Fitoestrogenoak

Konposatu emakume-izendunak

Landare-jatorriko substantzia natural horiek dietako elikagaietan edo berariazko produktu gisa prestaturik kontsumitzea geroz eta garrantzi handiagoa hartzen ari da, batez ere emakumearen osasunean eragiten dituen onurengatik
1 maiatza de 2008
Img listado alimentacion

Konposatu emakume-izendunak

Elikaduran eginiko aurrerapenek aspaldi honetan berebiziko hitz-oldea ekarri dute, gehientsuenak mesedegarri bezain ahoskaezinak. Horien artean fitoestrogenoak ditugu, menopausian eragin onuragarri asko dituzten landare-jatorriko konposatu naturalak, alegia: emakumearen ziklo honetako babes-efektua eragin dezakete, hormonen ondoriozko minbizien prebentzioan -bularrekoan, bereziki-baita gaitz koronarioen prebentzioan ere. Naturan topa daitezkeen fitoestrogeno-mota ugarietatik, sakonen aztertu direnak, inondik ere, isoflabonak dira, sojan eta sojatik eratorritako produktuetan ugari-ugariak.

Horien propietateak hedatzeak sojako isoflabona edota fitoestrogeno asko daukaten elikagai, osagarri dietetiko eta gainerako produktuak kontsumitzeko interesa -emakumeen artean, batik bat- areagotu du. Horrelakorik ukatuko ez dugun arren, Europako biztanleriak egunean batez beste miligramo bat fitoestrogeno kontsumitzen du; ekialdekoek, aldiz, 60 mg. Fitoestrogenoek muga horretatik, hain zuzen, sortarazten dituzte efektu fisiologikorik, adituen iritziz

Fitoestrogeno ugariko dieta

Sojak ugari dauzkan isoflabonez gainera (genisteina eta daidzeina), osasunean eraginak dituzte beste hainbat landareren fitoestrogenok, hala nola lignanoak (liho eta zekale-hazietan, zekale-ogian, labore integraletan eta lekaleetan), kumestanoak (alpapa, dilista eta frijoleetan) eta indoleak (azaren familiako barazkietan).

Dietako fitoestrogenoen eragin behinenak bi dira eta biek ere ikerkuntza gehienen arreta dakarte: ahalmen estrogenikoa eta oxidazioaren aurkako ahamena. Giza organismoan, irentsitakoan, fitoestrogenoek sexu-hormona femeninoak diren estrogeno endogeno nagusien (estradiolaren eta estronaren) egintzak mimetizatu eta modulatzen dituzte fitoestrogenoek. Eragin mesedegarri horren kausa behinena egitura kimikoaren antzekotasun ikusgarrian datza.

Dena den, fitoestrogeno gehiegi hartzea ere kaltegarri gerta daiteke: larregi kontsumitzeak, izan ere, populazio talde batzuetan -haurretan eta ugaltzeko adinean dauden gizonezkoetan- ondorio kaltegarriak izan omen ditzake baina ez, ordea, emakumeetan; hauekin egin izan dira ikerlan gehientsuenak baina, hori bai, erabateko emaitzak gutxitan erdietsi dira.

Emakumearen osasuna

Europar Batasunak 2003an Phytohealth sortu zuen, hots, fitoestrogenoen eraginak eta segurtasuna era zientifiko, biologiko eta toxikologikoan balioztatzeko ardura zuten Europa osoko erakunde-sarea, substantzia horiek kontsumitzeko dosi eta dieta-iturri egokienak finkatzeko helburuz.

Ohiko isoflabonetatik genisteina da nerbio-sistema zentralean, hezurrean, horma baskularrean eta traktu genitalean nagusi diren estrogenoen hartzaileentzat antzekotasun handiena agertzen duena. Hainbat azterketa epidemiologikok nabarmendu dutenez, fitoestrogenoak kontsumitzean (osagarri gisa edo soja eta honen eratorriak kontsumituz) itolarri gutxiago gertatu, hezurrak masa gehiago hartu, gaitz koronarioak nozitzeko arriskua arindu eta bagina-lehortasuna txikiagoa omen da.

Hezurrak eta osteoporosia

Egun, hezur-dentsitate handiagoa fitoestrogenoen kontsumo handiago batekin identifika daitekeen arren, hipotesi horren aldeko azterlanen kopurua ez da oso handia. Horietatik, kontsumo-onura binomioa hobekien agertzen duena VENUS proiektua da (Vegetal Estrogens in NUtrition and Skeleton).

Azterlan horretatik, isoflabonek (soja-proteina, sojako isoflabonaren estraktu hutsa edo genisteina) hezurraren dentsitate mineralean eragin mesedegarria erabat frogatzerik ez dagoela ondorioztatzen da, oraingoz behintzat, baina bide horretako itxaropenak onak dira. Aurreikuspenak egiaztatzekotan, fitoestrogenoak terapia hormonal ordezkatzailearen (hots, menopausia ondorengo osteoporosia geldiarazteko aukerako tratamendua) alternatiba edo osagarri izan litezke eta gainera ez lituzkete alboko eraginak izango.

Menopausiaren sintomak

Esaten denez, berez soja eta sojatik eratorritako produktuen kontsumitzaile handiak direnez, Asiako emakumeek Mendebaldekoek (sojazko elikagaiak kontsumitzen ohitu gabeak) baino klimaterioarekin bat doazen sintomen hagitz intzidentzia arinagoa pairatzen dute. Ebidentzia zientifikoa mugatu-mugatua bada ere, emakume mendebaldar asko menopausiak irauten duen bitartean isoflabona-estraktua hartzen hasiak dira, osagarritzat, eta molestia batzuk arindu direla hauteman dute. Emaitzak, dena dela, gorabeheratsuak dira, kasu batean izan ezik: itolarriak gutxitzean.

Bularreko minbizia

Adituen iritziz, sojaren isoflabona hartzea eta, menopausiaren aurretik eta ondoren, emakumeetan bularreko minbizia nozitzeko arrisku arinagoa lotzen dituen “nolabaiteko ebidentzia zientifikoa” hauteman da. Ildo beretik, menopausia nozitu aurretik eta ondoren, Asiako emakumeetan eginiko azterlanek, sojazko elikagai ugari kontsumitzea eta bularreko minbiziaren arteko alderantzizko erlazioa agertzen omen dute. Datuek iradokitzen dutenez, menopausia ostean bularreko minbizia garatzeko aukera heren bat (%33) txikiagoa omen da.

Menstruazioari dagokiola, fase folikuliarraren iraupena luzatzeko eta progesteronaren gorakada geroratzeko ahalmena dutela erakutsi dute isoflabonek. Hortaz, zikloaren erregulatzaile gisa dihardute eta aktibitate hori bularreko minbiziaren prebentzioan babesletzat jotzen da.

Ordezkoak

Mendebaldeko dietak soja ohiko elikagaia ez duenez, Europako hainbat herrialde emakume mendebaldarren dietan txerta litezkeen bestelako fitoestrogenoak ikertzen ari dira. Denetan aztertuenak lignanoak eta hauen metabolito bioaktiboak (enterolignanoak) dira. hastapeneko emaitzak ikusirik, egunean lignano asko hartzea bularreko minbizia garatzeko arrisku txikiagoarekin lotzen denez, lignanoak nutriente prebentiboen multzoan sartu dira. Hala eta guztiz, horien kontsumoa zein dositan eta zenbat denboratan egin beharko litzatekeen, ez dago datu eztabaidaezinik. Ikerkuntza berrien emaitzak eskuratu arte zain egon beharko, beraz.

Ugalkortasun maskulinoa

Gizasemeek geroz eta fitoestrogenodun elikagai gehiago -soja bera eta sojazkoak, batik bat- sartzen ari dira beren eguneroko elikabidean. Soja-esnea, esate baterako, behi-esnearekiko alergia edo intolerantzia duten ume askok hartzen dutenez, egunero-egunero isoflabona ugari kontsumitzen dute. Nolanahi ere, funtzio endokrino normalean isoflabonek duten efektua dela eta, ikertzaile askok diote fitoestrogeno larregi hartzeak mutikoetan izan ditzakeen eraginek ugalkortasun-osasunean ondorioak izan litzake. Motiboa, omen, hormona femeninoen efektu mimetikoan datza.

Phytohealth

Phytohealth sare tematiko europarraren ardatza, dietako fitoestrogenoen eta osasunaren arteko elkartzearen sakoneko azterketa da eta hiru proiektutan gorpuztu da: Phytos (fitoestrogeno ugariko dieten eraginak menopausia pasatu duten emakumeen hezur-aldaketan), Phytoprevent (prostatako eta bularreko minbiziaren prebentzioa) eta Isoheart (menopausia pasatu duten emakumeen artean gaitz koronarioen arriskua arintzeko isoflabona).

Sarea osatzen duten adituen diziplina anitzeko lantaldeak, aipatu konposatu horiek organismoan dituzten efektuak balioztatu eta iturri dietetikoak identifikatu ditu. Emaitzak datu-base batean eman dira argitara, fitoestrogeno ugarien dituzten landarezko elikagaien propietateak agerki. Era berean, elikagaietako aparteko osagai modura edota osagarri dietetiko gisa, fitoestrogenoak ekoizteko lehengai hoberenak eta prozesatzeko teknika egokienak ere aztertu dira.

Azken helburua, nolanahi ere, fitoestrogeno ugari izango dituen dieta sustatzeko, dosiak, iturri dietetikoak eta iraupen egokiena finkatzeko adostasunera iristea da, horrelakoen kontsumoa osasungarri izan dadin.