Nolako baliagarritasuna ikusten diozu -80ºC-tan 1.300 garun biltzeari?
Garunak metatzeak berez ez du zentzurik. Gaixotasun mentalak ikertzeko garunak bildu ditugu, giza patologia horiek ezin azter daitezkeelako animalietan edo zelula-hazkuntzetan.
Bildu dituzuen garun horiek norenak izan ziren?
Gaixotasun mental larri-larriek jotako pazienteen garunak ditugu bertan: eskizofrenia, depresioa, trastorno bipolarra… Eta, horien aldamenean, horrelako gaixotasun mentalik nozitu ez zuten subjektuenak ere jaso ditugu, guk ebaluatu nahi ditugun parametroetan garun normal bat nolakoa den jakiteko. Hirugarren tokian, badira drogamenpekotasunik zuten gizakien garunak eta gaindosia hartuta hildako gizakienak ere.
¿Garun-banku hori sortzeko ideia zein garunetatik jalgi da?
Ez da jeinu-ideiarik. orain mende erdia hasi ziren garun-bankuak eratzen nerbio sistemaren gaixotasunak (Parkinson gaitza, adibidez) ikertzeko jomugaz. Gaixotasun psikiatrikoak aztertzeko garun-bankua geroago sortu zen, laginak atzematea zailagoa baitzen, besteak beste.
Nola lortzen dituzue laginok?
Bideetako bat, bere buruaz beste egin duten pertsonak dira. Horretarako, Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundeak eta bertan urte askotan zuzendari jardun zen Rafael Alcaraz-ek biziki lagundu gaituzte. Bestetik, EAEn, beste askotan ez bezala, ez gara asko mugitzen. Bereizgarri horrek zer esan nahi du… Kilometro karratu gutxitan jaio, hazi, ugaldu eta hiltzen garela; beraz, bere burua hil duenaren aurrekinak bilatzea kontu erraza dela. Horri esker, subjektu horren historia klinikoa taxutua dugu, badakigu diagnostiko psikiatrikoa egin zaion, nolako tratamendua eman zaion, noiz, klinikoa nor izan den… Normalean, berarenganainoko irispidea dugu edo ezaguna dugu bera. Horrelakorik ez da gure lehiakide garrantzitsuenetako baten herrian, New Yorken, gertatzen, ikuspegi zientifikotik ari garela.
Zuk esan duzunez, ordea, pertsona gaixoenak ez ezik, gizaki osasuntsuen garunak ere badituzue. Nola atzeman dituzue azken hauek?
Printzipioz, behintzat, bat-batean gertaturiko heriotzak izan behar du, ez digu balio prozesu luzearen (infekzioa, kardiopatia) ostean hiltzen denak? ustekabeko heriotzak izan behar du eta, gainera, gaixotasun mentalik nozitu gabeko gizakiarenak. Prototipoa istripua da: trafiko-ezbeharra da, tamalez, ohikoena; hori ez ezik, laneko edo kirol-istripua, etab.
Prozesuak ez dirudi aski tetrikoa?
Ezta inondik ere. Ez dugu gordetzen garun-masa osoa, gainera, lagin txikiak baizik. Izan ere, gramo batzuk hartuta, gauza asko argi ditzakegu. Hori bezain tetrikoa da, zirrosi hepatikoaren susmoa dagoenean, pazienteari gibel pittin bat ateratzea. Gurean, gainera, prozesua ez da erasokorra pazientearentzat. Egiari zor, ordea, urteen poderioz ikasi dugu ehun-pusketa hori bakarrik edukitzea ?gramo bai baino ez, golf pilota bat baino gutxiago, alegia? aski ez dela eta lagin gehiago behar ditugula, kortex osoak, etc. Horixe jarri dugu martxan iaz, emate-programa osagarri baten arabera.
Materialaz ari zarela laginez mintzatzen zara baina, lagin bat aztertzen duzunean, garun horren jabearekin pentsatzen duzu?
Lehenik, ez dut horretan pentsatu behar; bigarrenik, lagin hori ez dakit norena izan den, eboluzio zientifikoa itsumustuan egiten baitugu hemen. Horrez gainera, hasiera-hasieratik laginak emateko sisteman izena kode batez blindatua dago, ezin jakin liteke.
Konplexutasun horrek esplikatuko luke garunaren anatomia kimiko eta fisiologikoaz dakigun guztiaren %95 azken hogei urteon ikasi izana?
Nerbio-sistemaren ikerkuntza, aspektu primarioetan, XIX. mendearen amaieran hasi zen. Gaixotasun horien iturri den aldetik, garunera XX. mendearen lehen erdia iraganik iritsi zen zientzia, lehendabizi, garun horretara iristeko zailtasunengatik eta, nola ez, ikuspegi ideologikoaren (sinesmenak, etab.) oztopoengatik. Horregatik ibili gara berandu eta, noski, medikuntza zientifikoko beste hainbat alorren aldean, horrek esan nahi du 200 urte beranduago gabiltzala. Halaz ere, oso litekeena da 30 ? 40 urteren buruan gaixotasun mentalak beste patologia askoren maila berean izatea.
Ez al da harrigarria garuna, gizakia gainerako animalietatik bereizi duen organoa, orain arte gutxien ikertua izatea?
Harrigarria baino areago, normala da. Giza ehunak baliatzearen aurrean beti izan da nolabaiteko erresistentzia baina egun horrek ez du zentzurik. Absurdoa da organismo bat lurpean usteltzen uztea edo guk erraustea, organismo horretatik gainerako pazienteei laguntza emateko adina informazioa atera badezakegu. Funtsezkoa da hori eta, ene ustez, gizarteak onartua du. Orain dela berrehun urte subjektuen garuna eskuragarri izan bageneza edo dementzia zuten subjektuen garuna baliatzea normala baledi, egun Alzheimer gaitzaz dakiguna baino askoz ere gehiago jakin genezake, seguruenik.
Egun garunaz dakiguna zein proportziotan ezarriko zenuke?
Demagogia eginez, %10 edo % 20 esan nezake, baina konplexua da hori. Ez nenkizuke erantzuten.
Bizipozak, penak, sentimenduak… inpultsu elektriko edo erreakzio kimiko hutsetara bihur litezke?
Azkenean oro da elektrizitate edo kimika. Garunaren funtzionamenduaren funtsa inpultsu elektrikoen transmisioa da eta neurona horien komunikazioa inpultsu kimikoei esker gertatzen da. Nolanahi ere, organo horrek era koordinatuan dihardu lanean, osotasun gisa, kanpotik datorkionaren arabera. Dena da substratu biologikoa baina substratu horrek, prozesatua izango bada, giroaren premia du; bestela ez du zentzurik, garuna gauza inertea baita, elektrizitate, nerbio eta kimika bidezko transmisioa daukan kilo bateko masa baizik ez delako.
Eta hori da gizakiok giza izan gaitezen ahalbideratzen duena.
Halaxe da. Gure garunak tolesturak eta zimurrak izateari esker eremu mugatu horretan (garezurrean) sartzen dira neurona asko eta asko. Munduan den ordenagailurik ahaltsuena daukagu baina informaziorik sartzen ez badiogu alferrikakoa izango da, berez ez digu erantzunik emango. Erantzunak emango baditu galderak egin behar baitzaizkio.
Erreakzio kimiko eta elektrikoak baizik ez garela eta, finean, sentitzen dugun guztia horien arabera aldatzen dela konturatzea ez al da deprimitzeko modukoa?
Ez dut uste nik. Horrek ez du esan nahi denok berdin-berdinak garenik; %99an edo %99,9an baizik ez gara berdin. Horrela ulertu behar da eta giza genomak, adibidez, errealitatera gakartza ostera. Honelako zerbait omen dioskute: “horrela zarete denok baina, aldaketa ñimiño hau dela medio, batzuk eta besteak biziki desberdinak izateko eta, genoma horretako aldaketa txiki batzuk jazo edo eraginik, gaixotasun, ideologia, sinesmen, jarrera, jokabide desberdinak edota alterazio biologikoak izan ditzakezue; adibidez, zuetako batzuk diabetiko izango zarete eta, kanpo-eraginen presioagatik depresio larriagoa nozituko duzue”, etc.
OMS erakundeak iragarri duenez, datozen urteotan herri-osasuneko arazo nagusietako bat trastorno eta gaixotasun mentalak izango dira. Hori guztia genetikoa bada, zergatik gertatuko dira horrelakoak maizago etorkizunean?
Den-dena ez baita genetikoa. Ia denean datza oinarri genetiko bat baina hori ez da aski, ingurumen-faktoreek ere egon behar dute hor. Eta ingurumen-faktore horiek zein diren ongi bereizten jakin behar dugu, beroriek ezagutu ahala beraiek prebenitu edo aurka egin ahal izango diegu, populazioari eraso ez diezaioten. Adibide tipiko-tipikoa estresa da; zenbat eta estres handiagoa orduan eta depresio-tasa larriagoak. Depresioa handituz doa mendebaldeko herrialdeetan baina, ene ustez, gehiago eta hobeki diagnostikatzearen ondorioz.
2020 urtean hori izango omen da lanerako ezintasunaren kausa behinena.
Noski, hor ez gara medikazio, ospitaleratze eta antzeko kostuez soilik, hor zeharkako kostuek ere kalteturiko pertsonaren ingurunean eragin soziala izaten dute.
Hori bai deprimitzeko motiboa!
Deprimitzeko, ez dakit; Osasunaren Mundu Erakundeak emaniko datuak dira horiek, hau da, datuok depresioaren kontrako botikak saltzen dituen konpainia batek ematen baditu, tira, baina OMS erakundeak emanak badira? erne, beharko.
Ikertzeaz gainera, ba al da konponbiderik?
Denetan lehena, hori horrela dela jakitea da, gaixotasunaren kausak, oinarri biologikoak, ingurumen-faktoreak hobeto ikertu eta jakitea; hurrena, berorien gainean jarduten hastea. Ingurumen-faktoreez, berriz, badago bizimoduak aldatzea… ez da kontu erraza, badakigu, botikak hartzea baino zailagoa da hori… Gaixotasun mentalak ez dira desberdinak.
Ez oso aspaldi “Más Platón y menos Prozac” izeneko liburuak arrakasta handi samarra bildu zuen. Zein gradutaraino dago geure gogoan trastorno edo afekzio mental horiek prebenitu edo arindu ahal izatea?
Hein batean, bai, gure esku dago. “Arin” edo “txikitzat” jotzen diren trastorno mental asko eta asko (horrela derizte ez larritasun txikiagokoak direlako, tradizioz horrela esan izan zaielako baizik), hala nola antsietate koadroak, trastorno obsesibo konpultsiboak… koadro maneiagarriagoak dira eta, dudarik gabe, ez dute besteek bezainbesteko ezintasunik sortarazten; horretan subjektuak berak, ongi zaildu eta hezitakoan, asko egin dezake. Gaixotasun psikiatriko handietan (depresioan, eskizofrenian, trastorno bipolarrean?), aldiz, gaixotasun larriak dira, profesionalaren esku hartzea ezinbestekoa da bertan, zehazki diagnostikatu behar dira? horrela ulertu beharra dago. Kontua da ideia hori “saltzea”. Joera batzuen arabera, gaixotasun mentalak medikalizatzea akatsezko joera da baina hori ez da egia. Gaixotasun mentalak medikalizatzeari esker patologia horiek normalizatzen ari dira, intsulinak diabetesa normalizatu duen bezala.
Oraindik orain argitara emaniko azterketa batek ondorioztatzen zuenez, depresioaren kontrako botikak depresio larrietan bakarrik gertatzen ziren eraginkor; depresio arinetan, berriz, placebo efektua aski omen da. Horri beste hau erantsi behar zaio: gaixotasun mentalen kontrako botikek milioika eta milioika euro sortarazten dizkiote industria farmazeutikoari.
Gaixotasun mentalak, zeinahi gaixotasun kroniko bezalatsu, konpainia farmazeutikoen mokadurik ahogozagarriena dira. Industria horiei ez zaie interesatzen 15 ? 20 egunetan erabat sendatzen diren gaixotasunen kontrako tratamendua. Horiek nahi dutena bizi osorako tratamendu sintomatikoak saltzea da, farmako berri eta garesti-garestiekin eginikoak, ahal bada. Metaazterketa hori irakurtzean bi gauza aurkituko dituzu: lehenik, depresio arinen kasuan ez zegoela alderik tratamendua egiten ari ziren taldeen eta plazeboa hartzen ari ziren taldeen artean, baina depresio larrietan aldea handia zen. Orduan, lehen sospetxa etortzen zaizu burura: oso litekeena da depresio arinak depresio ez izatea; bestetik, saiakuntza klinikoak Prozac sortu aurreko garaian egingo ziren, depresioa zer zen eta zer ez zen zehatz-mehatz mugatua ez zegoen garaian, alegia.
Orekaren aldeko zara zu.
Psikologoen eta botiken premia dugu, botiken eta kontsultan denbora hartzeko premia dugu, horiek elkarren kontra jarri gabe. Osasun sistementzat egun ere pertsonala kontratatzean baino merkeago da dirua botiketan gastatzea, pertsonala askoz ere garestiagoa da eta horixe da osasun mentalean larriagoturik hautematen dugun arazoetako bat. Konpainia farmazeutikoak ez dira karitateko amabirjinaren alabak enpresak baizik; baina sektore horretan ere etekinak sortarazten dira, beste zeinahi eremutan legez, eta hartu beharreko arriskuak larriak dira bertan ere. Botika bat merkaturatzea ez da txori-kaka, Airbus 380 kostatzen denaren bi eta erdi halako kostatzen da eta hegazkin hori garatzea kostatu denaren hiru halako denbora eskatzen du. Horrek argitzen du farmazi enpresak zergatik diren multinazionalak eta sektorea zergatik biltzen den horrenbesteraino. Konpainia horietako baten aurrekontua herrialde askotakoak baino handiagoa da, izan.
Inolako gaixotasunik diagnostikatzea ez da inoren gustukoa baina, patologia mentalez ari garenean, badirudi beste zerbait dagoela hor atzetik…
Halaxe da, estigmatizazioa gertatzen da, baina hori ere geroz eta arinago bihurtzen ari da. Funtsezkoa da gaixotasun mentalak osasun zentroan sendagileak artatu behar dituen gainerako patologiak bezala hartzea. Horixe da ez estigmatizatzeko egin dezakegun hoberena. Harro sentitzen naiz ni osasun zentro, ospitale edo psikiatriako kontsultara joan eta aretoan jendea zain ikusten dudanean, erreumatologo edo ginekologoaren kontsultan bezala, normal-normaltzat hartua, alegia. Dagoeneko ez zaio zeharka begiratzen pazienteari, onkologiako kontsultako itxarongelan osasun mentalekoan baino larritasun handiagoa dagoela iruditzen zait. Horregatik diot estigmatizazio hori desagertze bidean doala.
Zientziari emango zenioke zeure garuna?
Horixe baietz!