Koskor deshidratatuz egindako saldak likidoen antzekoak dira, eta askoz merkeagoak
Zazpi oilo saldak aztertu ditugu, barazki eta guzti datozenak. Horietako hiru pastilla deshidratatuak izan dira (Knorr, Avecrem eta Maggi), kartoizko ontzietan merkaturatuak. Beste laurak (Knorr, Gallina Blanca, Aneto eta Don Simón), UHT salda likidoak izan dira, litro bateko brik ontzietan saltzen dituztenak. Hozkailutik kanpo eduki daitezke guztiak ere zenbait hilabetez, baina behin irekita, likidoak hozkailuan sartu behar dira, eta lau egunen buruan jan, gehienez ere. Guztiak bere horretan har daitezke, salda hartzen den bezala, baina beste zenbait jaki laguntzeko ere erabiltzen dira: arroza, pasta, eltzekaria, jaki erregosiak, haragi edo arrain saltsa… Salda bezala hartuta, berogarri gertatzen dira, eta kaloria asko-asko eman gabe, gosea arintzen dute. Jakien lagungarri erabilita, berriz, zapore berezia ematen diete platerei. Elikadura ikuspegitik ere badute interesa, eta, horrez gain, gazi samarrak dira, eta deshidratatuek (ez dira likidoak) gehigarri asko dituzte, zapore-emaileak, batik bat.
Bi salda moten prezioa eta elikadura ezaugarriak alderatzeko, lehenik kalkulatu dugu zenbat kostako litzatekeen salda litro bat egitea pastilla deshidratatuekin (bi pastilla erabiltzeko esaten dute ekoizle guztiek). Knorr eta Avecrem etxeek 12 pastilla dakartzate bakoitzak, eta, beraz, 6 litro salda egingo genituzke. Maggi-k 24 pastilla ditu, eta 12 litro egiteko ematen du. Pentsatzekoa den bezala, alde izugarria dago salda mota batetik bestera: pastilla deshidratatuekin salda litro bat egitea 0,20 euro kostatzen da, batez beste, eta brik ontzietan datozen saldekin litro bat egiteak, batez beste, 2,02 euro balio du, hamar halako. Maggi deshidratatua da saldarik merkeena guzietan (0,13 euro litroak). Garestiena, berriz, Aneto etxeko salda likidoa da (3,3 euro); Maggi etxekoak halako 25 balio du, eta deshidratatuen batez bestekoak halako 13. Gallina Blanca-k (1,71 euro) eta Don Simón-ek (1,56 euro) ia Anetoren erdia balio dute, baina horiek ere askoz garestiagoak dira deshidratatuak baino.
Zazpi saldetatik hiruk ez dute betetzen etiketen araudia: Don Simón eta Gallina Blanca likidoek irudien bidez ematen dute osagaien berri, eta ez dute esaten zein kopurutan dauzkaten osagai horiek; Avecrem-ek glutena dauka -oso-oso gutxi-, baina etiketan ez du deus esaten. Zazpi saldek erakusten dute zer elikadura osaera duten, eta eskertzekoa da hori, arauak ez baititu behartzen. Analisi mikrobiologikoa eginda, ikusi dugu osasun eta higiene egoera egokia dutela zazpi saldek, eta hori ere pentsatzekoa zen, salda deshidratatuek oso hezetasun gutxi dutelako, eta likidoek, berriz, esterilizatze prozesua (UHT) pasatu dutelako mikroorganismo guztiak desagerrarazteko. GEO proba ere egin diegu salda guztiei, genetikoki eraldatutako organismorik ba ote duten ikusteko, eta guztiek gainditu dute proba (beraz, ez daukate osagai transgenikorik).
Batere elikatzen ote dute salda hauek?
Oso elikagai gutxi dauzkate salda mota hauek (proteinak, % 0,6 batez beste; gantzak % 0,3; eta karbohidratoak, % 0,4), eta kopuruak ez dira askorik aldatzen batetik bestera. Kaloriak ere ez dauzkate askoz gehiago: batez beste, 6 kaloria 100 mililitroko. Katilu bete saldak 200 mililitro ditu, eta, batez besteko kalkuluak eginda, elikagai hauek emango lizkiguke: proteina gramo bat, karbohidrato gramo bat, gramo erdi gantz eta 14 kaloria. Salda likidoek, oro har, deshidratatuek baino proteina gehixeago dituzte, eta karbohidrato gutxixeago; kaloria kopurua, berriz, antzekoa dute. Gatza ere antzera dute batzuek eta besteek, % 0,9 batez beste; ez da gutxi, egia esan, baina ezin da jo gehiegizkotzat ere (elikagai batek gatz gehiegi duela esateko, % 1,5 eduki behar du). Hauxe da, beraz, ondorioa: salda hauek ia ez dute batere elikatzen, dietaren osagarriak baino ez dira.
Dastatze proban, nahiko emaitza apala lortu dute salda guztiek ere, baina hori ez da izan gauza deigarri bakarra; beste ezusteko bat ere izan da: jendeari gehiago gustatu zaizkio deshidratatuak. Maggi (6,3 puntu) eta Knorr (6,5 puntu) etxeko koskorrekin egindako saldek lortu dute emaitza onena, eta kaskarrena, berriz, Don Simón (3,7 puntu) eta Aneto (5,3 puntu) salda likidoek; gainerakoak, tartean geratu dira. Dastatze proban emaitza onena lortu duten bi saldak dira guztietan merkeenak, eta gehigarri zapore-emailerik gehien ere horiek dute. Aneto etxekoa, berriz, garestiena izan arren eta salda natural bakarra (ez du ez gehigarririk, ez lurrintzailerik eta lodigarririk), jendeari ez zaio askorik gustatu, eta atze samarrean geratu da. Emaitza horiek ikusita, kalitate-prezioetan, Knorr deshidratatua da aukerarik onena: jendeari gehien gustatu zaionetakoa da, merkeenetako ere bada (0,23 euro balio du litroak), eta gatza ere neurrian dauka (% 0,7). Maggi deshidratatua ere aintzat hartzeko modukoa da: guztietan merkeena da (0,13 euro litroa), baina, besteek ez bezala, zenbait gehigarri ditu honek, herdoilaren aurkakoak eta koloragarriak. Norbaitek salda likidoetara mugatu nahi balu, Knorr etxekoa aterako litzaioke ongien kalitate-prezioetan: merkeena da, eta jendeari gehien gustatu zaiona likidoen artetik.
Haragirik badute?
Proteina gehien duen salda (1 g/10 ml) eta, beraz, hegazti haragi gehien duena Knorr salda likidoa da, eta gutxien dutenak, berriz, Gallina Blanca-ren biak, pastilla deshidratatuekin egiten denak eta salda likidoak (0,2 g/100 ml). Don Simón etxeko salda likidoak esaten du Jabugoko urdaiazpikoa duela, eta Avecrem etxekoak, urdaiazpiko egosia, baina proteina kopurua neurtuta, gutxien daukatenen artean daude biak. Aneto salda likidoak jakinarazten du “Oilategiko ¼ oilasko freskoa (% 22)” erabili duela, baina aipamen hori gorabehera, oso proteina gutxi ditu: 0,3 g/100 ml. Saldek hegazti haragia eduki dezaten, gutxieneko kopuru bat ezartzen du arauak, eta hori kalkulatzeko, nitrogeno kopurua neurtzen da, guztira zenbat daukan. Gure azterketaren emaitza erabatekoa izan da: zazpi saldek bete dute araua, eta haragi gutxien dutenek ere, arauak ezartzen duen gutxienekoa baino askoz gehiago dute (bost halako). Hegazti haragia ez ezik, arauak onartzen du beste osagai hauek ere erabiltzea: “hegazti gantza, hegazti errai freskoak edo hegazti haragiaren estraktua”.
Gantzari dagokionez, salda hauek % 0,3 baino ez dute, batez beste (0,3 g/100 ml), eta hori hutsaren hurrena da. Salda likidoek gehiago daukate, deshidratatuek baino (0,4 g/100 ml likidoek, eta 0,2 g/100 ml deshidratatuek; bi halako, beraz). Gallina Blanca likidoak eta Don Simón-ek honako aipamen hau dakarte, “gantz gutxikoa”, baina, egia esan, guk aztertu ditugun guztiek daukate gantz gutxi. Eta karbohidratoak ere halaxe dituzte, oso gutxi. Batez beste, % 0,4 dauzkate, eta ez dago ia alderik batzuen eta besteen artean (gehien dituenak ere gramo bat dauka 100 ml bakoitzeko). Salda hauen karbohidratoak almidoitik eta fekulatik datoz, bi osagai horiek erabiltzen baitituzte salda loditzeko. Anetok ez du erabiltzen lodigarririk, eta ez dauka batere karbohidratorik (0 g/100 ml). Lodigarri kopurua, hala ere, oso txikia da halakorik erabiltzen duten saldetan. Knorr deshidratatuak azukrea eta glukosa dituela adierazten du, eta karbohidrato gehien dauzkanetakoa da, ez asko hala ere (0,5 g/100 ml).
Makroelikagai deitzen direnak (karbohidratoak, proteina eta gantza) % 1 baino gutxiago dauzkaten elikagaiek ezin dute eduki kaloria askorik, eta salda hauek dira horren erakusgarri: batez beste, 6 kaloria dituzte ehun gramoko. Katilubete salda hartuta (200 ml), 13 kaloria hartzen ariko ginateke, eta pertsona heldu batek 2.000 hartu behar lituzke egunean (hori da Eguneroko Kopuru Gomendatua). Salda likidoek zertxobait kaloria gehiago ematen dituzte, baina aldea oso txikia da.
Gauzarik nabarmenena, gatza
Makroelikagai gutxi dituzte salda hauek, baina ez da berdin gertatzen gatzarekin. Batez beste, 0,9 gramo gatz dauzkate 100 ml bakoitzeko, eta hori ez da hain gutxi. Gatz gehien Gallina Blanca likidoak eta Maggi deshidratatuak daukate (1,1 g/100 ml), eta gutxien, Aneto-k (likidoa da) eta Knorr deshidratatuak (0,7 g/100 ml). Arauak esaten du, gehienez ere, 1,25 g gatz eduki ditzaketela saldek 100 ml bakoitzeko, eta, beraz, guztiek betetzen dute araua, hortik behera baitabiltza. Elikagai batek gatz gehiegi duela esateko, 0,6 g eduki behar ditu 100 ml bakoitzeko (% 1,5 da hori). Salda hauek ongi dabiltza gatzetik, baina gatza ez ezik, deshidratatuek badauzkate sodiodun zenbait substantzia ere, zapore gehiago emateko erantsiak: monosodio glutamatoa (hiru deshidratatuek badute), disodio inosinatoa (Knorr-ek eta Maggi-k) eta sodio fosfatoa (Maggi-k). Hala ere, sodio kopuruan ez dago alde handirik zazpi salden artean (batez beste, 0,3 g dauzkate 100 ml bakoitzeko).
Glutamatoak zergatik ote du hain ospe txarra?
Glutamatoa gehigarri bat da, eta urteetan, kaltegarritzat jo dute zenbait pertsonarentzat, eragin txarra egiten baitien osasunean. “Txinatar jatetxeko sindromea” deitzen zaio glutamatoak sortzen duen erreakzioari -sukaldaritza mota horretan asko erabiltzen dute-, janari mota hori sarri jaten dutenengan agertzen baitira sindromeak, era askotakoak, gainera: buruko mina, toraxeko estutasuna, bero eta inurritze irudipena, gorputz adarren ahultasuna, buru nahastea, aurpegi gorritzea eta ondoez gastrikoak. Glutamatoak (E621) indartu egiten du jakien zaporea, eta gazi ukitua areagotzen du. Substantzia hau zapore mota jakin bati lotzen zaio, oinarrizko bosgarren zaporeari (“umami” esaten diote), eta haragiak izaten duen zaporearen antzekotzat jotzen dute. Ohiko gehigarria izaten da zorrotxoko zopetan, salda egiteko koskorretan, entsaladatarako gatz-ozpinetan, espezia nahasketetan eta jaki prestatuetan (pizzak, kaneloiak, lasagnak…).
Ikerketa zientifiko asko egin dira glutamatoaren inguruan, eta azken urteetakoek garbi samar utzi dute glutamatoa gehigarri seguru eta praktikoa dela. Ekialdeko jakiek sortzen dituzten erreakzio kaltegarrien inguruan ere argi mintzatu dira ikerketak: ez dirudi glutamatoaren kontua denik, eta, itxuraz, gehiago da sukaldaritza horretan erabiltzen dituzten zenbait osagairen eragina (itsaskiak, fruitu lehorrak, espezieak, belar lurrintsuak…). Nazioartean ezagutza eta izen ona duten elikadura erakundeek gehigarri segurutzat jotzen dute, eta zenbait elikagai freskok berezkoa dutenez glutamatoa, agian horregatik ez dute zehaztu egunean zenbat glutamato har daitekeen, gehienez ere.
CONSUMER EROSKI-k ongi aztertu du zazpi salda hauek glutamatori badaukaten edo ez, eta hiru deshidratatuetan soilik agertu da, arauak onartzen duen kopurua baino hamar aldiz neurri txikiagoan agertu ere (0,1 g dauzkate 100 ml bakoitzeko).
Zenbait saldak beste gehigarri batzuk ere badituzte (azidotzaileak, herdoilaren aurkakoak, koloragarriak), eta saldak “Banan-banan” aztertzen ditugunean mintzatuko gara horiei buruz. Aneto da saldarik naturalena, eta ez du inolako gehigarririk, lodigarririk eta lurrintzailerik.
Zein dira hobeak, deshidratatuak edo likidoak? eta konparaketako taula
Koskorrak edo likidoak?
Gauza asko hartu behar dira kontuan galdera horri erantzuteko: prezioa, elikadura, zaporea, gehigarriak eta ingurumena. Lau salda likidoetatik hiruk 1,48 eta 1,71 euro artean balio dute, eta Aneto-k, 3,30 euro; koskor deshidratatuekin litro bat salda prestatzea, berriz, 0,13 eta 0,24 euro artean dabil. Beraz, salda likidoak baino dezente merkeago ateratzen da (7 aldiz merkeagoa izan liteke edo 25 aldiz merkeagoa). Bada arrazoirik aldea hain handia izateko? Ikus dezagun: elikadura ikuspegitik begiratuta, eta salda likidoak eta koskor deshidratatuekin eginak elkarri alderatzen badizkiogu, bi salda motak antzekoak direla ikusiko dugu (biek ere oso elikagai gutxi dauzkate): proteinak, gantzak, karbohidratoak eta gatza, guztiak batuta, ez dira produktuaren % 3 baino gehiago, eta gainerako guztia ura da.
Haragia ere oso gutxi daukate bi salda motek (proteinak ez dira % 1 baino gehiago), baina guztiek betetzen dute araua. Gatza daukate beste ezer baino gehiago, % 7 eta % 1,1 artean, eta horrek garbi erakusten du zein elikadura balio gutxikoak diren salda hauek. Kaloriak ere hutsaren hurrena dituzte, eta guztiek berdintsu, gainera: 5 kaloria 100 ml bakoitzeko deshidratatuek (katilu erdia da hori), eta likidoek, 7 kaloria 100 ml bakoitzeko. Likidoek ez daukate gehigarri zapore-emailerik, eta deshidratatuek badituzte; glutamatoa, adibidez, hiru deshidratatuek daukate, eta bestelako batzuk ere ageri dira zenbaitetan: koloragarriak, kontserbagarriak… Salda guztiek erabiltzen dute lodigarriren bat (arto almidoia, legamia estraktua, garia…), Aneto etxekoak izan ezik (guztietan garestiena da).
Ikuspegi organoleptikotik begiratuta -dastatze probako emaitzen arabera-, hobeak dira deshidratatuak, zapore gehiago dute. Eta ingurumenaren alderdia aintzat hartuta, hor ere hobeak dira deshidratatuak: toki gutxiago hartzen dute eta arinagoak dira, eta, ondorioz, karbono dioxido gutxiago isurtzen da horiek garraiatzerakoan, erregai gutxiago behar izaten da eta ontzi txikiagoak izaten dituzte (hondakinak ere gutxiago, beraz). Laburbilduz, salda likidoek gehigarri gutxiago dauzkate, eta horixe dute alde ona; salda bat gutxiago edo gehiago gustatzea, hori norberaren baitan dago, eta dastatze proba homologatuaren emaitzak aitzat hartzekoak badira ere, horien balioa ez da erabatekoa. Pertsona bakoitza mundu bat da, baita salda esku artean duenean ere.
Produktua | Knorr | Avecrem (Gallina Blanca) | Maggi | Knorr |
---|---|---|---|---|
Salgaiaren izena | Oilasko salda deshidratatua barazkiekin | Oilasko salda, produktu deshidratatua | Oilasko salda deshidratatua | Amonaren salda oilasko barazkiekin |
Elikadura aipamenak | “-% 30 gatza”, “Kontserbagarririk gabea” | – | – | “Gantz gutxiago, zapore gehiago”, “Salda honek zapore eta usain bete-beteak ditu, kontserbagarririk eta koloragarririk gabe” |
Formatua | 12 pastilla (120g) | 12 pastilla (120g) | 24 pastilla (252g) | Brik de 1 litro |
Prezioa. (euro litroko)1 | 0,23 (2 pastilla) | 0,24 (2 pastilla) | 0,13 (2 pastilla) | 1,48 |
Etiketa | Ongi emana | Gaizki emana | Ongi emana | Ongi emana |
Proteina (g/100ml) | 0,4 | 0,2 | 0,3 | 1 |
Nitrogenoa, guztira (mg/litro)2 | 640 | 320 | 480 | 1600 |
Gantza (g/100 ml) | 0,3 | 0,2 | 0,1 | 0,5 |
Karbohidratoak (g/100ml) | 0,5 | 0,4 | 0,5 | 0,1 |
Kaloriak (cal/100ml) | 6,3 | 4,2 | 4,1 | 8,9 |
Sodioa(g/100 ml) | 0,3 | 0,4 | 0,4 | 0,3 |
Gatza. (g/100 ml) | 0,7 | 1 | 1,1 | 0,9 |
Glutamatoa (g/100 ml)3 | 0,11 | 0,11 | 0,10 | Ez dauka |
Osagai lodigarriak | Patata almidoia; Legamia estraktua | Gari almidoia; Arto almidoia | Maltodextrina | Arto almidoia; Legamia estraktua |
Lurrintzaileak | Baditu | Baditu | Baditu | Baditu |
Glutena4 | Badu | Badu | Ez du | Ez du |
Dastatze proba (1etik 9ra) | 6,5 | 5,6 | 6,3 | 5,9 |
Produktua | Gallina Blanca | Aneto | Don Simón |
---|---|---|---|
Salgaiaren izena | Hau da oilasko salda | Oilasko salda | Oilasko salda Jabugoko urdaiazpikoarekin |
Elikadura aipamenak | “Gantz gutxikoa”; “% 0,3 soilik du koipekia” | – | “Gantz gutxikoa” |
Formatua | Litro bateko brik ontzia | Litro bateko brik ontzia | Litro bateko brik ontzia |
Prezioa. (euro litroko)1 | 1,71 | 3,30 | 1,59 |
Etiketa | Gaizki emana | Ongi emana | Gaizki emana |
Proteina (g/100ml) | 0,2 | 0,8 | 0,3 |
Nitrogenoa, guztira (mg/litro)2 | 320 | 1280 | 480 |
Gantza (g/100 ml) | 0,6 | 0,3 | 0,3 |
Karbohidratoak (g/100ml) | 0,1 | 0 | 1 |
Kaloriak (cal/100ml) | 6,6 | 5,9 | 7,9 |
Sodioa(g/100 ml) | 0,3 | 0,2 | 0,3 |
Gatza. (g/100 ml) | 1,1 | 0,7 | 0,9 |
Glutamatoa (g/100 ml)3 | Ez dauka | Ez dauka | Ez dauka |
Osagai lodigarriak | Extracto de levadura | Ez dauka | Arto fekula |
Lurrintzaileak | Baditu | Ez dauka | Baditu |
Glutena4 | Ez du | Ez du | Ez du |
Dastatze proba (1etik 9ra) | 5,2 | 5,3 | 3,7 |
1. Prezioa: salda deshidratatuetan, bi pastillaren prezioa eman dugu, kopuru horixe behar baita litro bat salda egiteko.
2. Nitrogenoa, guztira: proteinen egituran ageri den atomoa da. Elikagaietan, oro har, 6,25ekin biderkatzen da, eta horrela lortzen da jakitea zenbat proteina dituen. Saldak zenbat proteina duen adierazten du, eta, ondorioz, zenbat oilasko.
3. Glutamatoa: zapore-emailea da gehigarri hau; indartu egiten du jakien zaporea, eta gazi ukitua areagotzen du.
4. Glutena: proteina nahastura bat da, eta labore irinek izaten dute, besteak beste, gariak, zekaleak, oloak eta sorgo edo basartoak. Zenbait pertsonari eritasun zeliakoa eragiten die.
banan-bana
Banan bana, zazpi oilasko salda
Salda deshidratatuak (koskorrak, pastillak) Knorr "Oilasko salda deshidratatua barazkiekin"
- Elikadura aipamenak: “-% 30 gatza”, “Kontserbagarririk gabea” 12 pastilla, 120 gramo.
- Salda litroa 0,23 euroan ateratzen da (bi pastilla bota behar dira). Kalitate-prezioetan, hau da onena. Gatz gutxien duenetakoa da (% 0,7 soilik; beste bi salda % 1,1era iristen dira).
- Azukrea du erantsia. Glutena du, eta etiketan jakinarazten du. Patata almidoia eta legamia estraktua erabiltzen ditu lodigarri.
- Lurrintzaileak ditu erantsita. Gehigarriak: hiru zapore-emaile ditu, glutamatoa, besteak beste (0,11 g/100 ml, arauak onartzen duen kopurua baino hamar aldiz gutxiago).
- Azido zitrikoa duen bakarra da. Dastatze proban 6,5 puntu lortu ditu, besteek baino gehiago, eta jendeari gehien gustatu zaionetakoa izan da.
- “Kolorea” izan dute atsegin, baina “gantz gehiegi” duela esan dute, eta “meheegia” dela.
Maggi "Oilasko salda deshidratatua"
- . 24 pastilla, 252 gramo. Salda litroa 0,13 euroan ateratzen da (bi pastilla bota behar dira).
- Hau da guztietan merkeena. Aintzat hartzeko moduko aukera da hau. Gehigarri gehitxo dauzka. Gatz gehien duenetakoa da (% 1,1 dauka gatza, eta elikagai batek gatz gehiegi duela esateko, % 1,5 eduki behar du, edo hortik gora).
- Sodioa ere gehien duenetako da (% 0,4). Gantza, berriz, honek du gutxien (0,1 g/100 ml).
- Maltodextrina erabiltzen du saldaren lodigarri. Lurrintzaileak ditu erantsita. Gehigarriak: lau zapore-emaile erabiltzen ditu, glutamatoa horien artean (0,10 g ditu 100 ml bakoitzeko, arauak onartzen duen kopurua baino hamar aldiz gutxiago).
- Herdoilaren aurkakoak dituen bakarra da (BHA edo butilhidroxianisola eta propil galatoa). Koloragarriak ere baditu (naturalak).
- Dastatze proban 6,3 puntu lortu ditu (bigarren geratu da), eta jendeari gehien gustatu zaionetako izan da. “Zaporea” eta “kolorea” gustatu zaizkie dastatzaileei, baina “meheegia” iruditu zaie.
Avecrem (Gallina Blanca) "Oilasko salda, produktu deshidratatua"
- 12 pastilla, 120 gramo. Salda litroa 0,24 euroan ateratzen da (bi pastilla bota behar dira). Etiketa gaizki emana du: glutena du (oso-oso gutxi, hala ere: 50 zati milioiko), eta etiketan ez du deus esaten.
- Saldarik gehienek baino gatz gehiago du (% 1), eta proteina gutxiago (% 0,2), nahiz eta esaten duen urdaiazpiko egosia ere badaramala oilasko haragiaz gain.
- Sodio gehien duenetakoa da (% 0,4). Etiketan nabarmentzen da oliba olioa duela, baina oso-oso gutxi dauka, baduela esateko adina, ez gehiago. Gari almidoia eta artoa erabiltzen ditu lodigarri. Lurrintzaileak ditu erantsita.
- Gehigarriak: bakarra erabiltzen du, glutamatoa, zapore gehiago emateko (0,11 g ditu 100 ml bakoitzeko, arauak onartzen duen kopurua baino hamar aldiz gutxiago).
- Dastatze proban 5,6 puntu lortu ditu. Alderdi bakar bat ere ez diote nabarmendu, eta txarrik ere ez diote ezer berezirik antzeman.
Salda likidoak (tetrabrik ontzietan) Knorr "Amonaren salda, oilaskoa barazkiekin"
- Elikadura aipamenak: “Gantz gutxiagorekin eta zapore gehiagorekin”, “Salda honek zapore eta usain bete-beteak ditu, kontserbagarririk eta koloragarririk gabe”.
- Litroko brik ontzian dator. 1,48 euro balio du litroak, eta hau da merkeena likidoen artean.
- Salda likidoa nahiago dutenek, hauxe dute aukerarik onena. Etiketa araua errespetatuz emana du, baina eman dezake hobeto: “Gantz gutxiagorekin” egina dela esatea nahasgarria da, salda hauek guztiek oso gantz gutxi baitute.
- Gehien duena % 0,6ra iristen da, eta Knorr-ek % 05 dauzka; gainera, beste sei saldetatik, bostek daukate gantza % 0,5 baino gutxiago, eta bada bat % 0,1 duena.
- Horrez gain, olio birjina estra erabiltzen duela ageri da etiketan, irudien bidez, eta olio mota hori % 0,2 baino ez da (hori ere etiketan esaten du).
- Salda honek dauka proteina gehien (% 1, eta honek eduki dezake, beraz, oilasko haragi gehien guztien artetik), eta gantza ere gehien duenetakoa da (% 0,5).
- Gatza (% 0,9) eta sodioa (% 0,3) gainerakoek bezalatsu dauzka. Azukrea du erantsia. Gari almidoia eta legamia estraktua erabiltzen ditu lodigarri (baina karbohidratoak % 0,1 soilik dituenez, ez ditu edukiko kopuru handian).
- Lurrintzaileak ditu erantsita. Ez du gehigarririk, beste hiru salda likidoek bezala. Dastatze proban, 5,9 puntu lortu ditu. “Zapore naturala” duela esan du jendeak, eta gustatu zaie hori.
Gallina Blanca "Hau da oilasko salda"
- Elikagai aipamenak: “Gantz gutxikoa”, “% 0,3 soilik du koipekia”.
- Litroko brik ontzian dator. 1,71 euro balio du litroak. Etiketa gaizki emana du: irudien bidez adierazten du zein osagai dituen, baina ez du esaten bakoitzetik zenbat duen, eta arauak hori agintzen du.
- Gantz gehien duenetakoa da (% 1,1), proteina gutxien duena (% 0,2) eta gantz gehien duena (% 0,6). Txerri gantza erabiltzen duen bakarra da.
- Legamia estraktua erabiltzen du lodigarri (baina oso gutxi erabiliko du, karbohidratoak % 0,1 baizik ez dauzka eta).
- Lurrintzaileak dauzka erantsita. Ez du gehigarririk, beste hiru salda likidoek bezala.
- Dastatze proban, 5,2 puntu lortu ditu: “usaina” eta “koipe ukitua” gustatu zaizkio jendeari, baina ez “kolorea”.
Aneto "Oilasko salda"
- Glutenik ez duela esaten du, baina azterketak besterik erakutsi du. Litroko brik ontzian dator.
- 3,30 euro balio du litroak, eta besteak baino askoz garestiagoa da. Guztietan naturalena da, baina dastatze proban nahiko emaitza apala eman du.
- Proteina gehien duenetakoa da (% 0,8) eta gatz gutxien duenetakoa (% 0,7). Lodigarririk erabiltzen ez duen bakarra da (ez du karbohidratorik batere), eta lurrintzailerik ere ez.
- Ez du gehigarririk, beste hiru salda likidoek bezala. Dastatze proban, 5,3 puntu lortu ditu: jendeari “usaina” gustatu zaio, baina ez kolorea (“argia” iruditu zaie).
Don Simón "Oilasko salda, Jabugoko urdaiazpikoarekin"
- Elikadura aipamenak: “Gantz gutxikoa” Litroko brik ontzian dator. 1,59 euro balio du litroak.
- Etiketa gaizki emana du: irudien bidez adierazten du zein osagai dituen, baina ez du esaten bakoitzetik zenbat duen, eta arauak hori agintzen du.
- Gainera, salgaiaren izena, pisu garbia eta kontsumo data ez datoz gainerako aipamenak datozen eremu berean.
- Etiketak esaten du oliba olioa duela, baina oso-oso gutxi du, hutsaren hurrengoa. Proteina gutxi ditu, hori da gauzarik nabarmenenetakoa (% 0,3 soilik, nahiz eta esaten duen Jabugoko urdaiazpikoa duela), eta karbohidrato kopurua ere nabarmentzeko modukoa dauka: % 1 dauzka, eta beste hiru salda likidoek, berriz, % 0,1 gehienez.
- Gatz kopuruan, erdi parean geratu da (% 0,9). Arto fekula erabiltzen du lodigarri (dezente, gainera; horren adierazgarri da karbohidratoen kopurua, % 1ekoa).
- Lurrintzaileak dauzka erantsita. Ez du gehigarririk, beste hiru salda likidoek bezala.
- Dastatze proban, 3,7 puntu lortu ditu, eta beste guztien atzetik geratu da: “usaina” atsegin izan du jendeak, baina “zapore gutxi” antzeman dio.