Kleptomania: eskua buruaren ihesi
Ohiko lapurrek egiten duten gauza bera egiten dute, lapurtu, baina kleptomanoen izaerak ez du zerikusirik bestelako lapurren izaerarekin. Pertsona horiek gaixo daude, eta estutasunak jota egoten dira zerbait ebatsi aurretik. Gehienetan, gainera, errudun sentitzen dira, eta lapurtu dutena itzultzera joaten dira, eta barkamena ere eskatzen dute. Halako pertsonek egiten dituzte salatzen diren lapurreten % 5 (emakumeak izaten dira gehienak).
Ondoez orokor baten ondorio da kleptomania, eta depresioari eta estutasunari lotuta egoten da. Nahasmendu bat da, bulkadak ezin kontrolatua, eta, alde horretatik, badu antza bulimia urduriarekin edo erosteko zaletasun konpultsiboarekin. Horietan guztietan, emozio ezkorrak gailentzen zaizkio pertsonari, mendean hartzen dute, eta ez dira gai izaten arrazoia eta pentsamendu logikoa erabiltzeko. Ezin baitute burua hotz eduki eta zentzuz pentsatu, kontrola galtzen dute, eta ezin izaten diote eutsi.
Emozio ezkor eta desatseginak albait lasterren uxatu nahian, ekintza konpultsiboak egiteko joera hartzen dute nahasmendu horiek dauzkaten pertsonek. Kleptomania dutenek, adibidez, kontrola galdu eta lapurtzera jotzen dute beren estutasuna arindu nahian. Baina halako bulkadei erantzunez jokatzeak areagotu egiten du ondoeza, nork bere buruaren jabe izateari uzten baitio, eta mendeko bihurtzen da, eguneroko martxa hankaz gora jartzen dioten erreakzioen mendeko, eta errudun sentimenduak ere azpiratu egiten ditu gaixoak, ohartzen baitira eskuak ihes egiten diela behin eta berriz.
Kleptomanoak, berez, jabetzen dira euren ekintzez, baina zerbait lapurtu beharra sentitzen duten une horretan, kontrola galtzen dute. Gehienbat, emozioek erraz menderatu ohi duten jendea izaten da kleptomanoa, edo estres handiko garaia pasatzen ari dena; pertsonalitate nahasmendu bat jasaten dute batzuek, eta beste batzuei, berriz, depresio edo estutasun sintomak agertzen zaizkie.
Emozioak ezin kontrolatu
Kleptomanoak ohartzen direnean zerbait harrapatu eta eramateko egokiera dutela, tentsioak gainezka egiten die. Lapurtzen hasi eta bukatu bitartean, urduritasunak gora eta gora egiten die, txarki egin ere. Emozioa hain izaten da indartsua, gaixoak ezin izaten du bere burua kontrolatu; jabetzen da gaizki egiten ari dela, baina ez du aurkitzen lapurtzea beste biderik bere estutasuna arintzeko. Lapurreta egina duenean bai, orduan lasai eta aske sentitzen da, ondoez jasanezina gainetik kenduta.
Ongi sentitze hori, ordea, ez da luzerako izaten, eta, gainera, mendetasun-sortzaile ere izan daiteke. Minutu batzuen buruan, errudun sentitzen hasiko da, eta orduantxe joango zaizkio lasaitasunak. Egoera hori sorgin gurpil bihurtzen da gaixoentzat, eta egonezinez eta urduri bizi izaten dira, bulkadazko eta mendetasunezko nahasmenduak dituzten beste gaixo batzuk bezala.
Tratamendua
Kasu bakoitza berezia da, eta profesional baten laguntza behar da; gaixo bakoitzari diagnostiko osoa egitea komeni da, eta kleptomania gauzarik nabarmenena izanda ere, ez da hor geratu behar, sakonago aztertu beharra dago. Gehienetan, depresioaren aurkako botikak ematen zaizkie gaixoei, serotonina maila apalak izaten baitituzte garunean, depresioak jotakoek bezala.
Gaitza gainditzeko, lehen-lehenik, bizi izan dituen gertakarien errepaso zehatza egin behar du gaixoak, unez une. Nahigabeko lapurreta bat egiten duen bakoitzean, koadernotxo batean idatzi behar du guztia: zein egunetan gertatu den, zein ordutan, non, nola sentitu den ebatsi aurretik eta zer lapurtu duen. Horrela eginda, jarrera bat kontrolpean hartzeko joera sustatzen ari da; hain zuzen, gertatu denean itxuraz kontrol eta arau guztietatik kanpo zegoen jarrera bat. Idatziz jarrita, gaixoa ohartzen da gertaerak errepikatu egiten direla, eta horrek aukera ematen dio antzeko egoerei aurrea hartzeko. Lehen baino gehiago ohartzen da zer gertatzen ari den, eta, lehen ez bezala, bulkadak kontrolatzen dituela iruditzen zaio, eta horrek ongi sentiarazten du. Azkenerako, gai izango da lehengo jokabidearen ordez beste bat hartzeko, eta ezer lapurtu beharrik ez izateko. Teknika hori oso lagungarria da kleptomanoentzat, eta berdin bulkadazko eta mendetasunezko edozein kontrol nahasmendu jasaten dutenentzat ere, ordu arte baino gehiago ohartzen baitira arazoa zein den. Gertaera guztiak banan-banan idatzita, gainera, garbi ikusten da zein maiztasunekin gertatu diren -gaixoak uste duen baino bakanago, segur aski-, eta terapeutak lagunduta, bulkadak gainditu eta jokabideak gehiago kontrolatzea lortzen da.
Bada beste teknika erabilgarri bat ere, aurrekoa baino indar sinboliko gehiagokoa, nahi bada: lapurtutako gauza guztiak desagerraraztea. Hori egiten duena, izan ere, bizitzako garai batekin duen lotura eteten ari da, nahigabeko ekintzak egitera eraman zuen ondoez aro batekin. Modu alegoriko horrekin, estutasunari eta depresioari beste modu batez erantzuteko aro berria hasten du pertsonak.
Oso garrantzitsua da kleptomano batek bere esperientzia konfiantzako pertsonei kontatu ahal izatea. Arazoaren berri besteei emanez, lotsa gainditzen joango da poliki-poliki. Arazo bat gainditzeko, izan ere, arazoa dugula onartzea da beti lehen urratsa, eta ingurukoak jakinaren gainean jarrita, ariketa lagungarri bat egiteko aukera ezin hobea sortzen da: gaixoak eska diezaieke ingurukoei berekin joan daitezela lehen gauzak lapurtu dituen tokira, eta gertutik zaindu dezatela berriz halakorik egin ez dezan. Errudun ez sentitzeak mesede handia egiten die gaixoei, eta indar ematen die, hurrengo batean, inoren laguntzarik gabe joan ahal izateko leku horietara eta sentipenak berritu ahal izateko.
Azkenik, komeni izaten da gaixoak beste jarduera batzuk egin ditzala eta sentipen baikorren bila joan dadila; aire zabalean kirola egitea izan daiteke aukera bat, denbora-pasaren bat hautatzea, jendearekin maiz elkartzea baztertuta ez geratzeko… Bulkadazko eta mendetasunezko jokabideei aurre egiteko modurik onena honako hau izaten da: indar handiko emozio baikorrak bizi izatea, norbera guztiz aseta uzteko modukoak. Era horretan, aldarte hobea izango du pertsona horrek, eta ia berez-berez desagertuko da lapurreta txikiak egiteko beharra, pertsona bere emozioen mende jartzen duen behar hori, ongizatea ere lapurtzeraino.
- Noizbehinkako kleptomania. Bakan gertatzen dira lapurretak, eta denbora asko pasatzen da lapurreta batetik bestera.
- Aldizkako kleptomania. Maizago gertatzen dira, baina, aldian behin, utzi egiten zaio lapurretak egiteari.
- Kleptomania kronikoa. Batzuetan maizago, besteetan bakanago, baina etengabe gertatzen dira lapurretak, eta asko kostatzen da nahasmendua gainditzea.