Telefonozko lehiaketa eta sariketen ezkutuko alderdia

Telefono mugikorren bitartez iragartzen diren oparietako asko, datu-baseak atzemateko sustapen-estrategiak baizik ez dira
1 maiatza de 2008
Img listado derechos

Telefonozko lehiaketa eta sariketen ezkutuko alderdia

Mezua jaso berri duzu: telefonia mugikorreko operadoreak txartela eta politono deskarga oparituko dizu. Hona hemen enpresa batzuek jaurtitzen dituzten milaka opari automatiko horietako bat, beren datu-baseak galkatzeko. Beste enpresa batzuek, berriz, telebistako sariketen bitartez zenbaki laburrak emanik, ikuslea animatzen dute sms igorri edo dei bat egin dezan. Helburua, ordea, berbera da: kontaktuak erdiestea, gero horiek beste enpresa zenbaiti saltzeko. Horrelako opari, eskaintza, sariketa eta gainerakoak, datu-baseak atzeman, bezeroak leialdu eta produktuak sustatzeko salmenta-sustapen edo marketinezko jardueratzat hartzen dira. Atal honetako legeria bakandua bada ere, Kontsumitzailearen defentsarako Legearen testu bateratuak xedatua duenez, produktu eta zerbitzuei buruzko informazioak argi eta ulergarri izateaz gainera, egiazkoa, eraginkorra eta nahikoa izan behar du. Txikizkako Merkataritza Ordenatzeko Legeak, berriz, lehiaketa, zozketa eta opariei aplika dakizkiekeen iraupen eta arau bereziak zehaztarazten ditu. Eta arau horrek, eginiko eskaintzaren arabera, gizalegez espero daitekeen opari edo saria egiaz kontsumitzaileak jasotzen ez duenean, eskaintza iruzurrezkotzat jotzen du.


Betebeharrekoak

Eskaintzak egiazkoa izan behar du. Kontsumitzaileari informazio argi, oso eta egiazkoa eman behar zaionez, eskaintzen ari zaiona benetan zer den jakiteko eskubidea du. Horretarako, hainbat datu eman behar zaizkio, hala nola sustapenaren iraupena, hasera eta amaiera datak, horren ardura duen enpresaren izaera, oparia edo bere balio ekonomikoa zehatz-mehatz zertan den eta hori erdiesteko egin beharreko urratsak, entregatzeko epea eta saridunari zuzenki dagozkion gastuak.

Katalogo bidez saltzen duten enpresa batzuek sariak eskaini baina, gerora, sari horiek ez dira egiazkoak. Hori salatzeko moduko jokabidea al da?

Sarien atalean, zehazki, okerreko bidea harrarazteagatik, autonomia erkidego zenbaitetako organismo eskudunek hainbat enpresa (hauetako asko, katalogo bidezko salmentak egiten dituztenak) zigortu dituzte. Horrelako jokabideak hautematean kontsumo-zerbitzuen aurrean salaketak egin behar dira, jasotako dokumentazioa aurkeztuz. “Irabazle-egiaztagiri ofiziala”, “Irabazi duzu”, “Irabazle gertatu zaren horrentzako jakinarazpena” eta antzeko adierazpenak ez datoz errealitatearekin bat, gehien-gehienetan inongo zozketarik egin ez delako. Norbaiti saria jaso dueneko albiste pozgarria jakinarazten zaionean horrek egia izan behar du; bestela, jokaera iruzurrezkoa izan daiteke eta, areago, den-denetan betetzen ez bada ere, ohartarazpen bat egin beharko litzateke: inor ez dago produktu edo zerbitzu jakin batzuk hartzera beharturik.

Irabazitako sariak zein epe barruan entregatu behar dituzte enpresek?

Legeak dioenez, sustapenezko sari edo pizgarri gisako ondasun edota zerbitzuak erostunei autonomia erkidegoek determinatutako epean entregatu beharko zaizkienez, erkidego batetik bestera aldatuko da epe hori baina, gehienez ere, hiru hilabetekoa izango da, erostunak eskatu zaizkion baldintzak bete dituen unetik hasita. Eskaintza produktuen bildukian egina bazegoen, eskainitakoa eskuratzeko eskubidea, sustapena amaitzeko datatik hiru hilabetera ere, gutxienez, egikaritu ahal izango da.

“Izakin edo stocka amaitu arteko” eskaintza edo opariak direnean…?

“Baliozko informazioa, akats tipografikorik ezean”, “Izakinak agortu arteko prezioak”… Honelako edota hauen antzeko klausulek galarazten diete kontsumitzaileei eskaini zaizkien baldintza eta bermeak exijitzea eta, horrela, saltzailearen ardura mugatzen dute eroslearen kaltean. Praktika hori, ordea, Kontsumitzaileen Legearen testu bateratuan jasotako oreka justua eta fede onaren printzipioen kontra doa: eskainitako sari edo oparia agortutakoan, balio bereko edo handiagoko beste bat, edo bale bat, entregatu beharko litzateke. Praktikan enpresek horrelakorik eskaintzen ez dutenez, eskatu egin beharko lirateke eta, beharrezkoa izanez gero, Erreklamazio Orria exijitu.

Telebistako lehiaketen eta 905 lineen aurkako kexa asko tramitatzen ari dira. Nondik nora bideratzen dira horiek?

Sariketetan 905 lineak behar ez bezala erabiltzea eragindako pertsona eta elkarte askok salatu ondoren, Administrazioari bertan esku har dezan eta tarifikazio gehigarriko zenbakitzat sailka ditzan eskatzen diote. Zerbitzu horri buruzko erreklamaziorik hasteko lehen pausoa, telefoniako operadorearen aurrean egin behar da; hurrengoa, doako baina borondatezko zerbitzua den Kontsumo Arbitraian kexa azalduz eta, ondoren, Estatuko Telekomunikazioetako Idazkaritzara joaz.

Tarifikazio gehigarriko zenbaki gisa 800- aurrizkiak arautu zirenean, erabiltzaileei informazioa eta deiak mugatzeko aukera emateko obligazioa xedatu zen. Horrela, irrati eta telebistako sariketa asko 905 lineara igaro ziren, nahiz eta hauek, berez, bestelako helburuak dituzten lineak diren (inkestak eta zundaketak egitea, adibidez). Sarketa horietan 905 lineak behar ez bezala baliatzen ari direla erabiltzaile eta elkarte askok salatuta, Administrazioari bertan esku har dezan eta tarifikazio gehigarriko zenbakitzat, bermeak berme, sailka ditzan eskatu izan diote.

Zein da iruzurra?

Sariketa batean parte hartzeko xedez, erabiltzaileak 905 linea batera deitzen duenean, bertan jokatu ahal izateko hamar laguneko zerrendan sartu behar dela jakinarazten zaio. Hamar horietako bat ez denean, berriro deitu beharko du; erabiltzaileak, eskuarki, atzera deitzen du. Horrela, deitzen duenean eta erantzuten zaion bakoitzean 0,95 euro ordaindu beharko du; horietatik 0,80 zerbitzuaren enpresa arduradunarentzat geratzen dira, 0,12 telefono konpainiarentzat eta 0,03 Ogasunari, BEZ gisa.

905 lineak, ordea, ez daude horrelako sariketak egiteko berariaz diseinatuak, tarifikazio gehigarriko zenbakiak ez bezala. Zerbitzu horrek segundo batzuetan eta erabat dohainik, zenbakiaren jabeari buruzko informazioa, deiaren kostua eta linea hori adin txikikoek baliatzea debekatua dagoela jakinarazi behar ditu. Erabiltzaileak telefono konpainiari bere telefonoan aurrizki hori blokea dezan exijitu ahal izango dio, ez berak, ez bere inguruko inork deitu ahal izan ez dezan; 905 lineak, berriz, ezin dira blokeatu.

Kontuan izan dezagun jokabide-kodeek, lotesle diren aldetik, sariketa edo zozketen sustatzaile-lanetan diharduten zerbitzu-emaileei 806 kodean funtzionatzen duten tarifikazio gehigarriko zenbakien bidez jardunarazten dietela non eta, edukia dela medio, 803 sarrera-kodedun zenbakietara deitu behar ez den.

800 zenbaki bidezko sariketan zein arau bete behar dira?

Aipatu berri dugunaz gainera, erabiltzaileari trebezia edo ezagutza frogatzea eskatzen dion edo zortea tarteko den sariketa edo zozketa orok funtzionamendua arautzen duten bidezko oinarri edo baldintzak eduki behar ditu. Zozketak ausazko jokoei buruz indarrean dagoen arautegipekoak direnez, bidezkoak diren baimen administratiboak eduki behar dituzte. Beste aldetik, sariketa edo zozketa horien baldintza edo oinarriak erakunde publiko eskudun edo notario batenean jarri behar dira, erabiltzaileek eskuragarri izan ditzaten.

Telefono mugikorrera sustapenak bidaltzea legezko praktika da?

Enpresek partikularren telefono mugikorretara publizitatezko mezurik igortzeko inongo eskubiderik ez dute, kontsumitzaileak onespena eman duenean edo enpresako bezero denean izan ezik. Halaz ere, erabiltzaileak baja eman dezan, prozedura soil eta doakoa agertu behar du. Emaitzarik ez lortzekotan, eragindako pertsonak Datuen Babeserako Agentzia Espainiarraren aurrean salaketa ezarri ahal izango du, organismo hori arazoaren larritasunaren araberako zehapenak ezartzeko eskuduna baita.

Kontuan izateko aholkuak
  • Saria irabazi duzula jakinarazten badizute ez igorri dirurik, ezta banka-kontuen gaineko informaziorik ere.
  • Ez egin hausnartu gabeko erosketarik, opari edota lehiaketek eraginda. Horrela (eta urrutitik, Internet edo posta bidez) erosten baduzu ere, damutuz gero atzera egiteko zazpi eguneko epea duzu.
  • Zozketa eta sariketetan erdietsitako sariei zergak aplikatzen zaizkie, ondareko irabazitzat deklaratzen baitira.
  • Ahal dela, ez parte hartu 905 zenbakien bidezko sariketetan. Inoiz parte hartu baduzu eta faktura neurriz kanpokoa bada, egiozu erreklamazioa telefono operadoreari. Eska ezazu dirua itzul dakizun eta jo Estatuko Telekomunikazioetako Idazkaritzara edota Kontsumo-Arbitraiara.
  • Publizitaterik jaso nahi ez baduzu, eska ezazu zure izena Marketing Zuzeneko Enpresen Elkarte Espainiarrak kudeatzen dituen Robinson zerrendetan sar dadila. Duela hamar urte hasi zen martxan zerbitzu hori eta dagoeneko 39.000 erabiltzaile apuntatu dira bertan; zerrendetan sartzeko aski da formulario soil bat betetzea (www.fecemd.org). Zerbitzu horretan erabiltzaileak alta eman duenetik hirutik sei hilabete arteko epean errealitate bihurtuko da publizitatea jasotzeari buruz eskatutakoa.