflabina, tiamina eta niazinaren ekarpena nabarmentzekoa dugu, azkenik.
Aditibo larregi
Aurrez ondu eta jelaturiko txibia irineztatu horiek era askotako aditiboak dituzte (Berbés laginak izan ezik: bilatu direnetatik bat ere ez du marka honek eta, gainera, besterik baliatu duenik ez du adierazten). Glutamatoa hauteman da Findus, Frudesa, Pescanova, Geliko eta Marlin merkakoetan, osagaien zerrendan horrelakorik darabiltenik azken hirurok bakarrik aitortzen duten arren. Findus eta Frudesa markakoetan atzeman den glutamatoaren edukia 397 eta 370 zm (zati milioiko) zen. Adituen iritziz, 300 zm edo antzeko kopuruak txibiaren proteinek berezkoak dituztenak izan daitezke.
Glutamatoaren erabilera aitortzen ez duten bi markei dagokienez, pentsatzekoa da substantzia horren jatorria zefalopodoaren proteinak direla baina, halaz ere, laginek dituzten kopuruak Geliko eta Marlín markek, adibidez, adierazitako aditibo-kopuruak baino altuagoak dira.
Atzemaniko substantzien artean, baimendutako kopuruetan beti ere, sorbikoa agertu da (E-200-etik E-203-ra bitarte) Geliko (honelakorik adierazten ez badu ere) eta Findus marketan. Lagin honetan, besteak beste, benzoikoa (E-210-etik E-213ra bitarte): gogoan izan dezagun kontserbakari hau ez dago legez baimendua ez irin-arrauzkietan, ez eta aurrez onduriko zefalopodoetan ere. Beste alde batetik, Geliko eta Berbés firmetakoek izan ezik, azterturiko laginek, etiketan adierazi duten bezala, E-101 (riboflabina) edota E102 (tartrazina) koloratzaileak gehitu dituzte. Findus-ek, bere aldetik, E-102 eta E-124 (kotxinilla-gorria) sartu ditu. Koloratzaile horien eginkizuna bigarren mailakoa da: produktuaren itxura, bista hobetzea besterik ez denez, alferrikakoak dira; legez baimenduak daude, dena den. Ñabarduretan murgilduta, riboflabina eta kotxinilla-gorria produktu naturalak diren bitartean, tartrazina (Findus, Marlin eta Frudesa laginek dutena) sintetikoa da, hau da, nahiz kaltegarria ez den, onuragarririk ere ez dugu. Akats handia litzateke produktu honen aditiboak kontserbakari, zapore-indarkari eta koloratzaileak bakarrik direla pentsatzea. Egon badago besterik. Irin-bildukia harroagoa lortzeko helburuz, fabrikatzaile zenbaitek (etiketan adierazi bezala) gasifikatzaile eta lodikariak erantsi dituzte. Gehien baliatzen diren gasifikatzaileak bikarbonato sodikoa eta difosfatoak dira, elkarrekin nahasita edo bereiz. La Cocinera, Frudesa eta Bebes markakoek, E-461 (metilzelulosa), E-410 (garrofin goma) eta E-412 (guar goma) lodikariak ipini dituztela aitortzen dute. Egonkortzaileak ere ez dira falta, substantzia hauek produktuaren trinkotasuna hobetzen dutelako; nabarmentzekoa dugu Findus, E-341 (kaltzio-ortofosfatoa) eta E-450, E-451 eta E-452 (difosfatoak) aitortzen dituelarik.
Osasun-egoera, zuzen
Azterketa mikrobiologikoak zehazki agertu zuenez, lagin guztiak kontsumitzeko egoera onean zeuden. Laginetatik bakar batean ere ez zen hauteman salmonellaren zantzurik (germen patogenoa); aerobio mesofiloen, enterobakterioen, E. coli eta S. aureus mikroorganismoen mailak, berriz, ikerlan honek erreferentzia gisa hartu duen arautegi-proiektuan xedaturiko kopuruen azpi-azpitik zeuden. Etiketa guztien informazioak ere, zuzen eta zehatzak dira: den-denetan agertzen dira adierazi beharreko datu guztiak. Berbés eta Geliko laginen plastikozko zorroak gardenak izateari esker, produktuaren tamaina eta tankeraz jabe gaitezke bera eskuratu aurretik. Gainontzekoak zorro opakoetan merkaturatzen direlarik, produktuaren argazki bat dago zorroaren aurrealdean gainjarria: honek txibien tamainaz nahasketa sor diezaioke kontsumitzaileari, lagin-ontzi bakar batean ez baita adierazten argazkiaren tamaina benetakoa den. Beste alde batetik, ontzi guztiek diote produktu hori aurretiaz ondu eta ultrajelatua dela, eta bai hozkailuan bai izozkailuan ere, nola mantendu behar den agertzen dute. Erabiltzeko argibideei dagokiela, Berbés markakoak izan ezik, jaki hori prestatzeko argibiderik denek ematen dute. Berbés, berriro ere, nutrizio-alorreko informaziorik ezmaten ez duen bakarra dugu, gainerako guztiek horrelako datuok agertzen dituztelako zorroan. Azpimarratzeko alderdia, azkenik: ontzian agertzen diren nutrizio-datuak eta azterketan erdietsitakoak ber-berak dira, ia.
Dastaketa eta prezioak
Zefalopodo horren zaporea nabarmen eta irin-zantzu apala zuten txibien alde agertu ziren dastatzaileak. Produktuaren trinkotasun eta malgutasunari doakiola, balore ertainak izan ziren nahienak. Itxura edo tankera dela eta, azkenik, ontzi beraren barnean txibi eraztun batetik bestera, tamainan alde handiegiak somatu zituzten. Emaitzak, oro har, onak izan ziren, lagin guztiek aprobatu egin zuten eta. Osoko baloraziorik hoberena Pescanova markakoak lortu zuen, 7 puntuz: eraztunik handienak, kolore ona eta intentsitate ertaineko zapore gustagarria agertu zituen lagin horrek. Ondotik Findus eta Frudesa zetozkion, biak ere “ongi” notarekin. La Cocinera, Bernes, Geliko eta Marlin laginek ere aprobatu zuten arren, txalo-zaparradarik lehertaraztea ez zuten erdietsi. Aurrez “erromatar erara” ondu eta jelaturiko txibi irineztatuen azterketatik ateratako ondorio nagusietako bat, zefalopodoen prezioa, osaketa eta ezaugarri gastronomikoen arteko erlazio zuzenik aurkitu ez izana da. Alderik behinenak, txibi edukiaz gainera (gehiago Frudesa eta Pescanova markakoetan, eta gutxiago Geliko eta Berbés laginetan) aditiboetan dautza. Berbés-ek (merkeenetako bat izaki), adibidez, ez zeukan glutamato, kontserbakari eta koloratzaile (E-101 aditiboa adierazten duen arren) erantsirik; Findus-ek (garestienen artekoa, kiloko 1.050 pezeta kostatzen baita), ordea, aditibo ugari dauzka.
Emaitza horiek eta produktuaren prezioa ikusirik, Pescanova-ren aldeko aukera agertzen da polit: berori da dastaketan gehien gustatu zena eta txibia gehien daukatenetako bat, prezioa ertaina izanik. Bera da, ordea, gantz gehien daukan lagina eta, glutamatoa ez ezik, koloratzaileak era erantsi dizkio produktuari. Berbés dugu beste aukera erakargarri bat: merkea izanik, aztertu ditugun aditiboak ez dituen lagin bakarra da bera. Kontrako alderdian, oso txibia gutxi eskaintzen du.
Laburbilduz
Laburbilduz
- Laurehun gramotik kiloa bitarteko zorroan salgai zeudela, aurrez “erromatar erara” ondu eta jelaturiko txibien zazpi lagin aztertu dira. Prezio batetik bestera alde handia zegoen: 1.150 pezeta kiloko (Frudesa) garestiena eta 488 pezeta kiloko (Geliko), berriz, merkeena. Azken hau izan ezik, beste guztiak kiloko 700 pezetatik gora dabiltza. Laginen erakusten zuten osasun-egoera ona zen.
- Txibia gutxi-gutxi dute denek: produktuaren %35 baizik ez, batez beste. Gainontzekoa irinak, fekula, almidoia eta olioa da. Frudesa eta Pescanova (bilduki mehena duten biek) marketan, guztiaren %40 beste txibia-edukirik ez da agertu. Geliko eta Berbés atze-atzean geratu dira: %29.
- Era askotako aditiboak ugari darabiltzate. Berbés-ek bakarrik ez zeukan azterturiko hiruretatik (koloratzaileak, kontserbakariak eta glutamatoa) bat ere. Zazpietatik bostek dute glutamatoa eta bik kontserbakariren bat erantsi dute.
- Berezko txibiarekin ia zerikusirik ez du produktu honek: hark proteina asko (%17) eta gantz gutxi (%1) daukan bitartean, irineztaturiko txibia “industrial” honek, batez beste, %8 proteina eta %8,5 gantz duelako, frijitzeko darabilgun olioaz gainera.
- Horrelako txibiak ez ditu maiz kontsumitu behar ez hipertentsioak jota dagoenak (produktu horren gatz-edukia %0,6tik %1,2ra bitarte baitago), ez pertsona lodiak (200 kaloria baititu 100 gramoko) ez eta odoleko kolesterola zaindu behar duenak ere.
- Dastaketan denek aprobatu zutelarik, Pescanova nabarmendu zen, ondotik Frudesa eta Findus zetozkiola. Kalitate-prezio erlazio “hoberenik” hauteman ez dugun arren, badira bi aukera interesgarri, hara: Pescanova (prezio ertaina zuela, dastaketan onena gertatu zen), nahiz marka honetakoa den gantz gehien daukana eta (oso txibia gutxi sartu duen arren) Berbés, azterturiko aditiboak ez darabiltzalako eta, hein batez, merkea delako.
Banan-banan
Jelaturiko txibia irineztatuak, banan-banan
Pescanova.
- 500 gramo. 993 pezeta kilo garbiko.
- Aukerarik hoberenetako bat, baina hauxe da gantz gehien daukana (%12). Txibia gehien duen bigarrena (%40).
- Glutamatoa (zapore-indarkaria da aditibo hau) erantsi du.
- Dastaketan, onena, 7 puntu: “tamaina handi, kolore politekoa, txibia-zapore nabarmena, trinkotasun ertaineko ukitua”.
Berbés.
- 1.000 gramo. 828 pezeta kilo garbiko, merkeak.
- Interesgarriak, prezio ona eta aditibo gutxi duelako.
- Glutamatorik, kontserbakaririk edo koloratzailerik erantsi ez duen bakarra da hau. Baina bilduki asko eta txibia gutxi du (%29).
- Dastaketan, 5 puntu: “tamainaz ertain, kolore zuriska, txibia-zapore ahul samarra, trinkotasun nabarmena”.
La Cocinera.
- 400 gramo. 1.079 pezeta kilo garbiko.
- Produktuaren %34 da txibia, balore ertaina, alegia.
- Kaloria gutxien dituena (182 kaloria 100 gramoko).
- Dastaketan, 5 puntu: “tankera polita, zapore ertaina, ukitu txarrenekoa”.
Frudesa.
- 400 gramo. 1.150 pezeta kilo garbiko, garestienak alegia.
- Hauek dira proteina gehien eta txibia gehien dutenak (%41).
- Kontserbakariak, koloratzaile artifizial bat eta glutamatoa (ez du hala adierazten eta baliteke erantsia ez izatea: txibiak berak dauka substantzia hori) dauzka.
- Dastaketan, 6 puntu: “tamaina handi eta kolore bizikoak, txibia-zapore ertaina, irin-tejo apala, ukitu ona”.
Geliko.
- 500 gramo. 488 pezeta kilo garbiko, merkeenak.
- Bilduki asko eta txibia gutxi-gutxi (%29). Gazienak (%1,2 gatz).
- Glutamatoa eta kontserbakari bat erantsi du: sorbikoa, horrela aitortzen ez duen arren. Koloratzailerik baliatzen ez dutenetako bat da hau.
- Dastaketan, 5 puntu: “erdipareko tamaina, kolore horia, zapore ez oso bizia, trinkotasun nabarmeneko ukitua”.
Marlin.
- 400 gramo. 745 pezeta kilo garbiko, bigarren merkeenak eta gantz gutxien dutenak (%6,4 gantz).
- Produktuaren %34 txibia dute, batez bestekoaren barnean, alegia.
- Glutamatoa, kontserbakariak eta koloratzaile artifizial bat gehitu ditu.
- Dastaketan, 5 puntu: “tamaina handikoak, bizitasun apaleko zaporea, ukiturik zurrunena”.
Findus.
- 500 gramo. 1.050 pezeta kilo garbiko.
- Txibiaren edukia, batez bestekoaren barnean (%34). Gatz gutxien dutenak (%0,6).
- Badauzka glutamatoa (ez du hala adierazten eta baliteke erantsia ez izatea), kontserbakariak (horietako bat, legez onartu gabea) eta koloratzaile artifizial bat.
- Dastaketan, 6 puntu: “tamaina txikikoak, kolorez ilunak, zapore ertaina, ukitu sendo samarra”.