Errenta aitorpena

Berrikuntzaz josiriko hitzordua Ogasunarekin

Azken erreforma fiskalaren aldaketak estreinakoz aplikatuko dira aurten. Berrikuntzen artean nabarmentzeko, aurrezki-produktu, akzio, gordailu, inbertsio-fondo, bizi-aseguru, eta pentsio-plan guztiei dagokien tasa bakarra: %18a, alegia.
1 maiatza de 2008
Img listado economia

Berrikuntzaz josiriko hitzordua Ogasunarekin

Urtero bezala, maiatz-ekain alde honetan antolatzen hasten garen oporraldi-plana gehien iluntzen edo argitzen digun burutapena Ogasunarekiko hitzordua da. Bertako emaitzek aginduko dute nolako animoz joan behar dugun oporretan eta, kasuren batean, helmuga bera ere aldarazi egin dezake. Halaz ere, aurten Errenta kontu hori ez da aurrekoetan bezain korapilatsua izango. Iazko urtarrilean indarrean sartu zen erreforma fiskalak ekarritako aldaketei esker (orain egin beharreko aitorpenean lehen aldiz aplikatuko direnak, hain zuzen) Espainiako hogei bat milioi zergapekok zergen ordainketan beherapen txiki bat hautemango dute, agian. Espainiako Ekonomia Ministerioaren kalkuluen arabera, berrikuntza fiskalak medio, %6 gutxiago ordainduko du batez besteko espainiar zergapekoak.

17.360 euro baino errenta txikiagoak aitortzen dituztenentzat aurrezkia, batez beste, %17 izango da. Iazko ekitaldiko PFEZ hobetzeko inolako eragiketarik burutzeko aukerarik ez dagoen arren, hobe dugu Zerga Agentziak egingo duen ordainketa edo kobrantzari aplikatu behar zaizkion aldaketa ugariak ezagutzea.

Tasa marjinal berriak

Herritarrak hautemango duen aldaketa handietako bat, aplikatu beharreko tasa marjinal berrien multzoa izango da, hots, zergapekoaren osoko diru-sarrerekiko ordaindu behar den portzentajea. Errentaren arabera, herritar bakoitzari zerga-tasak ordaintzeko lau portzentaje berrietako bat aplikatuko zaio: %24, %28, %37 eta %43 (orain arte bost aplikatzen ziren, %15etik %45era arte). Euskadi Autonomi Erkidegoan, berariazko erregimena duenez, behereneko tasa %23 da eta gorenekoa, berriz, %43. Nafarroan aplikatuko den tasa %13tik %42ra joango da.

Norberak ordaindu beharko duen portzentajea zehatz-mehatz jakiteko zerga-oinarri orokorra kalkulatu beharra dago, urtebetean izaniko lan pertsonalaren etekinak, jarduera ekonomikoak, higigarrien eta higiezinen kapitala, errenta eta ondare-galera eta irabaziak kontzeptuengatik jasotako diru-sarrerak batuz.

Lurralde orokorrean eskalako tarteak laura ekartzeari esker, zergapekoen %60k diru-sarreren gaineko %24 tasa bakarraren arabera ordaindu ahal izango dute. 17.360 euro arteko errenta aitortzen duten zergapekoei %24ko tasa aplikatuko zaie, 32.360 euro eskuratzen dituztenei %28koa, 52.360 euro arte jasotzen dituztenei %37koa eta hortik gora dabiltzanei, azkenik, %43koa.

Aurrezki produktuak

Zergapekoaren oinarri orokorra kalkulatzeko egin diren aldaketez gainera, aurrezki produktuei dagokien berrikuntza fiskala da esanguratsuenetako bat: banka-gordailu, aseguru, aurrezki-libreta, errenta finkoko aktibo, inbertsio fondo, dibidendu edota akzioek sortarazitako irabaziek tasa bakarra izango dute (%18) lurralde orokorrean eta EAEn, sortarazitako epea eta zergapekoaren tasa marjinala gorabehera. Oraingo honekin zergapeko guztiak ez dira irabaztun gertatzen, kasuren batean aurreko fiskalitatea mesedegarriago gertatzen baitzen. Nafarroan, dena dela, %15 horrek iraungo du, orain arte bezala.

Gordailuak

Gordailuetan inbertituriko aurrezkiaren bidez sortarazitako etekinek tasa bakarra izango dute (%18) eta horren araberako kopurua kontutik atxikiko zaio zergapekoari. Hemen, bi urte edo gehiagoko aspaldikotasuna zuten inbertsioei aplikatzen zitzaien %40ko murrizketa desagertu da. Fiskalitate berria tasa marjinal handiagoak dituzten zergapekoen mesedetarakoa da eta bi urte baino gehiagotara eginiko gordailuen titularrei, berriz, ez zaie lehenago bezain mesedegarri gertatzen. Hemendik aurrera, beraz, epe laburragoko gordailuen alde egitea komeni da.

Akzioak

Lurralde orokorrean eta EAEn %18 izango dute tasa bakarra eta Nafarroan %15ean segituko du. Hemen, zergapekoaren interesen kontrako aldaketa bat, hemendik aurrera higiezinen kapitaleko beste hainbat etekinetan (gordailuak edo dibidenduak) erdietsitako irabaziekin galerak konpentsatzeko aukerarik ez izatea da. Urtebete baino gehiagotan sortarazitako plusbalioak dituztenak ere galtzaile suertatuko dira, lehenago %15eko zerga-tasa ordaintzen zutelarik, orain %18 ordaindu beharko baitute, bai lurralde orokorrean baita EAEn ere. Epe laburrerako (urtebete baino epe motzagoan) eragiketak egin dituztenak, ordea, irabaztun jazoko dira, aipaturiko %18 hori ordainduko dutelako, zergapekoaren tasa marjinalaren arabera egin ordez. Atal honetan irabaztun gertatzen direnak tasa marjinal altuagoa dutenak dira, batik bat. Balioekin sortarazitako dibidenduei dagokiela, lehen 1.500 euroak ordaintzetik salbuetsita geratzea izango dute abantailetako bat. Hemen ere tasa marjinalik garaienak dituztenek gertatuko dira onuradun, aurrerantzean denek irabazien %18 ordainduko dute; lehenago, aldiz, titular bakoitzaren tasaren arabera aldatzen zen kopurua (portzentaje hori mantenduko da Nafarroan inbertsio-fondoak saltzean).

Inbertsio-fondoak

Inbertsio-fondoak aldatzearren zergak ordaintzetik zergapekoa salbuesten du zerga-erreforma berriak ere, hau da, aurreztaileak nahi duen guztietan bere inbertsio-fondoa beste erakunde batera eraman edo, areago, produktuz aldatu ahal izango du Ogasunari horren konturik gaztigatu behar izan gabe. Halaz ere, gainerako aurrezki-produktuekin gertatzen den bezala, zergapekoak bere fondo-partizipazioak saltzea erabakitzean, erdietsitako irabazien %18 ordaindu beharko dio Ogasunari, hots, irabazitako euro bakoitzetik Estatuak 18 zentimo kenduko dizkio. Hemen ere, akzioen kasuan bezala, partaidetzak bi urte baino gehiagotan zituzten inbertsiogileak dira onuradun gertatzen ez direnak, aurreko arauteriaren arabera irabazien %15en zerga baizik ordaindu behar ez zelako.

Pentsio planak

Pentsio plan kontuetan fiskalitate berriak kenkari-muga berriak ezarri ditu: urteko 10.000 eurora arte gehienez ere 50 urte dituzten zergapekoentzat eta 12.500 eurora arte, hortik gorakoentzat. Aldaketa hauek lurralde orokorrean eta Nafarroan dira aplikatzekoak baina ez, ordea, EAEn, bertan orain arte indarrean zeuden mugak bere horretan irauten dutelako: urteko 8.000 eurora arte gehienez ere 50 urte dituzten zergapekoentzat eta, hortik gorakoentzat, 1.250 euro gehiago urteko.

Lurralde orokorrean eta Nafarroan eraginiko aldaketa horiei esker 53 urte arteko parte hartzaileak, batez ere, gertatzen dira onuradun, beren ekarpenengatik kenkari handiagoak izan ditzaketelako aurrerantzean. Fiskalitate berriak, gainera, aurreikuspen sozialeko produktu batetik bestera iragateko aukera ematen duenez, horrek epe luzerako aurrezkiaren planifikazio hobea egitea bermatzen du.

Halaz ere, produktu hori kontratatzen duenarentzat kaltegarri gertatuko den berrikuntza bat, kapital gisara kobratzen diren prestazioei eginiko %40ko kenkari hori desagertzea da. Horrela bada, 2006 urtera arte, bere pentsio-planaren bitartez metaturiko aurrezkia aldi bakarrean eta dirutan kobratzea erabakitzen zuenean zergapekoak, baldin eta azken ekarpena egin zuenetik bi urte igaro baziren, kopuru haren %60arengatiko zerga bakar-bakarrik ordaindu behar izaten zuen, legeak %0ko kenkaria egiteko aukera ematen baitzuen. 2007 urteaz geroztik, ordea, horrelako abantailarik ez dago, berrikuntza honen bitartez bizitza osora epeka-epeka luzatuko den kobratzeko modua sustatu nahi baita, hau da, pentsio-planean metaturiko kapital osoa behingoz jaso ordez, pixkanaka eskuratzea. Horrenbestez, plana kapital gisara eskuratzen duten zergapekoak kalteturik gertatuko dira aurrerantzean. Prestazioa lan-etekin modura integratuko da eta tasa marjinalaren araberako zergak ordainduko dituenez, kobratzen den urtean erretiratuak gehienez ere diru-kopuru horren %43ko zerga ordain lezake.

Aurrezki aseguruak

Lurralde orokorrean eta EAEn aseguru-harpideduna, oro har, kalteturik suertatuko da fiskalitate berriarekin: bi urte baino gehiagotan osaturiko kapital-fondoen hartzekoetan %40ko kenkariak eta bost urtetik gorakoetan, berriz, %75eko kenkariak desagertu direlako gertatzen da horrela. PFIZ berriarekin, jasotako errenten interesei %18ko zerga aplikatzen zaie. Bertan kaltetuenak asegurua kapital modura eskuratzea erabakitzen duten zergapekoak izango dira, bost urte baino gehiagotan osaturiko etekinei egiten zitzaien %75eko kenkaria galdu egingo baitute. Aurrerantzean aseguru eta erretiro-planak bizi osorako errenta gisa jasotzea erabakitzen duena gertatuko da onuradun, kasu askotan etekinengatik zergak ordaintzetik salbuetsita gertatuko baitira. Horrela gerta daiteke indarrean geratu den erreforma fiskalaren baitan sortu den “Aurrezki Sistematikoko Plan Indibidual” produktu berriarekin, adibidez.

Etxebizitza

Zerga-arauteria berria indarrean dagoela, lurralde orokorrean, bestek finantzaturiko etxebizitza erosteagatiko kenkaria, lehen urtetik, urte bakoitzean inbertitu den guztiaren %15ean geratu da, gehieneko muga 9.015 euro izaki. Onura fiskala, gehienez ere, 1.352 euro izango da. Hortaz, aurreneko bi urteetan aplikatutako kenkaria (%25eraino zihoana) urritu egin da. Ezindu edo ezgaituen kasuan, berriz, murrizteko portzentajea %20 izango da.

Arau berriak, bestetik, etxebizitza 2006ko martxoaren 20an baino lehenago erosi zutenen eskubideak errespetatzen ditu; zergapeko horiek aurreneko bi urteetan bestek finantzaturiko etxebizitza erosteagatiko kenkariaren gehitzea aplikatzen segitu ahal izango baitute. Honelakoetan, 2007ko Errenta Aitorpena egitean, ordaindutako kopuruen %25 kendu ahal izango da.

Zergapekoa EAEn bizi bada eta ohiko etxebizitza erosi edo birgaitzeko mailegurik hartua baldin badu, urtean ordaindutako kuoten %18 (amortizazioa gehi interesak) urtero-urtero kendu ahal izango du, urtean gehieneko muga 2.160 euro izanik. Erkidego horretan portzentaje hori %23raino igoko da 35 urte baino gutxiago eduki edota familia ugariko kide izatearren. Honelakoetan urteko gehieneko kenkaria 2.760 euro izango da.

Nafarroan ere ohiko etxebizitza erosteko mailegua hartua duen zergapekoek mailegu horiengatik ordaindutakoaren %15erainoko kenkaria izan dezakete, urteko gehieneko muga 9.015 euro izaki. Kentzeko osoko muga 90.150 euro da. Seme-alaba bi edo gehiago integratuak dituzten famili unitateen kasuan portzentajea 18 izango da.

Alogerak

Lurralde orokorrean, alokaturiko finken jabeek, higiezin horietan eginiko obra-lanengatik, alokairuagatik jasotzen duten errenta baino diru-kopuru handiagoak kendu ahal izango dituzte, orain arte ez bezala; egundaino, izan ere, kontzeptu hori zela eta, etekin negatiborik ez den onartzen.


Holding familiarrak

Lurralde orokorrean horrelako elkarteen ondareagatiko zerga-salbuespena suntsitu egingo da, non eta jarduera ekonomiko produktiboan ez diharduten. Ondasun higiezinen eta ondarezko gainerakoen edukitze hutsean diharduten baina inongo enpresa-jardueratan aritzen ez diren SICAV akronimo bidez identifikatzen diren elkarteak, berriz, kalteturik gertatzen dira, kenkaria ez baitzaie aplikatuko.

ZERGA-MUNDUKO HIZTEGITXOA
Urte fiskala:
zergak sortarazten diren indarraldia. Espainian urte naturalarekin bat datorrenez, urtarrilaren 1ean hasi eta abenduaren 31n burutzen da. Beste hainbat herrialdetan bestelako datak dituzte hasiera-amaierek.
Zerga oinarria:
zergapekoaren ordaintze-ahalmena adierazten du kopuru horrek. Urte fiskalean zergapekoak lorturiko diru-sarrera guztiak kontuan izanik kalkulatzen da.
Likidazio-oinarria:
datu hau kalkulatzeko, zerga-oinarriari kasuan kasuko arautegian xedaturiko kenkariak aplikatu behar dira.
Kenkariak:
zerga-oinarri orokorretik murritz daitezkeen kopuruak, munta handienetik txikienera, arauteriak xedatutakoaren arabera.
Zerga-arinketa:
zerga baten kuotari egiten zaion kenketa fiskala.
Exentzioa:
pribilegio honi esker, zergapekoak zerga jakin bat osorik edo partzialki ez ordaintzeko aukera dauka.
Atzerapenagatiko interesa:
dagozkion zergak garaiz ez ordaindu izanaren ondorioz, Administrazioak zergapekoari eskatzen dion dirua.
Zergatik salbuetsiriko gutxienekoa:
urte fiskalean erdietsi baina zergarik ordainduko ez duen dirua. Egun, 9.000 euro da Espainian.
Zerga-tasa:
portzentaje hori zerga-oinarriari aplikatzen zaio zerga-kuota kalkulatzeko.
Zerga-tasa finko edo proportziozkoa:
portzentaje hori zerga-oinarriari aplikatzen zaio eta ez da aldatzen, oinarria handitzen bada ere.
Zerga-tasa progresiboa:
portzentaje hori zerga-oinarriari aplikatzen zaio eta zerga-kuota handitzen denean aldatzen da hura ere.
Zerga-tasa marjinala:
zerga-sistema progresibo bateko (Espainiakoan, adibidez) tarteetako bakoitzean aplikatzen den portzentaje bakoitza.