Zainetan darama zeluloidea Javier Angulok. Zinemak hezi du, limurtu ere bai, eta marka sakona utzi dio. Zinema pasioak jota, bere lantegia utzi -informazio politikoko burua zen El País egunkarian-, eta Cinemanía aldizkaria sortu zuen. Europako Zinema Akademiako kide da, eta dokumental luze bat estreinatuko du aurki (gidoigile eta zuzendari aritu da). Horrez gain, Valladolideko Seminci jaialdia zuzentzeko lana hartu du orain dela urte erdi, Espainian egiten den jaialdi garrantzitsuenetakoa. Calderon antzokiko bulegoan hartu gaitu, zinemari lotutako liburuz eta objektuz inguratuta, eta behin eta berriz azpimarratu nahi izan digu zinemak, entretenimendu hutsetik harago, balio sozial eta kulturala duela, baina kontsumo ohitura berrien medioz galtzen ari dela alderdi hori.
Zinema kazetaria, jaialdi baten zuzendaria, errealizadorea… Zuretzat, Autek kantatzen zuen bezala, bizitza guztia zinema da?
Zinema kazetaria, jaialdi baten zuzendaria, errealizadorea… Zuretzat, Autek kantatzen zuen bezala, bizitza guztia zinema da?
Eta Autek berak kantatzen duen moduan, zinema gehiago, mesedez…
Bai, bai. Zinema gehiago, baina ona, ongi zaindua, egile zinema, zirkuitu komertzialetatik kanpo dabilena eta Espainiakoa.
Zer da egile zinema?
Zirkuitu komertzial handietatik kanpo egindako zinema, produkzio lan neurriz kanpokorik gabea gai serioa duena, historia ona, eta modu ahal bada intimistan kontatua, publikoari zer gustatuko zaion eta zer ez neurtzen ari ez dena, filma idatzi duenaren bihotzetik egina eta zintzotasunez betea, keinu erraz eta merkerik gabea, ez teknika aldetik, ez gidoiaren ikuspegitik. Lan serioa, giza sentimenduak iritsi nahi dituena, irria, negarra, haserrea…
Hori definiziotzat hartuta, ‘Aitajauna’ ez litzateke izango egile zinema…
Bai, bai, egile zinema da, baina, halaber, superprodukzio bat ere bada. Gauza batzuk ezin dira kontatu bitarteko asko erabili gabe. Galaxietako Gerra, ordea, niretzat ez da egile zinema.
Beharbada batzuetan, egile zinema dela esanda, dena barkagarri da eta horrela zuritu nahi izaten da zenbait lanen arrakasta eskasa?
Lan guztiei gerta dakieke arrakastarik ez izatea, izan superprodukzioa edo izan bestelako lan bat. Zer bada, amerikarrek ere ez ote dizkigute saltzen arrakastarik ez duten lanak egunero? Niretzat, egile zinema da berritu nahi duen zuzendari horrek egiten duena -nahiz eta gero, agian ezer lortu ez-, zerbait berezia egin nahia, ukitu pertsonal batekin. Baina proiektua handi-handia denean, zuzendariaren ukitu pertsonal hori galdu egiten da ia.
Zergatik ez duzu atsegin zinema kritikaria zarela esatea? Ez zaude ados haien lanarekin?
Guztiz bestela! Kritikariak desagertzen diren egunean, zinemak zazpigarren arte izateari utziko dio; zinemari buruz hitz egingo da, baina ez zazpigarren arteari buruz. Kritikariak desagertuko balira, entretenimendu edo denbora-pasako filmak soilik edukiko genituzke.
Kritikariak oso ongi bizi direla dirudi. Hala da?
Ez. Ni ibilia naiz kritikarien inguruan, Cannesko jaialdiaren berri ematen aritu naizenean, eta zoragarria da egunean lauzpabost film ikustea, meategian edo kamioia gidatzen aritzea baino hobea, zalantzarik gabe, baina ez da pagotxa ere. Lan gogorra izan daiteke.
Zerk bereizten ditu ongi egindako kritika bat eta gaizki egindako bat?
Kritika on batean argudioak aurkituko dituzu eta ez adjektiboak. Nik zera eskatzen diot, esan diezadala zergatik ez zaion gustatu filma, non dagoen arazoa, eta hori xehetasunez azal diezadala. Eta filma oso ongi dagoela esaten badit, arrazoitu egin beharko dit zergatik merezi duen filma ikustea.
Eta kritikariek egiten dute hori?
Bada, ez guztiek, oso subjektiboak direlako. Nik uste dut, hala ere, salbuespenak salbuespen, kritikariak zintzoak direla, eta saiatzen direla lana ongi egiten. Guk, hala ere, gutxieneko batzuk eskatu behar dizkiogu kritikariari: ongi prestatuta egon dadila; zorrotza izan dadila bere buruarekin eta idazten duenarekin; didaktikoa izan dadila, ez dezala idatzi kritikarientzat soilik, eta irakurtzen duenak irakurtzen duela ere, ikas dezala zinema zer den eta nola ikusi behar duen.
Film batek ikusle asko edo gutxi izateak zenbateraino baldintzatu dezake kritikari baten iritzia?
Oraindik ere jende dezentek irakurtzen ditu kritikak zer ikusi eta zer ez ikusi erabakitzeko, eta hori oso ongi dago, baina filmak jendea erakartzea lortzen badu, ez da izango kritikariak esan duenagatik, filma halakoa delako baizik. Zenbaitek dio oso elkarrengandik oso urrun daudela jende arruntaren iritzia eta kritikariena, baina ni ez nator bat horrekin: oraindik ere bada zinema dastatzen dakien jendea -ahogozo onekoak direla esaten dut nik-. Kritikariaren iritziak ez die minik egingo film handiei, baina bai lan txikiei, egile filmei, bitarteko gutxirekin egindakoei.
Kritikariei buruz daukazun iritzia aldatu ote da jaialdi baten zuzendari zarenetik?
Egia esan behar badizut, errespetua eta beldurra ematen didate, zeren hemen bai, hemen pupua egiten ahal dizute.
Zauden lekuan egonda, beraz, haiekin ongi moldatzea komeni zaizu?
Ez dakit, bada, zer esan. Jaialdi bat ezin da izan kritikarientzat soilik, argi dut hori ezin dela egin, baina kritikaririk gabeko jaialdirik ere ezin da egin. Seminci-ri dagokionez, niri Valladolideko ikusleak ardura zaizkit beste ezer baino gehiago.
Jaialdi batek beti hartu behar ditu kontuan ikusleak.
Jaialdi batek oinarrizko hiru gauza eduki behar ditu: film onak, ikusleek ongi erantzutea, eta kritikari eta kazetari talde bat, fenomenoari buruz hitz egiteko. Hortik aurrerako izar, astro eta sateliteak… beno, jendeak ongi pasatzen du, egun bereziak dira…
‘Glamour’-a ez da nahitaezkoa.
Gure jaialdiak urteetan iraun du glamour-ik gabe.
Ez al da deigarri samarra Espainian gertatzen dena: filmak egiten dira eta gero ez dira banatzen guztiak.
Banatzaile batzuek ez dute arriskurik hartu nahi izaten, eta horregatik gertatzen da hori, ez filmak txarrak direlako. Gero eta arrisku gutxiago hartzen da. Ekoizpen etxe batzuk diruaren usainean soilik mugitzen dira, funtsak eta diru laguntzak kudeatzeko daude… Garai bateko ekoizleek, proiektu batean sinetsiz gero etxea ere hipotekatzen zuten, ero kolpeak jota bezala, baina horretara ere ez dugu itzuli behar. Batzuetan, ordea, begiratu eta ikusten duzu ekoizle batzuk asko arriskatzen ari direla; gero eta gutxiago ikusten da hori, hala ere. Eta gero publizitatearen kontua dago. Jendeak jakin dezan film polita egin duzula, txikia, goxoa… diru asko inbertitu behar da.
Zineman, zer da artelan bat eta zer kultura industria baten produktua? Non dago muga?
Zinema, hasieran, denbora-pasa hutsa zen; gero jendeak gogotik lan egiteari ekin zion, eta Zazpigarren Artea sortu zen. Film guztiak ez dira artelan, baina denetan dago ahalegin bat. Nire iritziz, zinemak entretenitu behar luke, baina jendeari zen pentsatua ere eman behar lioke. Baina egun, gazte asko irri egitera soilik joaten dira zinemara, beldurra pasatzera… eta aretotik atera orduko, ahaztu zaie zer ikusi duten ere. Kalera irten eta minutu bat ere ez dute hartzen eztabaidatzeko, zer gertatu den, zer ez… Nik 18 urteko semea dut, zinema asko ikusi du eta gustatzen zaio, baina film bat ikusi ondoren, haren inguruan ez da sortzen guk garai batean izaten genuen moduko eztabaidarik. Jakina, leku askotan eta jende askorentzat, egun zinema ez da ekintza sozial bat, ezta kultur ekintza bat ere. Denbora-pasa soila da, eta zerbait gehiago izan behar luke
Zine klubak sustatu behar lirateke berriz ere?
Zalantzarik gabe. Horretan hasiak dira zenbait unibertsitatetan, ikastetxetan… irudimena erabiltzen laguntzen dizulako, azalpenak egiten, interpretatzen… Zine klubetako eztabaidei esker, zinemarekin gozatzeko kultura eta jarraibideak gureganatu ditugu askok. Niri gustatzen zait filmak sentimenduak astindu diezazkidan, era guztietakoak, eta horretaz hitz egitea ere gustatzen zait.
Hiri bateko alkatea konbentzitu behar duzu zinema jaialdi bat antola dezan. Zer argudio erabiliko zenituzke?
Unibertsitatean ikasten ari nintzela, gogoan dut nola etortzen nintzen Valladolidera filmak ikustera, banekien-eta zerbait desberdina ikusi ahal izango nuela. Espiritu hori berreskuratu nahi nuke nik, eta hiria jende gaztez betea ikusi, bizkar zorro eta guzti filmak ikustera etorriak. Lagunduko genieke beste zinema mota bat ikusten, eskura jartzen dietena ez bezalakoa.
Eta badago modurik hori egiteko?
Horrexetan ari naiz. Datorren urterako, plan estrategiko bat egiten ari gara, ea lortzen dugun prezioak merkatu eta gazte mordoska bati aitzakia on bat jartzea hona etortzeko: zinema, alegia.
Krisi ekonomikoa egiazkoa da; zinemaren krisia ere bai?
Espainiako zinemaren altzairuzko osasun txarra nabarmenduko nuke nik eta bereiztu sormena ta industria. Espainiako zinemak behar du egiaz profesionalizatuta dagoen industria, ez da aski zinema egitea; zinema ongi egin behar da, sustapen lana eginez komunikabideetan, marketina…Uste dut oraindik ez dugula aurkitu eredu on bat, eta ez dugu asmatzen, adibidez, frantziarrek bezain ongi egiten. Haiek oso ongi lantzen dute alderdi hori, eta miresten ditut. Izan liteke, agian, ez dakigula ongi aukeratzen gure filmak, ongi saltzen, hobeto banatzen… eta zenbaitetan, agian, zorrotzagoak izan behar genuke zenbait filmekin, gidoia bera irakurtzea aski baita ohartzeko ez duela merezi film. 127 film egitea industria asetzeagatik soilik, eta horietako 20 estreinatu ere ez egitea… hori baino hobe da telefilmak egitea, telemovie-ak, eta telebistarako serie laburrak, hor bada lana industriarentzat. Telebista ordu asko bete beharra dago.
Espainian zinemara doazen hamar lagunetatik, bakarra joaten da Espainiako film bat ikusi nahi duelako.
Arlo honetan Frantzia jarriko nuke eredu. Frantzian asko mintzatzen dira zinemaz, Estatuarentzat hil edo bizikoa da hango zinema defendatzea, harro dauden beren zinemarekin. Horren ondorioz, bat edo beste aukeran jarrita, Frantziako zinema hautatuko dute frantziarrek, beren kultur historiaren zati jotzen baitute.
Zinema merkatua arautzeko irtenbidea izan ote daiteke pantaila kuotak ezartzea?
Bai, baina kontua da guztiek sinetsi behar dutela hori, eta horren alde borrokatu, agintzen duenak agintzen duela. Zinema artea da, bai, baina industria ere bada, eta munduaren aurrean agertzeko bitarteko nagusietako bat ere bada.
Almodóvarrez gain, ba ote da hori pentsatzen duen beste inor?
Almodóvarrek eta Truebatarrek oso ongi saltzen dute bere zinema. Amenabarrek ere bai, zeren ez baita nahikoa film on bat egitea, saltzen jakin behar da, oso ongi jakin ere, bestela, lana alperrik egin duzu.
Eta eredu horri jarraitu behar zaio?
Bai, bai.
Zinemetan gero eta sarrera gutxiago saltzen dira; 2004. urtean 144 milioi saldu ziren, eta 2007an, 104. Zergatik?
DVDaren eta pirateriaren erruz; horiek dena suntsitzen dute.
Norbaitek esaten dizunean film bat legez kanpo kopiatu duela, zuk zer esaten diozu?
Semeak lehenengoz kontatu zidanean, halaxe esan nion: “Ez egin, nik ordainduko diat legezko kopiak balio duena”. Badakizu zer erantzun zidan? “Zer nahi duzu, eskolan nire lepotik barre egitea?”. Pena da, egun oso zaila delako areto bat betetzea, balentria handia da, eta zer esanik ez sarrerekin dirua irabaztea. Nola, bada! Aretoan halako hiru saltzen da-eta DVDan.
Horrela oso zaila da zinemak ekintza kultural eta sozial bezala irautea.
Jakina. Horregatik ari naiz gogor borrokan pirateriaren aurka, eta filmak zinema aretoetan ikustearen alde. Hori da nire gurutzada.
Etxeko zinemak bukatuko du zinema?
Etxeko zinema mota bat dagoeneko ari da aretoetako zinema bukatzen.
Irtenbiderik baduzu?
Oso zorrotzak izan behar dugu, azpi-azpitik hasita. Hezitzaileek, ikastetxeek hezi behar dute jendea, eztabaidaguneak sortu, zine klubak, eta filmak ikasteko erabili, eztabaidatzeko… Baina, jakina, eskolan inork ez badie hitz egiten zinemari buruz, sekula ez badute entzun irakasle bat film bati buruzko iritzia ematen, etxean ez badute ikusten gurasoak zinema aretoetara doazela, zinema kontsumitzen dutela… Neska-mutilek ikusten duten hori ikasten dute, eta ikusten ez dutena… ezin ikasi.
Zenbatetik behin joaten zara zu zinemara?
Nire kasua berezia da. Ikusten dudan zinemaren % 60 lanari lotuta ikusten dut. Larunbat eta igandeetan, hala ere, neska-laguna eta biok joaten gara arte eta proba areto deitzen ditugunetara. Noizean behin ikuskizun filmak ikustera ere joan izan naiz semearekin, Galaxietako Gerra, Eraztunen Jauna, horiek ere ikusi behar baitira.
Eta zure semeak?
Nik nahi baino zinema gutxiago ikusten dute, zinema garestia baita izan ere. Eta paga ere halakoa dute… baina zinemara joateko eskatuko balidate, ez litzaidake axolako diru gehiago ematea; hori bai, sarrera erakutsi beharko lidakete.
Merkeagoa behar luke?
Agian, baina merkatuko logikak beti gauza bera dio: igo, agian bai; jaitsi, segur aski ez.