Eta perretxikoak?
Heldu da udazkena, eta udazkenarekin, euria eta hezetasuna. Pentsatzekoa da, beraz, basoak perretxikoz gainezka egongo direla, giro hori komeni baita saskiak betetzeko. Perretxikoak ere agortu egiten dira, ordea, eta zenbait adituk ohartarazi dute espezie batzuk desagertzen ari direla gizakiaren erruz. Perretxikozale fina izateko, ez da aski onak eta txarrak bereizten jakitea, edo lekurik emankorrenak aurkitzeko gai izatea; horrez gain, arduraz biltzen eta kontsumitzen ere jakin behar da, gure jarduna iraunkorra izan dadin, horrela soilik bermatuko baitugu gerora ere gozatu ahal izango dugula perretxikoak bilduz eta janez. Osasunerako Mundu Erakundeak eman dituen datuen arabera, munduan bost milioi tona perretxiko ekoizten dira modu industrialean (basoan biltzen diren onddoak ez daude hor sartuta).
Albaitaritza Zientzien Espainiako Errege Akademiak egin dituen kalkuluek diote 3.500 perretxiko espezie daudela, eta horietatik 100 inguru direla jateko modukoak (15-20 espezie bikaintzat jotzen ditu); toxikoak, berriz, 35 espezie inguru dira (horietako 5ek hil egiten dute), eta gainerakoetan, batzuk ez dira jateko modukoak, eta besteek ez dute balio sukaldean prestatzeko. Espainia oso leku ona da perretxikoak biltzeko, eta ia espezie gehienak aurki daitezke, bereziki, penintsula iparraldeko leku hezeetan.
Gauza bat ugari datorrenean, perretxikoak bezala datorrela esaten da, baina orain etorri direnak perretxikoen etsaiak izan dira. Kutsadura gero eta handiagoa da, perretxikoen habitata gero eta gehiago ari gara hondatzen eta zenbait biltzailek ikusten duten guztia harrapatu nahi izaten dute; ondorioz, zenbait espezie arriskuan daude, eta nekez aurki daitezke lehen ohiko ziren lekuetan. Hori gertatzen zaie, adibidez, onddo-zuriari (Boletus edulis), zizahoriari (Cantharellus), kuletoari (Amanita caesarea) eta San Martin zizari (Clitocybe geotropa). Lehen ere desagertu izan dira perretxiko espezieak, eta horiek ez lirateke, beraz, lehenak izango; Espainian, adibidez, Laricifomes officinalis espeziea izan zen desagertzen lehena, sendagaiak egiteko erabiltzen zen perretxikoa (1917an bukatu zen).
Zaila izaten da onddo multzoen jarraipena egitea, eta laguntzarik ere apenas ematen duen inork espezi horien inguruko ikerketak egiteko. Horregatik, ezin da jakin zehatz-mehatz zein egoeratan dauden. Gai honetan aditu direnek, ordea, bi urtez lanean aritu ondotik, behin-behineko zerrenda bat aurkeztu dute XVI. Kriptogamia Kongresuan (lore gabeko landareei buruzkoa da), eta han ageri denez, 67 espezie daude arriskuan. Europako esparruan, berriz, lehen Zerrenda Gorria aurkeztu du Natura Babesteko Nazioarteko Elkargoak (IUCN), eta han esaten dute 33 espezie daudela arriskuan.
Zer neurri har daitezke?
Neurrigabe ez biltzea eta ez kontsumitzea da irtenbideetako bat, eta salerosketarekin ez itsutzea. Mikologia elkarteek ere lagundu dezakete, eta jokabide egoki eta iraunkorrak hedatu zaleen artean. Biltzaile-espekulatzaile izateari utzi, eta mikologia zale izaten erakuts dezakete.
Eta erakundeek ere zeregin garrantzitsua daukate perretxikoak babesteko. Sorian, Nafarroan eta Andaluzian, adibidez, barruti batzuk bereizi dituzte perretxikoak bildu ahal izateko, eta mugak ere jarri dizkiete biltzaileei: sartu nahi duenak ordaindu egin beharko du, eta kopuru jakin bat bildu ahal izango du gehienez. Neurri horiek hartzearen aldeko direnen ustez, ona eta egokia da hala jokatzea; kontrakoen iritziz, ordea, ez dira neurri eraginkorrak, ikuspegi komertziala lehenesten dutelako, dirua biltzea, eta ez perretxikoak iraunaraztea.
Bestelako ekimen batzuk ere jarri dituzte abian, eta horietako batzuek jarduera kultural, turistiko eta ekonomikoen bidez sustatu nahi dute ondare natural hau iraunarazteko joera. Nafarroako Gobernuak, adibidez, perretxikoak modu iraunkorrean biltzeko proiektu berezi bat jarri du Orbaibar ibarrean, eta, bide batez, landa eremuen garapena bultzatzeko baliatu nahi du (Europatik saria jaso du proiektu horrek, Best Life izenekoa).
Gaztela eta Leongo Juntak ere baditu zenbait proiektu tokiko turismo iraunkorra sustatzeko, eta perretxikozaletasuna erabiltzen du amu gisa. Andaluziako Juntak, berriz, perretxikoak eta boilur edo trufak iraunarazteko plan bat jarri du abian: tradizioz nekazari eremu izan diren guneak arte mikorrizatuekin basotu ditu, boilurrak agerrarazteko gai baitira.
Baliabide natural hau modu iraunkorragoan kontrolatu ahal izateko, zenbait adituk diote mikologia merkatuak sortzea dela irtenbiderik onena. Cadizen sortu dituzte lehenengoz, Jimena de la Frontera herrian, eta osasun erregistro batetik pasatu ondoren, saldu egiten dituzte perretxikoak. Beste aditu batzuen ustez, berriz, txartel edo erregistro liburu bat sortu behar litzateke, egiazko zaleak zein diren jakiteko.
Perretxikoak modu ekologikoan biltzeko aholkuak
Hasieran, behintzat, zertan ari den ongi dakienarekin joan behar dugu mendira, perretxikoak modu iraunkorrean biltzeko eta kontsumitzeko borondatea duen norbaitekin. Arazoa zenbaterainokoa den jabetuta jokatzen duen zale batek kopuru txikiak bilduko ditu, berak edo etxekoek jateko adina. Ongi ezagutzen diren espezieak soilik bildu behar dira, egoera onean daudenak eta behar bezala handituak; gainerakoak hantxe utziko ditugu, dauden lekuan, baita toxikoak ere. Espainiako Toxikologia Institutu Nazionalak dioenez, urtero 200-400 lagun bitartean toxikatzen dira Espainian perretxiko txarrak janda (2007ko datuak dira).
Errepide ertzean dauden perretxikoak ez dira hartu behar, eta lorategi publikoetan, meategietan, galdarategietan, aireportuetan eta erraustegietan hazten direnak ere hantxe uztea komeni da, kutsatuta egon baitaitezke. Desagertzeko arriskuan daudenak ere ez genituzke bildu behar.
Perretxikoak ongi moztea ere garrantzitsua da oso, hobeto iraun dezan eta zer perretxiko mota den argi bereizi ahal izateko: osorik moztu behar da perretxiko guztia, oin guztia aterata; ahalik eta ongien garbitu eta zumezko saski batean jarri, ez plastikozko poltsetan.
Ez da aski perretxikoak errespetatzea, haren inguru naturala ere zaindu behar da. Hondakinak jaurtitzea, lurra aratzea edo perretxiko bat atera eta zuloa tapatu gabe uztea kaltegarri izan daitezke, eta hurrengo urteko perretxiko sasoian antzeman daiteke hori. Zenbait espeziek, gainera, zuhaitza behar izaten dute sortzeko (trufak edo boilurrak, Lactarius deliciosus izenekoak edo Boletus edulis delakoak), harekin elkarlanean bizi izaten dira (mikorriza deitzen zaio harreman horri), eta, beraz, espezie horiei kalte egiten bazaie, basoari ere egiten zaio.
Gastronomia mikologikoaren zale-zale direnek hauexek maite dituzte gehien, eta haien zorionerako, urte sasoi batean baino gehiagotan aurki daitezke. Gure platerera biltzeko aukerarik sortzen bazaigu, lagungarri gutxi erantsi, haren zaporeak bete dezan gure ahoa:
- Hygrophorus marzuolus: txapela eta oina zuritik grisera bitartekoak ditu kolorez. Martxoan agertzen da, eta asko preziatzen du jendeak. Pagadi eta pinudietan aurki daiteke, neguko elurrak igaro eta gero.
- Calocybe gambosa (udaberriko perretxikoa deitzen diote): izenak izen, udazkenean ere izaten da, eta Gabon inguruan. Ibarretako lekurik hezeenetan hazten da, edo haranetako lekurik goi eta freskoenetan. Gutizia bihurtu da (kiloa 100 euro ere ordaindu izan dute), eta gutiziagarri (gero eta gutxiago dago, beraz, jendeak ez baitu hura gabe etsi nahi).
- Boletus edulis: udazkenean agertu ohi da, baina uda hezea joan bada, orduan ere aurki liteke. Perretxiko handia da, jateko egoki-egokia, eta horrexegatik maite dute hainbeste perretxikozaleek. Haritz inguruetan izaten da, eta pinudietan, izeidietan, pagadietan edo urki azpietan ere bai.
- Lactarius deliciosus: hainbat izen ematen dizkiote han eta hemen (niscalo gaztelaniaz, rovelló katalanez, fungo de muña galizieraz). Euskaraz esnegorri esaten zaio. Izena bezain hedatua dago perretxikoa, eta gehien biltzen den espezietako bat da. Izokin kolorekoa da, eta abuztu bukaeratik hasi eta abendua bitarte agertzen da, pinudietan batik bat.
- Cantharellus lutescens: mendiko angula izena ere hartzen du, usain finekoa baita oso, eta jateko leun goxoa. Irailetik abendua bitarte aurki daiteke, baina ez ongi bilatu gabe, txikia baita, eta gordean egon zalea, goroldioarekin nahasian edo belar tartean. Gehienbat, pinudietan agertzen da.