Ogi xigortu eta biskote integral eta ohikoak

Integrala eta arrunta bereizten dituena zuntz kopurua da

Ogi xigortuak gure eguneroko dietan sartu aurretik kontuan har dezagun horien osaketa ez dela ogi arruntarena: horiek gantz eta kaloria gehiago dauzkatenez, gutxiago kontsumitzea komeni da
1 maiatza de 2008

Integrala eta arrunta bereizten dituena zuntz kopurua da

Ogi xigortua eta biskoteak ogi berezitzat jotzen dira, ogi freskoak ez dauzkan osagaiak dauzkalako: irin aberastuak, azukrea, landare-gantzak, gehigarriak, etc. Biskotea eta eguneroko barrako ogia elikagai energetikoak dira karbohidrato ugari dauzkatelako, baina gantz eta azukre gehiago daukate eta kaloria gehiago ere bai (ehun gramo biskotek 350 kaloriaz hornitzen gaitu; ogi arruntak, 240), dena den, asegarriago gertatzen direnez, anoa txikiagoak kontsumitzen ditugu.

Azukrea eta gantza gehitzea eta ogia xigortzea (honi esker, ogiak ura galdu du eta, ondorioz, nutrienteak bildu egin dira) dira bi ogi klaseen arteko aldea azaltzen duten arrazoia. Ogi xigortua eta biskotea ahogozagarriago gertatzen dira eta, gainera, luze kontserba daitezkeenez, beti eskura edukitzeko aukera ematen dute: horra merkatuan izan duten arrakastaren klabeetako bat. Nolanahi ere, eguneroko dietan sartu aurretik, gogoan izan dezagun hauen osaketa nutrizionala bestelakoa dela; eta ez ogi arruntarena baino hobea, gainera. Bestetik, arauteriak ere ogi xigortua (erre ondoren, xerratan ebaki den eta ondoren xigortu den barrako ogia) eta biskotea (moldeko ogia, erre ondoren ebaki eta xigortu dena) bereizten ditu.

Oraingoan zazpi ogi berezi aztertu dira, horietako lau integralak (Lu, Ortiz, Silueta eta Recondo) eta hiru arrunt (Lu, Recondo eta Ortiz). Lu markako biak biskote dira eta gainerakoak, ogi xigortu; denak xerratan komertzializatzen badira ere, bi formatutan daude salgai: zabalduena (bost lagin) 270 gramo eta bestea, 120-125 gramotakoa (biskote biak). Prezio batetik bestera alde handia dago, ogia integrala izateak eraginik. Denetan garestienak (biak ere, mini biskote) Lu markakoak dira (8 euro baino gehiago, kiloko) eta merkeenak, aldiz, Recondo (5 euro baino gehiago, kiloko). Ortiz lagina 5,75 euro kostatzen da kiloko eta Silueta markako ogi xigortua, 6,37 euro kiloko.

Azterketa honetako lehen ondorioa: produktu hau ongi landua dago eta arau guztiak betetzen ditu etiketari dagokiona izan ezik: hiru laginek legea urratzen dute, azalpen nutrizionalak arauak onetsia ez duen moduan egin dituztelako. Analisietan akrilamidaren (kantzerigenoa izan litekeen substantzia, karbohidrato ugari duten produktuak xigortzean sor daitekeena), transgenikoen (lagin bakar batean ez da genetikoki eraldatutako organismorik) eta bestelako mikroorganismoen presentzia (kalitate higieniko-sanitarioa) bilaturik, lagin guztiek emaitza onak agertu zituzten.

Beste egiaztapen bat: ogi integralen eta integral ez direnen arteko alde handiena zuntz kopurua bada ere, ogi arruntek ere zuntz asko daukate (%4,2 – %5,7 artean); integralek, %13,5 (Ortiz) eta %7,5 (Lu) artean.

Kontsumitzen dugun gatz kopurua elementu estrategikotzat jotzen da egun osasun publikoan, hipertentsioarekin zuzenean loturik baitago. Azterketa honetan, Ortiz markako bi laginek gatz asko daukate (%1,8 eta %1,7). Silueta integral laginak %1,6 dauka eta gainerakoak, berriz, %1 inguru dabiltza. Elikagai bat gaziegitzat jotzen da edukiaren %1,8 baino gatz gehiago baldin badauka. Barrako ogiak edukiaren %1,5 dauka baina kopuru hori murriztean dago erronka, urterik urte.

Dastatze proban mahaikideek ia ez dute alderik hauteman itxura, zapore, murtxikatzeko sentsazio, bukaera eta testura kraskatsuari dagokienez. Integraletan bakarrik agertu ziren horrelako aldeak: Recondo, Silueta eta Ortiz nahiago izan dituzte dastatzaileek Lu baino. Integral ez direnetan kalifikazio garaiena (7 puntu) Recondo laginak eraman du; berau, denetan merkeena (5,03 euro kiloko) eta osaketa nutrizional ertainekoa izatearren, azterketa osoko kalitatearen eta prezioaren arteko erlazio egokienekotzat jo da. Aldaera integrala nahiago duenak Ortiz du aukera polita: denetan gaziena bada ere (gatza: edukiaren %1,8) zuntz gehien (%13,5) eta kaloria gutxien dauzkana da, moduko prezioan (5,75 euro kiloko). Recondo integrala hori baino merkeagoa da eta gatz gutxiago dauka baina zuntz gutxiago ere bai.

Azterketa nutrizionala

Batez beste, ogi xigortu eta biskote hauek hezetasun gutxi (ura, produktuaren %4 baizik ez da), proteina ugari (%12, integralek puntu bat gehiago) eta karbohidrato asko (%69 eta pittin bat gutxiago integralek) dauzkate. Azukreek edukiaren %5 osatzen dute eta gantzak %6; gantz horretatik asea (osasunari mesede gutxien egiten diona) %42 da, egokitzat jo ohi dena baino gehixeago. Zuntzaren presentzia, integraletan, %10ekoa da eta arruntetan, berriz, %5ekoa.

Bai ogi xigortuak, baita biskoteak ere energetikoak dira, ehun gramoko 350 kaloria inguru dituztelako; integralek, gutxixeago. Gatz kopurua biziki aldatzen da lagin batetik bestera (%1etik %1,8ra) eta ez dago integraltasunari lotua. Lagin guztiak konparatuz gero, gantz gehien daukatenak Lu eta Ortiz marketako lagin integralak dira (edukiaren %7,5 inguru) eta gantz gutxienekoa, Silueta markako integrala (%4,4). Denetan energetikoenak aldaera arrunteko Lu, Ortiz eta Recondo dira, ehun gramoko 350 kaloria baino gehiago baitituzte; beste muturrean 323 kaloria ehun gramoko dituela, Ortiz integral agertzen da. Zuntz gehien daukatenak Ortiz (%13,5) eta Silueta (%12) dira, beren burua “zuntz ugariko” gisa agertzeko eduki behar dutenaren (%6) halako bi baitute. Deigarria bada ere, Lu markako lagin integralak eta normalak daukaten zuntz kopuruen aldean ez dago alde handirik (%5,6 eta %7,5, alegia) eta beste horrenbeste gertatzen da Recondo markako biekin (%5,7 eta %7,8); Ortiz markako bietan aldea dezente handiagoa da (%4.2 eta %13,5). Gatz gutxien daukatenak (edukiaren %1 inguru) Recondo eta Lu marketakoak dira.

Akrrilamida osatzen da almidoi (karbohidrato konplexua) ugari daukaten elikagaietan, hala nola labore, patata, ogi eta antzekoetan, tenperatura garaietara berotzen direnean, hots, frijitu, parrillan erre edo labean erretzeko. Minbiziaz Ikertzeko Nazioarteko Agentziak (IARC) eta OMS erakundeak akrilamida “gizakiengan minbizia sor lezakeen” substantziatzat jo dute eta, izan ere, akrilamida asko kontsumitzearekin nahaste neurologikoak agertzen direla egiaztatu da baina oraingoz ez dago arautua elikagai batek zenbat akrilamida eduki dezakeen; halaz ere, OMS erakundeak gizakientzat arrisku-muga, eguneko eta pisuko kilo bakoitzeko 0,1 miligramo hartzean jo du. Esate baterako, 70 kilo den pertsona batek egunean ez luke hartu beharko 7 mg baino akrilamida gehiago.

Ogi xigortu eta biskoteen laginetan agertu diren eduki denak hutsaren hurrenak dira, hots, produktuaren kilo bakoitzeko 30 µg (mikrogramo) baino gutxiago; horixe da azterketak atzeman dezakeen mailarik apalena eta, bestelako terminoetan agertzeko, kilo bakoitzeko 0,03 miligramo baino gutxiago da.

Zuntzak mirariak eragiten ditu osasunean

Organismoan eginkizun garrantzizko batzuk betetzen dituen zuntz horretatik ugari dauka ogiak (ogi arruntak edukiaren %3,5 eta integralak horren halako bi). Zuntza disolbaezina, ezin digeri daitekeenez, gorozkien bolumena handitu egiten du; disolbagarriak, hartzitzean, efektu lasaigarria areagotzen duten gasak sortarazten ditu. Bi motetako zuntzek, gainera, ur asko xurgatzen dutenez, gorozkien bolumena handitu egiten dute eta, horrela, sabel-huste edo libratze erreflexua abiarazten du.

Zuntzak ez du kaloriarik eta, uraren eraginez hanpatzen denean, organismoari asetze-sentsazioa transmititzen dio; horri esker, gose-sentsazioa moteldu egiten da eta, hitz batez, obesitatea prebenitzen laguntzen du. Horrenbestez, idorreriaren kontrako izatez gainera, pisua kontrolatzen ere laguntzen du. Beste alde batetik, zuntzak hesteetan gantzak (kolesterola, besteak beste) atzitzen dituenez, hesteek ez dute xurgatuko eta, alderantziz, gorozkiekin batera, kanporatu egingo du organismoak. Hortaz, hiperkolesterolemiaren ondoriozko gaitz kardiobaskularren prebentzioan ere esku hartzen du.

Zuntzak glukosa odolerako iragatea mantsotu egiten duenez gluzemia (odoletako glukosa-maila) bat-batean igotzea eragozten du eta hori, esan gabe doa, biziki mesedegarria dute diabetesa nozitzen dutenek. Koloneko minbizia, apendizitisa, koloneko dibertikulosia, hemorroideak eta kariesa prebenitzen ditu (zuntz asko daukan elikagaia luzaroago murtxikatu beharra dagoenez, listu-jarioa ere handiagoa da). Osasungarritzat jotzen da egunean gutxienez 24 gramo zuntz kontsumitzea. Hona egunero hartzen ditugun elikagaietatik zuntz asko daukaten batzuk: almendra (%14), baba eta babarruna (%7), ziazerba (%6), ilarra (%5) dilista (%4), fruta, aza eta azalorea. Har ditzagun maiz, beraz, ogia, berdura, fruta eta lekaleak. Elikagai integralak ere aukera-aukerazkoak dira horretarako.

Ogia eta osasuna

Gaitz zeliakoa edo glutenarekiko intolerantzia nozitzen duten pertsonek ezin har dezakete ez ogi xigorturik ezta biskoterik ere, horiek gari irinez egiten baitira eta irin horrek glutena (zeliakoei toxiko gertatzen zaien proteina-konplexua) dauka. Kaseinarekiko (behi-esnearen proteina) alergia dutenek osagaien zerrenda arreta handiz irakurri behar dute, marka batzuetako produktuek esnekiak baitauzkate. Recondo markako ogi xigortu normala, adibidez, gaingabetutako esne-hauts berrosatua dauka.

Laburbilduz eta konparaketako taula

Laburbilduz

  • Oraingoan 5 ogi xigortu eta 2 mini biskote aztertu dira, horietako lau integralak direlarik. Formatu ohikoena 270 gramotakoa da; lagin baten pisua 120 gramo zen eta beste batena, 125 gramo.
  • Prezioa produktu markak determinatzen du, ez ogia integrala izateak edo ez izateak. Denetan garestienak (biak ere, azterketako mini biskote bakarrak), Lu markakoak, 8 euro kostatzen dira kiloko; merkeenak, aldiz, Recondo markakoak, 5 euro baino gehixeago kiloko. Ortiz 5,75 euro kostatzen dira eta Silueta 6,37 euro, kiloko.
  • Adierazpen nutrizionalak egiten dituzte denek: zortziraino jaso dira, denak desberdinak. Arruntenak: “zuntz ugarikoa”, “kontserbatzaile eta koloratzailerik gabe ” eta “berez, kolesterolik gabe”.
  • Ongi landutako produktua da, araua denean betetzen duena, etiketan izan ezik: lege-urratzeak atzeman dira hiru laginetan.
  • Barako ogi normala ez da xigortua bezain energetikoa: batak 240 kaloria ditu, ehun gramoko, eta bigarrenak 350; gantz gutxiago dauka (normalak %1,6 eta xigortuak %4,5 – %-7,5). Zuntz aldetik antzeko edukiak dituzte biek (%4). Dena den, xigortuak gehiago asetzen du eta, beraz, gutxiago kontsumitzen da.
  • Integral direnen eta ez direnen arteko alde nabarmen bakarra zuntz kopurua bada ere, arruntek ere zuntz asko daukate (%4,2 – %5,7 artean).
  • Lau integralek zuntz asko daukate (%6 baino gehiago) baina bada alderik batetik bestera: Ortiz integralak edukiaren %13,5 du zuntza eta Lu eta Recondo lagin integralek, berriz, %8 baino gutxiago.
  • Bi laginek (Ortiz markakoek) gatz asko dute %1,8 eta %1,7. Silueta integralak %1,6 dauka eta gainerakoek, berriz, %1 inguru. Elikagai bat gaziegia da edukiaren %1,8 baino gatz gehiago daukanean; barrako ogiak 1,5 baizik ez dauka.
  • Kalitatearen eta prezioaren arteko erlazio egokiena Recondo arruntak agertzen du, denetan merkeena (5,03 euro kiloko), dastatze proban epaimahaikideen gustukoena izatearren eta osaketa nutrizional ertaina daukalako. Aldaera integrala nahiago duenak Ortiz markako ogi xigortua du aukera polita, baina Recondo markako integrala ez da horren gazia (%1 Recondo markakoak eta %1,8 Ortiz laginak) eta zuntz gutxiago dauka, gainera.
Produktua Recondo Ortiz Lu Silueta
Salmentako izendapena Ohiko ogi xigortua Su txikian xigortu ogi integrala Irin integralezko mini-biscotteak Ogi integral xigortua
Azalpen nutrizionalak “Esne eta kaltzioduna” “Berez, kolesterolik gabea “ “Zuntz ugarikoa”
“Kontserbatzaile eta koloratzailerik gabea”
“%97 laboredun”
“%45 baino gantz gutxiago”
“Eragin lipoaktibodun zuntza”
“kolesterolik gabe”
“%99 gantzik gabe”
Formatua (g) 270 270 125 270
Prezioa (Euro kiloko) 5,03 5,75 8,12 6,37
Etiketa Zuzen Zuzen InZuzen InZuzen
Hezetasuna (%) 3,9 3,3 2,8 4,1
Proteina (%) 10,2 13,1 12,7 12,6
Gantza (%) 5,9 7,4 7,5 4,4
Gantz-azido aseak (%) 42,2 41,7 43,4 38,7
Gantz-azido asegabeak (%) 57,8 58,3 56,6 61,3
Karbohidratoak (%) 1 72,6 60,2 67,6 67,7
Azukreak, guztira (%) 5,7 4,5 2,9 6,0
Balio kalorikoa (cal/100g) 355 323 351 339
Zuntza (%) 2 5,7 13,5 7,5 8,2 3
Gatza (g/100g) 1 1,8 1,1 1,6
Akrilamida 4 Ez da atzeman Ez da atzeman Ez da atzeman Ez da atzeman
GEO 5 Negatiboa Negatiboa Negatiboa Negatiboa
Egoera mikrobio- logikoa Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen
Dastatze proba (1 – 9) 7 6,4 6,2 6,6
Produktua Recondo LU Ortiz
Salmentako izendapena Ogi xigortu integrala Mini-biscotteak Su txikian xigortu ogi tradizionala
Azalpen nutrizionalak “Zuntz ugarikoa” “Kontserbatzaile eta koloratzailerik gabea”
“%97 laboredun”
“%45 baino gantz gutxiago”
“Berez, kolesterolik gabea”
Formatua (g) 270 120 270
Prezioa (Euro kiloko) 5,21 8,38 5,77
Etiketa Zuzen InZuzen Zuzen
Hezetasuna (%) 3,4 2,6 4,5
Proteina (%) 12,7 10,4 12,4
Gantza (%) 6,8 5,5 6,9
Gantz-azido aseak (%) 39,7 43,3 42,5
Gantz-azido asegabeak (%) 60,2 56,7 57,5
Karbohidratoak (%) 1 67,3 74,5 69,9
Azukreak, guztira (%) 3,8 3,5 5,7
Balio kalorikoa (cal/100g) 347 362 357
Zuntza (%) 2 7,8 5,6 4,2
Gatza (g/100g) 1,1 1 1,7
Akrilamida 4 Ez da atzeman Ez da atzeman Ez da atzeman
GEO 5 Negatiboa Negatiboa Negatiboa
Egoera mikrobio- logikoa Zuzen Zuzen Zuzen
Dastatze proba (1 – 9) 6,5 6,2 6,6

(1) Karbohidratoak: zuntz kopurua ez da aintzat hartu.

(2) Zuntza: hidrolisi, digestio eta hestearen xukatzearen aurrean erresistente diren landarezko zelula-hormatik eratorritako substantziek osatua, digestio-sistemaren funtzionamenduan eginkizun funtsezkoa betetzen du. Zuntza disolbagarria edo disolbaezina izan daiteke.

(3) Silueta laginean, azterketa honetako guztirako zuntzari (%8,2) produktuak daukan arren, hemen aplikatu den teknikaren bitartez ezin atzeman daitekeen zuntz erantsia (%4) gehitu behar zaio.

(4) Akrilamida: gizakientzat minbizi-eragile izan daitekeen substantzia, tenperatura garaiak (frijitu, labean edo parrillan erre, etc.) jasaniko karbohidrato ugariko elikagaietan sortzen da. Hemen aurkitu diren emaitzak 30 µg/kg baino txikiagoak direnez, egoki-egokitzat jo behar dira, OMS erakundeak arrisku-atalasetik biziki urrun egotearren.

(5) GEO: genetikoki aldarazitako organismoak.

Banan-banan

Bost ogi xigortu eta bi biskote, banan-banan

Recondo

  • Ogi xigortua. “Esne eta kaltzioduna”
  • 270 gramo, 5,03 euro kiloko, denetan merkeena.
  • Kalitatearen eta prezioaren arteko erlazio egokiena.
  • Osaketa nutrizionala, ertaina (%5,9 gantz, %5,7 zuntz, %1 gatz; 355 kaloria ehun gramoko); gatz gutxien daukatenetako bat da.
  • Dastatze proban, 7 puntuz, gehien gustatu zaiena dastatzaileei; aldekoak: “zapore naturala” eta “kraskatsua”; aurkakoak: “xigortze-gradua”.

Ortiz

  • Ogi integral xigortua. “Berez, kolesterolik gabea”
  • 270 gramo, 5,75 euro kiloko.
  • Zuntz gehien daukana (%13,5). Gantzik gehien daukatenetako bat (%7,4) baina (karbohidrato gutxien dauzkanez) kaloria gutxienekoa da: 323 kaloria ehun gramoko. Denetan gaziena (edukiaren %1,8; elikagai bat gaziegitzat jotzen da edukiaren %1,8 baino gatz gehiago daukanean).
  • Dastatze proban, 6,4 puntu; aldekoak “zaporea”, “kolorea” eta “kraskatsua”; aurkakoak: “geza” eta “gogorra”.

Lu

  • Irin integralezko mini biskotea. “Zuntz ugarikoa”, “Kontserbatzaile eta koloratzailerik gabea”, “edukiaren %97 laboreak ditu”, “beste mini biskote marka batzuek baino %45 gantz gutxiago”.
  • 125 gramo, 8,12 euro kiloko.
  • Etiketa ez dago zuzen, bi arau-hauste baititu: batetik ezin ager daiteke koloratzailerik gabekotzat, produktu honetan horrelako substantziak erabiltzea debekatua baitago; beraz, koloratzaileak ez edukitzea ez da gainerakoekiko bereizgarririk; bestetik, ezarri beharreko datu batzuk ez dira agertzen bista-eremu berean.
  • Gantz gehien daukana (%7,5) baina ez da kaloria gehienekoa (351 kaloria ehun gramoko). Integraletan, zuntz gutxien daukatenetako bat (%7,5).
  • Dastatze proban, 6,2 puntu: ez zuen jaso laudorio, ezta kritikarik ere, baina ez da gertatu beste hiru integralak bezain “gutiziatsua”.

Silueta

  • Ogi integral xigortua. “Kolesterolik gabea”, “%99tan gantzik gabea”, “Efektu lipoaktibodun zuntza dauka”.
  • 270 gramo, 6,37 euro kiloko.
  • Etiketa ez dago zuzen: bere burua ezin ager dezake “%99tan gantzik gabea” hori adierazteko forma horixe berariaz debekatua baitu adierazpen nutrizionalei buruzko arautegiak.
  • Gantz gutxienekoa (%4,4), baina ez kaloria gutxienekoa (339 kaloria ehun gramoko).
  • Etiketak edukiaren %11 zuntz daukala badio ere, azterketan %8,2 baizik ez du eman. Fabrikatzaileak dioenez, zuntz mota jakin batetik (inulina) %4 gehitzen du baina hori ezin atzeman daiteke hemen aplikatu den metodoaren bitartez.
  • Gazienetako bat (edukiaren %1,6 gatz du; elikagai bat gaziegitzat jotzen da edukiaren %1,8 baino gatz gehiago daukanean).
  • Dastatze proban, 6,6 puntu: aldekoak “zaporea”, “kolorea” eta “krakatsua”; aurkakoak: “geza” eta “gogorra”.

Recondo

  • Ogi xigortu integrala. “Zuntz ugarikoa”
  • 270 gramo, 5,21 euro kiloko, integraletan merkeena
  • Integralen artean, osaketa nutrizional ertainekoa (%6,8 gantz, %7,8 zuntz, %1,1 gatz eta 347 kaloria ehun gramoko).
  • Dastatze proban, 6,5 puntu; aldekoak: “zaporea”, “kolorea” eta “kraskatsua”; aurkakoak: “itxura” eta “murtxikatzean eragiten duen sentsazioa”.

Lu

  • Mini biskotea. “Kontserbatzailerik eta koloratzailerik gabea”, “Edukiaren %97 laborea dauka”, “beste mini biskote marka batzuek baino %50 gantz gutxiago”.
  • 125 gramo, 8,12 euro kiloko.
  • Etiketa ez dago zuzen, bi arau-hauste baititu: batetik, ezin ager daiteke koloratzailerik gabekotzat, produktu honetan horrelako substantziak erabiltzea debekatua baitago; beraz, koloratzaileak ez edukitzea ez da gainerakoekiko bereizgarririk; bestetik, ezarri beharreko datu batzuk ez dira agertzen bista-eremu berean.
  • Kaloria gehien daukana (362 kal. ehun gramoko); gatz eta zuntz aldetik, erdi parean dabil. Gatz gutxien daukatenetako bat (%1)
  • Dastatze proban, 6,2 puntu; aldekoa: “zaporea”; aurkakoa: “geza”.

Ortiz

  • Ogi xigortua. “Berez, kolesterolik gabea”
  • 270 gramo, 5,77 euro kiloko.
  • Gatz gehienekoa (%6,9), kaloria gehien (357 kal. ehun gramoko) eta gatz gehien dauzkana (%1,7; elikagai bat gaziegitzat jotzen da edukiaren %1,8 baino gatz gehiago daukanean) integral ez direnen artetik. Zuntz ugarikoa den arren, gutxien daukan lagina da (%4,2 baino ez).
  • Dastatze proban, 6,6 puntu; aldekoak: “zaporea”, “itxura” eta “kraskatsua”; aurkakoak: “kolorea”, “geza” eta “gogorra”.