Amatasuna eta aitatasuna ere lan eskubideak dira
Pediatrak, erizainak eta haur hezitzaileak ez zaizkio mintzo amari soilik. Jaioberriaren aita ere hantxe dauka, urteetan hutsik egon den aulkian jarrita. Lege erreformei esker, hein handian, haurra jaio eta lehen asteetan, behintzat, amak eta aitak lagunduta joan daiteke profesional horiengana, aita direnek ere eskubidea baitute orain lan baimena eskatzeko. Familiaren ardurak oraindik ere ez dira berdin banatzen emakumeen eta gizonen artean -oso urrun gaude horretatik-, baina Espainian 3/2007 Lege Organikoa onartu zutenetik, Emakumeen eta Gizonen arteko Benetako Berdintasunerako legea, bi gurasoek dute eskubidea denbora batez lan egiteari utzi ahal izateko; soldata osoa jasotzen jarraituko dute (dagokion oinarri arautzailearen arabera), eta lanpostua gordeko diete, baimena bukatzean berriz itzul dadin.
Amatasun edo aitatasun baimena bukatu ondoren, bi gurasoetako edozeinek eska dezake edoskitze baimena (egunean ordu bat izango luke), lan utzialdia (haurrak 3 urte bete arte) edo lanaldi murrizketa (haurrak sei urte baino gutxiago baditu). 2008. urteko lehen seihilekoan, ia 320.000 baimen eman ditu Gizarte Segurantzako Espainiako Institutu Nazionalak; 180.333 amatasun baimenak izan dira, eta 139.483 aitatasun baimenak. Guztira, guraso horiei dagozkien laguntzak emateko, 929 milioi euro erabili ditu (825 milioi ama izan direnentzat eta 104 milioi aitentzat). Ekainaren 30a bitarte, gainera, 20.865 gurasok eskatu dute lan egiteari uzteko baimena haurrak zaintzeko (19.307 emakumek eta 1.558 gizonek).
Hala ere, bide luzea geratzen da oraindik lana eta familia bateratzeko. Espainian, 16 asteko amatasun baimena onartzen du legeak, eta Mercer Human Resource aholkularitza enpresak hirurogei herrialdetan egin duen azterketak dioenez, zortzigarren lekuan egongo litzateke Europan. Suedia dago guztien buru (96 aste onartzen ditu legeak), eta Norvegia dator haren ondotik (52 aste). Azken tokian, berriz, Portugal geratu da (12 asteko baimena soilik ematen dute han).
Amatasun baimena, amaren eta haurraren eskubidea
Lan egiten duen emakume orok, bai bere kontura ari bada edo bai besteren kontura, eskubidea du haurra eduki eta amatasun baimena hartzeko, atseden hartu eta haurra zaindu ahal izateko. Espainian 16 astekoa izaten da, eta soldata osoa ematen diote amari. Haur batez baino gehiagoz erditu bada aldi berean, bigarrenetik hasita, bi aste gehiago izango ditu haur bakoitzeko, eta haurra ezintasunen batekin jaio bada, orduan ere bi aste izango ditu. Eskubide hori ez daukate erditu direnek soilik. Haur bat adoptatu dutenek edo harreran hartu dutenek ere badute eskubidea, bai aldi baterako egin dutenek, bai modu iraunkorren egin dutenek, baldin eta haurrak sei urte baino gutxiago baditu.
Hamasei aste horietatik, lehen seiak amari soilik dagozkio, derrigorrezkoa zaion atsedena har dezan. Hurrengo hamarrak, berriz, amaren eta aitaren artean har ditzakete, nahi badute biek aldi berean, nahi badute txandaka, baina beti hamar aste bien artean, ez bakoitzak hamar aste. Ama enpresarekin ados jarriko balitz, lanaldi erdia hartu eta 20 astera luzatu ahal izango luke.
Bi gurasoetako bat baimenarekin dagoela besteak lanean hastea erabakiko balu dagozkion egun guztiak hartu gabe, aukera du bikotekideari uzteko egun horiek. Urte honen lehen erdian eman dituzten baimen guztiak aintzat hartuta, 2.687 kasutan, aitaren esku utzi du amak eskubide hori (2007. urtean baino % 2,5 handiagoa da kopurua).
Laguntzak jasotzeko eskubide hori edukitzeko, ordea, bi baldintza hauetako bat bete behar dute emakumeek: Gizarte Segurantzan izena emana egon behar dute, gutxienez, erditu baino bederatzi hilabete lehenagotik, edo, bestela, erditu aurreko bost urteetan, gutxienez 180 egunez kotizatu behar izan dute Gizarte Segurantzan. Baldintza horietako bat bete ezean, eskubidea izango dute, bai, kontratua 16 astez eten diezaieten, baina laguntza, aldiz, 42 eguni dagokiena soilik jasoko dute, erditu diren egunetik hasita.
Gizonei ere badagokie haurrak zaintzea
Emakumeen eta Gizonen arteko Benetako Berdintasunerako 3/2007 Lege Organikoa indarrean sartu zenetik, gizonek ere eskubidea dute legez baimena eskatu eta bikotekidearekin batera etxeko txikia zaintzeko. Hamahiru egun jarraian hartzeko aukera ematen die legeak, eta, agian, bere lan hitzarmenak besteren bat hartzeko modua emango dio guraso egiteagatik. Haur bat baino gehiago jaio badira erditze berean, egun gehiago hartu ahal izango ditu aitak, eta berdin gertatzen da haur bat baino gehiago adoptatu edo harreran hartu badituzte aldi berean: bi egun gehiago izango ditu aitak haur bakoitzeko, bigarrenetik hasita. Baimena eta lanaldi erdia txandakatu nahi balitu, ados jarri beharko luke enpresarekin.
Horretaz gain, Gizarte Segurantzak onartu du aitak amatasun laguntza jaso ahal izatea, ama hilko balitz. Honako hau esaten du erabaki horrek: “Erditzeko garaian edo ondoren ama hilko balitz, beste gurasoak izango du laguntza jasotzeko eskubidea, baldin eta eskatutako betebeharrak biltzen baditu, nahiz eta ama zena Gizarte Segurantzaren sisteman sartuta egon ez”.
Beren kontura eta besteren kontura lan egiten dutenek daukate horretarako eskubidea eta amatasun baimena hartzekoa, eta prestakuntza aldirako kontratatuta daudenek eta aldi baterako kontratua dutenek ere bai, nahiz eta azken horiek baldintza hau bete behar duten: baimena hasten den eguna baino lehenago, 180 egun kotizatuta eduki beharko dituzte Gizarte Segurantzan azken zazpi urteetan, edo, bestela, lan bizitza osoan 360 egun. Amatasunagatik edo aitatasunagatik jasotzen den laguntza zenbatekoa izango den, norberari dagokion oinarri arautzailearen araberakoa izaten da, baina betiere oinarri arautzaile horren % 100 jasoko du gurasoak. Aita langabezian egongo balitz, aitatasun baimenari dagokion denbora ez litzaioke kenduko langabezi sariari.
Edoskitze baimena
Guraso langileek badute beste eskubide bat ere: lanetik atera daitezke beren haurrari bularra emateko edo biberoia bestela, baldin eta bederatzi hilabete baino gutxiago baditu. Bi gurasoek dute horretarako eskubidea, eta batak zein besteak har dezake baimena (soldatan ez dute izango inolako murrizketarik), baina ama langile autonomoa bada, aitak ezingo du baimen hori eskatu, haren lan hitzarmenak kontrakorik esaten ez badu, behintzat.
Gainera, edoskitze baimena eskatzen duen gurasoa langile autonomoa bada, 20/2007 Legeak, Lan Autonomoaren Estatutuari buruzkoak, baldintza hauxe jartzen dio lanaldia eteteko eskubidea izan dezan: arrisku egoera egon behar du edoskitze naturalaren garaian. Haurraren edoskitzeko gaitasuna gutxitu dezaketen lan baldintzak hartzen ditu legeak arriskutzat, eta amari esnea moztu diezaioketenak (nekea, estresa, ingurumen baldintzak, eta abar); haurraren osasuna arriskuan jar dezaketen gai kutsakorrak ere arrisku iturrien artean sartzen ditu (produktu toxikoak, ionizazio irradak, eta abar).
Lanetik ordubetez ateratzeko eskubidea dute amak eta aitak; haur bat baino gehiago jaio badira, modu proportzionalean handituko da denbora hori, eta aukera izango dute, gainera, bitan zatitzeko. Legeak onartzen dio aitari, ordubeteko etena egin beharrean, lanaldia ordu erdi laburtzea -edo lan hitzarmenak onartzen duen neurrian-, edo ordu horiek pilatu eta lan egun batzuk huts egitea, lan hitzarmenak jasotzen dituen baldintzetan edo enpresaburuarekin hitzartu ditzakeenetan.
Nafarroako Unibertsitateko Negozio Eskolak (IESE) lana eta familia bateratzeko politiken inguruko ikerketa egina du, IFREI 2006 izenekoa (Familia Aintzat Hartzen duten Enpresen Datuak), eta hor agertzen da Espainiako enpresetan zer neurri hartu dituzten bateratze hori gauzatu ahal izateko. Datuek erakusten dutenez, enpresen % 7k soilik hartzen dituzte aintzat familiak, % 17k soilik ulertzen dute langileek familiari lehentasuna eman nahi izatea, eta % 40tan konpromiso gutxiago duen langiletzat jotzen da bateratze neurriak erabiltzen dituena. Datu horiek ikusita, argi dago zein den emakumeen lan arriskurik handiena: haurdun geratzea. Oztopo handia bihurtzen da hori emakumeek beren lan ibilbidean aurrera egin ahal izateko, batik bat, sektore pribatuan ari direnentzat (% 33k hala diote) eta autonomo direnentzat (% 32,5). Funtzionarioen artean, gutxiagori baldintzatu die haurdunaldiak lan ibilbidea (% 23). Datu horiek ageri dira Laneko Bizi Kalitatearen Ikerketan (Espainiako Lan Ministerioak egina da).
Egoera hola dagoela ikusita, autonomia erkidego asko diru laguntzak ematen hasi dira langileek lana aldi batez utzi ahal izan dezaten edo lanaldia murriztu haurrak zaintzeko. Lana eta familia bateratzeko bide zailean urratsak egin ahal izatea dute helburu laguntza horiek, eta Nafarroan, Balearretan, Gaztela eta Leonen eta Euskal Autonomia Erkidegoan, adibidez, hasiak dira ematen. Urtean 1.200 eurotik 8.700 euro bitartekoak izaten dira laguntzak, eta zenbaitetan, diskriminazio positiboa erabiliz, gizonentzat diru gehiago ematen dute, haiek ere haurrak zaintzeko ardura hartu eta pausoa eman dezaten.
Euskal Autonomia Erkidegoan, aitak uzten badio aldi batez lan egiteari, 3.000 euro jasoko ditu urtean, eta amak uzten badio, berriz, 2.400. Lan egiteari utzi beharrean lanaldia murrizten badute, amak 1.350 eta 1.800 euro bitartean jasoko ditu, eta aitak, 1.800 eta 2.400 bitartean. Lanaldia zenbat murriztu den, laguntza ere halakoa izango da gurasoentzat. Gaztela eta Leongo laguntzak 3.000 eurokoak dira amarentzat eta aitarentzat, lanaldia gutxienez % 50 murriztuz gero. Lana aldi batez uzteagatik, 7.000 euroko laguntza jasoko dute guztiek, eta 8.700 eurokoa familia ugariek, guraso bakarrekoek, aldi berean haur bat baino gehiago eduki dutenek, eta haur bat adoptatu dutenek. Galiziako Xuntak laguntza berezia ematen die gizonei eta guraso bakarreko familiei: 2.400 euro eta 3.600 artean jasoko ditu bakoitzak lanaldia murrizteagatik; zenbat murrizten duten lanaldia, eta zenbat denborarako -zortzi hilabeteko baimena izaten da, gehienez-, horren araberakoa izango da laguntza. Balearretako Gobernuak, berriz, 145 eta 175 euro artean ematen dizkie hilean haurrak zaintzeko lanaldia murriztu duten langileei. Eta Nafarroako Gobernuak hilean 417 euro ematen dizkie gurasoei, baldin eta biek lanean ari badira eta batek lan egiteari uzten badio aldi batez haurra zaintzeko. Laguntza horiek guztiak jasotzeko, ordea, erakunde bakoitzak ezartzen dituen baldintzak bete beharra dago.
Lan utzialdia edo eszedentzia
Langileen Estatutuko 46.3 artikuluak esaten duen bezala, langileek hiru urtez utz diezaiokete gehienez ere lan egiteari haien seme-alabak zaintzeko, bai naturalak eta bai adoptatuak edo harreran hartuak (iraunkorki edo adopzio-aurreko aldian). Haurra jaio den egunetik aurrera hasten da kontatzen, eta adopzio eta harrera kasuetan, auzitegiek edo administrazioak erabakia hartzen duenetik. Haurrak hiru urte betetzen dituen arte, noiznahi har daiteke lan utzialdia, ez da zertan hartu haurra jaiotakoan bertan. Legeak dio langile bakoitzaren eskubidea dela hau, izan emakume edo izan gizon, eta, beraz, bi gurasoetako edozeinek eska dezake, bikotekidearen lan egoera dena dela ere. Beste haur bat jaioko balitz, hura zaindu beharrak ere eskubidea ematen dio langileari beste lan utzialdi bat eskatzeko, eta horrek baliorik gabe utziko luke aurreko eszedentzia, nahiz eta oraindik ez bukatu
Espainiako Lan eta Gizarte Gaietako Ministerioak eman dituen datuen arabera, 34.826 lagunek utzi zioten lan egiteari Espainian 2007. urtean haurrak zaindu ahal izateko (33.335 emakumek eta 1.482 gizonek). 2005. urtetik 2007. urtera, % 21 handitu zen kopurua (gizonetan, % 3,3tik % 4,3ra igo zen). Hainbat arrazoi egon daitezke kopuru orokorrak hainbeste igo izateko: emakumeak lanpostu hobeak lortzeko aukerak eskuratu izana; gizonezkoen lanen aldean, emakumeenak behin-behinekoagoak izatea, baldintza kaskarragokoak eta okerrago ordainduak; amatasun berantiarra -bizitza pertsonala lanaren aurretik jarri ahal izatea-; edo Berdintasun arloan legeak ekarri dituen hobekuntzak (lanpostua gorde ahal izatea, edo lanari uzten dion aldia ere kotizazio alditzat hartzea).
Lanaldi murrizketa
Sei urtetik beherako haurrak dituzten gurasoek lanaldi murrizketa eska dezakete haurrak zaindu ahal izateko (lanaldi herena edo erdia murrizteko aukera dute). Lan legediak, gainera, onartzen du guraso batek lanaldi murrizketa hartzea eta besteak edoskitze baimena, biek aldi berean. Lan ordutegia finkatzea eta lan murrizketak zenbat iraungo duen zehaztea ere gurasoek erabakitzen dute. Eszedentzia eskubidearekin gertatzen den bezala, lan murrizketa ere bi gurasoetako edozeinek eska dezake, bikotekidearen lan egoera dena dela ere. Lan murrizketa eskatzen duenari, ordea, soldata ere murrizten diote, bai soldata oinarria, bai lan sariak biltzen dituen bestelako osagarriak, eta bai Gizarte Segurantzari ordaintzen zaizkionak.
Bi gurasoetako bat autonomoa bada, eta berari dagokion baimena bikotekideari utzi nahi badio -besteren kontura ari behar du lanean-, Gizarte Segurantzaren bulegoetara jo behar du, eta baimena utzi ahal izateko dokumentuak eskatu beharko ditu, eta han emango dizkioten paper guztiak bete. Hori eginda, laguntza jasotzeko eskubidea izango dute, eta Erregimen Orokorreko langileei ematen dizkieten laguntza berberak emango dizkiete, iraupen berarekin eta baldintza beretan.
Guraso autonomoek, gainera, eskubidea dute % 100ean jasotzeko haien oinarri arautzaileari dagokion kopurua, Erregimen Orokorreko langileek jasotzen duten bezala, iraupen eta baldintza berberekin. Horretarako, langileak adierazpen bat aurkeztu behar du Gizarte Segurantzako Espainiako Institutu Nazionalean, inprimaki ofizial bat beteta (bere saltokiari, industria lantegiari edo beste zeinahi jarduerari buruzko datuak bete beharko ditu langileak). Baimena hartu eta hurrengo hamabost egunen barruan egin beharko du eskabide hori.