Adinekoen erorikoak

Urteen herrena

Adin batetik aurrera, ez dago neurriak hartzea bezalako makulurik erorikoak saihesteko; 65 urtetik gorakoek, gehienbat, hezurrak hausteko arriskua izaten dute, eta, oro har, bizi-kalitatea galtzen dute kolpeen ondorioz
1 azaroa de 2008
Img salud listado 581

Urteen herrena

Ez dago adinik erorikoentzat, baina pertsona zenbat eta zaharragoa izan, orduan eta maizago erortzen da, eta ondorioak ere larritu egiten dira. 65 urtetik gorako emakumeen artean, adibidez, hirutik bat urtero erortzen da, eta % 6k hezurren bat apurtzen dute kolpearen eraginez. Adin horretatik gora, berriz, handitu egiten da erortzeko arriskua, etxean batik bat, berdin emakumeetan zein gizonetan: 65 urtetik gorakoen % 30 urtean behin erortzen dira etxean, eta 80 urte dituztenen artean, % 50.

Erorikoen ondorioak askotarikoak izaten dira; kolpe hutsean gera daiteke, baina okerragoak ere badira: hezurren bat haustea edo hiltzea bera, adibidez. Hausturaren bat gertatzen denean, aldaka apurtzea izaten da ondoriorik larrienetakoa (ez dira gutxi izaten halakoak): urtero 61.000 aldaka hausten dira Espainian, duela urtebete baino % 25-30 gehiago. Espainiako Geriatria eta Gerontologia Elkarteak (SEGG) bere gidan esaten duenez, gainera (Geriatriako jardun kliniko egokirako gida. Aldaka apurtuta duen adinekoa izena du lan horrek), aldaka hausten duten adinekoen % 33k lehendik ere hautsi izan dute. Eta denborarekin, handitu egingo da ehuneko hori

Erori ahala, ahulago

Aldaka apurtzea, hausturarik larriena ez ezik, sarriena ere bada (% 50); bestelakoen artean, burezurra eta aurpegiko hezurren bat apurtzea ere maiz gertatzen da (% 24), eta bakanxeago eskua apurtzea (% 10), besagaina (% 9) eta orkatila (% 9). Halako hausturak izaten dituzten pertsonen % 20-30 mugitu ezinik geratzen dira, eta ezin izaten dira eurak bakarrik moldatu; gainera, goiztiar hiltzeko arriskua ere badute. Datu horiek eman zituzten Adinekoen mugikortasunari, erorikoei eta ariketa fisikoari buruzko Bigarren Jardunaldian; Bartzelonan egin zuten ekitaldi hori, otsailean, hiru erakunde hauek antolatuta: Kataluniako Fisioterapeuten Elkargoak, Zahartze Institutuak eta Blanquernako Erizaintza, Fisioterapia eta Nutrizioko Unibertsitate Eskolak.

Hausturarik gehienak sendatu egiten dira, baina behin erori denak berriz erortzeko arriskua izaten du, adinekoek ahultzera egiten baitute; urtean hirutan baino gehiagotan erortzen badira, egoerak okerrera egiten du, eta datuak dira horren erakusgarri: hirutik bat ospitalera eraman behar izaten dute, egoitza batera bestela, edo, okerrena jota, hurrengo urtean hiltzen da. Ondorio guztiak, baina, ez dira fisikoak. Askotan, konfiantza galtzen dute adinekoek, ariketak egiteari uzten diote (berriz erortzeko beldurrez) eta beren burua baztertzera jotzen dute.

Zergatik erortzen dira adinekoak?

Sonia De Santillana Hernández espezialistak ikerketa bat egina du galdera horri erantzun nahian; 2000-2001 urteetan erori eta ospitalera eraman zituzten 1.000 adineko erabili zituen lan hori egiteko, eta bakoitza nola erori zen galdetu zien. Adinekoen % 39 labainduta edo estropezu eginda erori ziren, sukaldeko edo bainugelako lurra bustia zegoelako, nonbaitetik jaisterakoan eskailera-maila bat edo aldats bat ikusi ez zutelako, harri bat, lokatza edo belarra zapaldu zutelako, edo jaki baten azala, edo xaboi bat sukaldeko zoruan, bainugelakoan edo patioan, zola leuneko oinetakoak erabiltzeagatik edo ohean, aulkian edo besaulkian esertzen hasita. Beste sail handi bat, % 27, altzariren batekin estropezu eginda erori ziren (besaulkia, ohea, mahaia edo aulkia), edo bastoiarekin, ibilgailuarekin, alfonbrarekin edo tapiz batekin trabatuta; edo hanka plastiko zati batean edo oihal batean kateatu zitzaielako, edo zulo batean sartu zutelako. Gainerako % 23ek bestelako arrazoi batzuengatik galdu zuten oreka: norbaitek bultza egin zielako, zorabiatu egin zirelako, zangoek huts egin zietelako edo edari alkoholdunak hartu zituztelako.

Ohiko arriskuak

Erortzeko arrazoiak askotarikoak diren bezala, halaxe dira arrisku faktoreak ere. SEGG erakundeak geriatria-sindrometzat hartzen ditu erorikoak; hau da, faktore anitz dituen arazotzat. Batzuetan, gainera, oraindik agertu ez den gaixotasun baten lehen zantzuak izan daitezke erorikoak, eta behin eta berriz gertatzen direnean, atzera eta atzera egiten du pertsonaren ahalmen funtzionalak.

Berezko faktoreak

Ikerketa zientifikoek erakutsi dute berezko faktore batzuek badutela eragina erorikoetan; hau da, gaixoak berak dituen zenbait faktorek zerikusi zuzena dutela istripu horiekin: lehenago erori izana, gaixotasun kroniko bat eduki eta tratamendu bat baino gehiago behar izatea, zenbait botika hartzea (depresioaren aurkakoak), 80 urtetik gora izatea, hipertentsioa eta hipotentsioa edukitzea, eta ikusmen arazoak, osteoporosia, garun-hodietako arazoak, ibiltzeko ezintasuna (pausoa emateko eta orekari eusteko arazoak, adibidez, parkinsonaren ondorioz).

Osteoporosiak
eragiten ditu hainbat
eta hainbat eroriko,
horregatik da hain
garrantzitsua hezur
dentsitometria egitea

Faktore horien guztien gainetik, bat nabarmentzen da: osteoporosia (hezurretako mineral dentsitatea galtzea da). Adinean aurrera egin ahala, are eta larriagoa izaten da, eta, batik bat, menopausia igaro duten emakumeengan. Horrexegatik, osteoporosia izateko arriskua duten pertsonentzat oso garrantzitsua da hezur dentsitometria bat egitea, ikusteko zein egoeratan dauzkaten hezurrak, eta behar balute, botikak hartzen hastea, gaixotasunaren eragina mantsotzeko. Gogoan hartu behar da, batzuetan, haustura osteoporotikoa gertatzen zaiola lehenik adinekoari, eta erori egiten dela gero, eta beste batzuetan, berriz, lehenik erori egiten dela, eta gero izaten duela haustura. Berezko faktoreen artean, bada garrantzi handiko beste bat ere: pertsona horrek beste erorikorik izan duen edo ez. Longitudinal Aging Study Amsterdam (LASA) izeneko ikerketan, 1.374 kideko multzo baten inguruko azterketa egin dute hamar urtez Amsterdamen, Herbehereetan (75 urte zituzten, batez beste), eta zera ikusi dute: % 33k eroriko bat izana zuten, gutxienez; % 22 behin eroria ziren; eta % 11 hainbat alditan. Eroriko bat baino gehiago izan zutenek haustura gehiago eduki zituzten, behin erori zirenek baino eta sekula erori ez zirenek baino. Eta behin baino gehiagotan erori zirenen artean, gizonezkoak gehiago ziren emakumezkoak baino.

Kanpoko faktoreak

Kanpoko faktoreen artean, berriz, hauek sortzen dute arrisku gehien erorikoak izateko: argi gutxi izatea, aulkiak oso behean geratzea, alfonbra solteak edukitzea, eta oztopo arkitektonikoak eta elementu trabagarriak jartzea bai eremu publikoetan eta bai etxean. Berezko faktoreek kanpokoekin topo egiten dutenean, istripuz erortzeko arriskua oso handia izaten da. Kanpoko faktore horiek saihesteko, ongi bereizi behar dira lehenik, eta neurriak hartu gero.

Babes faktoreak eta aurre egiteko neurriak

  • Beste norbaitekin bizitzea: Erorikoek ia berdintsu eragiten diete bakarrik bizi diren adinekoei eta beste norbaitekin bizi direnei, baina ikerketek erakutsi dute erorikoen proportzioa txikixeago dela norbaitekin bizi direnen artean, bakarrik bizi direnen artean baino. Beste norbaitekin bizitzea, beraz, babes faktore bat izango litzateke.
  • Betaurrekoak edo leiarrak erabiltzea: Hobeto ikusten laguntzen dute, eta altzariak eta gainerako oztopoak bereizteko lagungarri dira.
  • Osasuntsu jatea: Osasuntsu jatea oso-oso garrantzitsua da hezurrak ongi edukitzeko eta osteoporositik babesteko, batik bat emakumezkoentzat. Medikuak hala irizten badio, kaltzioarekin eta D bitaminarekin aberastu beharko da dieta. SEGGren gidak esaten du 800 zati D bitamina hartu behar direla egunero, eta 1.500 miligramo kaltzio. Hori lortzeko, nahikoa da elikagai horietatik gramo bat eranstea eguneroko dietari.
  • Ariketa fisikoa maiz egitea: Alderdi honek asko laguntzen du malgutasuna hobetzen, eta berdin erreakzio gaitasuna eta oreka ere.
  • fisioterapia saioak hartzea: Ariketa fisikoa egin arren eta elikadura osasungarria egin arren, oso zaila da erorikoak erabat saihestea, baina badira moduak ondorioen larritasuna gutxitzeko. Fisioterapiak, adibidez, kolpeak eta horien ondorioak arintzen lagundu dezake. Fisioterapia teknikei esker, adinekoek hobeto eman ahal izango dute pausoa, oreka hobea izango dute eta errazago eutsi ahal izango diote zutik.

Oraindik ezin da esan % 100ean lagungarria dela fisioterapia, baina zenbait ikerketa hasi dira nabarmentzen teknika horren onurak. Halaxe erakusten du, adibidez, Bartzelonako Claror egoitzan 105 adinekorekin egin duten ikerketak. Sei hilabetez, fisioterapia saioak eman zizkieten parte-hartzaileei, eta ondoren, Tinettiren Testa egin zieten, oreka neurtzeko, bai estatikoa (pertsona zutik eta geldi dagoela neurtzen da) eta bai dinamikoa (ibilian doazela). Sei hilabeteen buruan, adinekoen % 51k hobera egin zutela egiaztatu zuten, % 23k lehen bezala jarraitzen zutela eta % 27k okerrera egin zutela. Tinettiren Testean hobera egiteak esan nahi du adineko horiek pausoa eta oreka hobetu dituztela, eta, beraz, erortzeko arrisku gutxiago dutela. Adineko batzuek okerrera egitea ere normala da, baina nekez egin izango dute okerrera fisioterapiaren eraginez; ezinbestean, adin handiaren ondoriotzat hartu behar da.

Zenbait aholku, adinekoentzat eta/edo haien zaintzaileentzat
  1. Traba izan daitezkeenak kendu (alfonbrak eta gisakoak).
  2. Zorua bustita badago, ez ibili etxean barrena.
  3. Oinetako eroso eta egokiak erabili, eta zola labainkorra duten oinetakoak baztertu.
  4. Ikusmena urtean behin aztertu, gutxienez, eta beharrezko bada, betaurrekoak erabili.
  5. Ariketa fisikoa maiz egin, giharrak sasoian edukitzeko eta oreka onarekin jarraitzeko.
  6. Kaltzio eta D bitamina asko duten jakiak jan, osteoporosiari aurre egiteko eta hezurrak sendotzeko.
  7. Behin baino gehiagotan erori denak edo alderdi motorreko arazoak dituenak eskuko telefonoa aldean eraman behar luke, eta larrialdietara deitzeko zenbakia ere bai.
  8. Edari alkoholdunak saihestu, erreflexuak galarazten baitituzte.
  9. Etxean animaliaren bat duenak ongi begiratu behar du hura non dabilen, harekin estropezurik ez egiteko etxean hara-hona dabilenean; pertsona horrek alderdi motorreko arazoak baditu, aztertzekoa litzateke beste norbaiten esku uztea animalia.
  10. Oreka arazoak sortzen badira, ona izan liteke eusteko elementuak erabiltzea, ohean barandak jartzea eta komunean heldulekuak; bastoia eta ibilgailua ere oso lagungarriak izaten dira.
  11. Depresioaren aurkakoak edo bestelako botikaren bat hartzen ari bada, medikutara joan, dosia egokitzeko edo tratamendu eredua aldatzeko.
  12. Etxeko gelak ongi argiztatu, ilunetan estropezurik ez egiteko.

Iturria: Espainiako Geriatria eta Gerontologia Elkartea (SEGG), Belén Requena (Claror egoitzako fisioterapeuta) eta geure informazioa.