Atun argia oliotan

Erdiak kasik ez dira "atun argi", atuna baizik

Oliotan kontserbatu eta 80 gramo garbiko hiru latako pack-etan ontziratutako atun argiaren zazpi lagin aztertu dira oraingoan
1 apirila de 2001

Erdiak kasik ez dira "atun argi", atuna baizik

Prezioak berdintsuak dira lagin guztietan: garestienak (Calvo eta Escuris) 760 pezeta kiloko kostatzen dira, hau da, merkeena (Isabel: 636 pezeta kiloko) baino ia %20 gehiago baizik ez. Gainerakoak, 704 eta 729 pezeta bitartean kiloko.

Ongi landutako produktua da hau (freskotasun, osakera, itxura eta akatsak dira kontuan hartu diren alderdiak) eta egoera higieniko-sanitario egokian saltzen da. Dastaketan, emaitzak onak izan ziren, lagin bakar batek ere ez baitzuen suspentsorik merezi izan; alderantziz -honakoak balio berezia du, produktu merkea denez ezaugarri organoleptiko (zaporea, usaina, kolorea, ukitua…) bikain edo apartekorik ezin baitzaio eskatu-, zazpi laginetatik lauk dastaketako kalifikazio orokorrean “ongi” puntuazioa erraz gainditu zuten.

Kontserbako atuna, elikagai nutritibo eta osasuntsua Halaxe da: balio biologiko handiko proteinak (%20-%24: haragiak adina, alegia) aportatzeaz gainera, gantz gutxi (%10-%12) eta karbohidrato gehiegirik ez dauka (200 kaloria atunaren ehun gramoko) baina, beste aldetik, arrainik gehientsuenek baino gantz poliintsaturatu (hau da, gaitz kardiobaskular zenbaiten kontrako eragin onuragarriak omen dituzten “omega-3” motako azidoak) ditu. Horiez gainera, mineral (iodoa) eta bitaminen (D, bereziki) iturri oparoa da atuna.

ADN atzemateko tekniken bidez, lagin bakoitzeko arraina zein espezietakoa den egietsi ahal izan zuen laborategiak. Joan den 2000ko ekainaren 5ean indarrean sartu zen arautegi batek hartaraxe beharturik, “atun argia” daukatela dioten latek, Thunnus albacares (“yelowfin” ezaguna) bakarrik eduki behar dute, ez besterik. Bestelako arrain-espezieekin eginiko latek -hegaluzea daukatenek izan ezik, noski- “atuna” besterik gabe iragarri behar dute.

Azterketak frogatu duenez, Escuris, Isabel eta Cabo de Peñas laginek “atun argi” hori ez den kalitate komertzial apalagoko beste espezie bat baliatu dute lehengaitzat. Isabel eta Cabo de Peñas laginek ez dute araua urratzen, lata horiek joan den urteko ekainaren 5a baino lehenago egin zirelako: aipaturiko legeak, data horretatik aurrera egiten diren produktuak bakarrik behartzen ditu. Escuris markakoak, berriz, ez dio frogatu CONSUMERi produktua data hori baino lehenago egin zuenik; alderantziz, froga guztiek dioskute ekainaren 5a baino geroago egin zuela.

Beste aldetik, zazpi latek 2006 urtea dute iraungitze-data: horrenbestez, urte horretara arte arau barnekotzat jo ditzakegu, 2000 urteko ekainaren 5a baino lehenago ontziratu balira.

Gehiegizkoa iruditzen zaigu hori: komenigarria litzateke iraungitze-data hori merkaturatzearen (eta ez ontziraketaren) arabera finkatu eta egokitzea, hau da, “atun argia” adierazpena daraman zeinahi latak data batetik aurrera -2000 urteko urtarrilaren 1etik aitzina, esate baterako- produktu horri legez dagokion atun-espeziea bakarrik sartu ahal izatea.

Atal honi bukaera emateko, esan dezagun, Calvo laginak izan ezik (ekilore olioa baitarabil) denek soja-oliotan sartu dutela atuna, berau baita merkeena, eta, noski, kalitaterik apalekoena.

Kalitate eta prezioaren arteko erlaziorik egokiena Friscos laginak eskaintzen du: bigarren merkeena izaki (704 pezeta kiloko), asetzeko moduko kalitatekoa da (osakera, itxura eta akatsak kontuan izaki) eta dastaketan puntuaziorik hoberena irabazi zuen, gainera. Calvo ere aukera polita da: Friscos baino %8 garestiago gertatzen bada ere, kalitate hobekoa da osakeraz eta dastaketan pittin bat apalagoa baizik ez zen izan.

Gomendatzeko moduko elikagaia

Tunidoen atalean, merkatuak hainbat arrain-mota eskaintzen ditu egun: hegaluzea, atun argia eta atuna. Hegaluzea jotzen da kalitaterik hoberenekotzat, hurrena atun argia, eta atzenik atuna, zerrenda horretan. Prezioak ere horrelaxe daude sailkaturik.

Kontserbako produktu hau, izotzez freskaturik edo -18º C nahiz tenperatura hotzagotara jelaturiko atun zuritu eta erraigabetuaren pusketek osatzen dute. Pusketa hauek latetan ontziratzen dira likido batean (oliotan, kasu honetan) eta, ondoren, esterilizazio-tratamendu termikoa ematen zaio osotasunari: horrela bilakatuko da mikrobiologiaren ikuspegitik produktu seguru eta iraunkorra. Lataren batean mikroorganismo-kopuru handia atzemango balitz, hori fabrikazio-akats baten edo ondorengo (latak zulotxoren bat eduki edo soldadura gaizki egina duelako) kutsadura baten ondorio litzateke. CONSUMERek eginiko azterketa mikrobiologikoak erakutsi zuenez, zazpi laginen egoera higieniko-sanitarioa egokia zen.

Oliotan kontserbaturiko atunak dituen osagaiak hauek dira: atuna, landare-olioa eta gatza. Lagin bakar batek ez zuen kontserbatzaile kimikoren arrastorik. Denek baliatu dute landare-olioa, olio horren jatorria zein den bakar batek ere zehazten ez duen arren. Azterketak agertu zuen errealitatea: Calvo laginak izan ezik (ekilore-olioa erabiltzen baitu honek) soja-olioa baliatu dute denek.

Beste alor bati goazkiola, aske egon daitezkeen aminoazidoek osatzen dituzte arrainaren proteinak. Horietako bat, histidina, produktuaren metatze-prozesuan zehar hainbat bakteriok eta entzimak hondatu egiten dute bestelako konposatuak sortuz (histamina, besteak beste: sustantzia honek ba omen du arrainaren freskotasunarekin zerikusirik eta pertsona sentsibleengan alergien sortzaile izan daiteke).

Azterturiko latetan, histaminen kopuruak 2.5 z/m (zati milioiko) mailaz behetik dabiltza. Agerpen hori, arauak xedatzen duena baino askozaz ere apalagoa denez, atunaren freskotasuna behar bezalakoa dela adierazten du horrek.

Haragia bezain elikagai proteikoa da atuna: gizakiaren ehunek irauteko eta garatzeko ezinbestekoak dituzten aminoazidoak dauzkaten balio biologiko handiko proteina ugari ditu (%20tik gora, izan ere). Atunaren balio energetikoa, berriz, apala da: produktu xukatuaren ehun gramoko 200 kaloria baizik ez du.

Arrain koipetsua da, bestetik, mamiaren %10 gantza duelako: gantz horren %20-%25 bakarrik dira, ordea, gantz-azido saturatuak (osasunari mesede gutxien egiten diotenak). Lipido-ekarpen hori biziki garrantzitsua da, zientzia arreta handiz ikertzen ari den bi gantz-azido poliintsaturatu (eikosapentaenoikoa eta dokosahexaenoikoa) dauzkalako. Gaitz kardiobaskularretan eragin onuragarriak omen dituzten omega-3 azidoen multzokoak dira biak.

Horrelako gantz-azidoen edukia guztiaren %1 ingurukoa da, hau da, beste arrain askoren mailaz gainetik dago. Kontserbako atunaren kolesterol-edukia aldatu egiten den arren, ehun gramoko 65 miligramo inguru dabil beti, hau da, beste arrain eta molusku batzuek (sardinak edo muskuiluak, adibidez, 100 mg/100 g daukate) baino gutxiago du.

Mineralez ari garela, iodo, potasio, fluor, kaltzio eta burdina ugari ditu atunak. Aportatzen dituen bitamina gehienak liposolubleak dira (A, D eta E bitaminak), D bitamina gehien duen elikagaietako bat izaki: 25 mg/100 g. Bitamina hidrosolubleetatik B2, niazina eta azido folikoa ditu azpimarratzeko modukoak.

Kalitateko produktua

Oliotako atunaren kalitatea xedatzeko unean akatsak hartzen dira kontuan, alde batetik, eta osakera eta itxura, bestetik. Azken bi alderdi hauek, lata irekitakoan ikusten dena adierazten dute: ontzian hutsuneak dauden, kolorea uniformea eta atunari berez dagokiona den, puntu edo marka gorririk nahiz kolore arrarorik atzematen den, etab. Ondoren, olioa xukatu eta mamitutako atunaren portzentajea zehazten da. Teknikariek, geroago, akatsak bilatuko dituzte, hau da, atunaren kalitate komertziala urratu edo eragotziko duten gai arraro, errai (atun-giharrez bestelakoak), hezur, azal, ezkata, odol-hodi, mami gorrixka eta abarren agerpena.

Marka bakoitzetik zazpina lata aztertu ziren eta haietako bakoitzean aurkituriko emaitzen batez bestekoa kalkulatu zen. Suspentsorik ez zitzaion ezeini eman eta, horrenbestez, emaitzak oro har onak zirela egiaztatu zen. Itxura eta osakeraren aldetik, puntuaziorik okerrena Isabel eta Cabo de Peñas laginek (2,1 puntu, 3rekiko) eraman zuten, ontzian hutsuneak ikusteaz gainera, produktu osoaren %10etik %20ra bitartea papur bilakaturik zegoelako. Kolorea, distira, eta puntu edo marka gorririk eza egoki-egokiak izan ziren, Escuris eta Cabo de Peñas laginetan izan ezik: zazpi latetako bat okerxeago agertu zen. Osakera eta itxuraz, hoberenak Escuris eta Miau marketakoak izan ziren: 2,9na puntu merezi izan zituzten biek.

Atzemaniko akatsak hauek izan ziren: hezur txikiak (1 mm baino diametro txikiagokoak) Isabel markako lata batean, Miau markako bitan eta Rianxeira markako beste bitan; hezur handiak (1 mm baino diametro handiagokoak) Rianxeira markako lata batean; azala edo ezkatak (6 mm baino diametro txikiagoa) Cabo de Peñas markako lata batean; mami gorrixka (4-10 mm) Friscos, Escuris, Miau, Isabel eta Rianxeira markakoetan. Lagin guztiek agertu zuten akats bakarra, odol-hodi txikien agerpena izan zen.

Laburbilduz, akatsen alorrean hoberenak Calvo (2,7 puntu), Friscos eta Isabel (2,3 puntu) izan ziren. Txarrenak, Cabo de Peñas (1,7 puntu), Escuris eta Miau (1,9na puntu, biok). Akatsen aldetik, Friscos, Calvo eta Isabel “oso onak” direla esan dezakegu; gainontzekoak, “onak” baizik ez.

Etiketa eta pisua

Lataren pisu garbia (80 gramo) adieraztean, olioarena barne dagoela ulertu behar da. Pisu xukatua (honakoa adierazterik ez da nahitaezkoa), berriz, atunak bakarrik pisatzen duena da eta pisu garbiaren %65ekoa gutxienez izan behar du, tolerantzia jakin batez. Gure kasuan horrek esan nahi du pisu xukatuak pisu garbiaren %59,4koa izan behar duela, bederen.

  • Miau markakoan proportzio hori %59koa zenez, arauz kanpo dago lagin hori (akats arin batez).
  • Calvo laginarena %63koa da Friscos markakoarena, berriz, %64koa: biak daude %65eko horren azpitik baina minimoaren gainetik.
  • Doi-doi %65ekoa agertu zuten Isabel eta Rianxeira laginek eta hortik gora, azkenik, Cabo de Peñas (%66) eta Escuris (%67) ibili ziren.
  • Baliatu den atunaren espeziea alboan utzita, eman beharreko informazioari dagokion araua lagin guztiek zehazki betetzen dute. Era berean, birziklatzeko modukoak direla diote ontziek. Miau eta Cabo de Peñas laginek, izurdeen harrapaketari saihets egiten dioten arrantza-teknikak erabili dituztela adierazten duen logotipoa erakusten dute. Nutrizioari buruzko informaziorik ematen ez duen lata bakarra Escuris da eta datu gehien agertzen dituena, berriz, Isabel lagina: gantz-edukia ez ezik, saturatu eta intsaturatuen kopurua adierazten du eta, ondoan, zein kopurutan dautzan omega-3 gantz-azidoak; bukatzeko, gure organismoaren osasunean azido horiek dituzten eragin onuragarrien berri ere ematen digu.

Laburbilduz

Laburbilduz

  • 80 gramoko 3 latako pack-etan ontziratu eta landare-oliotan kontserbaturiko atun argiaren zazpi lagin aztertu dira. Calvo eta Escuris laginen prezioa 760 pezeta ingurukoa da, kiloko; Isabel da merkeena: kiloko 636 pezeta baizik ez. Gainontzekoak, 704 eta 729 pezeta artean kostatzen dira kiloko. – Ongi landutako produktua da (freskotasun, osakera, itxura eta akatsak kontuan izaki) eta egoera higieniko-sanitario egokian saltzen da.
  • Kontserbako atuna elikagai nutritibo eta osasuntsua da. Balio biologiko handiko proteina ugari aportatzen ditu, gantz gutxi (%10-%12) eta karbohidrato ez ugariegi dauzka (200 kaloria ehun gramoko). Gaixotasun kardiobaskularretan eragin onuragarriak omen dituzten omega-3 gantz-azidoak ditu eta, gainera, mineral eta bitaminen iturri oparoa dugu.
  • Calvo lagina izan ezik (ekilore-oliotan baitator) denek baliatu dute soja-olioa, hau kalitate apalagokoa den arren.
  • Escuris, Isabel eta Cabo de Peñas laginetako arraina ez da “atun argia”: izendapen horrek berez edo legez agintzen duena ez bezalako espezie bat da (apalagoa, merkataritzaren ikuspegitik). Isabel eta Cabo de Peñas laginek ez dute araua urratzen, 2000ko ekainaren 5ean (legeria hau indarrean sartu zen datan, alegia) baino lehenago ontziratu zirelako. Escuris lagina, seguruenik, arauz kanpokotzat jo dezakegu: ez zion frogatu CONSUMERi azterturiko lagina data hori baino lehenago ontziratu zenik.
  • Kalitate eta prezioaren arteko erlaziorik egokiena Friscos laginak eskaintzen du: bera da bigarren merkeena (704 pezeta kiloko), asetzeko moduko kalitatea eta dastaketan agerpen polita dituelarik. Calvo ere aukera polita da: aurrekoa baino %8 garestiago izaki, dastaketan antzerako puntuazioa lortu zuen, baina kalitate hobekoa da.

Bannan-bannan

Oliotako atunaren zazpi laginak, banan-banan

Friscos

  • 704 pezeta kiloko, bigarren merkeena. “Atun argia” da, izendapen honetarako arauak xedatua duen espeziea baliatzen baitu.
  • Kalitatea: osakera eta itxuraz, ongi; akatsetan, oso ongi. Pisu garbia eta xukatuaren arteko erlazioa: %64. Soja-olioa darabil.
  • Dastaketan, hoberena: 7 puntu. Alor guztietan puntuaziorik onenak: kolore, itxura, urtsutasun, zapore eta zaporearen iraupenean.

Calvo

  • 760 pezeta kiloko: garestiena den arren, aukera polita da. “Atun argia” da, izendapen honetarako arauak xedatua duen espeziea baliatzen baitu.
  • Kalitatea: osakera eta itxuraz, ongi; akatsetan, oso ongi (onena). Pisu garbia eta xukatuaren arteko erlazioa: %63. Soja-olioa baino kalitate hobekoa den ekilore-olioa darabilen bakarra.
  • Dastaketan, bigarren hoberena: 6,9 puntu. Friscos bezain ona ez da urtsutasun aldetik bakarrik. Zaporea eta zaporearen iraunkortasuna, azpimarratzekoak, gazixea gertatzen bada ere.

Miau

  • 729 pezeta kiloko. “Atun argia” da, izendapen honetarako arauak xedatua duen espeziea baliatzen baitu.
  • Kalitatea: osakera eta itxuraz, oso ongi (bi hoberenetako bat); akatsetan, ongi (txarrenetako bat). Pisu garbia eta xukatuaren arteko erlazioa: %59 (arauak xedatutakoaren azpitik).
  • Soja-olioa darabil. Izurdeen harrapaketari saihets egiten dioten arrantza-teknikak baliatzen dituela dio.
  • Dastaketan, 6,6 puntu. Urtsutasun eta zapore aldetik, ongi; itxura, kolore eta zaporearen iraupenetik, ertain.

Rianxeira

  • 726 pezeta kiloko. “Atun argia” da, izendapen honetarako arauak xedatua duen espeziea baliatzen baitu.
  • Kalitatea: osakera, itxura eta akatsak gogoan izaki, ongi. Pisu garbia eta xukatuaren arteko erlazioa: %65. Soja-olioa darabil. Dastaketan, bigarren txarrena: 6,1 puntu, dena den.
  • Ia parametro guztietan puntuazio apalak lortu ditu. Gazia eta ez oso atsegina: oretsu, gogor, haritsua.

Isabel

  • 636 pezeta kiloko, denetan merkeena. Ez da “atun argia”, izendapen honetarako arauak xedatua duen espezieaz bestelako bat baliatzen baitu, baina ez du legeria urratzen, araua indarrean sartu aurretik landu zelako produktua.
  • Kalitatea: osakera eta itxuraz, ongi (lagin hau, bi okerrenetako bat den arren); akatsetan, oso ongi.
  • Pisu garbia eta xukatuaren arteko erlazioa: %65. Soja-olioa darabil. Nutrizioaz informaziorik hoberena dakar honen etiketak.
  • Dastaketan, okerrena: 5,5 puntu. Geza, pusketen barrualde eta kanpoaldeetako koloreak, desberdinak. Papurtutako produktu gehiegi.

Ligeresa

  • 520 pezeta kiloko. Okerreko bidetik “landarezko margarina arina” dela dioen arren, ez da margarina, guztirako edukiaren gantza ez baita iristen %80ra. Izendapen zuzena: “Igurzteko landarezko gantz-materia %42 GM”.
  • Kaloria gutxien aportatzen dituena: 317 kaloria ehun gramoko. Osagai nagusia ura du, ondotik gantza datorkiola: honen jatorririk ez du aipatzen. Intsaturatu eta saturatuen arteko proportzioa, azterketako lagin guztietan okerrena: 1,6 baina, halaz ere, onartzeko modukoa da, oso.
  • Trans gantzen portzentajeei dagokienez, bigarren handiena du honek (%4.8). Gihar estraktu lehor gehien daukana (%2,2), esne gaingabetua eta gelatina baliatzen dituelako osaketan. A, D eta E bitaminak erantsi ditu.
  • Dastaketan, 5 puntu: itsaskortasun eta ahoko urtze onekoa, baina kolorez horiegia; zapore sakonegia eta karmin-arrastoak.

Escuris

  • 758 pezeta kiloko, bigarren garestiena. Ez da “atun argia” da, izendapen honetarako arauak xedatua duen espezieaz bestelako bat baliatzen baitu.
  • Seguru aski, arauz kanpo dabil, CONSUMERi ez baitio frogatu produktua ontziratu zenik araua indarrean sartu aurretik. Kalitatea: osakera eta itxuraz, oso ongi (bi hoberenetako bat); akatsetan, ongi (okerrenetako bat, dena den).
  • Pisu garbia eta xukatuaren arteko erlazioa: %65. Soja-olioa darabil. Nutrizioaz inolako informaziorik ez dakar. Dastaketan, 6,6 puntu. Zapore onekoa. Gazitzat jo zen.

Cabo de Peñas

  • 718 pezeta kiloko. Ez da “atun argia”, izendapen honetarako arauak xedatua duen espezieaz bestelako bat baliatzen baitu. Nolanahi ere, legeak xedatutakoa ez du urratzen, produktua araua indarrean sartu aurretik ontziratu zelako.
  • Kalitatea: osakera eta itxuraz, ongi (baina txarrenetako bat izan zen); akatsetan ere, ongi (txarrena bera izan zen arren). Pisu garbia eta xukatuaren arteko erlazioa: %66. Soja-olioa darabil.
  • Izurdeen harrapaketari saihets egiten dioten arrantza-teknikak erabiltzen dituela dio etiketan. Dastaketan, 6,2 puntu. Itxuran, baliorik apalenetako bat eman zitzaion; zaporea, ertaina; ukitua, oliotsua.