Pultsometro digitalak

Garesti-garestiak ez dira hobeak

Taupadak zehazki neurtzen dituzte zortziek eta, bihotz-taupaden maiztasunaz gainera, ordua, data, kronometroa eta alarma agertzen dituzte
1 maiatza de 2008
Img listado analisisb

Garesti-garestiak ez dira hobeak

Kirolari batek ez du beti egiten esfortzu berdina ariketa batean: batzuetan pletoriko bilatzen da eta bestetan nekatuago. Beste aldetik, gorputza zaildu edo entrenatu ahala, marka gorago jarri behar du, esfortzu berbera egiteko. Horrelako egokieretan pultsometroa erabiltzea baliagarri gerta dakioke: aparatu elektroniko txiki horiek bihotz-taupaden maiztasuna neurtzen dute, hots, ariketa batek agintzen duen esfortzua hobekien adierazten duen aparatua.

Kirolaria zenbat eta zailduago egon, orduan eta denbora gehiago edo azkarrago entrenatu beharko du bere organismoa eskatzen zaion esfortzu-mailara irits dadin. Pultsometroa, hortaz, segurtasun-tresna ere bada, aholkagarri den intentsitate fisikoa noiz gainditzen ari den ere adierazten baitu. Horregatik eta prezioz merkeak direlako, kirol aerobikoak (lasterketa aire zabalean, txirrindularitza, tenisa, etab.) praktikatzen dituzten atleta afizionatu eta profesionalei lagungarri gertatzen zaizkie. Bular bueltan ipintzen den banda elastikoak taupadak hari gabe eskuturreko erlojura transmititzen ditu. Batzuek, areago, entrenamendu bakoitzeko datuak ordenagailura deskargatzeko aukera ematen dute, geroago aztertuak izan daitezen. Halaz ere, azterketa konparatibo hau egiteko aparatu oinarrizkoenak aukeratu dira, hots, zeinahi kirolzalek erabil ditzakeenak.

Laborategian aztertu eta erabilera-proba aplikatu zaie zortzi pultsometrori; hauen prezioak 30 euroetatik (Sigma Sport Coach) 100 euroetaraino (Beurer PM65) doaz. Denek daukate bularrean ipini beharreko banda elastiko bat, taupadak neurtzen dituena, eta eskuturreko erlojua, horiek agertzen dituena.

Kalitatearen eta prezioaren arteko erlazio egokiena Oregon Scientific SE190 laginak ematen du: bera da bigarren merkeena (40 euro), proba gehienak gainditu ditu, soinu-alarma dauka, kaloria-kontsumoa erakusten du eta uraren, bibrazioen eta berotasun hezearen kontrako erresistentzia ona agertzen du. Kalitate hobeko pultsometro bila dabilenak Polar FS2C aukera polita du: aurrekoa baino garestixeagoa (58,30 euro) izanik, denetan arinena da, besoa bularrera hurbiltzea aski da kontsultatzeko (botoirik sakatu behar izan gabe) eta erabiltzaileen gogokoena da.

Denak dira zehatzak

Aparatu horien funtsezko eginkizunean (taupadak neurtzea) duten zehaztasuna laborategian neurtu zen: horretarako, minutuko 36 taupadatik 240 taupadaraino zihoan zerrendan sartu ziren. Eginiko proba guztietan neurtze zehatzak egin dituzte zortziek.

Estankotasuna egiaztatzeko aparatu guztiak, bularreko banda eta guzti, urpean murgildu ziren ordu erdiz. Banda guztiek uraren aurkako erresistentzia ona agertu zuten baina Sigma erlojuari (nahiz eta bere burua hiru metroko sakoneraino urarekiko erresistentetzat agertu, ura sartu zitzaion, pantailakoa ezabatu zen eta funtzionatzeari utzi zion. Baina lehortutakoan berriro piztu zen. Suunto eta Beurer (porrot eginiko Sigma horrez gainera) bakarrik agertzen dira egokitzat igeriketan erabiliak izateko.

Eskuturrean edo manilarrean

Zortzi pultsometroak eskuturrean erloju gisara eraman daitezke baina Sigma eta Beurer laginek bizikletaren manilarrean ipintzeko euskailu bat ere ematen dute. Casio eta Beurer laginek gordetzeko funda daukate. Pultsometro guztiek beren erabiltzeko, mantentzeko eta garbitzeko argibideak dituzte, Beurer laginak izan ezik: honen argibideak eta segurtasun ohartarazpenak espainieraz ez daudenez, ez du proba hau gainditu. Berme-agirietan Casio da bi urte ematen ez dituen bakarra (bat baizik ez du eskaintzen).

Beurer eta AEG erlojuak astunenak dira (50 gramo baino gehiago) eta Polar (36 gramo) denetan arinena. Txikienak Cardio Sport (42 x 48 x 11 mm) eta Polar (35 x 53 x 12 mm) dira eta AEG aparatu handiena (51 x 63 x 16 mm). Bularrean ipintzen den banda elastikoko transmisorea da bihotz-pultsua neurtzen duena; horietan handiena AEG da (63 x 39 x 15 mm) eta txikiena, aldiz, Polar lagina (63 x 30 x 11 mm). Transmisorerik arinena Suunto da (39 g) eta astunena, berriz, AEG (54 gramo). Osotasunean, ekipo arinena Polar da (77 gramo) eta astunena, AEG (104 gramo).

Funtzioak

Aztertu diren aparatu denek, minutuko taupada kopurua neurtzeaz gainera, ordua, data, kronometroa eta alarma erakusten dituzte. Gutxieneko eta gehieneko bihotz-taupaden maiztasuna ere erregistratzen dute eta entrenamendu saioko datuak gordetzen dituzte. Gutxieneko edo gehieneko maiztasuna gainditzean ohartaraziko duen alarma ezartzeko aukera ematen duen bakarra AEG da. Oregon Scientific, Sigma Sport, Beurer, Casio eta Suunto laginek, saioan zenbat kaloria erre diren ere kalkulatzen dute baina, adituen iritziz, gutxi gorabeherako datua da hori, kirolari bakoitzak kaloria kopuru desberdina erre ohi dituelako ariketa edo esfortzu berean.

Oregon eta Sigma dira ilunpetan pantaila irakurtzeko aukera ematen duen argia ez daukatenak. Polar eta AEG laginetan ezin dira definitu kirolariaren ezaugarri fisikoak (pisua, altuera, adina…) datuak profilen arabera egokituak ager daitezen, alegia. Funtzioak aldatzeko, erlojuaren alboetako botoiak sakatu behar dira baina Polar laginak botoi zentral bakarra dauka eta Cardio Sport laginak botoi zentrala eta alboetako lau botoi.

Polar ekipoak, gainera, funtzioak tartekatzeko aukera modu erraz eta soilean ematen du: erlojua bularreko bandara gerturatuz. Sigma eta Beurer laginek funtzio baliagarri bezain bitxia dute: ekipoak kirolariaren egoera fisikoa ebalua dezan, erabiltzaileari milia bat (1.600 metro) korri dezan eskatzen zaio.

Pultsometroek segurtasun elektrikoari dagokion arautegi zorrotza bete behar dute. Cardio Sport eta AEG laginek bandan ez dute adierazten ekipo zein modelotakoa den. Dena den, pultsometro guztiak ongi osatuak daude eta ezin ezabatuzko markak dituzte. Bestetik, korronte elektriko arriskutsuen aurrean ongi isolatuak daudela eta, erloju zein bandako baterietan zirkuitulaburren baten ondorioz gerta litezkeen berotze eta akatsen kontra babestuak daudela egiaztatu da; izan ere, saiakuntza batean ekipoak berotu zituzten teknikariek eta beste batean zirkuitulaburra probokatu zen baina zortzi laginak onik gertatu ziren.

Erresistentzia

Zenbat eroriko jasan dezaketen kalkulatzeko, upel birakarian sartu ziren laginak; aparatuak 50 bira egiten ditu, metro erdiko altueratik 100 eroriko simulatuz. Inolako kalterik ez zuten ekipoek nozitu proba honetan ere.

Pantailak zartatu edo pitzatuko ote ziren ikusteko, erloju bakoitzak joule erdiko hiruna kolpe jasan behar izan zuen. Sigma Sport eta Cardio Sport laginek kalterik pairatu gabe gainditu zuten proba; Oregon markakoa bigarren inpaktuan hautsi zen eta Casio, Polar, Beurer, AEG eta Suunto laginak, aurreneko kolpean.

Erlojuek hainbat maiztasunetako bibrazio-testa ere nozitu behar izan zuten: Beurer (denetan garestiena) blokeaturik geratu zen eta pilak atera eta berriro jarri ondoren bakarrik ibili zen ostera. Hezetasun handiko inguruneetan (kirolean izerditze intentsuak probokatzen duenaren antzekoetan) eta tenperatura beroetan (gorputzeko edo udamineko berotasunagatik) baliatzeari dagokiola, era egokian zebiltzala frogatu zuten zortziek.

Elkargarritasun elektromagnetikoaz ari garela (elektrizitate estatikoz kargaturiko erabiltzaileak horrelako ekipo bat ukitzen duenean eragin dezakeen deskargaren aurreko babesa, alegia) pultsometro bakoitzari hamaika gunetan hamar deskarga elektrostatiko probokatu ziren. Aparatu batzuetan (Sigma, AEG) interferentzia txikiak gertatzen dira baina handik segundo batzuetara desagertzen dira. Cardio Sport laginak, berriz, deskarga ostean taupadak neurtzeari uzten dionez, azterketako proba hau gainditzeke utzi du.

Erabiltzaileen iritzia

Pultsometroa ohi daramaten zazpi kirolarik zortzi ekipoak probatu eta hainbat alderdi baloratu zituzten, 1etik 100erainoko kalifikazioak ezarriz. Proba hau lagin guztiek gainditu bazuten ere, aldeak hauteman ziren batetik bestera: osoko klasifikazioan hoberenak Polar (8,1 puntu, 10etik), Suunto (8 puntu) eta Beurer (7,9 puntu); emaitza apalenekoak, berriz, Cardio Sport (6,5 puntu) eta AEG (6,8 puntu).

Erabiltzaile horien iritziz, argibide-liburu ulergarriena Suunto laginarena da (8,4 puntu) eta nahasgarriena Cardio Sport aparatuarena (6,7 puntu). Emaitza berberak agertu ziren pultsometroko botoiaz eta funtzioez galdetu zitzaienean: Suunto (8,4 puntu) lagina Cardio Sport (6,2 puntu) baino hobeki baloratu zuten. Gehien gustatu zitzaien diseinua Beurer laginarena izan zen (8,4 puntu) eta gutxien, AEG laginarena (5,1 puntu baizik ez). Tamainari dagokiola, Suunto iruditu zitzaien erabiltzaileei maneiatzeko egokiena (8,3 puntu) eta AEG bolumen handienekoa (5,7 puntu), laborategian hartutako datuekin bat etorriz. Erabiltzeko erraztasunean Polar laginak eraman du notarik onena (8,6 puntu) eta Cardio Sport laginak okerrena (6,7 puntu).

Laburbilduz eta konparaketako taula

Laburbilduz

  • Kirola ohiz edo tarteka egiten duenarentzat pultsometroak lagungarri gertatzen dira, esfortzua neurtu eta erregulatzeko aukera ematen dutelako, osasunarentzat arriskutsu gerta litekeen egokierei saihets eginez.
  • Aztertu diren zortzi pultsometroen prezioak 30 euroetatik (Sigma Sport Coach) 100 euroetara doaz (Beurer PM65). Zehatz-zehatzak dira denak. Bihotz-taupaden maiztasuna ez ezik, ordua, data eta kronometroa ere erakusten dituzte. Gehientsuek pantailako argia daukate, kontsumitu diren kaloriak adierazten dituzte eta gutxieneko eta gehieneko taupada-erregistroa egiten dute.
  • Ekipoa osatzen dutenak: bularrean ipintzen den banda, eskuturreko erlojura haririk gabe neurketa igortzen duena. Sigma eta Beurer laginek erloju hori bizikletako manilarrean jartzeko euskailua ere ematen dute. Suunto eta Beurer laginak bakarrik erabil daitezke igeriketan. Sigma-k bere burua uraren kontrako erresistentetzat agertzen badu ere, uretan sartu eta funtzionatzeari uzten dio. Gainerakoetan ez da urik sartzen, botoiak sakatzen ez badira.
  • Beurer lagineko argibideek ez dute proba gainditu, espainieraz ez daudelako.
  • Aparatuak seguruak dira, hezetasunaren, tenperatura altuen, zirkuitulaburren eta metro erditik probokaturiko ehun erorikoen aurrean erresistente. Baina intentsitate handiagoz hiru kolpe eman zaizkienean, Casio, Polar, Beurer, AEG eta Suunto hautsi egin dira lehen kolpean eta Oregon bigarrenean. Sigma Sport eta Cardio Sport bakarrik gertatu dira kaltegabe.
  • Elkargarritasun elektromagnetikoko proba ez du gainditu Cardio Sport laginak, deskarga elektrostatikoak jasan ondoren funtzionatzeari utzi diolako.
  • Erabiltzaileen gogokoenak Polar (8,1 puntu, 10etik), Suunto (8 puntu) eta Beurer (7,9 puntu) dira; kalifikazio apalagoak eman dizkiete Cardio Sport (6,5 puntu) eta AEG (6,8 puntu) laginei.
  • Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena Oregon Scientific SE190 laginak eman du: bigarren merkeena izaki (40 euro), ia proba guztiak gainditu ditu, eta urarekiko eta bibrazioekiko erresistente da. Haustura-proba bakarrik utzi du gainditzeke baina halaz ere, erresistentzia handienekoetako bat da. Polar FS2C (20 euro garestiago) ere aukera polita da: laborategiko testetan emaitza hobeak atera ditu eta erabiltzailek nahien dutena da.
Marka Oregon SCIENTIFIC POLAR SIGMA SPORT BEURER
Modeloa SE190 FS2C COACH PM65
Prezioa (euro unitateko) 39,80 58,30 29,90 99,90
Entregatzen diren pieza osagarriak Uhala Uhala Uhala, Bizikletarako euskailua Uhala, Bizikletarako euskailua, kutxatxoa
Dokumentuak eta markatzea
Argibideak eta markatzea Zuzen Zuzen Zuzen Ez dago zuzen
Bermea Bi urte Bi urte Bi urte Bi urte.
Neurriak
Erlojuaren pisua (g) 45 36,2 44 50,6
Erlojuaren neurriak (mm) (1) 41 x 50 x 13 35 x 53 x 12 43 x 50 x 14 45 x 52 x 13
Bularreko bandaren pisua (g) 42,9 41,5 49,4 50
Bularreko transmisorearen neurriak (mm) (1) 80 x 35 x 11 63 x 30 x 11 82 x 34 x 10 82 x 34 x 10
Pisua, denera (g) 87,9 77,7 93,4 100,6
Datu teknikoak eta funtzioak
Gutxieneko edo gehieneko bihotz-taupaden maiztasuna gainditzean entzunezko alarma Bai Bai Bai Bai
Kontsumituriko kaloriak neurtzea Bai Ez Bai Bai
Hondoko argia Ez Bai Ez Bai
Datu pertsonalak (adina, altuera, pisua, etab.) adierazteko aukera Bai Ez Bai Bai
Forma fisikoari buruzko testa (1600 m lasterketa) Ez Ez Bai Bai
Pantailan informazio aldatzeko modua Alboetako botoiak Erdialdeko botoia, erlojua bularreko bandara hurreratuz Alboetako botoiak Alboetako botoiak
Araudiak
Segurtasun elektrikoa Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen
Elkargarritasun elektromagnetikoa Zuzen Zuzen Zuzen (2) Zuzen
Funtzionatzeko egokitasuna
Neurketen zehaztasuna Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen
Likidoak sartzearen aurkako babes-gradua Zuzen Zuzen Ez dago zuzen Zuzen
Erresistentzia mekanikoa Haustura bi inpaktutan Haustura inpaktu bakarrean Ez da hautsi Haustura inpaktu bakarrean
Bibrazioen saiakera Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen (5)
Berotasun heze jarraituaren saiakera Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen
Erabilera-testa 7,5 8,1 7,2 7,9
Marka CASIO SUUNTO CARDIO SPORT AEG
Modeloa 2979 T1 GRAPH PU 4910
Prezioa (euro unitateko) 89,90 97,64 79 69
Entregatzen diren pieza osagarriak Uhala, Funda Uhala Uhala Uhala
Dokumentuak eta markatzea
Argibideak eta markatzea Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen
Bermea Un año Bi urte Bi urte Bi urte
Neurriak
Erlojuaren pisua (g) 39,8 48,7 39,5 50,4
Erlojuaren neurriak (mm) (1) 47 x 50 x 15 44 x 42 x 14 42 x 48 x 11 51 x 63 x 16
Bularreko bandaren pisua (g) 46,4 38,9 44,6 53,6
Bularreko transmisorearen neurriak (mm) (1) 70 x 36 x 13 77 x 35 x 12 83 x 33 x 11 63 x 39 x 15
Pisua, denera (g) 86,2 87,6 84,1 104
Datu teknikoak eta funtzioak
Gutxieneko edo gehieneko bihotz-taupaden maiztasuna gainditzean entzunezko alarma Bai Bai Bai Ez
Kontsumituriko kaloriak neurtzea Bai Bai Ez Ez
Hondoko argia Bai Bai Bai Bai
Datu pertsonalak (adina, altuera, pisua, etab.) adierazteko aukera Bai Bai Bai Ez
Forma fisikoari buruzko testa (1600 m lasterketa) Ez Ez Ez Ez
Pantailan informazio aldatzeko modua Alboetako botoiak Alboetako botoiak Alboetako eta erdialdeko botoiak Alboetako botoiak
Araudiak
Segurtasun elektrikoa Zuzen Zuzen Ez dago zuzen (6) Ez dago zuzen (6)
Elkargarritasun elektromagnetikoa Zuzen Zuzen Ez dago zuzen (2)(3) Zuzen (2)
Funtzionatzeko egokitasuna
Neurketen zehaztasuna Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen
Likidoak sartzearen aurkako babes-gradua Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen
Erresistentzia mekanikoa Haustura inpaktu bakarrean (4) Haustura inpaktu bakarrean Ez da hautsi Haustura inpaktu bakarrean
Bibrazioen saiakera Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen
Berotasun heze jarraituaren saiakera Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen
Erabilera-testa 7,5 8,0 6,5 6,8

(1) Neurriak: zabalera x altuera x sakonera.

(2) Produktuan deskarga elektrostatikoa aplikatzean endekapen iragankorrak agertzen dira, baina horiek haren funtzionamenduan onartzeko modukoak dira.

(3) Saiakera egin ondoren produktuak ez ditu taupadak ongi neurtzen.

(4) Beira hausteak kristal likidozko pantailan ere izan du eragina.

(5) Erlojua blokeaturik gelditu da, pantailan 23:59:59 erakutsiz; pila kendu eta ostera jarri ondoren, erlojuak zehazki funtzionatzen du.

(6) Modeloa ez adieraztearren.

Banan-banan

ZORTZI PULTSOMETRO DIGITALAK, BANAN-BANAN

OREGON SCIENTIFIC SE190

  • Prezioa: 39,80 euro
  • Kalitatearen eta prezioaren arteko erlazio egokiena.
  • Pantailako argirik gabe. Pantailak inpaktu bakarra jasaten du hautsi gabe (bigarrenean hausten da).
  • Proba praktikoa: 10 puntutik, 7,5. Apaindura gutxiko itxurakoa, diotenez, baina ongi osatua moduetan eta funtzionaltasun aldetik. Argibideak, ulergaitz.

POLAR FS2C

  • Prezioa: 58,30 euro
  • Aukera polita, honakoa ere. Funtzioak aldatzeko botoi zentrala sakatu edo bularrera gerturatu behar da. Laginik arinena (77 gramo). Kontsumitutako kalorien berri du adierazten. Datu pertsonalak (adina, altuera, pisua…) sartzeko aukerarik ez du ematen. Pantailak inpaktu bakarra jasaten du hautsi gabe (bigarrenean hausten da).
  • Proba praktikoa: 10 puntutik, 8,1. Erabiltzeko erraza. Moduz aldatzeko bularrera hurbiltze hori gustatu zaie erabiltzaileei. Argitasun motela. Botoi bakarra izatea deseroso gertatzen da.

SIGMA SPORT COACH

  • Prezioa: 29,90 euro: denetan merkeena
  • Bizikletan jartzeko euskailua du baina pantailako argirik ez. Forma fisikoa ezagutzeko hasieran testa. Ura jasaten duela dioen arren, metro erdira murgildu eta, funtzionatzeari utzi zion. Pantailak hiru inpaktu jasan ditu, hautsi gabe.
  • Proba praktikoa: 10 puntutik, 7,2. Argirik ez edukitzea eta menuen konplexutasuna ez zitzaizkien gustatu erabiltzaileei; bai, ordea, askoz ere garestiagoak diren beste batzuek bezainbeste aukera edukitzea. Argibideak ez dira oso ulergarriak.

BEURER PM65

  • Prezioa: 99,90 euro, denetan garestiena
  • Bizikletan jartzeko euskailua eta gordetzeko kutxatxoa. Forma fisikoa ezagutzeko hasieran testa. Argibideek ez dute proba gainditu, espainieraz ez daudelako. Pantaila lehen inpaktuan hausten da. Bibrazio proban funtzionatzeari utzi dio baina, pila atera eta berriro sartutakoan, martxan abiatzen da ostera.
  • Proba praktikoa: 10 puntutik, 7,9. Egutegia 2020raino bakarrik iristen da. Pantaila ikusgarritasun apalekoa da baina funda eta aurkezteko diseinua gustatu zitzaizkien erabiltzaileei. Eskarmentu gabeko erabiltzaileentzat erraz baliatzekoa. Diseinu eta aurkezpena, zaindu-zainduak. Bandaren seinalea maiz galtzen du erlojuak.

CASIO 2979

  • Prezioa: 89,90 euro
  • Gordetzeko funda dauka. Urtebeteko bermea baizik ez du eskaintzen. Pantailak inpaktu bakarra jasaten du hautsi gabe (bigarrenean hausten da, are eta gainerako erlojuak baino hondamen larriagoa nozituz.
  • Proba praktikoa: 10 puntutik, 7,5. Diseinu “itsusia” eta funtzioak konplexuegiak dira erabiltzaileentzat. Memoriaren zabala positiboki baloratu dute

SUUNTO T1

  • Prezioa: 97,64 euro
  • Pantailak inpaktu bakarra jasaten du hautsi gabe (bigarrenean hausten da)
  • Proba praktikoa: 10 puntutik, 8. Erabiltzaile ez profesionalentzat egokia. Diseinua gogokoa dute erabiltzaileek baina botoiak “zailak” eta “identifikatzeko aldrebesak” dira.

CARDIO SPORT GRAPH

  • Prezioa: 79 euro
  • Kontsumitutako kalorien berririk ez du ematen. Gainditzeke utzi ditu segurtasun elektrikoaren proba (modeloa ez adieraztearren) eta elkargarritasun elektromagnetikoari dagokiona (deskarga nozitu ondoren funtzionatzeari utzi diolako). Pantailak hiru inpaktu jasan ditu hautsi gabe. Laginik txikiena (42 x 48 x 11 mm).
  • Proba praktikoa: 10 puntutik, 6,5. Botoiak gogor. Kalifikazio apalak eraman ditu erabiltzaileen proba egiten ari zelarik botoi batek funtzionatzeari utzi ziolako. Erabiltzeko erraza eta pantailako argia on-ona; diseinua, berriz, ez zaie gustatu erabiltzaileei “jostailu batena” baitzirudien.

AEG PU 4910

  • Prezioa: 69 euro
  • Bihotz-taupaden maiztasuna gainditzen denean abisatu beharko lukeen soinu-alarmarik ez daukan bakarra; kontsumitutako kalorien berririk ez du ematen. Ez du aukerarik ematen datu pertsonalak (adina, altuera, pisua…) adierazteko. Segurtasun elektrikoaren proba ez du gainditu, modeloa adierazten ez duelako. Pantaila inpaktu bakar batez hausten da. Denetan astunena (104 gramo) eta bolumen handienekoa (51 x 63 x 16 mm).
  • Proba praktikoa: 10 puntutik, 6,8. Funtzioak oinarrizkoegiak, baina erabiltzeko errazak. Handiegia.