Basoa, gure lagunik onena
Hil honetakoan ere gai larri bat ukitu nahi dugu, gure etorkizunerako eta ingurune naturalaren etorkizunerako erabakigarria izan arren egoera kezkagarria erakusten baitu: gutako bakoitzak asko egin dezake egoera hobetzeko, ikuspuntu guztietatik begiratuta kritikoa baita egoera, eta baita neurri handi batean arazoa konpontzeko ere. Basoetako suteez ari gara, jakina. Aurten mila milioi zuhaitz erreko direla uste da eta horietako gehienak gure zabarkeriaz basoetan gertatzen diren suteen eraginez erreko dira. Igandeko paella prestatzeko egin dugun sua behar bezala itzali gabe utzi dugulako, edo autoaren leihatilatik zigarrokina bota dugulako, edo denborapasa nahiz lorategian traba egiten digutelako sastrakak erretzea bururatu zaigulako, berdin dio. Geu gara erantzule bakarrak.
Espainian suteak gertatzeko arrisku handia dago eta ezin dugu ahaztu CONSUMERen zenbaki honetako barruko aldean adierazten den moduan, baso batek 120 urte baino gehiago behar dituela sutearen ondoren berriz lehenera etortzen: 10 edo 15 urte pasatakoan txaraka sortzen da; beste 15 edo 20 urte behar izaten dira zuhaitz-geruza betea lortzeko eta 30 edo 40 urte gehiago neurri erregularreko zuhaitz-sastrakadia berreskuratzeko; beste 50 urte inguru erabat lehengo egoera iristeko.
Ezin dugu ahaztu zuhaitzak ezinbesteko direla ekosistemarentzat eta gu guztiontzat. Gizakiaren lagunik onenak dira. Paregabeko merituak ditu: basoak oxigenoa ematen du, ura gorde eta erakarri, erosioari aurre egin eta dibertsitate biologikoa zaindu eta mantendu. Horrelako lagun bati ezin diogu hutsik egin. Izan dezagun hori gogoan aurtengo udan eta joka dezagun zuhur. Administrazioak eta epaileek, bestalde, gogor zigortu behar dituzte suteok helburu ekonomikoekin eragiten diztuztenak eta piromanoak zuzendu eta bergizarteratu. Ekologistek gogorarazten diguten moduan, begira dezagun noizean behin basora, kontuan izan, zaindu eta babes dezagun, eta ez gaitezen erretzen denean bakarrik akordatu. Izan ere, naturak hainbeste urteko lanean lortutakoa sugarrek jaten dutenean, beranduegi izango da. Horrela, hobetoxeago defendatuko dugu. Zalantzarik gabe, basoak merezi du.