PCrekin jolastea, irtenbide praktikoa ote?
“Kontsola erosiko dut edo, bestela, PCri beharrezko osagarriak erantsiko dizkiot, bertan bideojokorik ahaltsuenekin aritzeko?” Aisia eta denbora-pasako software munduan hasi aurretik milaka erabiltzailek beren buruari egiten diote galdera hori. Erantzuna ez da bat ere erraza, bertan faktore ekonomikoa ez ezik beste batzuk ere sartzen direlako. Egun, bideo-kontsola ahaltsuenak 300-400 euro artean kostatzen dira, bai Sony-ko Playstation bere 60 gigabyteko memoriadun disko gogor eta guzti, baita Wii edota Xbox 360 Elite bera ere.
Kontsola horietako batek dauzkan edukierez ordenagailu ertain bat hornitzea aukera polita izan daiteke baina ez doakoa, inondik ere, ordenagailuaren ezaugarriak hobetzea ezinbestekoa izango baita. Horrek esan nahi du dispositibo batzuk erosi behar direla. Merkatuan badira, izan, bideojokoekin jolasteko berariazko ordenagailuak, lan ofimatikoa egiteko diseinatuak daudenek baino prozesagailu ahaltsuagoak dauzkatenak.
Txartel grafiko, aginte-palanka, soinu txartel, bozgorailu eta antzeko kontuetan egiazko pagotxak lor daitezke baina hoberena eta modernoena eskuratu nahi izanez gero, bideo-kontsola ertain bat kostatzen dena (400 euri inguru) baino dezente gehiago gasta dezake erabiltzaileak.
Ordeanagailuaren alde egiteko arrazoi ahaltsu bat, bideojokoetan orain berebiziko arrakasta biltzen ari diren bideojoko masibo edo MMOG izenekoetan eta jokalari bat baino gehiago aritzeko aukera da. Bideojoko horietan beste hainbat jokalarirekin batera Internet bidez hartzen da parte: horretarako, bideo-kontsola baino hobeki prestatua dago PC bat, baina dagoeneko merkatuan badaude wifi konexiodun bideo-kontsolak ere.
Gauza bat segurua dago: PCren alde egiten duen erabiltzaileak beharrezko dispositibo guztiak berak lortu beharko ditu eta berak egin beharko du den-dena, fabrikatik ezertxo ere ez baitatorkio osaturik.
- Txartel grafikoa. Osagarri garrantzizkoena, nonbait; ezinbestekoa kasu askotan, grafikodun joko konplexuenetan parte hartu nahi izanez gero. Ordenagailuek badakarte txartel grafikoa fabrikatik baina, halaz ere, eragiketa konplexuenak egiteko karga ordenagailuari bizkarreratu ordez, zama hori arintzea mesedegarria izango da.
Txartel grafikoak grafikorik zehaztuenak, beren ñabardura eta guzti, interpretatu eta pantailan agertzetik libratuko du ordenagailuko prozesagailua. Funtzio horiek bete ahal izateko prozesagailuak biziki ahaltsua izan behar du; izan ere, mahai gaineko ordenagailu garestienek bakarrik egin dezakete hori.
Egungo prozesagailuek potentzia handiko bideojoko baten aurrean aski erantzun ona eman dezakete baina behin ere ez da bikaina izango; horrez gainera, aparatua alferrik berotuko da eta funtzioak ohi baino mantsoago beteko dira.
Arazo horiek guztiak txartel grafikoek konpontzen dituzte, 100 euro baino gutxiago ordainduta. Txartel grafikoen marka nagusi biak ATI eta Nvidia dira eta, bideojoko zorrotzenen aurrean ongi erantzuten txartelak egiten dituzte biek ere.
Sektore hau etengabe eboluzionatzen ari denez, hobe da saltzailearen aholkuak bete edo foro espezializatuetan informazioa biltzea. Gaingiroki adierazteko, batetik, txartelaren memoriak 256 megabyte edo gehiago izan behar ditu, bertan metatuko baitira pantailan agertu beharreko grafikoak, eta, bestetik, txartela ordenagailuaren prozesagailuarekin erabat elkargarri izatea, etekin hobezina eman dezan.
Txartel grafikoak, mahai gaineko ordenagailuetako dorreen atzealdeko arteketan sartzen diren barne-dispositiboak izaten diren arren, badira ordenagailu eramangarrientzako bertsioak, PCMCIA portuetan sartzen edo USB portu bidez konektatzen direnak.
- Aginte-palanka: txartel grafikoa bezain ezinbestekoa, kasik. Bideojokoetan teklatu eta saguarekin bakarrik jardun badaiteke ere, mugimendu-konbinazio konplexuak egin behar direnean horiek ere dute bat ere aukera erosorik ematen.
Hobe da baliatu nahi diren jokoentzat egokia izango den aginte palanka (joystick) erostea. USB bidez konektatzen dira palanka horiek eta gehienen prezioa 100 eurotik behera dabiltza. Batzuk bolante itxurakoak dira (lasterketa-jokoetan aritzeko) eta, egokigailu aproposa ezarriz gero, Playstation bideo-kontsolako aginte-palanka ere erabil daiteke.
- Monitorea: erabiltzaileak merkatuko txartel grafikorik hoberena erosten badu ere, neurri egokiak dituen monitorea ez badauka ezingo du erabat gozatu jokoaz. Bestela adierazteko, ez da gauza bera 17 hazbeteko pantailan edo 32 hazbetekoan aritzea. Txartel on batek pantailaren bereizmen ona eskatzen du; hori, bereizmen handiko TFT eta LCD monitoreetan bakarrik erdiesten da, bertan irudiak ez du zertan “bildurik” agertu behar, azalera-eskasia dela medio.
Erabiltzaile askok pantaila-azalera txikiagoko monitorea daukate (15,4-19 hazbete), ordenagailu arruntak bete ohi dituen funtzioak egiteko aski baita. Bestela, PC jokatzeko makina bihurtu nahi bada, pantaila handiagoa ekarri beharko da.
Erosten den monitoreak, gainera, konektibitate handikoa behar du izan (USB portuetarako luzagarri eta guzti, ahal bada), txartel grafiko batzuk monitorearekin USB bidez konektatzen direlako, eraginkortasunaren mesedetan.
Monitore horiek ordea ez dira doakoak: 22 hazbetekoen prezioa 200 eta 600 euro artean dabil, hots, bideo-kontsolarik garestiena baino diru gehiago kostatzen dira. Gauza bera ez den arren, pantaila txikietan ere ederki asko jolas daiteke, baina txartel on batek eskaintzen duen kalitate grafiko osoa ikusteko aukerarik ez du izango erabiltzaileak.
Beste hainbat dispositibo osagarri (baina ez ezinbesteko): soinu-txartela eta ordenagailuarentzako bozgorailu-ekipoa (soinu biltzaile eta guzti). Bi elementu horien konbinazioak jokoaren soinua arras hobe dezake eta jokalariari errealitate-sentsazio biziago eman diezaioke, baina horiek gabe ere denbora-pasa politak egin daitezke. Jokoak kargatzeko, azkenik, ordenagailuak disko optikoen irakurgailua edukitzea ezinbestekoa du.