Erretiroa hartzearen abantailak

Aisia ez da erretiratzen

Erakunde eta enpresek deskontuak eta eskaintzak biderkatzen dituzte, adin handikoek aisialdiaz gozatzeko aukera izan dezaten, irabazi eskasak xahutzeko beldurrik gabe
1 maiatza de 2008

Aisia ez da erretiratzen

Astirik gutxi daukate erretiratuek. Paradoxa edo erdipurdiko txistea irudi litekeen arren kontua da, aldakuntza sozial eta laboralen ondorioz, aitona-amonak “familia-laguntzaile” bihurturik, geroz eta ezinbestekoago bilakatzen ari dira baina osasun alorreko organismoek, Administrazioak eta erretiratuen auzo-elkarteek familia-dedikazio hori mugatu eta izaera ludikoko beste jarduera batzuekin konbinatzea aholkatzen dute.

Aisiaz gozatu ahal izateko, denboraz gainera, dirua ere beharrezkoa da eta hauxe dute 7,2 milioi espainiarrek (65 urtetik gorako populazioaren %17) eragozpen handia. Erretiratuak, batez beste, kobratzen dituen 808 euro horiek Espainian xahuketa ugari egiteko aukera ematen ez dutela jakitun, Administrazio Publikoak eta enpresa erdi-publiko eta pribatu askok populazio-sektore horrentzat hainbat deskontu eta sustapen proposatzen dituzte etengabe. Aitzakiarik ez dago: kartetan aritzea, telebista eta Benidormerako bidaia aukera politak dira baina aisiarako ordezko aukerak errealitate dira egun. Ikusmina eta gogoa baizik ez da behar horretarako.

Patrika guztien neurrirako aisialdi-eskaintza zabala

Erretiroa hartutakoan pertsona askok, motibaziorik ezagatik edo eskura izan dezakeen aisialdi-eskaintza ez ezagutzearren, ez dakite nola bete lehenago. lanean zebiltzala, betetzen zuten astia. Hamar, hamabost, hogeita hamar edo berrogei urte ere iraun dezakeen bizitzako etapa horretan olgeta-praktikarik egitea funtsezkoa da, hainbat gaitasun kognitibo edota fisikoak zaildurik mantentzeko eta zenbait endekapen psiko-fisikoren efektua arintzeko ez ezik, ingurunearekiko interakzioa babesteko eta bizitzako etapa horri esanahia bilatzeko orobat.

Imserso erakundeko Adin Handiko Pertsonen Behategiaren 2007ko martxoko aldizkarian jasotako datuen arabera, pertsona zaharren kultura eta aisia-jarduera ohikoena zentro komertzialetara joatea da. Biziki praktikatzen den beste aukera bat mendialdera txangoak egitea da; partaidetza-portzentaje apal batez (%4-6 inguru) agertzen dira beste hainbat, hala nola museoak bisitatzea, zinema, foro eta hitzaldietara joatea eta bisita kulturalak egitea. Pertsona zaharren kultura eta aisia-jarduera urrienak (parte-hartzeaz ari gara) antzezlanak ikusi, kontzertuak aditu, bibliotekan sartu eta ikuskizun folklorikoetara joatea dira.

Telebista ikusteak ere zaharren denboraren zati handi bat betetzen du: egunean lau ordu, Kontsumoaren Agentzia Katalanaren arabera. Telebista aurrean denbora gehien ematen duten pertsonen profila zehatz-zehatza da: hezkuntza- eta kultura-maila apala, erosteko ahalmen txikia, bakarrik bizi dira edo nukleo txikitan eta lan-merkaturik kanpora daude.

Aisia aktiboa sustatzeko xedez, udal, aldundi eta erretiratuen elkarte askok era guztietako ikastaroak antolatzen dituzte han-hemen: eskulangintza, kultura, kirola… eta horietan prezioa ez da kezka-iturri. Esate baterako, Murtziako Udalak antolatzen duen Urrezko Astearen barneko Ziklo Kulturalean prestakuntza, hezkuntza, kultura eta aisiazko jarduerak eskaintzen dira, hala nola antzerkia, herri-musika, koplak, kanta espainiarra, zartzuela, kontzertuak, dantza, hitzaldiak eta zinema. Burgosko zaharrek ere gozatzeko aukera dute Udalak antolatzen dituen modu askotako ospakizunetan: musika emanaldia, adierazpen dinamikoko tailerrak, orkestra eta dantza. Leongoak bertako pertsona zaharrei zirkuitu kulturalak eskaintzen dizkie: hitzaldiak, ikasgela didaktikoak, bidaiak, zinema, forum-zinema, antzerkia, erakusketak, mendirako txangoak, kontzertuak, eztabaida-mahaiak eta entzunaldiak. Extremadurako erretiratuek “Experiencia y Vida” literatur lehiaketan parte har dezakete eta Malagakoek “Pasarela de Moda para Mayores” ospakizunean. Aragoi eta Madrilgo zaharrei, berriz, sarean sartu eta teknologia berriak idorotzeko aukera ematen zaie. Honakoak adibide batzuk baizik ez dira.

Arte eta eszena modu-moduan

Kontsumoko Agentzia Katalanaren datuen arabera, erretiratu eta pentsiodunak ez ohi doaz ikuskizunetara (joaten direnak ez dira %1era iristen). Zinemari dagokiola, proportzioa pittin bat handitzen da (erretiratuen %10 baino ez doa zinetokira). Bietan ere, arrazoi nagusia ekonomikoa da. Horrelako kontsumo-ohiturak, orokorrean, pentsiodunaren hileko aurrekontu murritzaren azken ataletan agertzen dira.

Panorama horren aurrean, zinema, antzoki eta museoak ere erretiratuen aisialdia aberasteko eta telebista aurrean orduak eta orduak eman ez ditzaten, laguntzaile agertzen dira. Zaharrentzat zinemara joatea zazpigarren artearen zaleentzat baino %10 – %52 merkeagoa da, sektoreko enpresa askok (ABC, Cinesa, Albatros Babel, UGC Ciné Citá, etc) sarrera-prezio merkeak ipintzen baitizkiete.

65 urtez gorakoek, adibidez, Cinebox kateak Espainia osoan dituen aretoetako batean filmak 3,90 euro bakarrik ordainduta ikus ditzakete. Diru gutxiago (3 euro) utzi behar dute Golem zinemetara doazenek. Yelmo Cineplex enpresak ere bat egin du Madrilgo Erkidegoaren ekimenarekin eta, horri esker, asteartero (jai ez denean) 60 urtetik gorakoei euro bat kostatzen zaie zinema. Gainerako hirietan, 65 urtetik gorakoentzat sarrera-prezio ohikoari %20ko deskontua egiten zaio. Madrilgo Erkidegoak, era berean, 60 urtez gorakoei antzerkira ostegunero joateko aukera ematen die, maiatzaren 29ra arte, 3 euro bakarrik ordainduta.

Bilboko Arriaga Antzokian eta Kataluniako Antzoki Nazionalean %25eko deskontua egiten zaie 65 urteak beteak dituztenek arte eszenikoak ikusteko aukera izan dezaten. Ourenseko Principal Antzokian eta Madrilgo Centro Dramático Nacional ezagunean (María Guerrero eta Teatro Valle Inclán antzokiak dituena) deskontua %50ekoa da. Bartzelonako Liceuk aurten hiru ikuskizuneko “lotea” eskaintzen du, ohiko txartelaren herenean.

Aisialdia betetzeko beste aukera bat, ludikoa eta merkea, museoak bisitatzea da. Espainian diren 1.300 museoetatik askotako ateak zabalik dituzte erretiratuek eta 65 urtez gorakoek, hala nola: Pradokoa, Reina Sofía Museo Nazional espainiarra, Bartzelonako Arte garaikideko Museoa, Museo Arkeologiko Nazionala, Sorolla Museoa, IVAM, etc. Beste batzuek bisitari zaharrenei ere sarrera kobratzen diete: Thyssen-Bornemisza Museoa (jarrita dagoen unean uneko erakusketaren arabera, bisitaren prezioa 5 eta 3,5 euro artean kostatzen denez, ohiko txartelari %30- %45 arteko deskontua egiten zaio), Guggenheim Museoa (erretiratuei %40ko deskontua egiten dienez, sarrera 7,50 euro ordaindu behar dute) edota Dalí Antzoki-Museoa (pentsiodun eta erretiratuei 8 euro kentzen die, bertan diren obrak ikustearren, hots, helduaren sarrera erreferentzia hartuta, %27ko deskontua egiten die).


Ikusi eta praktikatzeko kirolak

Hirurogeita bost urtean beterik izatea ez da aitzakia txandala jantzi eta jarduera fisikoan bete-betean aritzeko. Areago, Imsersoren datuen arabera, aire zabalean kirolak eta jarduerak praktikatzea arrakasta handikoa da zaharren artean (bitik batek egin ohi du horrelakorik). Populazio sektore horren ariketa ohikoena oinez ibiltzea da: gizonezkoen %75ek eta emakumeen %62k praktikatzen dute. Urrutitik bada ere, gimnasia dator hurrena: emakumeen %6k eta gizonezkoen %4k egiten dituzte ariketa gimnastikoak.

Kirola betidanik praktikatu duenaren kasuan edo erretiroa hartu ostean hasi denaren kasuan ere, edonork praktika ditzakeen kirol-jarduerak adinak agintzen dituen baldintza eta premietara egokitu baizik ez dago (klase zuzenduak, igeriketa, ariketa kardiobaskularrak, tonifikatzeko makinak…). Erretiratzeak berea duen sedentarismoa saihesteko, udalek ikastaro eta instalazioak eskaintzen dizkiete hiritar horiei gainerakoei baino merkeago.

Gaztela-Mantxako kirol-eskolak, adibidez, pertsona zaharren artean kirol praktika indartzeko proiektu eta jarduerak doan burutzen dituzte. Mantentzeko gimnasia, yoga edo tai-chi, besteak beste, praktikatu nahi duten hirurogei urtetik gorako madrildarrei udal kirol kuoten erdia bakarrik ordaindu behar dute. Valladolideko “Siempre activos” egitaraua ere 60 urte baino gehiago dituztenei zuzentzen zaie: hilean 3,85 euro ordainduz gero hiri horretako zaharrak forma fisiko onean ipintzeko astean bitan entrena daitezke. Murtzia, Gasteiz eta Malagako Udalek 65 urtetik gorakoei, hurrenez hurren, bertako kirol zerbitzuetako kuoten %75, %50 eta %36ko deskontuak egiten dizkiete.

Burgosen, lauhilekoan 50 euro ordainduta, zaharrek gerontogimnasiako ikastaroa egin dezakete; Oviedon, berriz, golfean aritzeko aukera dute, hilean gutxienez 12,41 euroren truk. Sevillako 65 urtetik gorakoek, berriz, dagoeneko ez dute aitzakiarik igerian ez egiteko, hiri hartako udal igerilekuetan sartzeko sarrera euro bat baizik ez zaie kostatzen. Igerilekuan sartu aurretik igerian ikasteko eskolarik behar duenak, Sevillako udal igerilekuetako hileko kuota, astean bi saio egitearren, 14,24 euro da, hots, helduaren ohiko tarifaren %58. Bilbon ikastaro horiek 10,45 euro kostatzen direnez, oinarrizko tarifatik %40ko aurrezkia du onuradunak.

Kirolaz harmailatik gozatzea nahiago dutenentzat, futbol klubek denboraldiko abonuetan zaharrei egiten dizkieten deskontuak doaz %25etik (Sevilla FC) %51ra (Santanderko Racing). Beste hainbat taldek, hala nola Betisek, “Andalucía Junta 65” txartela daukaten erretiratuei harmailako ohiko sarrera prezio merkeagoan (%32) eskaintzen diete eta “Andalucía Junta 65 Oro” txartela daukatenei, berriz, %43ko deskontua. Levante, Vigoko Celta eta A Coruñako Deportivo klubek, besteak beste, erretiratuei, hurrenez hurren, %50, %35 eta %31ko deskontuak egiten dizkiete. Saskibaloia gustukoa dutenek ere, gogoko ekipoen denboraldiko partidez gozatzeko aukera izan dezakete; horrela gertatzen da Ricoh Manresa eta Alta Gestión Fuenlabrada ekipoen kasuetan, zale zaharrenei %20 eta %33ko deskontuak egiten zaizkielako.

Garraio publikoa

Ia udal eta garraio publikoko konpainia denek (baita pribatuko batzuek ere) bezero zaharrenen patrika zaintzeko ahaleginik egiten dutenez, deskontu eta tarifa bereziak egiten dizkiete. Horrenbestez, bidaia egin behar den bakoitzean, informazioa eskatu beharko da, ibilbidea merkeago egin ahal izateko.

Renferen “Tarjeta Dorada” izenekoak 60 urtez gorakoei %25 eta %40ko deskontuak lortzeko aukera ematen die abiadura handiko eta distantzia luzeko trenetan (zerbitzu erregionalak barne), bidaia-egunaren eta txartela eskuratzeko moduaren arabera. Distantzia ertainean eta gertuko ibilbideetan, berriz, teen, egun eta ibilbide denetan deskontua %40koa da. Ferrocarriles de Vía Estrecha (FEVE) konpainiak ere pentsiodunen eta 60 urtez gorakoei “Tarjeta Azul” eskaintzen die: horri esker, erabiltzaileak txartelaren %50eko deskontua erdiets dezake, tren turistiko eta berezietan izan ezik. Errepidezko hainbat ibilbidetan autobus enpresek %50eko deskontuak eskaintzen dituzte batzuetan.

Muga metropolitarren barnean, hiri garraioko enpresek ere deskontuak, onurak eta doako bidaiak eskaintzen dizkiete erretiratu, pentsiodun eta 60 urtetik gorakoei. Hortxe ditugu, adibidez, Alacant, Málaga, Santander eta Sevillako kasuak: hiri horietako autobusak doan erabil ditzakete 65 urtetik gorakoek baldin eta udal horiek ezarritako baldintzak betetzen badituzte. Bartzelona eta Zaragozan dohain bidaiatzeko adina 60 urte da. Gasteiz eta Burgostarrek hiri horiek zeharkatzeko aukera dute 0,08 eta 0,05 euro bakarrik ordainduta. Bilbo, Iruñea, A Coruña, Almeria eta Logroñon, besteak beste, bidaia ez da 0,30 euro baino gehiago kostatzen, hots, ohiko tarifekiko, %88rainoko deskontua egiten zaie zaharrei.

Patrika denen tamainako oporraldiak

Zahartzaroaren asperkizuna eteteko modu polita bidaiak egitea da, baliabide ekonomikorik ez izatearren edo famili giroko obligazioak medio, ohiko ingurunez kanpo oporraldirik gozatzeko aukera izan ez dutenen kasuan, batez ere. Gehienetan oporraldi konbentzionalez gozatzeko dirurik ez daukaten pertsona zahar horiei aukera emateko, Espainian bizi diren eta gutxienez 65 urte dituztenentzat Administrazioak sustatzen duen opor-egitarau soziala, Imserso erakundearen bitartez, lote turistiko merke-merkeak eskaintzen ditu. Adin handikoek kostaldeko herrietan egonaldiak, bidaia kulturalak, natur turismoa eta beste hainbat herrialderekiko trukaketak egiteko aukera izaten dute 129 eurotik hasita.

Diputazio, Kontseilaritza eta Udal askok ere modu-moduko bidaiak antolatzen dituzte. Andaluziako Gobernuak, adibidez, 12.680 plaza eskaini dizkie 60 urtetik gorako pentsiodunei, Andaluziako Pertsona Zaharren Turismo Sozialeko Egitarauan esku har dezaten. Gaztela-Mantxako Turismo Sozialeko Egitarauaren helburua, astia aberasteaz gainera, 65 urtetik gorakoen zahartzaro aktibo eta osasuntsua sustatzea da. Bidaien kostua 40 eta 220 euro artean dabil, aukeratutako helmugaren arabera. Murtziako pentsiodunek Erkidego hartako Ibilbide Turistiko eta Kulturaletatik 100 herriren artean aukera dezakete. Malagako Udalak, berriz, 65 urteak beteak dituzten 600 pertsona erretiratu eta pentsioduni Algarvera bidaia sozio-kulturala egiteko aukera ematen die, 123 euro ordainduta.

Gaztela-Leongo “Club de los 60” bidai egitarauak bertako bazkideei sekulako zerrenda luzea eskaintzen die; bertan era guztietako bidaiak dira, hala nola kruzeroak, Riviera Maia, Norvegia, Errumania, Galizia, Avila eta Salamancako Parke Naturalak, etc., prezio merke-merkeetan: 100 eta 1.145 euro artean, aukeratutako helmugaren arabera. Bartzelonako udalak, euskal aldundiek eta Extremadura, Madril eta Valenciako gobernu autonomoek, besteak beste, tokian tokiko pertsona zaharrentzako bidai eskaintza zabala dute, bainuetxeetan egonaldiak eta termalismo programak barne.

Ikasteko behin ere ez da berandu

Hauxe da iraganean ezin burutu ziren hezkuntza-jarduerak berreskuratzeko garai egokia. Helduen Etengabeko Hezkuntza Zentroak, Zaharrentzako Ikasgelak, Kultur Etxeak eta udaletako Gizarte Zerbitzuetako Zentroek, bai analfabetismo egoeran dauden pertsonentzat, bai lehen ikasketak bertan behera utzi eta orain eskola-gradudun titulua erdietsi nahi dutenentzako egitarauak eskaintzen dituzte. Zaharrentzako Ikasgelak, Eskarmentuaren Ikasgelak edo Zaharren Unibertsitateak (izen asko dituzte), beren aldetik, 50 eta 85 urte bitarteko 23.000 ikasle biltzen dituzte, hiru, lau edo bost urteko iraupeneko egitarauetan, historia, zientzia, ingurugiroa, artea, geografia, literatura, filosofia, teknologia berriak, nutrizioa, hizkuntzak, ekonomia eta beste hainbat ikasgai jorratzeko. Ikastaro gehienetan, prestakuntzaren osagai modura, bisita kulturalak, foroetan esku hartzea, musika entzunaldiak, antzerki lanak, kirol jarduerak eta beste zenbait eskaintzen dira. Prezioa, berriz, hutsaren hurrena: 52 euro, ikastaroko.

Laguntza baliagarria gizartearentzat

Espainiako Erretiratu eta Pentsiodunen Elkarte Demokratikoak (milioi bat afiliatu eta 1.800 elkarte, Espainia osoan barrena hedatuak) aisialdi “produktiboa” edo, bestela esateko, boluntario-lan sozialeko, asoziazionismoa bultzatzeko eta gizartean gizakiak parte hartze handiagoa izan dezan sustatzen duten antzeko programak sostenga daitezen eskatzen du.

Boluntario-lan edo ekinaldi horiek ordaindu gabeko jardueren (enpleguak izan bailitezke), aisialdikoen (norberak aukeratzen ditu eta, obligazioen ostean, aisialdia betetzen dute) eta jarduera sozialen artean (famili girotik at) zangalatrau dabiltza.

Egun, geroz eta gehiago dira astiaren parte bat boluntario-lanetan eta esku hartze sozialean ematen duten pertsonak. Arestiko datuen arabera -2002-2003 urteetako Denbora-Erabileraren gaineko Inkestakoak (INE, 2004)- bost pertsona zaharretik batek boluntario-lanetan dihardu egunean ordubete eta 37 minutuz. Horietako asko Gurutze Gorriarekin, Cáritasekin eta gobernuz kanpoko hainbat erakunderekin (CONSUMER EROSKI-ko orrian agertzen direnak eta beste hainbat) dabiltza lanean, premian dauden gizarte kolektiboei laguntza emanez. Beste pertsona batzuek “boluntario kultural” gisara dihardute, ondare historiko-artistiko espainiarreko museo, katedral, eliza, gaztelu eta bestelako espazio eta erakunde kulturalak erakutsiz. Hainbatek “hezkuntza alorreko boluntario-lanean” dihardute, adinkideei informatika, eskulangintza, hizkuntzak, dantza, aspaldiko lanbideak, gurutzegramak egiten… irakatsiz.