Garbigarri likidoak: ohiko 8 eta 4 kontzentratu

Kontzentratuek berdin garbitzen dute, prezio bera dute eta erosoagoak dira

Garbigarrien eraginkortasuna ekoizlearen esku dago, eta ez du askorik axola ohiko garbigarria den edo kontzentratua. Bakar batek ere ez du lortzen orban zailak guztiz kentzea
1 azaroa de 2008

Kontzentratuek berdin garbitzen dute, prezio bera dute eta erosoagoak dira

Tentsoaktibo ugari izaten dituzte garbigarri likidoek (berez, substantzia horiek garbitzen dute arropa), eta oso-oso egokiak izaten dira koipe orbanak kentzeko, baita tenperatura txikietan ere. 70eko hamarkadan agertu ziren merkatuan, eta ordutik, ez zaie erostunik falta izan. Egun, ia ekoizle guztiek eskaintzen dituzte formula kontzentratuak, askoz gutxiago bota eta emaitza bera lortzen dela esanaz.

Salmenta-amu horiek zenbateraino diren egiazkoak ikusteko, lau garbigarri likido kontzentratu aztertu ditugu laborategian. Colón 101 Manchas Ultraconcentrado izenekoa izan da merkeena (0,23 balio du lixiba egiteak), eta garestiena, berriz, Ariel Poder Concentrado delakoa (0,30 euro lixiba egitea). Garbigarri kontzentratuez gain, ohiko garbigarri likidoak ere aztertu ditugu, zortzi guztira. Horien artean, Flota-rekin irteten da merkeen lixiba egitea (0,17 euro garbialdiko), eta Skip Active Clean izenekoarekin garestien (0,26 euro garbialdia). Lixiba egitea zenbat kostatzen den kalkulatzeko, eragiketa hau egin dugu: produktuak zenbat balio duen ikusi, eta dosi kopuruarekin zatitu dugu (ekoizle bakoitzak zehazten du zenbat dosi atera daitezkeen). Ez dugu aintzat hartu ekoizleek opari eman dituzten dosiak, horiek ez baitira ordaintzen. Ariel eta Skip etxeek garestiagoa dute garbigarri kontzentratua, ohikoa baino (% 10 gehiago balio du), baina Colón eta Wipp Express-ek, ordea, garestiagoa dute ohiko garbigarria (% 4 gehiago balio du).

Ontziz ontzi neurtu dugu garbigarri kopurua, eta ontzian adierazitako hori bera daukatela egiaztatu dugu gehienetan. Dixan Gel eta Colón Ultraconcentrado izenekoek, ordea, esan baino gehiago ekarri dute (58 eta 15 ml gehiago, hurrenez hurren), eta Flota-k, berriz, % 0,8 gutxiago. Garbigarri kontzentratuen ontziak besteak baino txikiagoak eta arinagoak dira (batez beste hiru aldiz arinagoak), eta gordetzeko ere erosoagoak; gainera, horiek garraiatzeko orduan, karbono dioxido gutxiago isurarazten diete ibilgailuei ohikoek baino. Osaeran ez dago alde nabarmenik; ur kopurua dute desberdina, eta horrek ez du inolako eraginik arropak garbitzerakoan. Guk egindako azterketan, Colón etxeko 101 Manchas garbigarri ultrakontzentratua gertatu da onena kalitate-prezioetan. Erdi pareko prezioa du, ontzirik arinena, eta besteek baino zuriago uzten du arropa.

Zaila da dosiak kalkulatzea

Ekoizleek argi eta garbi adierazten dute zenbateko dosia erabili behar den lixiba egiteko, baina ez dute ematen inolako erraztasunik dosiak kalkulatzeko. Guk aztertu ditugun hamabi garbigarrietatik, lauk soilik ekarri dute dosiak kalkulatzeko sistema egokia: tapoiarekin neurtzen da zenbat garbigarri bota lixiba bakoitzari (tapoiak marrak ditu, noraino bete jakiteko). Flota, Skip Pequeño y Poderoso, Ariel Poder Concentrado eta Colón-ek ohiko garbigarriak eskaintzen dute aukera hori. Beste sei garbigarrik, berriz, sistema desegokiak erabiltzen dituzte. Elena etxekoak, adibidez, 45 ml-ren multiploa den dosia erabiltzeko esaten du, baina 60 ml-ko tapoia dauka. Antzera gertatzen da Colón Ultraconcentrado-rekin. Lixiba mota batzuekin tapoi herena botatzeko agintzen du, baina tapoiak ez du markarik kopuru hori egoki kalkulatu ahal izateko. Wipp Expres, Wipp Superconcentrado eta Dixan garbigarriek 80 ml-ko tapoia dute, marra eta guzti hirurek; ordea, 75 ml-ko kopurua kalkulatzeko marra da, eta lixiba egiteko, 50 ml botatzeko esaten dute garbialdiko edo 100 ml bestela. Omino Bianco izenekoak 90 ml-ko dosia komeni dela jakinarazten du, eta tapoiak 50 ml ditu, eta inolako marrarik ez. Skip eta Ariel etxeetako garbigarriek, ohikoek, dosiak kalkulatzeko sistema egokia ematen dute, baina dosi-tapoirik gabe datoz (Internetez edo telefonoz eskatu beharra dago). Ingurumenari mesede egiten diote dosi-tapoi horiek, berrerabili egin baitaitezke, baina erosleek egun batzuetan zain egon beharra dute horiek eskuratzeko.

Garbigarri kontzentratuak erabilita, gutxiago bota behar izaten zaio lixibari, baina kopurua asko aldatzen da etxetik etxera. Ohiko garbigarrietan, Omino Bianco, Flota eta Elena garbigarriek jartzen dute dosirik txikiena garbialdi bakoitzeko (90 ml), eta kontzentratuen artean, Wipp Express etxekoak du handiena (50 ml). Garbigarri kontzentratuen artean, gainera, guztiak ez dira berdin kontzentratuak. Colón etxekoa da guztietan kontzentratuena (ohiko garbigarriaren dosia 3,4 aldiz handiagoa da kontzentratuarena baino). Skipp eta Ariel etxekoak datoz jarraian, eta horiek 3 aldiz kontzentratuagoak daude ohikoak baino. Gutxien kontzentratua, berriz, Wipp Express izan da (ohikoa baino bi aldiz kontzentratuagoa).

Garbitzeko ahalmena

Garbigarriek izaten dituzten osagaien artean, tentsoaktibo izenekoek daukate, berez, arropa garbitu eta zuritzeko ahalmena. Ontzi bakoitzak zenbat tentsoaktibo dituen kalkulatzeko, hauxe egin dugu laborategian: produktua lehortu eta ura kendu. Jarraian, alkoholetan araztu dugu, eta gero emaitza neurtu. Substantzia garbigarri gehien Colón-en ohiko garbigarriak eta Skip Pequeño y Poderoso izenekoek eman dituzte (17 eta 15 gramo, hurrenez hurren). Gutxien, berriz, Flota (5,5 g), Dixan (5,8) eta Elena (6 g) etxeetakoek, hirurak ere ohiko garbigarriak. Proba honekin ikusi ahal izan dugu zenbait ekoizlek, kontzentratzeaz gain, formula hobetu ere egiten dutela garbigarri kontzentratuetan: Ariel etxekoak % 83 tentsoaktibo gehiago dauzka, eta Skip etxekoak, % 13 gehiago. Wipp Express eta Colón etxekoekin, berriz, alderantziz gertatzen da (% 47 gutxiago ditu Wipp-ek eta % 21 gutxiago Skip-ek).

Orbanen aurka

Produktu bakoitzak orbanei nola erantzuten dien ikusteko, hamahiru orban mota garbitu ditugu, Miele etxeko garbigailu batean; 3 kg arropa sartu ditugu, eta 30 ºC-ko tenperatura jarri diogu. Uraren gogortasuna, berriz, erdi parekoa izan da, 25 ºHT-koa. Hori egin ondoren, espektrometro batekin aztertu ditugu koloreak. Orbanen artean, batzuk gantz orbanak izan dira (makillajearenak, hanburgerrenak), garbigarriak zenbateko ahalmen surfaktantea duen neurtzeko; beste batzuk orban herdoilgarriak izan dira (ardoarena, kafearena), eta horiek garbitzeko peroxido motako gaiak behar izaten dira; beste batzuk, berriz, proteina orbanak eta almidoia orbanak izan dira, odolarenak edo txokolatearenak, esate baterako, eta garbigarriaren entzima jarduerak ezabatzen ditu horiek. Orban mota guztientzat, Ariel Convencional-ek eman du emaitza onena, ohiko garbigarri batek, beraz (% 38ko eraginkortasuna, batez beste). Emaitzarik txarrenak ere ohiko garbigarriek eman dituzte, Elena-k (% 25) eta Flota-k (% 24).

Gantz orbanak kentzea izan da errazena garbigarrientzat, eta orban herdoilgarrietan eman dute erantzunik kaskarrena. Kafe eta te orbanak, adibidez, sartutakoan baino ilunago egon dira garbigailutik ateratzerakoan. Beraz, garbigarriek lelo eta esaldi biribilak erabili arren (“erabat garbi”, “orbanen aurka txapeldun”), gure azterketak garbi utzi du bakar bat ere ez dela gai orban guzti-guztiak garbitzeko; zenbait orbanekin, igurtzi beharra dago, aurregarbitu edo lixiba ura erabili. Orban herdoilgarriak kentzeko, adibidez, hobe da hauts-garbigarriekin garbitzea edo lixiba garbitu aurretik, tratatzeko gairen bat botatzea. Hauts-garbigarriek eta arropa tratatzeko gaiek perboratoak eta perkarboratoak izaten dituzte, eta horiek eraginkorrak dira orban mota horri aurre egiteko

Orbanei aurre egiteko, ezin da esan zer den hobea, garbigarri kontzentratua edo ohikoa. Ariel eta Colón etxekoetan, ohiko garbigarriek emaitza hobea eman dute, eta Skip eta Wipp etxekoetan, kontzentratuek.

Zuri-zuri?

Orbanekin nola moldatzen diren neurtzeaz gain, arropa garbitu ondorengo zuritasuna ere aztertu dugu, zurien zein garbigarrik utzi duen jakiteko. Hori ikusteko, hiru ehun motatako arropak hartu ditugu (kotoia, poliesterra eta mistoa), eta sei aldiz garbitu dugu bakoitza. Ondoren, arropa bakoitzaren Ganz zuritasuna zenbatekoa den neurtu dugu (zenbat eta handiagoa izan Ganz kopurua, orduan eta zuriago ikusten dugu). Proba guztietan, Colon etxeko garbigarriek eman dute emaitzarik onena: ohikoak 140 eta kontzentratuak 141. Poliesterreko arroparekin, hala ere, Wipp Express izenekoak Colónen ohiko garbigarriak bezala erantzun du (70). Emaitzarik txarrenak Flota-k (125 ganz) eta Dixan-ek (125 ganz) eman dituzte, hiru ehun motekin, gainera. Kotoizko arroparekin, Omino Bianco-k ere nahiko emaitza kaskarra eman du (175; Flota eta Dixan-en ondotik geratu da).

Koloreak babesteko

Orbanak ken ditzala eta arropa zuri-zuri utz dezala eskatzen zaio garbigarri bati, baina koloreak babesteko ahalmena ere eduki behar du. Alderdi hori neurtzeko, hogei aldiz garbitu dugu arropa, garbigarriarekin eta garbigarri gabe, eta jarraian, kolorimetro bat hartu eta 14 kolore aztertu ditugu. Emaitzei puntuak eman dizkiegu, 1etik 5era, ISO 105 A05 arauak agintzen duen bezala (5ak adierazten du ez duela batere kolorerik galdu). Arropak urarekin soilik garbituta, garbigarririk gabe, 3,1 puntuko galera eduki dute koloreek. Garbigarriekin garbituta, guztiek eman dute emaitza hobea (puntu gehiago, alegia), Wipp Express-ek izan ezik (3 puntu). Beraz, garbigarriek koloreak babesten dituztela esan behar da. Ariel-ek (3,4 puntu), Colón-en ohiko garbigarriak (3,3), Elena-k (3,3) eta Skip Pequeño y Poderoso (3,3) izenekoak eman dituzte emaitzarik onenak. Proba hau eginda ere, ezin da esan garbigarri kontzentratu guztiek berdin erantzuten dutela. Skip-en eta Wipp-en garbigarrietan, kontzentratuek hobeto babesten dituzte koloreak, ohikoek baino; Ariel eta Colón etxekoetan, berriz, alderantziz gertatzen da.

Laburbilduz eta konparaketako taula

Laburbilduz

  • Lau garbigarri likido kontzentratu aztertu ditugu laborategian. Colón 101 Manchas Ultraconcentrado izan da merkeena (0,23 balio du lixiba egiteak), eta garestiena, Ariel Poder Concentrado (0,30 euro). Kontzentratuez gain, ohiko garbigarriak ere aztertu ditugu, zortzi guztira. Horien artean, Flota-rekin irteten da merkeen lixiba egitea (0,17 euro), eta Skip Active Clean-ekin garestien (0,26)
  • Zenbait ekoizlek, kontzentratzeaz gain, formula hobetu ere egiten dute garbigarri kontzentratuetan. Ariel etxekoak, % 83 tentsoaktibo gehiago dauzka, eta Skip-ek, % 13 gehiago. Wipp Express eta Colón etxekoetan, bestela gertatzen da: kontzentratuek materia aktibo gutxiago daukate
  • Orbanen aurkako emaitzarik onenak Ariel-ek eman ditu (ohiko garbigarriak), eta txarrenak, berriz, Flota-k eta Elena-k. Wipp-en eta Skip-en garbigarri kontzentratuak hobeto moldatu dira ohikoak baino, eta Colón-ekin eta Ariel-ekin alderantziz gertatu da. Garbigarri bakar batek ere ez du lortu orban guztiak desagerraraztea. Orban herdoilgarriak kentzeko hauts-garbigarriak erabiltzea komeni da, edo arropari tratamenduren bat ematea garbigailura sartu aurretik
  • Arropa sei aldiz garbitu ondoren, Colón etxeko bi garbigarriek lortu dute zuritasunik distiratsuena, eta emaitzarik apalena, berriz, Flota-k, Dixan-ek eta Omino Bianco-k eman dute
  • Lau garbigarrik soilik ekarri dute dosiak egoki kalkulatzeko sistema (Flota, Skip, eta Ariel kontzentratuek eta Colón-en ohiko garbigarriak). Skip eta Ariel-en dosi-tapoia lortzeko, telefonoz edo Internetez eskatu behar da; erosleentzat ez da guztiz erosoa, baina ingurumenak eskertuko du, plastikozko hondakin gutxiago sortzen baita tapoi horiek berrerabiliz
  • Arropa garbitzeaz gain, koloreak ere babesten dituzte garbigarriek: hogei aldiz urarekin soilik garbituta, kolore gehiago galtzen dute, garbigarriarekin beste hainbestetan garbituta baino. Garbigarri guztiekin gertatu da hori, Wipp Express-ekin izan ezik; garbigarri horrekin galdu dute kolore gehien arropek
  • Kalitate-prezioetan, Colón 101 Manchas Ultraconcentrado izenekoak eman du emaitzarik onena. Erdi pareko prezioa du, ontzirik arinena, eta arropa zurien ere berak uzten du
Marka COLÓN SKIP WIPP EXPRESS ARIEL
Azpimarka 101 manchas Ultraconcentrado Pequeño y poderoso Superconcentrado Poder concentrado
Formatua eta prezioa
Eduki garbia (guk neurtua) (ml) 994 1002 1504 1421
Eduki garbia (ontzian jartzen duena) (ml) 980 1000 1500 1421
Dosi kopurua (ontzian jartzen duena) 22 + 6 gratis 21 + 7 gratis 27 + 3 gratis 32 + 6 gratis
Prezioa (euro/lixiba) 0,23 0,22 0,22 0,30
Ontzi hutsaren pisua (g) 66,9 67,4 97,8 77,8
DOSIA
Dosi bakoitzaren neurria (ml) 35 35 50 37
Dosia kalkulatzeko sistema 1 Hobetzeko modukoa Egokia Hobetzeko modukoa Egokia
KONTSUMITZAILEARI EMATEN ZAION INFORMAZIOA
Etiketa 2 Ongi emana Ongi emana Gaizki emana Ongi emana
Osagai orria 3 Ongi emana Ongi emana Ongi emana Eman gabea
Osaera
Estraktu lehortua (g/dosi) 20,2 19,3 22,2 25,7
Materia aktiboa (alkoholetan araztutako estraktua) (g/dosi) 13,3 15,5 6,9 14,6
Anionikoak (meq/dosi) 36,5 29,9 39,6 55,6
Zuritzaileak, begiz antzematekoak Bai Bai Bai Bai
Fosforoa, DTPMP adibidez (g/dosis) 0,27 0,16 0,41 0,43
Ahalmen kelatzailea (mmol/dosi) 8,9 5,4 15,2 13,7
Proteasa (U/dosi) 4 177 396 433 224
Amilasa (U/dosi) 4 628 935 428 309
ERAGINKORTASUNA
Orbanen aurka (%) 5 30,4 34,9 33,6 35
Gantz orbanak (%) 41,1 49,1 35 59,7
Proteina eta almidoi orbanak (%) 33,1 37,6 38 36,6
Orban herdoilgarriak (%) 25,3 30 31,4 27,6
Arropa zuritzeko ahalmena (%) 6 141 134,6 135,2 137,8
Koloreak babesteko gaitasuna (1etik 5era) 7 3,2 3,3 3,1 3,1
Kalitatea, osotara Bikaina Bikaina Oso ona Oso ona
Marka ARIEL COLÓN SKIP WIPP EXPRESS
Azpimarka 101 manchas Active clean
Formatua eta prezioa
Eduki garbia (guk neurtua) (ml) 3966 3721 4001 3758
Eduki garbia (ontzian jartzen duena) (ml) 3960 3720 4000 3750
Dosi kopurua (ontzian jartzen duena) 36 31 36 37
Prezioa (euro/lixiba) 0,28 0,24 0,26 0,23
Ontzi hutsaren pisua (g) 162,3 160,8 160 165,1
DOSIA
Dosi bakoitzaren neurria (ml) 110 120 110 100
Dosia kalkulatzeko sistema 1 Ez dauka Egokia Ez dauka Hobetzeko modukoa
KONTSUMITZAILEARI EMATEN ZAION INFORMAZIOA
Etiketa 2 Ongi emana Ongi emana Ongi emana Ongi emana
Osagai orria 3 Ongi emana Ongi emana Ongi emana Ongi emana
Osaera
Estraktu lehortua (g/dosi) 27,9 31,1 21,2 28,3
Materia aktiboa (alkoholetan araztutako estraktua) (g/dosi) 8,0 16,8 13,8 13,2
Anionikoak (meq/dosi) 46,2 76,6 22,9 34,6
Zuritzaileak, begiz antzematekoak Bai Bai Bai Bai
Fosforoa, DTPMP adibidez (g/dosis) 0,23 0,51 0,92 0,16
Ahalmen kelatzailea (mmol/dosi) 16,8 9,7 6,2 13,5
Proteasa (U/dosi) 4 609 Etiketak ez dakar 1318 716
Amilasa (U/dosi) 4 Ez dugu antzeman Etiketak ez dakar 1577 Ez dugu antzeman
ERAGINKORTASUNA
Orbanen aurka (%) 5 38,1 34,8 32,1 32,4
Gantz orbanak (%) 53,3 59,2 41,7 36,8
Proteina eta almidoi orbanak (%) 39,3 29,6 34,4 36,4
Orban herdoilgarriak (%) 32,9 28 27,3 29,1
Arropa zuritzeko ahalmena (%) 6 137,4 140,4 131,2 136,8
Koloreak babesteko gaitasuna (1etik 5era) 7 3,4 3,3 3,2 3,0
Kalitatea, osotara Bikaina Bikaina Oso ona Oso ona
Marka FLOTA OMINO BIANCO DIXAN ELENA
Azpimarka 2 en 1
Formatua eta prezioa
Eduki garbia (guk neurtua) (ml) 3968 4089 2358 3548
Eduki garbia (ontzian jartzen duena) (ml) 4000 4070 2300 3560
Dosi kopurua (ontzian jartzen duena) 33 + 11 gratis 34 + 11 gratis 23 33 + 6,6 gratis
Prezioa (euro/lixiba) 0,17 0,26 0,22 0,18
Ontzi hutsaren pisua (g) 159,8 149,9 127,2 160,6
DOSIA
Dosi bakoitzaren neurria (ml) 90 90 100 90
Dosia kalkulatzeko sistema 1 Egokia Hobetzeko modukoa Hobetzeko modukoa Hobetzeko modukoa
KONTSUMITZAILEARI EMATEN ZAION INFORMAZIOA
Etiketa 2 Ongi emana Gaizki emana Gaizki emana Ongi emana
Osagai orria 3 Ongi emana Ongi emana Ongi emana Eman gabea
Osaera
Estraktu lehortua (g/dosi) 15,0 17,6 19,5 14,7
Materia aktiboa (alkoholetan araztutako estraktua) (g/dosi) 5,5 7,4 5,8 6,0
Anionikoak (meq/dosi) 31,3 46,8 25,1 56,0
Zuritzaileak, begiz antzematekoak Ez Ez Bai Bai
Fosforoa, DTPMP adibidez (g/dosis) No detectado 0,29 0,34 0,29
Ahalmen kelatzailea (mmol/dosi) 14,9 11,7 8,6 14,1
Proteasa (U/dosi) 4 Etiketak ez dakar Etiketak ez dakar 392 Etiketak ez dakar
Amilasa (U/dosi) 4 Etiketak ez dakar Etiketak ez dakar 826 Etiketak ez dakar
ERAGINKORTASUNA
Orbanen aurka (%) 5 24,0 29,6 31,6 25,1
Gantz orbanak (%) 32,8 48,8 35,9 31,8
Proteina eta almidoi orbanak (%) 24,8 26,5 33,2 24,2
Orban herdoilgarriak (%) 18,8 24 27,8 20,8
Arropa zuritzeko ahalmena (%) 6 125,3 129 127,1 136,2
Koloreak babesteko gaitasuna (1etik 5era) 7 3,1 3,2 3,1 3,3
Kalitatea, osotara Oso ona Oso ona Oso ona Ona

1. Dosia kalkulatzeko sistema. Ariel-en ohiko garbigarri likidoak eta Skip Active Clean delakoak ez dute ekarri dosi-tapoirik, baina bi etxeek helarazi digute behin beren webgunean eskatuta. Dosia kalkulatzeko sistema desegokitzat jo dugu jarraian ageri diren garbigarri hauetan, tapoiek ez baitute aukerarik ematen lixiba estandar bati dagokion dosia kalkulatzeko: Colón ultraconcentrado, Elena, Wipp Express superconcentrado, Wipp Express, Dixan, eta Omino Bianco.

2. Etiketa. Wipp Express Superconcentrado, Dixan eta Omino Bianco garbigarriek oso letra txikia erabiltzen dute eduki garbia zenbatekoa den adierazteko, arauak onartzen duen baino txikiagoa.

3. Osagai orria. Arauak dio ekoizleek interneten jarri behar dutela garbigarriak zein osagai dituen, orri batean. Ariel poder concentrado eta Elena garbigarriek ez daukate jarrita.

4. Proteasa eta amilasa entzima-jarduera. Etiketan halakorik jarri dutenetan soilik kalkulatu dugu. Dosi bakoitzeko zenbat zati dauden jarri dugu. Ariel-en eta Wipp Express-en ohiko garbigarrietan, kalkulatzeko erabili dugun teknikak ezartzen duen gutxieneko mugaren azpitik egon da amilasa jarduera.

5. Orbanen aurka. Orbanen aurka zer erantzun eman duten, batez beste.

6. Arropa zuritzeko ahalmena. Hiru oihal mota sei aldiz garbitu (kotoia, poliesterra eta kotoi-poliesterrez egina), eta zenbateko Ganz zuritasuna eman duten, batez beste.

7. Koloreak babesteko gaitasuna. 1etik 5erako gris eskala, EN ISO 105 A05 arauaren araberakoa, arropa 20 aldiz garbitu ondoren. Zenbat eta zenbaki handiago eman, orduan eta gehiago babesten ditu koloreak. Arropak garbigarririk gabe garbituta, 3,1eko emaitza eman du, batez beste. Hortik gorako emaitza eman dutenek, horiek koloreak babesten dituzte, eta hortik behera geratu direnekin, berriz, arropak kolorea galtzen du.

banan-bana

Banan-banan, 12 garbigarriak

Colón 101 manchas ultraconcentrado

  • Hau izan da onena kalitate-prezioetan.
  • Prezioa: 0,23 euro lixibako. Ontzian esaten den baino 15 ml gehiago ditu.
  • Lixiba egiteko dosi txikiena eskatzen du (35 ml). Garbigarririk kontzentratuenetakoa da (ohikoa baino 3,4 aldiz gehiago).
  • Dosia kalkulatzeko sistema hobetu dezake (tapoiak 52 ml hartzen ditu, eta ez dauka marrarik).
  • Honek uzten du arropa zurien.

Skip, pequeño y poderoso

  • Prezioa: 0,22 euro lixibako.
  • Dosia kalkulatzeko sistema egokia: tapoibete eskatzen du lixiba normala egiteko, eta arropa oso zikin badago, beste tapoi erdi bat botatzeko esaten du.
  • Ontzirik arinena, eta oso formula kontzentratua (ohikoa baino 3 aldiz kontzentratuagoa da).
  • Arropa ez du uzten gainerako kontzentratuek bezain zuri (134,6ko emaitza eman du), baina koloreak hobeto babesten ditu (3,3ko emaitza eman du, onena, Colón-en ohiko garbigarria eta Elena-rekin batera).

Wipp express, superconcentrado

  • Prezioa: 0,22 euro lixibako.
  • Dosia kalkulatzeko sistema hobetu daiteke: tapoiak 80 ml hartzen ditu, eta marra bat dauka 75 ml-etan, baina 50 ml botatzea komeni dela esaten du.
  • Orbanen aurkako proban, erdi parean geratu da (% 33,6ko emaitza eman du), baina besteek baino hobeto erantzuten die orban herdoilgarriei (% 31,4).
  • Koloreak babesko proban, Flota-k eta Dixan-ek bezalako emaitza eman du (3,1).

Ariel, poder concentrado

  • Prezioa: 0,30 euro lixibako.
  • Dosia kalkulatzeko sistema egokia: tapoiaren marrarekin kalkulatzen dira, 37 ml-ko eta 55 ml-ko dosiak.
  • Orbanen aurkako proban, kontzentratu onena izan da baina bere ohiko garbigarriak emaitza hobea eman du.
  • Colón etxekoen ondotik, Ariel etxekoek uzten dute arropa zurien. Interneten ez da ageri zein osagai dituen, nahiz eta Europako legediak halaxe agindu.

Ariel

  • Prezioa: 0,28 euro lixibako.
  • Dosi-tapoirik gabe saltzen dute, eta Internetez eskatu behar da.
  • Garestiena ohiko garbigarrietan. Honek ematen die erantzunik onena orban mota guztiei (% 38,1eko eraginkortasuna du), eta koloreak ere honek babesten ditu ongien (3,4 puntuko emaitza eman du).
  • Colón etxekoen ondotik, arropa zurien uzten duena.

Colón, 101 manchas

  • Prezioa: 0,24 euro lixibako.
  • Dosia kalkulatzeko sistema egokia du.
  • Honek eta etxe bereko garbigarri kontzentratuak uzten dute arropa zurien, eta koloreak babesteko ere, onenetakoa da.
  • Orbanak kentzeko eraginkorrenetarikoa, eta gantz orbanak soilik hartuta, emaitzarik onena (% 59,2).
  • Koloreak ongien babesten dituenetakoa da, Elena-rekin eta Skip, Pequeño y Poderoso-rekin batera.

Skip, active clean

  • Prezioa: 0,26 euro lixibako.
  • Dosi-tapoirik gabe saltzen dute, eta Internetez eskatu behar du hura eskuratu nahi duenak.
  • Erdi parean geratu da orbanen aurkako proban (% 32,1), zuritasuna neurtzekoan (131,2) eta koloreak nola babesten dituen neurtzeko egin dugun azterketan (3,2).

Wipp express

  • Prezioa: 0,23 euro lixibako.
  • Dosia kalkulatzeko sistema hobetu daiteke: tapoiak 80 ml hartzen ditu, eta marra bat dauka 75 ml-etan, baina 100 ml botatzea komeni dela esaten du.
  • Honek babesten ditu gutxien koloreak (3,0 puntu): urarekin soilik garbituta baino gehiago galtzen dira arropen koloreak garbigarri honekin.

Flota

  • Prezioa: 0,17 euro lixibako.
  • Dosia kalkulatzeko sistema egokia da.
  • Honek erakutsi du eraginkortasun gutxien orbanen aurkako proban, Elena-rekin eta Omino Bianco-rekin batera.
  • Arroparen zuritasuna neurtzeko proban ere, honek eman du emaitzarik kaskarrena (125,3), Dixan eta Omino Bianco-rekin batera.

Omino bianco

  • Prezioa: 0,26 euro lixibako.
  • Dosia kalkulatzeko sistema hobetu daiteke: 50 ml-ko tapoia du, marrarik gabea, eta 90 ml-ko dosia botatzeko esaten du.
  • Eraginkortasun gutxien orbanen aurkako proban (%29,6), Elena-rekin eta Flota-rekin batera.
  • Arroparen zuritasuna neurtzeko proban ere, emaitzarik kaskarrena (129), Dixan eta Flota-rekin batera.

Dixan

  • Prezioa: 0,22 euro lixibako.
  • Dosia kalkulatzeko sistema hobetu daiteke: tapoiak 80 ml hartzen ditu, eta marra bat dauka 75 ml-etan, baina 100 ml botatzea komeni dela esaten du.
  • Arroparen zuritasuna neurtzeko proban honek eman du emaitzarik kaskarrena (127,1), Flota-rekin eta Omino Bianco-rekin batera.

Elena, 2 en 1

  • Prezioa: 0,18 euro lixibako.
  • Dosia kalkulatzeko sistema hobetu daiteke: tapoiak 60 ml hartzen ditu, eta gomendatzen dituen dosiak 45 ml-ren multiploak dira.
  • Eraginkortasun gutxien orbanen aurkako proban (%25,1), Flota-rekin eta Omino Bianco-rekin batera.
  • Interneten Europako legeak eskatzen zion osagarri zerrenda falta zitzaion baina CONSUMER EROSKI-ren oharraren ondoren, jarrita dauka.
  • Koloreak ongien babesten dituenetakoa, ohiko Colón eta Skip konzentratuarekin batera.